2004 urtea

Apirilak 11

Igandea

Alea: 1074

Hernani berritzeko 10 proiektu eta 20 miloi euroko aurrekontua Jaurlaritzaren ‘Izartu’ programara
‘Izartu’ gainbeheran dauden inguruak bultzatzeko programa da eta Hernaniko Udalak 4.000.000 euroko (664.744 miloi pta) laguntza eskatu du Jaurlaritzara n Erantzuna udara pasata espero da.

Udalak 10 proiektu eta 20.223.293 euroko aurrekontua aurkeztu ditu Jaurlaritzaren Izartu programaren diru laguntza jasotzeko. Izartu gainbeheran dauden inguruak berritzen laguntzeko programa da. Hernanik laguntza horiek jasotzeko eskatzen diren zenbait baldintza betetzen ditu eta proiektuen % 50eko finantziazioa lortu lezake Gasteizko Gobernutik. Programa horrek laguntzak banatuko dituen bigarren aldia da eta Iñaki Arratibelen hitzetan Hernaniko Udalak aurten eskatuko du laguntza hori aurrenekoz.
Udalak Izartu programan aurkezteko eskariak ‘Hernani 2008’ proiektuan bildu ditu, inbertsioak lau urteko epean egitea aurrikusita. Proiektuak dagoeneko martxan daudenak dira eta hiru oinarri nagusi dituzte: garapen eramangarria, irisbide plana eta hiriberritzea. Hirurak ere Agenda 21 eramangarritasun planaren barruan dijoazen oinarriak dira.
Zenbakietan, 20.223.293 horietatik ia erdia ingurugiro azpiegiturak egiteko proiektuak dira (9.460.000 euro) eta bestea urbanizazioak berritu eta zenbait zerbitzu moldatzeko (10.762.000 euro).

Joxan Rekondo
(Udal Aldizkaria)
“Erronka garrantzitsua daukagu 60 eta 70 hamarkadetan egindako auzoetako bizi kalitatea hobetzen. Auzo horiek desarroilismo garaian eta dotazio komunitario eskasekin egin ziren”. (...) “Jaurlaritzaren laguntza lortu edo ez auzo horiek berritzeko lanak ezin dira atzeratu. Dagoeneko lanean hasita gaude eta faseka osatzeko asmoa dugu”.

 

Santa Barbarako harrobia
Izartu programara aukeztutako proiekturik haundiena, dirutan behintzat, Santa Barbarako harrobia berritu eta aisialdi gune jartzeko da, denera 7 mila euro pasako proposamena aurkeztu baitu Udalak. Bigarren proiektu haundiena Portu eta Floridan trenbide azpiko pasabideak hobetzea da. Obra horiek 4.434.000 euro inguru kostako lirateke.
Bestalde, Sandiusterriko zaharren egoitza haunditu eta moldatzeko ere ia 3.000.000 euro pasako proiektua aurkeztu du. Izartu programan sartutako beste proiektuak dira: Arriatsuko ingurugiro Eskola; bidegorri sarea; urbanizazioa eta zerbitzuak berritu La Cumbren eta Elizatxon; Sorgintxulo eta Latsunbeberri arteko urbanizazioa; eta irisbide plana. Laguntzak izango diren udara pasata jakingo da seguruena.

Hernaniren ‘ahuleziak’
Gainbeheran dauden inguruei laguntzeko Jaurlaritzaren programaren harira, Udal Aldizkariak Hernaniri buruzko zenbait datu ematen ditu. Hiru ahulezi azpimarratzen dira: 1) 1986 ezkeroztik % 4,3 galdu da populazioa, EAEn halako bi, eta jendeak alde egin izana jotzen du horren arrazoi nagusitzat; 2) Bigarren ahulezia da kualifikazio falta. Herritarren %57ak lehen mailako heziketa edo bajuagoak ditu. EAE indize hori % 54koa da; 3) Hernaniko etxeek ingurukoek baino erosotasun gutxiago dute.
Ahuleziei gain hartzeko elementu positiboak ere aipatzen dira. Nagusiena da lan jarduera tasa altua.


Negu giroak ez zuen federik hoztu
Euritan eta hotzetan, urteroko jendetza izan zen Santa Barbararako Gurutz Bidean. Gaurko Meza Nagusiarekin bukatuko dira Aste Santuko ekitaldi erlijiosoak.

