Kontseiluak euskara normalizazio bidea indartzeko
deialdia egin die alderdi politiko, gizarte eragile eta norbanakoei
‘Hizkuntza eskubideak denon konpromisoa’
kanpaina martxan jarri du Kontseiluak eta asteartean egin zuten aurkezpena
Biterin. Duela bost urte martxan jarritako kanpaina, Bai Euskarari,
berretsi eta indartzea da asmoa.
Kontseiluak Hizkuntza eskubideak denon konpromisoa kanpaina aurkeztu
du Hernanin, Biterin egindako ekitaldi publikoan. Zigor Etxeburuk,
Kontseiluko kideak, Ixiar Erasunek, Hernaniko euskalgintzako kideak
eta Mariasun Casadok, Bakelite enpresako ordezkariak eta Bittor Hernandez,
AEKko ikasleak egin zuten aurkezpena eta deialdiak erantzun zabala
izan zuen, Hernaniko sektore ezberdinetako jendea bildu baitzen.
Zigor Etxeburuk, Kontseiluko ordezkariak, azaldu zuen kanpaina hau
martxan jartzeko arrazoia. Bide horretan Etxeburuk adierazi zuen euskararen
etorkizuna zalantzan dagoela eta adierazi zuen Kontseiluak duela 5
urte jarritako euskeraren normalizaziorako plana, Bai Euskarari, berretsi
egin behar dela. Horrekin batera adierazi zuen euskarak azken urteetan
erasoak jasan dituela (AEK eta Egunkariaren kontrako erasoak gogoratu
zituen) eta eraso horiek bilatzen dutela euskararen normalizazio bidean
egiten diren ahaleginak suntsitzea. Etxeburuk adierazi zuen orain
arteko lanak jarraitu egin behar duela, baina, konpromisoak indartu
egin behar direla.
Hiru
ildo
Hizkuntz Eskubideak denon konpromisoa kanpainak hiru ildo edo bide
dituela adierazi zuen Kontseiluko ordezkariak:
1) Batetik, alderdi politiko eta sindikatuek hartu beharreko konpromisoak
daude: akordio soziopolitikoa. Zigor Etxeburuk adierazi zuen euskarak
izandako erasoak politikoak direnez beharrezkoak direla konpromiso
politikoak eta hitzetatik ekintzetara pasa behar dutela eragile politikoek.
2) Bigarren ildoa, enpresek, gizarte eragile eta elkarteek hartu beharreko
konpromisoak osatzen dute. Horren adibide bezala, Mariasun Casadok
hitz egin zuen, Bakelite enpresako ordezkariak eta bere enpresak hartutako
konpromisoak jarri zituen adibide bezala: enpresaren hizkuntzaren
diagnosia egin, rotulazio euskaraz jarri, telefonoa euskaraz erantzun,
esaterako.
3) Azkenik, norbanakoen konpromisoak aipatu zituen Kontseiluko ordezkariak
eta eguneroko bizitzan euskara edonon erabiltzea normalizazioan urrats
garrantzitsua dela eta adierazi zuen eremu batzuetan ezinezkoa izango
dela, epaitegian esaterako, baina eremu horietan ere euskaraz egitea
exijitu behar dela. Konpromiso indibidualen adibide bezala Bittor
Hernandezek hitz egin zuen, esanez berak hartu duen konpromisoa euskaltegian
euskara ikastea dela.
Hernaniko euskalgintzak herrian ekintza plana aurrera eramateko pausuak
ematen hasi da eta horietako bat izan zen astearteko aurkezpena.
Trikittakun taldeak 3garren saria lortu du
Musika Eskolako zazpi gaztek osatzen
dute Trikittakun taldea. Horrez gain, instrumentu ezberdintasunari
emandako saria ere jaso du Trikittakun taldeak.
Lehengo asteburuan jokatu zen Elgoibarren instrumentu taldeen IIIgarren
lehiaketa eta Hernaniko Musika Eskolako gazteek emaitza ona lortu
zuten. Trikittakun taldeak 3garren saria lortu zuen oinarrizko mailan
eta horrez gain, instrumetu desberdintasunari ematen zaion sari berezia
ere jaso zuen Trikittakun taldeak.
Zazpi
kide
Hernaniko taldea zazpi musikari gaztek osatzen dute: Ainhoa Usandizaga
(pandero jolea), Ana Erize eta Ane Eizagirre (Saxo joleak), Irati
Ugalde eta Amaia Mujika (trikitilariak), Jon Ansorena (txistularia),
Unai Iradi eta Ekaitz Arruarte (txalapartariak), eta Nahikari Agirreurreta
(teklatuan).
50 urte Zuburu-Argarateko
Harrien tontorrean buzoia jarri zutela
Urteurrena dela eta, igande honetan Argarateko
Harrietara ibilaldia egingo da, eta ondoren bazkaria.
Igande honetan 50 urte beteko dira Zuburu edo Argarateko Harrien
tontorrean buzoia jarri zela, eta hori ospatzeko mendi buelta eta
bazkaria izango dira. Argarateko Harriak Aranoko (778 m) bidean daude,
Etenetako zelaia pasata. Adarra mendiaren magalean eta Oindditik gertu.
1954garren urtean, lagun talde batek Kaiku taldea sortu zuen. Irizar
taberna zuten bilduleku eta egun batean Hernani inguruko mendiren
batean buzoia jartzea erabaki zuten, eta asko pentsatu eta gero Argarateko
Harrietan jartzea erabaki zuten, oso mendi berezitzat jotzen zutelako.Garai
hartako protagonistek uste dute garrantzizko dela orduko bizimodua
nolakoa zen aipatzea: “Urte haietan gaztedia oso mugatuta zegoen
eta egiten zuen edozein gauza kontrolpean zegoen. Kirola zen egiten
uzten zitzaion gauza bakarra. Kaiku taldean futbolean eta eskubaloian
jokatzeaz gainera, mendia zen zaletasun nagusienetakoa” Mendiriz
Mendi eta Mendigainekin elkarlanean aritzen ziren eta igandero egiten
zituzten mendi martxak.
Igandeko ospakizunak antolatu dituztenek orduko Kaiku taldea zeinek
osatzen zuten gogoratu dute. Besteak beste, Arturo Rodriguez, Jose
Garcia, Felix Aranburu, Juan Manuel Irizar, Jose Etxarri, Jaime Gonzalez,
Xabier Sistiaga, Juan Jose Telleria, Cesar Gonzalezek. Buzoia jartzeko
ekitaldian amandre bat ere behar zutela eta Lupe Azpiazuk egin zuen
lan hori, Asun Idigoras, Benita Imaz, Pili Imaz eta Txaro Azpiazu
ere tartean zirela. Egun zoragarria pasa zuten.1993an buzoi berria
jarri zuten eta Arturo Fernandez eta Felix Armendarizen lana nabarmendu
dute lan hartan.
Igandean, beste egun eder bat pasatzeko aukera dute: goizean mendira
eta gero bazkaria Txantxangorrin.
Futbola
- Gorengo maila
0-0 Zubipen, eta Hernani azken bigarren
Hernanik
ezin izan zuen puntu bat besterik atera Zubipen Urolaren kontra. Atzeratutako
partidua zen eta Secoren mutilek 0-0 egin zuten. Hernanik azken bigarren
jarraituko du 32 punturekin, Ordiziak baino puntu gutxiagorekin. Hortik
gora, Lizeok, 35 puntu ditu eta Real Unionek 37.
Asteburu honetan, Zuriberdeek Beti Gazteren kontra jokatuko dute kanpoan
eta hurrena Trintxerpe hartuko du Zubipen.