2004 urtea

Apirilak 12

Astelehena

Alea: 1075

Kontsumitzailearen Bulegoan jaso diren erreklamazio gehienak etxebizitza eta teknologia berriei buruzkoak izan dira
Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) 530 informazio eta erreklamazio eskaera izan zituen 2003an n Gehienak etxebizitza, internet, telefonia, eta kotxe eta etxe aseguruei buruzkoak.

Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB) duela 15 urte jarri zen martxan. Lehen Ongintzan zegoena, gaur egunean Udal zerbitzua da, eta Biterin dago Bulegoa. Marian Ormazabal Otegi da bertako arduraduna eta berak adierazitakoaren arabera zerbitzuaren helburua da batetik, kontsumitzailea informatzea eta bestetik, jendea egiten dituen erreklamazioak bideratzea. Bulegoaren ordutegia: astelehenetik ostiralera, goizeko 09:00etatik 14:00ak arte.
2003an Kontsumitzaileare Bulegoak 530 informazio eskaera eta erreklamazio izan zituen. Gehienak etxebizitzari buruzkoak: etxebizitza berrien konstrukzio akatsak eta sal erosketetan arazoak, gehienak. Kontsumitzailearen Bulegoak ateratako ondorioek diote arazo horiek promotorak eta etxebizitzak alkilatzen dituztenek ematen duten informazio eskasaren ondorioz gertatzen direla.
Aseguru etxeei buruzko informazio eta erreklamazio eskaerak ere asko dira, batez ere etxebizitza eta kotxeen ingurukoak. Telefonia eta internetak ere arazoak sortu dizkiote jendeari. Erreklamazio asko izan dira, batez ere interneteko 906 telefono zenbakiei, mobilei eta internetari buruzkoak. Hauekin batera izandako eskaerak dira: kanbio eta produktua itzultzearen ingurukoak, gasa eta gremioen instalazioak (zerbitzuen garantiagatik, lanaren prezio eta kalitateari buruzko desadostasunak, denbora gehiegi pasatzea,...).

Eman beharreko pausoak
Kontsumitzaileak erreklamazio bat egin behar duenean eman beharreko aurreneko pausoa da gaiari buruzko informazioa jasotzea, jakiteko arazoaren aurrean zein bide hartu ditzakeen. Horretarako Kontsumitzailearen Bulegoan laguntza eskatu dezake. Ondoren norbere esku dago zein bide hartu: prozesu bat hasi Bulegoaren bitartekaritzarekin edo epaitegietara jo.
Gai horri buruz Marian Ormazabalek dionez “kontsumoak problema haundiena du askotan ezin dela planteatu epaitegira jotzea, izan ere kantitateak ez du merezi. Adibidez 100.000 pezetatako erreklamazioa egiten baduzu igual gehiago kostatzen zaizu erreklamazioa epaitegiaren bidez bideratzea”.

Kontsumo arbitraia
Kontsumitzailearen Bulegoak eskaintzen duen beste zerbitzu bat kontsumo arbitraia da: enpresa, merkatari edo dena delakoak Kontsumitzailearen Bulegoaren bitartekaritza onartzen du, kontsumitzailea eta bere artean sortu litezkeen arazoak konpontzeko. Marian Ormazabalek dio honek abantailak ekartzen dizkiela bi aldeei: “Ez da ez abokatu, ez prokuradore eta ezta peritorik ordaindu behar, eta konfiantza seinale bat izan daiteke”. Hernanin 87 enpresek eta merkatarik onartu dute arbitrai zerbitzua. Honi buruz Marian Ormazabalek dio “zoritxarrez enpresa potenteenek ez dute zerbitzu hau onartzen: aseguru konpainiek, konstrukzioa arloan esaterako presentzia eskaxa da”.

.

Kontsumitzaileek kontuan hartu beharrekoak
- Faktura eta tiketak gorde.
-Zerbitzu edo gremio bat kontratatzerakoan, detaile guztiak jasotzen dituen aurrekontua eskatu behar da eta ondoren faktura dagokion BEZarekin (IVA).
-Etxebizitza alkilatzerakoan kontratua ondo irakurri zein baldintza onartzen diren jakiteko.
-Janaria erosterakoan ondo begiratu zein produktu den kadukatzen dena eta zein ahal dela epe baten barruan kontsumitzekoa.
-Kontu haundiz erosi establezimendu komertzialetatik kanpora, 7 egun daude produktua itzultzeko.
-Edozein eskubide urratu ezkero, Kontsumitzailearen Bulegora jo dagokion erreklamazioa jartzeko.”

Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia Hernanin
Udalbiltza: “Iaztik honera gure herrian poliki-poliki zerbait mugitzen ari da”

Bi Udalbiltzak batean bildu eta elkarlanean aritu beharra azpimarratu zen Hernaniko ekitaldian n Ekitaldi laburra izan zen eta 200 bat lagun bildu zituen.

