2004 urtea

Apirilak 1

Asteazkena

Alea: 1065

Apirileko kultur egitaraua
Musika Bandak hasiko du apirileko egitaraua film-etako soinu banden kontzertuarekin
Kontzertua bihar da Biterin 20:00etan eta larunbatean Buruntzako koruen topaketa, Parrokian, 20:00etan.Jardunaldi Extremeñoak larunbata eta igandean dira eta Dantzari Festa apirilaren 19tik 25era

MeUdaleko Kultura Sailak atera du apirileko kultur agenda eta Musika Bandaren kontzertuak emango dio hasiera, datorren ostiralean. Film ezagunetako soinu bandak joko dituzte, pelikuletako irudiek lagunduta: Harriketarrak; Zorba Grekoa; Ona, itsusia eta txarra; Misioa; Flashdance....what a feeling; suzko karroak; fantasma harrapatzaileak; eta Gladiadorea pelikulatako soinu bandak entzuteko aukera izango da, Zipri Otxandorenak zuzenduta. Bihar, ostirala, 20:00etan Biterin.
Larunbatean, berriz, XV. Buruntzaldeko Zirkuituko Koru topaketa izango da, Kantuz abesbatzak antolatuta. San Joan Bataiatzailea Parrokian da, arratsaldeko 20:00etan. Kontzertuan eskualdeko koruek kantatuko dute eta Hernaniko Kantuz eta Ozenki abesbatzak hartuko dute parte.
Jardunaldi Extremeñoak
Datorren larunbata eta igandean Extremadurari buruzko jardunaldiak dira. Larunbatean Biterin bideo eta poesiak izango dira eta igandean festa izango da Latsunbeko kirol pistan, Extremadurako dantza, produktu eta informazioarekin.

Kontzertuak, dantza eta erakusketak
Biteriko erakusketen barruan, Gipuzkoako trenei buruzkoa jarriko dute apirilaren 19an. Apirilaren 19an baita ere, hasiko da Dantzari Festa eta astebete iraungo du aurtengo edizioak. Hilaren 29an Ozenki Abesbatzak kontzertua emango du Jubilatu etxean eta egun berean ipui kontalaria dago Biterin 3tik 7 urtera arteko umeentzat.

'Muzzikiren bidaia harrigarria’, umeentzako antzerkia larunbatean
‘Muzzikiren bidaia harrigarria’,
umeentzako antzerkia larunbatean
POK Produkzioak aurkeztuta Muzzikiren bidaia harrigarria antzerkia egingo dute datorren larunbata goizeko 11:00etan Biterin, 3-9 urte arteko haur eta gazteentzako. Aktoreak Olatz Beobide eta Idoia Sagarzazu dira eta musikaria Pascal Gaigne.
Muzzikik munduan barrena bidaia egingo du eta mundu osoko musikak, ipuiak eta kontuan entzuteko aukera izango du eta herrialde horietako animaliak, mendiak eta itsasoa izango dira protagonista. Txinan, Basamortuan, Himalayan, eta Afrikan murgilduko da Muzziki eta animalia eta kultura desberdinei buruzko aipamenak egingo dituzte.

Apirileko Kultur Egitaraua
Apirilak 2, ostirala: Musika Bandaren kontzertua. 20:00etan Biterin.
Apirilak 3, larunbata: XV. Buruntza Zirkuituko Koru Topaketa. 20:00etan San Joan Bataiatzailea Parrokian.
Apirilak 3: Aurrentzako antzerkia. Muzzikiren bidaia harrigarria. 11:00etan, Biterin.
Apirilak 3-4: Extremadurako XII. Jardunaldiak.
Apirilak 19-maiatzak 4: Gipuzkoako Trenak erakusketa. 18:00-20:00, Biterin.
Apirilak 19-25: Dantzari Festa.
Apirilak 29: Ozenki Abesbatza eta Doinu-Zale musika eskolako ikasleak. 19:30etan Biterin.
Apirilak 29: Ipui kontaketa. 17:30etan eta 18:00etan Biterin.

Artur Casas igerilariak 2 urrezko domina

Artur Casas igerilari hernaniarrak bi urrezko domina irabazi ditu Euskadiko txapelketan, Junior mailan. Casasek denbora onena egin zuen 100 m eta 200 m bular probetan, eta 50 m-tan berriz, brontzezko domina irabazi zuen.
Artur Casasek ez ezik, Hernaniko talde osoak egin zuen txapelketa ona. Olatz Altunak brontzea irabazi zuen 100 m libretan, Europarako eta Olinpiadetarako aurreselekzionatuta dauden igerilarien atzetik. Era berean, bai Olatz Altunak eta bai Mañel Aizpuruak Espainia mailako minimak lortu dituzte, 50 m eta 200 m libretan, hurrenez hurren. Oihane Sanz berriz, laugarren gelditu zen 100 m libretan, Estatuko minimatik dezima batera. Txapelketan parte hartu dutenak: Alfaro, Iturrioz, Casas, Aizpurua, Aldabe, Isuzkiza, Olatz Altuna, Izagirre, Jimenez, Sanz, Estibariz eta Anne Altuna.


Euskal Herrian Euskarazek Hizkuntz Eskubideen Egunera joateko dei egin du
Datorren igandean da Lesakan .Hernanitik autobusak irtengo dira goizeko 09:00etan.

