2005 urtea

Martxoak 27

Igandea

Alea: 1421

Aste Santuan alojamendua erabat beteta Hernanin
Turista gehienak katalana dira eta Donostiak edo inguruak
erakarrita datoz Hernanira.

Aste Santuan Hernaniko alojamendua erabat beteta egon da, eta normalean bezala katalanak etorri dira gehiena. Ostegunetik iganderako egunak izan dira jende gehienekoak. Aurten, hala ere, bisitari askok oporrak luzatu egin dituzte eta Aste Santu aurreko astean ere turista dezentek hartu du ostatu Hernanin. Hernanin ostatu hartzen duten gehienak, ordea, ez datoz propio gurera, Donostiara joango litzatekeen bezala. Donostiatik ordu laurdenera eta ondo komunikatuta egoteak, eta alojamendua merkexeagoa izateak bultzatuta datoz gehienbat. Hernanik 100 plaza inguru ditu alojamenduetan: hotela, pentsioa eta lau agroturismo.

Hernanin ere gora
Turismoa gora dijoa Hernanin, eta sagardotegi garaian lan asko egiten dute, batez ere larunbatetan. Sektoreak baditu kezkak ere: besteak beste, legez kanpoko alojamendu eskaintza haundia, eta Aste Santuetatik aurrera bezero denei karneteko datuak hartu beharra eta 24 ordutan Ertzaintzari bidali.

Aurten ere katalanak gehienak
Urtero turista katalanak dira Hernanin ostatu hartzen duten gehienak. Normalean, bikote gazteak, bikote koadrilak edo ume eta guzti datozen familia gazteak izaten dira.

Aste santuan Hernanin alojamendu plaza guztiak beteta egon dira, batez ere ostegunetik larunbatera, eta aurten ere katalanak izan dira bisitatu gaituzten gehienak. Aurten gainera, bestetan baino ere proportzio haundiagoan. Turismo motari dagokionez, bikote gazteak eta familia gazteak dira batez ere Hernanira datozenak. Sektoreko ordezkarien esanetan, turista horiek denak ez datoz honuntza Hernanik berak erakarrita, baina, Hernani puntu egokia jotzen dute beren planetarako: Donostiatik 10-15 minutura dagoenez eta inguruko herriak bisitatzeko ondo komunikatuta. Donostia baino merkexeagoa ere bada. Chillida-Leku eta Sagardotegiak ere erreklamo ona dira.
Donostia ez ezik, Hondarribia, Zarautz, Goierri, Iparraldea eta Bilbo ere bisitatzen omen dituzte Hernanin ostatu hartzen duten turistek. Eguna kanpoan pasa eta normalean ilunabarrean bisitatzen dute herria. Bat baino gehiago beldurrez ere etortzen omen da eta Hernaniri buruz zuen ideia erabat aldatuta joan bueltan.

100 plaza inguru
Hernanin hotel bat, pentsio bat eta lau nekazal etxe daude. Denera, 100 plaza dituzte, baina, ohe supletorioekin beste 125 ingururentzako dute. Jende gehienak internetez bilatu eta egiten du kontaktua, baina, ahoz aho zabaltzen den informazioak ere asko funtzionatzen omen du. Aste Santuan turista gehienek 3 gau pasatu dituzte Hernanin, baina, udaran normalena da egun bat edo gehienez bi pasatzea.

Sagardotegiak eta langileak
Hernaniko pentsio, agroturismo eta hoteleko arduradunen esanetan, udaran, oporraldi motzetan, asteburuetan eta zubietan, normalean plaza gehienak beteta egoten dira. Baina, negua luzea dela diote, eta aste barrua ere bai. Alde horretatik, lan munduko jendea eta sagardotegietara datorren jendea da garai horretan nagusi. Sagardotegi garaian, jende asko bertan gelditzen da lotan, batez ere larunbatetan. Urrutiagokoak ere bai, baina, normalean Bizkaia edo Nafarroako jendea izaten da, eta askok urte batetik bestera hartzen dute lekua. Sagarrondotik ekitaldian ere, badira 200 eskaritik gora jasotako agroturismoak.
EAEn turismoa gora dijoa eta 2004an orain arteko bisitari markak hautsi egin ziren. Hernanin ere azken urteetan sektore hori gora dijoa, sektoreko ordezkariek adierazi dutenez. Era berean, gehienek uste dute Hernani azpiegituraz eta ekitaldi aldetik ondo osatuta dagoela turismorako, zer hobetua beti dagoela aitortu arren.

