Uholdeen zigorra
Luis Gorrotxategi Zigaran
2011/11/20 - Igandea
Uholdeek kaltetutako herrikideen lekuan jartzen saiatzen naiz.
Esan didate urteetako izerdiaz eraikitako lorategiak eta baratzak, etxebizitzak eta bodegak, enpresa, tailer, denda eta farmaziak estali dituela lokatz nazkagarriak.
Ezerk geldituko ez duen indarkeriaz baliatuz, lokatz iguingarria sartu zaizue sukalderaino, intimitate eta ametsak gordetzen dituzuen gelaraino; etxeko zapatilak, umeen jostailu, liburu eta maindireak zikintzeraino.
Kazetariek kaleratu dituzte, irudiz eta hitzez, zuen galera, haserre eta inpotentzia. Bada zerbait. Ez nuke nahi zuei gertatutakoa niri tokatzea. Nire solidaritate sentimendua helarazi nahi nizueke.
Badira, ordea, oihartzunik lortzen ez duten uholdeak. Hernaniko Kaxkoan urtea joan urtea etorri, hamaika uholde sufritu ditugu. Ez dira naturaren kapritxoz eragindakoak. Hasiera eta bukaera datak finkatuak ditu, ez dago, beraz, ustekabe edo bapatekotasunaren aitzakiarik. Planifikatuak daude. Urteroko uholdeari Txotx garaia izena jarri diote. Larunbatetan izango dira eraso gogorrenak.
Kaxkoan jasaten ditugun uholdeak badituzte aparteko berezitasunak. Ur eta lokatzez gainezka egiten duen ibai zoratuaren ordez, gure kasuan jende-oldea da eragile protagonista. Eguerdian hasi eta goizeko bostak edo seiak arte, hamabi ordu luzetan zehar, burutzen da zenbaitek sagardo kulturarekin nahasten duen parranda erraldoi bat. Alkohola eta beste drogen kontsumoa igotzen den proportzio eta abiaduran, egingo du behera zibismo-ezak. Hor dago dozenaka aldiz gertatutakoaren zerrenda gogaikarri bezain luzea: pixaerrekak gure etxe-atarietan, bomitoak han-hemenka, herriko ondare publiko eta pribatuen txikizioa, ume eta gaztetxoen hezkuntza eta psikologian eragindako inpaktoa; adineko pertsonen etxeratze izutua; liskarrak; zarata maila eskandalagarriak (90 dezibelioen gainetik kaxkoko kaleetan goizeko 04:00etan).
Kalte material anitzek (zikinkeria, kiratsak, estropizioak) askotan badute erremediorik (udala eta auzokoen bizkar, noski). Ez, ordea, giza kalteak (deskantsuari kendutako orduak, osasun arriskuak, intimitate galdua); hauek ezin dira tasatu, eskubidearen babesa baitute eta eskubideek ez dute preziorik.
Udalari dagokio herritarren eskubideen bermea eta babesa. Herritarrei dagokigu adieraztea, geratzen zaigun duintasun gizabanakoa eta kolektiboa.
Urumea triste dator, buru makur, lotsa disimulatu ezinik. Askotan gertatu zaio gauza bera. Tarteka, naturaren agindu kapritxosoak indar suntsitzaileen morroitzara behartzen du eta ez daki maldizio hori nola saihestu. Badoa isil-isilik bere atsekabe mingotsa baretuko duen itsas errukiaren bila. Nork, noiz, lagunduko ote dio ibaiari bere gaitz kronikoa sendatzen?
Giza-lokatzaren mende dagoen herri honetan, auzokoak ez dira mobilizatzen, ez dago aseguru konsortziorik; ez dugu ezagutu profesionaltasunez arazoaren berri eta irudiak plazaratzen saiatu izan den kazetaririk; eta ezta ere batzarrera deitu eta adrenalina altua duten herritarren aurrean azalpenak emateko gauza izan den politikorik.
Egun larria dena trajedia
bilakatu arte itxoin beharko ote, pauso efektiboak ematen hasteko?