Loren Arkotxa lehendakari duen Udalbiltzak Aberri Eguna ospatzeko ekitaldi politikoa egin zuen atzo Hernanin ere. Ekitaldian lau orriko Adierazpena irakurri zen. Udalbiltzaren esanetan, “Argi izpiak ikus daitezke aurtengo balantzean” eta Aberri Eguna une berezi batean ospatu da: “Munduan eta Euskal Herrian bertan zerbait garrantzitsua ari dela gertatzen sumatzen dugu guztiok. Eskubide subjektuak ukatzen dituzten eta gu zatitzen gaituzten bi estatuetan aldaketa garaiak heldu dira. Iaztik honera gure herrian poliki-poliki zerbait mugitzen ari da.”
Udalbitzak gogoan izan zuen iazko Aberri Eguna pasa eta gutxira bere kontra izandako operazio poliziala: “Egoitzak itxi, kideak kartzelan sartu... Frankismoan eta nazien garaian bezala sufragio unibertsalik gabe udalak osatu izana... Gogoan ditugu arrazoi ezberdinak medio Euskal Herritik kanpo dauden herritarrak”.
Aurrera begira, berriz, Ezker Abertzaleak kudeatutako Udalbiltzak Nazio Eztabaidagunearen lana txalotu eta bere konpromisoa azaldu zuen “Eztabaidagunearen nazio ikuspegiarekin eta elkarlanerako filosofia berriarekin”, bai nazio mailako instituzioen beharrarekin eta baita Udalbiltzak berriz ere hasieran zuen “antolaketa zabala” izan beharrarekin ere.
Bestalde, Bai Euskal Herriari plataformak deituta nahi zuenak EHNA egiteko aukera izan zuen.

Pazko Igandea gaur
Erramu Igandean hasitako ekitaldiak, gaur, Pazko Igandean bukatuko dira hiru elizetan egingo den Meza Nagusiarekin: Ereñotzuko San Antonio elizan 10:30etan, Alde Zaharreko Juan Bataiatzailean 11:00etan, eta Floridako Jose Langilean, 12:00etan.

Jubilatu Etxeak asteazkenean egingo du sorteoa Santander eta Asturisera joateko
Jubilatu Etxeak 10 eguneko eskurtsioa antolatu du Santander eta Asturias ikusteko maiatzaren 25tik ekainaren 4ra. Santander, Oviedo eta Gijon hiriak bisitatzeaz gainera, Covadonga, Cangas, Picos de Europa eta beste zenbait paraje eder ikusteko aukera izango dute. Zozketa apirilaren 14an da, Jubilatu Etxean, arratsaldeko 17:00etan.

Lagunek omenaldia egingo diote igandean Felipe Sagarna ‘Zapa’, Luis Mari Elizondo eta Migel Mari Arbelaizi
HOgeita lau urte beteko dira aurten Felipe Sagarna Zapa, Luis Mari Elizondo eta Migel Arbelaiz hil zituztela, eta lagunek urtero bezala omenaldia egingo diote. Ekitaldia eguerdiko 13:00etan da. Gudarien plazatik hasi eta Zapa zenaren etxe aurrean egingo dute geldialdia, bera hil zuten tokian. Ondoren, Balantxara joko dute, Elizondo eta Arbelaizen oroimenez. Txatarra koadrilak ere urtero hartzen du parte ekitaldian, Felipe Sagarna koadrila horretakoa zen-eta.

Gazte Txokoa bihar irekiko dute
Gazte Txokoa bihar irekiko dute Aste Santuko oporren ondoren eta apirilerako betiko ekintzetaz gain beste hainbat aktibitate berri antolatu dituzte bertako hezitzaileek. Nobedade horien artean daude paintballa, pintura botatzen duten bolekin gerra, serigrafia tailerra eta esgrima tailerra.

Apirileko aktibitateak
Bihartik aurrera berriro ere martxan jarriko da Gazte Txokoa eta oporren ondoren lasai hartzeko pelikula bat ikusiko dute. Asteazkenean Esgrima ikastaroa egingo dute Pio Baroja kiroldegian. Ostegunean, hilaren 15ean, Jaizkibelera joango dira paintballean aritzera. Apirilaren 22an eta 29an, serigrafia tailerra egingo dute, horrela kamisetetan nahi dituzten marrazkiak jartzeko aukera izango dute gazteek. Hilaren 25ean pelikula bat ikusiko dute.
Ostiraletan, Sex-Drug tailerra izaten dute Gaztetxokoan eta bertan sexua eta drogari buruz dituzten kezkak eta zalantzak argitzen saiatzen dira bi hezitzaile. Gaiari buruzko pelikulak, jolasak eta galde erantzunak egiten dituzte bertan.
Gainerantzeko egunetan Gazte Txokoa irekita egongo da eta bertan dauden gauzak erabili ahal izango dituzte gazteek: mahai tenisa, futbolina, eta abar.
Gazte Txokoan parte hartu
Gazte Txokoa 12-16 urteko gazteentzako zerbitzua da eta bertako aktibitateetan parte hartzeko karneta atera behar da. Karneta ateratzeak euro 1 kostatzen da.

Literatura tailerra
Andragoto Ateneoan Gota Kokorota literatura tailerra jarriko dute martxan asteazkenetik aurrera. Tailerra asteazkenero izango da 20:00etan.


Squash eta Tenis txapelketak
Kirol Patronatuak XI. Squash eta VIII. Tenis txapelketa antolatu ditu eta izena emateko epea zabalik dago. Bazkide ez direnak ere apuntatu litezke eta epea apirilaren 21ean bukatuko da. Informazio gehiagorako: 943-552185 telefonora deitu.

Buelta lehenengo orrira