Prezioak Hernanin
Aste Santuan pertsona bakarrarentzako gela 28-50 euro bitartean kostatzen da Hernanin. Bi pertsonentzako gela 35-68 euro artean.

«Hernanin 50 ohe egongo dira modu ilegalean»
Ostalari batzuk konpetentzia ilegala salatu dute

Lan munduko bezeroak oinarri inportantea dira Hernanin ostalaritzarentzat. Enpresatako jendeak askotan Hernanin hartzen dute ostatua eta obra haundietako langile askok ere normalean aste barrua Hernanin edo inguruan pasatzen dute. Bezero horietako gehienak, ordea, ez dijoaz Hernaniko hotel, pentsio edo nekazal turismoetara. Aukera merkeagoak bilatzen dituzte, zerbitzu hori emateko baimenik ez dutenak. Ostalaritzako sektoreko zenbaitek salatu du Hernanin 50 ohe baino gehiago egon litezkeela (Hernaniko alojamendu eskaintzaren erdia) zerbitzu hori ematen eta oso merke: eguneko 6 euro aipatu dute. Urnietan ere beste hainbeste daudela adierazi dute. Ostalariek salatu dute hori konpetentzia ilegala dela eta kalte haundia egiten dietela. «Guk, zerbitzua legez emateko, hainbeste zerga ordaindu eta gero klientea bestera joan. Enkargatu jendea eta bai, gurera etortzen dira, baina, langileak ez, dietak oso gutxi ordaintzen dizkiotelako. Urumeako autobiaren obretan dabiltzanetik inor ez dago Hernaniko hotel eta pentsiotan». Ostalariek adierazi dute Ertzaintza jakinaren gainean dagoela, baina, oraingoz ez duela ezer egin.


16 urtez gorako guztiei datuak hartu eta 24 ordutan Ertzaintzari bidali beharko dizkiote
Aste Santutik aurrera hasiko dira

Bada beste gai bat ostalariak kezkatzen dituena. Europatik hala aginduta, ostalariek 16 urtetik gorako bezero guztiei karneteko datuak hartu beharko dizkiete, eta 24 ordu baino lehen Ertzaintzari bidali. Berez, Estatuko beste lekuetan, joan deneko 3-4 urteetan egiten da hori eta komunitate autonomoa da azkenetakoa. Eta Aste Santua pasata dute martxan jartzekoa.
Ostalari batzuen esanetan, bezero denei banan-bana datuak hartu eta bidaltzen ibili behar izatea izugarrizko lana da, batetik. Eta bestetik, jendea uxatzeko bidea izan litekeela ere ikusten dute. «Zer hasi behar dut nik Sagardotegira etorri eta goizaldera lotara datorren gazte koadrila osoari karneteko datuak hartzen? Badakizu gauza nola dagoen. Ulertzen didazu ezta? Hernanin kaltea ekarriko digu» zioen ostalari batek. Sektoreko ordezkariak Barne Sailarekin hizketan ari dira.


ELKARTZEN
“Orain garrantzitsuena bonobusaren aldeko
pausoak ematea da”
Beren ustez Udalak behar du izan “lehendabiziko interesatua”

ELKARTZENek Kronikara bidalitako idatzi batean adierazi du Udaletxean eta Diputazioan firmak aurkeztu eta Udaletxeak mozioa onartu ondoren, orain bonobusa eta bonobus sozialaren aldeko pausuak ematea dela garrantzitsuena. Hirugarren fase batean bonobus sistemaren jarraipena egin beharko litzatekeela uste du Elkartzenek.

Onartutako mozioa
Udaletxean aurkeztutako mozioan eskatzen da batetik, “herritar guztientzat izango den eta garraio publikoaren prezioa murriztuko duen bonobusaren eraketa gauzatzea”; bestetik, “pobreziaren azpitik dauden herritarrentzat (778 euro7/hileko) bonobus soziala sortzea”; eta azkenenik, “pausoak eman ditzatela eskakizun hauek lehenbailehen gauzatu daitezen”.
Mozio hau Udaletxean onartu zela azaldu du Elkartzenek, “honek dakartzan konpromezu guztiak bere gain hartuaz” diote. Horrekin batera Elkartzenek azaldu du “mozioa hau pleno ireki batean aztertzea eta eztabaidatzea zen gure helburua, herritarrek parte hartu dezaten, baina Udal gobernua osatzen duten alderdiek modu itxian erabaki zuten hausnarketa burutzea” adierazi du.

