2004 urtea

Apirilak 3

Larunbata

Alea: 1067

Osalanek dio Electroquimicak instalazioan “akatsak” zituela istripuz azido klorhidrikoa ixuri zenean
Informearen arabera “balbulak indar gutxiko loturak zituzten eta babesik gabe zeuden”, argi gutxiegi zegoen eta azido nibelen neurria ez zen fidagarria. Enpresak istripua “failo humanoa” izan zela esan zuen.

Urtarrilaren 7an Electroquímica de Hernani S.A. enpresan azido klorhidriko eskapea gertatu zen, balbula bat hautsita. Istripuaren ondorioz langile batek erreak izan zituen eta SOS Deiak-ek Larrialdi Plana aktibatu zuen. Osalanek (Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Erakundeak) istripua argitzeko ikerketa egin du eta konklusio nagusia da Electroquimicako instalazioak “diseino akatsak” zituela istripua gertatu zenean.
Konkretuki aipatu ditu “balbulak indar gutxiko loturak zituztela eta kolpeentzako babesik gabe” zeudela. Era berean, dio argi gutxiegi zegoela (“bat ere ez edo gutxiegi”). Osalanek nabarmendu duen hirugarren akatsa da deposituetako azido klorhidrikoaren nibela jakiteko neurria ez zela fidagarria. Bestalde, Osalanen konklusioek diote produkzioaren programazioak ez zuela kontuan hartu deposituak gaueko turnoan beteko zirela erabat. Informeak istripua eta ondorioak azaltzeko aipatzen dituen beste zenbait arrazoi dira: akatsak lan antolaketan eta lan metodo ezegokia, leku gutxi egin beharreko lanerako, babeserako dispositiborik eza, instrukzio gutxiegi, babes ekipoei buruzko instrukzio gutxiegi eta arriskuak neurtzerakoan akatsak, besteak beste.
Laneko arriskuen ebaluazioari dagokionez, berriz, Osalanek dio istripua gertatu zenean Electroquimican konkordantzia falta zela barruko larrialdi planaren eta Industria Asistentzia Teknikoak egindako planaren artean.

Konpontzeko neurriak
Osalanen informeak zenbait neurri ere proposatzen dizkio Electroquimicari egoera konpontzeko. Nagusiena da azido klorhidrikoa edukitzeko lekua ahalik eta automatikoena izatea. Horretaz gain proposatzen du larrialdi plana aldatzea, balbulak erabat babestuta egotea, neurketa sistemak konpontzea, argi ona jartzea, eta langileentzako programa prestatzea formazio eta informazio egokia emateko.


Oronako planta berrian 45 ingeniari ariko dira ikerketan

Orona Kooperatibak planta berria inauguratu zuen atzo Epelen. Orain Urumea errekaren bi aldeetan 70.000 m2ko azalera eta urtean 10.000 aszensoretik gora egiteko azpiegitura izango du. Atzo inauguratu zuten planta berriaren ezaugarrietako bat Ikerketa Zentroa da. Denera, 45 ingeniari arituko dira etengabe ikerketan eta edifizioaren bigarren planta osoa izango da berrikuntzarako. Horretaz gain, formazio zentroak, aszensoreak probatzeko torrea eta Orona Taldeko Zuzendaritza ere lantegi berrian dijoaz.
Jokin Esnal Oronako zuzendariak adierazi zuen Oronak etorkizunarekin duen konpromisoaren seinale dela Epeleko planta berria eta gazteak kooperatibaren bidetik jotzera animatu zituen. Denera, 14,5 miloi euroko inbertsioa egin da eta erakunde publiko eta MCCren laguntza izan du. Orona Taldeak 2.200 langile ditu eta horietatik 800 Hernanin. Bost urteotan 1.000 lanpostu sortu ditu. 2002an bertan, 200 sortu zituen, produkzioa % 23 igo zen eta 23,5 miloi eurotik gorako irabaziak izan zituen.


Balzak dio Ertzantzak ez duela zerikusirik izan Kontxi Sanchizen heriotzean; familiak gezurra esatea eta
lotsarik ez izatea leporatu dizkio Herrizaingo Sailburuari

Goirizelaia SAko legebiltzarkideari erantzunez egin zituen adierazpenak Balzak eta esan zuen “ Otegik epailearen aurrean erantzun beharko duela”. Familiak berriz ere esan du Sanchiz kargaren ondoren hil zela eta Ertzaintzak laguntza ukatu ziela.

