Askapenarekin
brigadatara apuntatzeko epea zabalik dago, apirilaren 18ra arte
Brigadista moduan Kubara, Mexikora, Venezuelara, Irlandara, Txilera
eta Argentinara joateko aukera dago. Interesatuek Askapenaren Hernaniko
egoitzara deitu edo idatzi: 943 552365. E-maila: info@askapena.org
Askapenaren
bidez brigadatara joateko asmoa duenak, apirilaren 18ra arte du izena
emateko epea, Askagintzako egoitzan bertan: Kale Nagusia 38, behea.
Telefonoa 943 552365. Aurten Kubara, Mexikora, Venezuelara, Irlandara,
Txilera eta Argentinara antolatu dituzte Brigadak eta normalean Udaran
eta hilabete batekoak izaten dira. Hala ere Mexikoko Txiapasera urte
osoan joaten dira. Azken urteetan Kuba, Mexiko eta Venezuelara joan
izan dira brigadistak, baina, Irlanda, Txile eta Argentina berriak
dira, Askapenak Kronikari jakinarazi dionez.
Trukaketa
politikoa
Brigaden helburua lan politikoa egitea da, Askapenako kideek Kronikari
esan diotenez eta joaten diren herrialdeetan bertako jendearekin bizitzen
dira, herrialde bakoitzeko egoera bertatik ezagutu ahal izateko: “trukaketa
politikoari garrantzia haundia ematen diogu. Hango egoera ezagutu
eta Euskal Herriko egoera ezagutzera ematen saiatzen gara. Hala ere
herrialdetik herrialdera aldatu liteke brigadisten egin beharra, egoera
oso desberdinak baitira, baina, helburua ez da beraiekin lan egitera
joatea, horretarako jendea sobran daukate eta” diote Askapenako
arduradunek.
Iraultza
Sandinistan sortua
Iraultza Sandinistaren bueltan sortutako elkartasun taldea da Askapena,
eta gerora herri gehiagotara zabaldu dute “elkartasun internazionalista”
bere esku orritan dioenez. Ezker Abertzaleari lotutako taldea da eta
esku orrietan jartzen duenez “brigada batean parte hartzeak
Euskal Herriarekiko, Ezker Abertzalearekiko eta Askapenarekiko konpromezu
batzuk hartzea suposatzen du: zure esperientzia zabaltzea eta zure
bizitzako esparru guztietan ikasitakoa garatzea hain zuzen ere”.
Orain arte Nikaragua, El Salvador, Palestina, Irlanda, Txiapas, Kuba
eta beste hainbat herrietara egin dituzte brigadak.
100
lagun inguru
Askapenak antolatzen dituen brigadetara urtero 100 bat lagun joaten
dira, Kronikari emandako datuen arabera, eta Hernanitik ere urtero
izaten da bat edo beste brigadista talde horretan. Aurtengo izen ematea
zabalik dago datorren igandera arte. Apuntatzen direnei informazioa
zabalduko zaie aurrena: egitasmoa zer den azaldu, brigaden helburuak,
zer ikusiko duten argitu eta abar. Aurrerago destinoa eta gainerako
xehetasunak emango dizkiote jendeari eta normalean uztaila edo abuztuan
izango da bidaia.
Txillida-Lekun
3.500 bat bisitari izan dira Aste Santuan, iaz baino gutxiago, eguraldi
euritsua dela-eta
Jende gehiena larunbatean izan zen: 1.022 bisitari. Bisitariei
gehien gustatu zaiena: arte lanak espazioan nola antolatuta dauden.
Katalanak izan dira bisitari asko.
Txillida-Leku
izaten da Aste Santuan Hernanira etortzen diren turista gehienek bisitatzen
duten lekua. Aurten 3.561 pertsonek bisitatu dute museoa, ostiraletik
astelehenera birtarteko oporraldian. Jende gehiena larunbatean bildu
zen Txillida-Lekun, egun horretan 1.022 pertsonek bisitatu baitzuten
museoa. Hala ere, iaz baino jende gutxiago izan da, aurreko Aste Santuan
5.035 pertsona izan baitziren. Museoko arduradunek diote eguraldi
txarrak eragin duela aurten iaz baino jende gutxiago ibili izana.
Hernanira gehiena etortzen diren turistak katalanak izaten dira eta
museora ere katalanak dira gehiena joaten direnak. Frantzesak ere
asko izan dira Aste Santu hauetan Txillida-Lekun. Denetariko jendea
joaten da museora: familiak, bikoteak eta lagun taldeak.
Museoko arduradunek adierazi dute bisitariei gehiena gustatzen zaiena
dela museoaren espazioa nola antolatuta dagoen. Hau da, Eduardo Txillidak
egindako arte lanen eta museoko espazioaren arteko konbinazio ona
gustatzen zaiela diote arduradunek.
Erakusketak
La casa del Olvido izeneko erakusketa ikusteko aukera izan dute turistek,
eta oraindik ere ikusteko aukera dago, apirilaren 26ra arte egongo
baita zabalik. Erakusketa honetan Txillidaren 25 marrazki original
erakusten dira, Aurtenetxeren poesian inspiratuta marraztu zituenak.
Apirilaren 28an erakusketa berri bat inauguratuko dute, Divertimento
titulua daramana.
Museora
bisitak
Txillida-Lekuko ordutegia da: astelehenetik igandera, 10:30etatik
15:00etara. Sarrerak 7 euro balio du. Gia baten zerbitzua eskatu daiteke
eta horretarako 943-336006 telefonora deitu behar da edota sarreran
galdetu.