Okerrak Zuzentzen (Julen Lizaso Aldalurri)
Luis Intxauspe Arozamena
Hernaniko Alkatea
2012/05/19 - Larunbata
Ostegunean argitaratutako idatzian, zuzenak ez diren hainbat aipamen egiten dituzu, eta hauek argitu nahiko genituzke:
-Telefonoz deitu zizuten aldaketak ezagutu eta Eula aldera igotzen den bidearen mozketa kasu, sortutako eraginak ebaluatzeko... Luis Intxauspe, ez zenien harrera egin.
Eula, Egańa, Argindegi baserrietako biztanleekin eta beste bi bizilagunekin bilera egin genuen Udalean eta gaiaz aritu ginen urtarrilaren 23an. Ondoren, telefonoz hitz egin dugu eta komunikazioa mantendu dugu e-mailez ere bai.
-Arratibelek prentsa lokalaren bidez herritarrak jakinaren gainean jarri zituen... zuri zegokizun hori egitea.
Arratibelek prentsan idatzi zuenean gu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egiten eta eztabaidatzen ari ginen, baina ez zegoen erabakirik. Aldundiak erabakia Udalari jakinarazi bezain pronto argitaratu genuen.
-Jakin dut oinarri tekniko eta ekonomiko on bat bazela hasierako proiektu hori aldatzeko.
Oinarri tekniko eta ekonomikoaren balorazioa guk ez genuen ontzat eman, guretzat oinarriak ez ziren onak eta justifikatuak; ahulak eta oinarri gutxikoak gainera.
-...Diputazioko tekniko eta kideek proposatu zuten zure bulegoan...
Nire bulegoan, gai honi buruzko bilerarik ez dugu egin. Denak Aldundian izan dira
-...Zein oinarri teknikorekin? Zein babes sozialekin?
Oinarri teknikoak hasierako proiektuak dituen oinarriak dira, 97-07-29an Gipuzkoako Foru Aldundiak moldatutakoak Hernaniko herriak egindako alegazioen ondoren.
Babes sozialari dagokionez, gogoratu 1.994 eta 1.996an artean Hernaniko herriak, herritarrak eta Udalak hainbat alegazio egin zizkiola hasierako proiektuari. Ondorioz Aldundiak proiektua moldatu zuen Hernaniren presioari esker eta gure eskakizunak kontuan hartuz. Hori mantentzea eskatu dugu, bere garaian Hernaniko herriak proposatu, landu eta lortutakoa.
Bestetik, jakin oraingoan ere ez dela nire erabakia izan, ezta gobernu taldearena soilik ere. Herriko hainbat pertsona eta eragilekin elkartu, eztabaidatu eta baloratu ondoren hartutako erabakia da.
-Zu konbentzitzen saiatu ziren, denak!
Nortzuk dira denak? Foru Aldundiko teknikariak? Errepideetako zuzendaria? Diputatua? Denak?
-...600,000 euro aurreztea ahalbideratuko baitzuen!
Nork ziurtatu du 600.000 € aurrez zitezkeela? Aldundiak hori zioen baina ez zuen ziurtatu. Hernaniko Udalak kopuru txikiagoa kalkulatu zuen eta inor ez zen gai izan 600.000 euroko aurrezpena ziurtatzeko. Esan bai, baina demostratu eta ziurtatu ez.
...ondorioz sortutako kutsadura akustikoak Soinu Batzordeak ezarritako mailak gainditzen ditu.
Ez diote hori egindako ikerketek.
-...ez diozu inori harrera egin...
Nire bulegotik kexa hauek planteatu duen hainbat herritar pasa da. Agian hernaniarren bat edo batzuk ez ditut atenditu baina ez harrerarik egin nahi ez diedalako. Nire bulegoko ateak zabalik daude nirekin elkartu nahi duen edozein herritarrentzat. Nirekin ordua eskatu dutenei kexak eta esandakoa entzun diet; beste gauza bat da beraiek proposatutako konponbidea onartu dugun edo bideratu dugun. Batzutan ez gaude ados proposatutakoarekin, eta ez ditugu proposamenak egileek bezala baloratzen, irizpide ezberdinak ditugu, eta horrela denean arrazoitzen eta argudiatzen saiatzen gara behintzat.
Bukatzeko, niri buruzko balorazio subjektibo asko egiten dituzu (tradizionala, inposatzailea, prepotentea...). Zure balorazioak dira, zilegiak eta onargarriak guztiak. Baina ni pertsonalki ezagutzera gonbidatu nahi zaitut, oraindik nirekin hitz egiteko egin ez duzun saiakera egitera, eta ezagutu ondoren balorazioa egitea, ez elkar ezagutu gabe.
Eta isila naizela diozu (nire isiltasuna), baina uste dut hobe dela isila izatea, beharrezkoa ez dena esatea baino.
(Gutun honen intentzioa, ez da hika-mika sortzea, okerrak zuzentzea eta gertaerak izan diren bezala azaltzea baizik).