2004 urtea

Apirilak 4

Igandea

Alea: 1068

Garoa Gartziandia eta Ane Iturbe - ‘Sex-Drog’ Tailerra
“Gure asmoa da gazteek sexua eta drogen
inguruan dituzten kezkak eta galderak erantzutea”

Gazte Txokoan ostiralero bi orduz sexua eta drogei buruz hitz egiten dute bertako gazteekin. 12-16 urte bitarteko gazteak dira eta oso erantzun ona jaso dutela diote. “Gazteek hutsunea dute gai hauei buruzko heziketan”.

Garoa Gartziandia eta Ane Iturbe Gazte Txokoan ostiraletan egiten duten ‘Sex-Drog’ tailerreko arduradunak dira. Gazte Txokoko hezitzaileak konturatu ziren gazteek hutsuneak zituztela sexua eta drogaren inguruko heziketan eta Askagintzarekin harremanetan jarri eta tailer hau antolatu zuten. Garoak eta Anek bi hilabete daramazkite, ostiralero bi orduz, 12 eta 16 urte bitarteko gazteeki sexua eta drogaren inguruko kezka eta zalantzetaz hitz egiten. Beraien asmoa da gazteek gai hauen inguruan dituzten kezkak argitzea baina beraiek ere asko ikasten ari direla diote.

Nola sortu zen tailer hau egiteko idea?
Hernanin gazte talde bat noizean behin elkartzen ginen sexua eta drogei buruz hitz egiteko. Bilera hauek Askagintzaren bidez antolatu genituen eta beraien lokalean biltzen ginen. Bestetik, Gazte Txokoko hezitzaileak konturatu ziren gazteek gai hauen inguruko heziketan hutsune bat zutela, eta hutsune hori betetzeko asmoz tailer hau antolatzea erabaki genuen.

Zer zerbitzu ematen du ‘Sex-Drog’ tailerrak?
Beraiek sexua eta drogei buruz dituzten kezka eta dudak jaso eta gai horiek landu egiten ditugu. Gure asmoa da beraiek informazio on bat jasotzea sexua eta drogaren inguruan, askotan beraiek duten informazioa faltsua edota mitoz betetakoa izaten baita.

Zein adineko gazteak dira tailerrean aritzen direnak?
Erantzuna oso ona izan da, uste baino askoz hobea. Hasieran beldurra genuen, gai hauen inguruan gazteak askatzea oso zaila izaten baita. Baina orain giro oso polita dago tailerrean eta hemengo hezitzaileek ere esan digute giro ona ikusi dutela.

Zein paper betetzen dute gazteek tailer honetan?
Paper guztiz aktiboa dute gazteek. Gu tailerrera joaten gara beraien nahiak asetzera. Beraiek gurekin ikasten ari diren bezala, gu ere beraiekin ikasten ari gara. Denak batera gaude ikasten, ez gatoz txapa bat botatzera.

Zein kezka mota dituzte adin honetako gazteek sexua eta drogen inguruan?
Oraingoz sexualitatea gehiago landu dugu drogen gaia baino. Gazteenak, 12-14 urte bitartekoak, oso motibatuta daude, adibidez, ligatzeko teknikei buruz egingo dugun saioarekin. Zaharragoek masturbazioari buruz, lehenengo aldiaren minei buruz egiten dizkigute galderak. Drogei buruz galdera gutxiago jaso ditugu. Gazteenek porroak eta tabakoari buruz egin digute galderaren bat. Helduagoek egin dizkiguten galderak izan dira: ia egia den tripiak begitik kontsumitu daitezkeen, poppersak...

Zer garrantzi du sexua eta drogaren inguruko informazio ona edukitzeak?
Gero zure aktoetan kontziente izatea zertan ari zaren eta konturatzea nahi baten ondorioak zeintzuk diren. Informazio ona edukitzea oso garrantzitsua da baita ere mitoak eta beldurrak alde batera uzteko, eta lasaiago ibiltzeko.