Javier Balza Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuak herenegun adierazi zuen “Ertzantzak ez duela zerikusirik Kontxi Sanchizen heriotzean”. Balzak esan zuen Sanchiz ez zela hil Ertzantzaren karga baten ondorioz, bere esanetan “manifestazioan egon ere ez zelako egin” ondoeza poliziaren kargaren aurretik sentitu zuelako. Bestalde esan zuen, familiarrek ez ziotela laguntzeko eskatu Ertzantzari eta Ertzantzak heriotza pasa eta ordu batzuen buruan izan zuela gertaeraren berri. Baltzaren esanetan datu ofizialak eta polizialak dauzka baieztapen hau egiteko “anbulantzia eske egindako telefono deiak, Sanchiz laguntzera joandako osasun-langileen adierazpenak, Ertzantzaren bertsioak eta senitartekoen jokaera”. Balzak esan zuen Otegik epailearen aurrean bukatuko duela bere esanetan Otegik esan zuelako Sanchiz Ertzantzak hil zuela “eta hori gezur objetiboa da. Balzak “manipulatzea eta gezurra esatea” leparatu dizkie Batasunako buruzagiei.

“Kontxi Ertzaintzaren
kargaren ondorioz hil zen”

Hernaniko Kronikara bidalitako karta batean Kontxi Sanchizen familiak Balzaren jarrera salatu du eta lotsarik eta duintasunik ez duela leporatu dio Herrizaingo Sailari, azkeneko deklarazioen harira. Familiak orain arte esandakoa berretsi du: Sanchiz Ertzantzaren kargaren ondoren hil zela eta “ihes egin nahian portal hartan sartu zen eta bere alaba Nagoreri Ertzain batek laguntza ukatu zion”. Herrizaingo Sailburuaren jarrera salatu du familiak eta “beretako inor” ez dela familiarekin harremanetan jarri eta ikerketa “oso barnekoa eta ezer kontrastatzeko aukerarik gabea” egin izana leporatu dio. Familiak Herrizaingo Sailari esan dio “horrelako familia tragedia batean inori ez zaio bururatzen: 200 metrora manifestazio bat pasatzen dela eta goazen errua Ertzantzari leporatzera”.

Goirizelaiak datuak
manipulatu direla dio

Goirizelaiak Balzari erantzuteko txandan “poliziaren jokaera nola edo hala babestu behar duzu eta horretarako berdin zaizu datuak manipulatzea” esan zion Herrizaingo Sailburuari. Goirizelaiak esan zuen Sanchiz Ertzantzaren kargaren ondoren hil zela eta horrelakoak Ertzantzari hainbatetan gertatu izan zaizkiola. Bestalde, salatu zuen herritarrei laguntza ukatzea ere normala bihurtu dela Ertzantzan.

 

Jasota bezala

Balzaren agerpenaren aurrean Kontxi Sanchizen familiak komunikabideei
Martxoaren 14an Ertzantzaren kargaren ondoren hildako Kontxi Sanchizen senarrak, alabek, anaiak, koinatak, ilobak eta gainerako senitartekoek, zera azaldu nahi dute:
1- Berretsi egiten dugu agerpen publiko guztietan esandakoa eta martxoaren 15ean zabaldutako notan idatzia.
2- Berriro diogu, Kontxiren heriotza, Ertzantzak jarraitzea baimendu zuen manifestazio baten kontra egindako kargaren ondoren gertatu zela, orduen gaineko polemiketatik independienteki (gu ez geunden orduari begiratzeko). Kontxi portal hartan sartu zela kargari ihes eginaz eta bere alaba Nagoreri ertzain batek laguntza ukatu ziola, bere amaren egoeraren aurrean, beste batzuk ezer egin gabe zeuden bitartean.
3- Barne Sailaren jarrera salatzen dugu publikoki, bere arduradun nagusia buru dela, egia bilatzeko eta erantzukizunak garbitzetik urruti, iseka egitera dedikatzen baita.
Balza jauna, zuetako inor ez da gurekin harremanetan jarri, zuetako inork ez du bildu gure testimonioa. Oso ikerketa barrukoa, ezer kontrastatzeko aukerarik gabe!
Balza jauna, entzundakotik hitz egiten duzu, bestek esandakotik hitz egiten duzu, hori da gure aldea. Guk tragikoki bizitu genuen! Eta familiako tragedia baten aurrean inori ez zaio bururatzen: aizu 200 metrora manifestazio bat pasatzen dela eta goazen errua Ertzantzari leporatzera. Izan gaitezen serioak gutxienez! duintasunik ez duzula azaldu duzunez.
4- Apenas pasa dira bi aste eta ez dakigu jakingo duzun zer kostatzen den osatzea, norbaiti bizia puskatu diotenean, baina, gainera zauriaren gainean zuk gatza botatzea zen falta zitzaiguna. Orain ez da gauzak ziren bezala ez direla, Kontxi han ez zegoela baizik. Ez duzue lotsarik!
5- Zorionez, gure minaren aurrean erakusten ari zaren desprezioaren aurrean, gure indignazioa arintzen da beren solidaritatea azaldu diguten pertsonen babes sinzeroarekin; eta beren artean zure partiduko militante eta boto emaile asko aurkitzen dira Hernanin, nahi ez baduzu ere zure bertsioa sinisten ez dutenak.

