2005 urtea

Martxoak 9

Asteazkena

Alea: 1404

Korrika 14
Kilometroak banatzeko bilera gaur AEKn

KORRIKA Hernanitik gero eta gertuago dago eta hori dela eta, gaur bilera egingo da kilometroak banatzeko. Oraingoz 26 taldek erosi dituzte kilometroak; hala ere, bilera bitartean badago aukera kilometroak erosteko. Guztira 34 kilometro egingo dira Astigarragatik Goizuetara bitartean eta gaur erabakiko dute talde bakoitzak lekukoak non hartu behar dituen, baita petoak banatu ere. Bilera gaur arratsaldeko 20:00etan izango da, AEKn.

‘Euskararen 7 bekatu nagusiak’ bihar
Bihar Euskararen 7 bekatu nagusiak antzezlana ikusteko aukera izango da, Korrika girotzeko ekitaldien barruan, arratsaldeko 19:30etan Biterin. Antzezlan honek irabazi du aurtengo Korrika beka. Obra Aizpea Goenagak idatzi eta zuzendua da eta aktoreak Niko Lizeaga, Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo dira. Sarrerak bihar arratsaldeko 18:30ean jarriko dituzte salgai, Biterin bertan.
Antzezlan honek euskera eguneroko bizitzan erabiltzean sortzen diren egoera bitxiak azaltzen ditu, umore eta ironiaz. Antzerkia esketxetan dago banatua eta 7 bekatu nagusien harira daude antolatuta esketx hauek: amorrua, lizunkeria, zuhurkeria, bekaizkeria, alperkeria, haundiustea eta tripazainkeria.

Egitaraua - Larunbata

Ibilbidea
Astigarragatik Zinkoeneara, Txirritatik Urbieta kalera, Latsunbe Berritik, Kiroldegira, Elkano kalea igo, Lizeaga eta Larramendin barrena Izpizua kalera. Zinkoenea, Kale Nagusia eta Kardaberaz pasa eta Balantxa eta Zikuñagatik Ereñotzura. Handik Goizueta aldera joango da.


Egunerako egitaraua
Goizeko 11:00etan bizikleta martxa. Plazatik abiatuko da.
Eguerdiko 14:00etan bazkaria, Elorrabi sagardotegian.
Arratsaldeko 17:00etan haur jolasak, Biterin.
Gaueko 20:00etan Barrikotea, Tilosetan.
Gaueko 22:00etan, Korrika 14, Zinkoenean.


Bederatzi ikasle eta bertako ‘cheff’a
pintxo goxoenak prestatzen

Ikastaroa ari dira ematen Txantxangorrin, Kutxak antolatuta, eta Juanjo Usarraga da sukaldari-irakaslea.

Pintxo ikastaroa ari dira ematen Txantxangorri elkartean, Kutxak antolatuta. Juanjo Usarraga da sukaldaria, Zumardi jatetxeko Chef-a, eta berak esan digunez gero etxean prestatzeko moduko pintxoak ari dira egiten: “Pintxo goxoak eta bereziak badira, baina, erraz egitekoak”. Kronika Txantxangorrira inguratu denean ahate gibel micuip-a ari dira egiten, eta ondorenean jan egingo dute prestatutakoa, ikasi dutena zenbateraino ona den jakiteko edo...

Hernanin lehen aldia
Usarragak esan digunez Donostia, Tolosa, Zarautz eta beste hainbat herritan sukaldaritzako ikastaro asko ematen dituzte, baina, Hernanin ez dute orain arte egin, horretarako sukalde egokia falta zutelako. Kutxak alkilerra ordaindu eta Txantxangorri prestatu da sukaldea jartzera aurten, eta 9 lagun apuntatu dira ikastaroetara: 8 hernaniar eta urnietar bat. Dagoeneko klase batzuk eman dituzte eta datorren astelehenean izango da azkena. Badirudi, ordea, jendea oso gustora gelditu dela eta datorren urtean errepikatuko da seguruenik ikastaroa, eta eskaria haundia bada 2 ikastaro ere agian jarriko dituzte. yy

 

MARTXOAK 8- ERAKUSKETA
‘Emakumea iruditan’
argazki rallyko erakusketa
Emakumea iruditan argazki rallyko erakusketa jarri dute Biteriko pasiloan, martxoaren 8ko egitarauaren barruan. Sari banaketa ostiralean egingo dute, arratsaldeko 20:00etan. Irabazleak izan dira: aurrenekoa, Santi Cuyami; bigarrena, Jose Luis Gomez; eta hirugarrena, Sofia Arostegi. Haurretan aurrenekoa izan da, Mireia Otxotorena. Bigarren eta hirugarren postuan enpatean geratu dira: Andoni eta Maddi Otxotorena.

Aurkezpena
Merkataritza Indarberritzeko Plan
Berezia aurkeztuko dute gaur Udaletxean
Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia aurkeztuko dute gaur Udaletxean, eguerdiko 13:00etan, Areto Nagusian. Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izango dira bertan, eta herriko merkatariei gonbitea luzatu diete.