Udaletxeak iniziatiba
Elkartzenek dio honekin borroka honen aurreneko fasea bukatu dela. Herritarren jarrera positibotzat baloratzen dute baina diote “Udalak izan beharko lukeela honelako arazoei soluzioa ematen eta soluzioak bilatzen lehendabiziko interesatua”.

Pausuak eman behar
Garraio publikoaren aldeko borrokaren bigarren fasean garrantzitsuena bonobus eta bonobus sozialaren aldeko pausuak ematea dela diote. “Konpromezuak eta hitz politak haizeak eraman ditzala” diote. Azaldu dute milaka hernaniarren eskakizuna betetzea Udalaren eskuetan dagoela eta iritsi dela “benetan lana egiteko garaia”.

 

 

Aukeratu 10 txirrindulari!
Hernaniko Kronikak porra egingo du Euskal Herriko Itzulian eta nahi duenak hartu lezake parte, barruko orrialdean azaltzen den moduan. Txirrindulari onenen aukera egiten duenak sari dotoreak irabazteko modua izango du Kronikarekin. Bere garaian herriko tokiak asmatzeko antolatutako txapelketaren moduan, horrelako lehiaketa eta denbora pasa gehiago egiteko asmoa badu Kronikak aurrerantzean. Eta lehendabizikoa Euskal Herriko Itzuliko porra duzu. Animatu eta hartu parte!.

ABERRI EGUNA
Ekitaldia gaur eguerdian Plazan
Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia egingo da gaur Hernanin, Udalbiltzak deituta. Ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan da. Hala ere, 11:00etatik aurrera EHNA tramitatzeko aukera izango da plazan bertan. EHNA egin nahi duenak eraman behar ditu Padroi agiria, 3 argazki eta 15 euro. Udalbiltzak dei egin die herritarrei gaurko ekitaldira azaltzeko.

KONTZERTUA
Musika Eskolako Txistulari taldearen kontzertua gaur
Musika eskolako txistulari taldeak kontzertua emango du gaur, eguerdiko 13:00etan Udaletxeko arkupeetan. Txistulariak dira, Iker Apaolaza, Iñaki Eguren, Haritz Ezeiza, Leire Goñi, Amaia Intxaurburu eta Xabier Irizar eta 18 kanta joko dituzte.

Boleibola
Esther Lopez Kopan txapeldun
eta Europan hirugarren
Esther Lopez boleibol jokalari hernaniarrak ez daramaki nolanahiko denboraldia aurtengoa ere, Tenerife Marichal taldean. Estatuko Kopan txapeldun gelditu dira eta Europako Kopan hirugarren postua lortu dute, txapeldun gelditu den Foppapedretti Bergamo taldearen kontra finalaurrekoa galduta. Tenerife Marichal gelditu zen iaz Europako Kopan txapeldun, baina, aurten gehiago izan dira italiarrak eta 3-0 irabazi diote, Tenerifeko taldeari.
Esther Lopezen lana ezinbestekoa izan da bi txapelketa hauetan. Estatuko Kopan liberorik onena izendatu dute hernaniarra eta Europako Kopan rezeptorarik onena izan da, datu estatistikoak kontuan hartuta.

ERREMONTEA
Jaialdia gaur Galarretan
Erremonte Jaialdia dago gaur Galarretan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Partidu estelarrean Bereziartua eta Eizagirrek, Bitoria eta Angel Lekunberriren kontra jokatuko dute. Gainerako hiru partiduak dira: Gorriz-Martinez I/Martinez II-San Miguel; Zalakain-Auzmendi/Uterga-Etxeberria III; eta Aizpurua II-Agirrezabala/Larrea-Olazar.

ASTE SANTUA
Gaur, Pazko Igandea, Meza Nagusiak dira Hernaniko hiru Parrokietan
Gaur bukatuko dira Aste Santuari lotutako meza eta ekitaldi erlijiosoak. Mezak hiru parrokiatan izango dira: Goizeko 10:30etan, Ereñotzuko San Antonio Parrokian; goizeko 11:00etan, San Juan Bataiatzailea Parrokian; eta 12:00etan, Floridako San Jose Langilea Parrokian.

JUBILATU ETXEA
Cintruenigora egun pasa
Goiz Eguzkiko bazkideek Cintruenigora irteera egiteko aukera izango dute apirilaren 15ean. Jubilatu Etxeak adierazi du izena emateko aukera martxoaren 30etik aurrera izango dela. Zozketa apirilaren 8an egingo dute, arratsaldeko17:00etan.

Buelta lehenengo orrira