Carlos Sanchiz eta Nagore Gonzalez Sanchiz
Kontxi Sanchizen familiaren
izenean
(*Erredakzioan itzulia)

Txantxangorrik eta Ur-Miak batzarra
Txantxangorri eta Ur-Mia elkarteek batzarra egingo dute igande honetan. Txantxangorriren kasuan, batzar berezia izango da zuzendaritza berria aukeratzeko. Deialdiak: 09:30etan eta 10:00etan.
Ur-Miak, berriz, urteko batzarra egingo du eta bi puntu nagusiak dira urteko balantzea eta zuzendaritza berritzea. Deialdiak: 10:00etan eta 10:30etan.


Pelota
Berria txapelketako finala eta GRAVN txapelketa gaur

Berria txapelketako finalak jokatuko dira gaur kiroldegian, 16:30etan, Amezketako Zazpi Iturri eta Bidegoiango Aurrera-saiaz taldeen artean. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako 24 talde onenak hartu dute parte eta bi hauek pasa dira finalera. Horrez gain, gaur goizeko 10:30etatik aurrera GRAVN sariketako partiduak jokatuko dira Hernanin eta Eskuz 2naka jubeniletan Gorrotxategik jokatuko du Gipuzkoako ordezkari. Bestalde, Udaberri Txapelketaren barruan, finalak jokatuko dira asteburuan. Igandean, Hernaniko Erdozio-Zurutuzak Oñatiko Aloña Mendi taldeko bikotearen kontra jokatuko dute. Partidua goizeko 10:30etan da Ikaztegietan.


Xakea
IV. Xake txapelketa
herrikoia

Bihar bukatzen da IV. Xake Txapelketa Herrikoian izena emateko epea. Izena eman duten guztiekin zozketa egingo da eta datorren astean emango zaio hasiera. Hala ere, apirilean zehar ere badago izena emateko aukera baina, horrela egiten dutenek bi bizitzarekin hasiko dute txapelketa (besteek hiru dituzte). Izena emateko lekuak:Aker, Bodega, Goiz Argi, Haida edo Kitto.


Erakusketa
Aitor Ruiz de Eginok 50 artelan berri
Aitor Ruiz de Egino artista hernaniarrak Gorpuak erakusketa jarri du Errenteriako Gaspar Aretoan (Santxoenea, 16). Ruiz de Eginok 50 pieza berri jarri ditu zeramika, brontze eta aluminioz eginak. Erakusketa honen aurretik, Ruiz de Eginok beste bat jarri zuen aurpegiei buruz. Gaspar Aretoak sona haundia du arte erakusketetan. 30 urtetik gora daramazki lan horretan eta Koldobika Jauregi, Ameztoi edo Zumeta bezalako artistek ere egin izan dituzte hor beren lanak. Erakusketa apiril osoan egongo da, eta egunero egongo da zabalik, astelehenetan izan ezik, 17:00etatik 22:00ak arte.

Antzerkia
‘La Leccion’ antzezlana gaur Andragoton
Elvira & Pierre Produccionesek produzitutako eta Eugene Lonescok idatzitako obra da hau. Gaur arratsaldeko 19:30etan, Andragoton.

Igerilekua
Igerilekua itxita bihar
11:30etatik aurrera. Waterpolo partiduak direla-eta igerilekua itxita egongo da bihar goizeko 11:30etatik aurrera

Futbola
Bi taldeak kanpoan jokatuko dute
Gorengo taldeak Beti Gazte taldearen kontra jokatuko du gaur, 17:00etan Maistegi zelaian, mailari eusteko bere borrokan. Emakumezkoen Kopan Hernanik Ostadarren kontra jokatuko du Michelinen, eguerdiko 12:00etan.

Buelta lehenengo orrira