Gazteek gaur egun sexua eta drogen inguruan ze informazio jasotzen dute?
Behin galdetu genien ikastolan zer ematen zuten gai hauen inguruan eta ugalketa ematen zutela erantzun ziguten. Gurasoekin ere zertxobait hitz egiten dute batzuk, baina, oso zaila egiten zaie beraiekin gai hauei buruz hitz egitea.


Udalak Portaletxokoko mugarria kendu du puskatu eta botea azaldu delako
Uste dute XVIII mende bukaeran jarritako mugarri kilometrikoa izan litekeela eta dokumentazio ezberdina aztertzen ari dira mugarria identifikatzeko.

Martxoaren 19an Portaletxokon (Udaletxe atzean) zegoen mugarria kendu egin zuten, bezperan puskatu eta lurrera bota zutelako. Udala mugarria identifikatu nahian dabil, dokumentazio desberdina aztertuz. Badirudi hau dela XVIIIgarren mende bukaeran Gurutze Santuko umildegiaren ermita lekuz aldatu zutenean, ireki zuten bideko mugarria; bide hau posta eta autoentzako bidea zen. Pentsatzen da XVIIIgarren mendeko mugarria dela, baina, lehenagokoa ere izan daiteke Udalak adierazi duenaren arabera. Udalak informazioa biltzeaz gain konpondu egin nahi du mugarria eta asmoa du, berriz ere, jatorrizko tokian jartzeko.

Txikizio gehiago
Udalak salatu du txikizio gehiago ere izan direla azken aldian herriko zenbait lekutan. Herriko ondarearen parte diren gauzak azaldu dira puskatuta salaketaren arabera: Portaletxokoko mugarria, Inglesaren harria, elementu megalitikoak, eta herriko mobiliarioa.


Jubilatu Etxeak 10 eguneko eskurtsioa antolatu du Santander eta Asturiasera, maiatza-ekainean
Santander, Oviedo eta Gijon hiriak bisitatzeaz gainera, Covadonga, Cangas, Picos de Europa eta beste zenbait paraje ikusteko aukera izango da.

Goiz Eguzki Jubilatu Etxeak 10 eguneko eskurtsioak antolatzen ditu udaberrian eta udazkenean. Aurten, Santander eta Asturiaseko paraje ederrak ikusteko aukera izango dute, maiatzak 25etik ekainaren 4ra bitartean. Lehendabiziko bi egunetan Santander eta Oviedo ezagutuko dituzte gia baten argibideak entzunez. Handik aurrera Asturiaseko bazterrak ezagutzeko aukera izango dute: Mieres, Pola de Lena, Cangas, Picos de Europa, Ribadesella, Gijon, Luarca, Covadonga eta Redeseko parke naturala, besteak beste. Gauak Oviedon pasako dituzte.
Eskurtsioaren prezioa 400 euro da, autobusa, otorduak eta loa barruan direla.

Sorteoa apirilaren 14an
Jubilatu Etxeak adierazi du eskurtsiorako zozketa apirilaren 14an izango dela, asteazkena, arratsaldeko 17:00etan, betiko lekuan.


Jasota bezala

Garraio publikoa oinarrizko eskubidea da!

Igo dute berriro ere, autobusean ondoko herrira joateko prezioa. Hernanitik Donostira, Urnietara, Andoainera, Astigarragara... joatea garesti ateratzen zaigu, oso garesti, egunero erabili ezkero eta bidaia bat baino gehiago eginda, hilean 76 euro ordaindu behar izaten da.
Garraio publikoaren prezioak desproportzionalak dira, gutxieneko gizarte soldatarekin alderatzen badugu; luxu bilakatzen ari da autobusa hartzea. Garraio zerbitzuak eskuragarri izan behar du, eguneroko erabiltzaileentzat bonobusa beharrezkoa da eta baliabide gutxiko pertsonentzako laguntzak ere bai.
Azken igoera honekin, neurriak hartzeko garaia dela uste dugu eta zerbitzu publikoek badute honetan zereginik.
Prezio eskuragarriak behar ditugu!