Euskal Herrian Euskaraz taldeak Hizkuntz Eskubideen Eguna antolatu du datorren igandean, Lesakan. EHEk dioenez Euskal Herrian sistematikoki urratzen dira hizkuntz eskubideak eta estatuek “suntsipen estrategia darabilkite euskararen eta normalizazioaren aurka”. EHEren iritziz euskararen garapenerako kaltegarria da “euskarak estatus legal bakarra ez izatea, ofizialtasun eza eta lurralde osorako hizkuntza politika bakarra ez izatea”. Hizkuntza eskubideen alde indarrak biltzera dei egin du EHEk eta zentzu horretan antolatu dute Hizkuntz Eskubideen Eguna Lesakan.
Hernanitik autobusak aterako dira, goizeko 09:00etan eta 21:00etan egingo dute buelta. Txartelak Lete, Garin eta Txilin daude salgai. Hernaniko EHEk dei egin die aldarrikapenekin bat egiten duten herritarrei Lesakara joateko.

Igandean goizetik gauera
Lesakan hasi goizeko 10:30etan eta 20:30ak arteko egitaraua dago: Hizkuntz Eskubideen Aldeko Nazio Bilkura egingo da, Euskalgintzaren Gunea, Ofizialtasunaren aldeko manifestazioa, Herri Bazkaria (autobusean izango da txartelak hartzeko aukera), txaranga, pailazoak, dantzaldia eta abar.


Jasota bezala

Gai politikoak plenoan
"Plenoan ez da legislatura osoan gai politikorik ukituko" erantzun dio Rekondok, Kontxi Santxizen heriotzaren aurrean BILDU HERNANIK aurkeztutako mozioari. Hori giroa berotzea eta Ertzaina kriminalizatzea da, gaineratu du.
Garbi esanda, hemen kriminalizazio bakarra, martxoaren 11ko gertakariaren ondoren, Madrilek puntuz-puntu ipinitako gidoiari jarraituz, ezker abertzaleak jasan duen eraso bortitza izan da eta kriminalizatzaile nagusiak, Rekondo, Amonarraiz eta Mercadoren alderdiko zuzendariak izan dira. Hernanin eta Euskal Herrian hori izan da giro berotze bakarra eta ondorioak begibistan dira, Angel eta Kontxiren heriotzak.
Biolentzia guztien aurka agertu ohi dira eta guztion eskubideen alde, baina, oraingoan ere garbi utzi dute eskubideak batzuentzat direla soilik baliozko, eta besteentzat zigorra, espetxea eta heriotza. Garbi dago hauentzat jokaera hori ez dela biolentzia, demokratikoa baizik.
Egia ezkutatu nahian, Plenoan ez dela gai politikorik ukituko diote. Barregarria litzateke aitzakia hutsa ez balitz, bestela, ez al da erabaki politikoa Plenoan urteko aurrekontuak onartzea?, ez al dira gai politikoak Plenoko erabakiak?, ez al zarete zuek udal politiko profesionalak?, zer nolako erabakiak hartzen dituzue?. Dena dela, erabaki honekin, Rekondok eta bere morroiek, politikotzat jo dute Ertzainaren izaera eta jokaera, eta berotzen diren heinean ondo baino hobeto betetzen dute bere papera.
Garai batean Rekondok idatzitakoak burura etorri zaizkigu, idatzi hartan aipatzen zuen nola parte hartu zuen Ertzainak erabili behar zuen metodoen diseinuan. Nola agertu oraingoan aholkuak ondo ikasi zituztenen aurka?.
Hernaniarren eskubideak berriro urratuak izan dira, berriro ere Hernaniko GEHIENGOA hitzik gabe utzi nahi izan dute eta horren aurrean berriro diogu, giza-eskubide eta adierazpen-askatasunaren alde borrokatzen jarraituko dugula eta behar diren mozioak aurkeztuko ditugula. Aurkezterakoan, bertan ikusiko gara.

Manuel Fraile
Bildu Hernani herri plataformaren izenean

‘Elikadura eta transgenikoak’
hitzaldia gaur Andragoton

Osasunari buruzko astea ari dira egiten Andragoto ateneoan. Elikadura eta elikagai transgenikoei buruzko hitzaldia emango dute gaur, Lurdes Sarasola eta Javier Bellosok, arratsaldeko 19:30etan.
Bihar, bestalde, gorputz posturei buruzko hitzaldia emango du Maite Gomez Zapiain fisioterapeutak, 19:30etan eta hitzaldi honekin bukatuko da osasunari buruzko astea Andragoton.


Hitzaldia gaur Urumea ikastolan

Familia eta ikasleen arteko erasoak gaiaren gainean hitzaldia dago gaur Urumea ikastolan. Elkano kaleko ikastetxeko liburutegian da hitzaldia, 19:00etan.


‘GR 4’ bertso txapelketa igandean Orion

Hernani, Orio, Lasarte eta Oiartzun ari dira jokatzen GR 4 bertso txapelketa eta datorren igandean izango du Hernaniko taldeak bigarren saioa. Orioko taldearen kontra neurtuko da Orion bertan. Hernanitik kantatuko dutenak dira: Iñaki Zelaia, Joxe Angel Aranburu eta Xabier Legarreta.


Hirigintza Batzordea gaur Udaletxean

Hirigintza Batzordea bilduko da gaur Udaletxean, arratsaldeko 18:00etan eta 6 puntu daude eztabaidatzeko. Eraikinak berritu eta egokitzeko eskariak dira puntu gehienak, eta Ereñotzuko babes ofizialeko etxeei buruzko kontsulta bat ere badago. Ibarluze poligonoan industria jartzeko SCOINER SL enpresak egindako eskaria da beste puntuetako bat.


Peña Otaño

Martin Alberdiri agurra

Martin Alberdiri agurreko bazkaria egingo diote larunbatean Peña Otaño elkartean. bazkarira joan nahi duena Iñaxio Gorrirekin harremanetan jarri. Bazkaria 14.00etan da.

Buelta lehenengo orrira