HAUTESKUNDEAK
Hernanin Aukera Guztiak-en alde
firmatzeko aukera

Aukera guztiak plataformak eskatuta, Hernaniko Udalean firmak emateko aukera izango da. Aukera guztiak plataformak datozen hauteskundeetan, partidu politiko guztiak aurkeztu ahal izatea aldarrikatzen du. Firmak ostirala bitartean jasoko dira, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara, kontu-hartzaile departamenduan. Udaletxeko aurreneko pisura joan eta ezkerretara dago departamendua.

BERRIAK ELKARTEA
Merkatu txikia
Berriak elkarteak merkatu txikia antolatu du gaurtik larunbatera, merkealdietan suelto gelditutako produktuekin. Merkatua Plaza Berrian egongo da, lehen Euskadiko Kutxa zegoen horretan. Gaur, arratsaldeko 16:30etatik 20:00etara.

HITZALDIAK
‘Emoziozko inteligentzia landu’
Hernani Institutuak hitzaldia antolatu du, gurasoentzako antolatzen ari den topaketen barruan. Gaur Emoziozko inteligentzia landu hitzaldia emango du Itziar Etxeberria psikologoak, 18:30etan Biterin. Institutuak guraso eta hernaniar interesatu guztiak gonbidatu ditu.

‘Nork agintzen du etxean?’ hitzaldia
Jose Francisco Amiama psikopedagogoak hitzaldia emango du gaur Urumea ikastolan, BHIko liburutegian. Gaurkoa aurreko hitzaldiaren jarraipena da, Guraso elkarteak antolatua. Gaur, 18:30etan.

Ibon Miner bigarren jarri da Ategorrietako tiraldia irabazita
Joan den igandean Erregularitateko tiraldia izan zen Ategorrietan eta Ur Miako Ibon Minerrek irabazi zuen tiraldi dotorea eginda. 50 brila bota zituen eta bigarren gelditu zen Luis Aizpiolea zeraindarrak 43. Hirugarren Elur Txoriko Joxe Zapirain errekaldearra gelditu zen, 42 brilarekin. Sailkapen nagusian Joxe Zapirain dijoa lehenengo 226 brilarekin eta Ibon Miner jarri da bigarren brila bakarrera. Hurrengo hernaniarra Migel Burugain da, 214 brilarekin. Bestalde, Joxe Kerejeta memoriala ere jokatu da asteburuan eta Antonio Minerrek irabazi du 37 brilarekin, eta Aurelio Santos, Joxe Zapirain eta Ibon Miner 5, 6 eta 7garren gelditu dira 35na brilarekin.

MOLOTOFF IRRATIA (FM 99.2)
`The Wailers´ taldeari buruzko saio berezia
The Wailers talde jamaikarrari eta Bob Marleyri buruzko irratsaio berezia egingo dute gaur Molotoff irratian, Sound System saioan, 22:00etatik 23:00etara. Joan den asteburuan Hernanin emandako kontzertuari buruzko iritziak, taldekideen hitzak eta Bob Marley eta bere taldekideen musika entzuteko aukera izango da.

EUSKAL HERRIAK BERE ESKOLA
Hitzaldia bihar, taldea aurkezteko
Hernaniko Euskal Herriak Bere Eskola taldeak hitzaldia antolatu du bihar, 19:00etan Biterin, EHBE taldea aurkeztu eta Aldarrikapen taularen berri emateko. Herriz herri aztertzekoa da Aldarrikapen taula, herri bakoitzean ikusten diren lehentasunak lantzeko.

AGENDA 21
Herri foroa bihar
Udaleko Ingurugiro Saila herritarrekin bilerak egiten ari da ekarpenak jasotzeko. Ekarpenekin osatuko dute Agenda 21eko ekintza plana Hernani mailan. Bihar egingo den foroan hitz egingo da: urbanismoaz, ingurune naturalaz, ura eta energiaz, hiri hondakinetaz eta zarataz. Foroa bihar arratsaldeko 19:00etan izango da, Biterin.

ATLETISMOA
Infantilak bikain aritu ziren Belodromoan
Igandean, Anoetako Belodromoan, ikastetxe arteko eskuldeko txapelketa izan zen, infantil mailan. Bigarren jardunaldia izan zen igandekoa eta hernaniarrak fin aritu ziren. Egindako 7 probatatik 3 garaipen lortu zituzten. Maitane Iruretagoyena eta Lide Redondo 60 metroko probetan aurreneko geratu ziren. Enara Agirrezabalak 600 metroan txapeldun geratu zen. Aurreko atleta hauek Estibalitz Lionekin batera relebotan ere irabazi egin zuten. Madi Iradik 60 metro hesietan karrera txukuna egin zuen eta Ane Villaverdek 1.000 metrotan bigarren postuan geratu zen. Bestetik, Hernaniko atletismo taldeak jakinarazi du altuera saltoan eta pisu jaurtiketan aritzeko atleta bila dabiltzala. Ikasleak animatu nahi dituzte parte hartzera.

OLIO BILTZEA
Olio biltzea bihar
Bihar osteguna erabilitako olioa eta gai berezien bilketa egingo da: Urbieta kalean, ferian, arratsaldeko 16:00etatik 19:30etara.


Buelta lehenengo orrira