Negu giroak negu giro, aurten ere ehundaka pertsona izan ziren Santa Barbarako Gurutz Bidean, Ostiral Santu egunean. Azken urteetan eguraldi bikainarekin ohituta, herenegun euritan eta 5-6 graduko tenperaturan egin zituzten Jesusen Gurutz Bidearen 14 geldialdiak. Jendearen erantzuna ikusita “18 urte hemen eta oraindik ez nuen Hernani ezagutzen” esan zuen Manuel Odriozola parrokoak. Eta “Hau ere Hernani da” bota zuen gero.
Santa Barbarakoa ez zen izan Gurutz Bide bakarra, eta herriko hiru parrokietan ere ospatu zen ekitaldi erlijiosoa.
Juan Bataitzailean entzun ziren ideatako bat izan zen pertsona izan nahi duenak hurkoa izan behar duela. Aipatu zen asko daudela Jainkoagatik edozer egiteko pronto. Hurkoagatik ere gauza bera egin eta berdin jokatzearen garrantzia azpimarratu zen.
Gurutz Bidean gerrak, hilketak, gosea, injustiziak, torturak eta presoen egoera kritikatu besteak beste. Giza eskubideak aldarrikatu eta “indarkeriarik gabeko indarrean” sinisteko eskatzean gain, beste mezuetako bat izan zen “lasai bizitzeko arrazoi bila ibili beharrean, elkarri laguntzeko arrazoi bila ibiltzeko”

Pazko Igandea gaur
Erramu Igandean hasitako ekitaldiak, gaur, Pazko Igandean bukatuko dira hiru elizetan egingo den Meza Nagusiarekin: Ereñotzuko San Antonio elizan 10:30etan, Alde Zaharreko Juan Bataiatzailean 11:00etan, eta Floridako Jose Langilean, 12:00etan.

Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia gaur Udalbiltzak antolatuta
Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia egingo da gaur Gudarien plazan, Udalbiltzak deituta. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan da. Bestalde, Bai Euskal Herriari plataformak Euskal Herriko Naziotasun Agiria, EHNA, egiteko deia egin du gaur eta horretarako aukera izango da 11:00etatik 13:00etara, Gudarien plazan bertan. EHNA egiteko eraman beharrekoa: 3 argazki, padroi agiria eta 10 euro.

Apirilean 60 pertsonek eman dute odola
Joan den asteartean 60 pertsona izan ziren anbulatorioan odola ematen. Horietatik bi odol emaile berriak izan ziren eta batek organoak ere donatu zituen.

Nikaraguari buruzko erakusketa jarriko dute Astigarragan
Asteartetik ostiralera Nikaraguari buruzko erakusketa jarriko du Astigarragako kultur etxean Honek Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Ordua: aste barruan, 18:00etatik 20:30etara; larunbat eta igandean 11:30etatik 13:30etara. Ostegunean La revolución Sandinista bideoa botako dute, eta ostiralean La canción de Carla pelikula; biak 19:30etan.


Karabel eta Landare arteko bidea itxita egongo da hiru hilabetetan, asteazkenetik hasita
Udaltzaingoak adierazi du apirilaren 13tik aurrera bidea itxita egongo dela Karabel eta Landare-Gureola bitartean. Udaltzaingoak esan du Landarera joateko, Zubiondo zubi berria erabili beharko dela, Ibaiondo poligonotik barrena.

Peña Otaño
Mus txapelketa martxan
Peña Otaño elkarteko mus txapelketa martxan da eta datorren astean bost partida jokatuko dira, hilaren 15ean hain zuzen ere. Igor-Gorka/Eugenio-Garmendia; Aitor-Luis Mari/Vicente-Manolo; Balantxa-Balantxa/ Enrike-Linter; Rekalde-Bilbao/Pello-XX; eta Alejos-David/ Juan Ig-Luis. Aurreko urtean, Balantxa aita-semeak irabazi zuten txapelketa.

Mus txapelketa
Herri arteko mus txapelketa hilaren 15ean
Herri arteko mus txapelketa apirilaren 15ean hasiko da eta aurreneko saioa herrika jokatuko da. Hernanin Garin tabernan izango da, gaueko 21:00etatik aurrera. Izena ematea zabalik dago eta saria afaria izango da lehenego bi bikoteentzat. Gero, eskualdeko fasea jokatuko da Usurbilen, hilaren 17an eta lau aurrenekoentzako izango dira sariak.

Musika
Disko festa Oialumen
Gaur arratsaldean Disko Festa izango Oialume dantzalekuan, DJ Black musika jartzailearekin. Jaia 19:30etan hasiko da.

 

 

Buelta lehenengo orrira