Zaloa Ruiz
Elkartzen taldeko kidea

Festa extremeñoa gaur Latsunben
Extremadurari buruzko jardunaldiak dira atzo eta gaur Hernanin, eta gaur, egun guztiko festa dago Latsunbeko kirol pistan. Goizean, 10:00etarako karpa irekia egongo da eta artisau lanak, jan eta edateko produktuak, liburuak eta informazio turistikoa egongo da. Eguerdiko 13:00etan Virgen de Guadalupe dantza eta kantu taldearen emanaldia izango da eta arratsaldeko 17:30etan ere bai.


Boleibola
Igoera faseko partiduak asteburuan

Hernaniko mutilen boleibol taldeak igoera faseko bi partidu jokatuko ditu asteburu honetan. Atzo Logroñon zuten Universidad Rioja taldearen kontra eta Hernanin, Berezi Gasteiz taldearen kontra, 11:00etan.


Errugbia
Hernani-Xestur gaur

Hernanik mailaz igotzeko partidua jokatuko du gaur Landaren, 12:00etan, Galiziako Xestur taldearen kontra. Ohorezko B mailara igo liteke Hernani eta aspaldiko urteetan Hernaniko taldeak jokatu duen partidurik garrantzitsuena da gaurkoa. Horregatik, Errugbi taldeak dei egin die herritarrei Landarera azaltzeko taldea animatzera. Hernanik 11-27 irabazi zion Xestur taldeari Galizian eta 16 tanto horien aldearekin jokatuko du gaur.


Batzarra gaur, Ur-Mia eta Txantxangorrin

Ur-mia eta Txantxangorri elkarteetan batzarra dute gaur. Ur-Miak urteko batzarra egingo du eta bi deialdi egin ditu: lehenengoa 10:00etan eta bigarrena 10:30etan.
Txantxangorrik batzar berezia du zuzendaritza berria aukeratzeko. Deialdiak: 09:30etan eta 10:00etan.


Bertsolaritza
‘GR 4’ bertso txapelketa gaur Orion
GR 4 txapelketa jokatzen ari dira Hernani, Orio, Lasarte eta Oiartzungo bertso eskolak. Txapelketa liga modura dago planteatuta eta denek denen kontra jokatu behar dute joan etorrian. Hernanik gaur du bigarren saioa Orioren kontra, Orion bertan, arratsaldeko 18:00etan. Hernaniko bertso eskolatik joango diren hiru bertsolariak dira: Iñaki Zelaia, Joxe Angel Aranburu eta Xabier Legarreta.


Mendi Irteera
50 urte Argarateko Harrietan buzoia jarri zela
Gaur betetzen dira 50 urte Zaburu edo Argarateko Harrietan buzoia jarri zela. Hernaniko Kaiku izeneko lagun koadrilak jarri zuen buzoia Zaburun eta hori ospatzeko gaur mendi irteera antolatu dute. Goizean mendi buelta egingo dute Zaburura eta ondoren bazkaria Txantxangorri elkartean. Kaiku taldeko kideak honakoak dira, besteak beste: Arturo Rodriguez, Jose Garcia, Xabier Sistiaga (+), Felix Aranburu, Jaime Gonzalez, Cesar Gonzalez (+), Jose Etxarri, Juan Jose Telleria (+), Juan Miguel Irizar...


Pelota
Hernaniko pala txapelketako partiduak gaur
Asteburu honetan Hernaniko pala txapelketako partiduak dira kiroldegian. Joan den asteko emaitzak honakoak dira: Asier Juan Mari 30 / Iñaki-Ibai 16; Mañel-Ekaitz 20 / Oscar-Ivan 30; Paco-Manu 30 / Nani-Jonkar 20; eta Lujanbio-Imaz 30 / Aitzol-Mikel 13. Gaur honako partiduak jokatuko dira, 10:30etan hasita: Asier-Juan Mari / Xabier-Eñaut; Mañel-Ekaitz / Unai-Joseba; Oscar-Ivan / Nani-Jonkar; Iñaki-Ibai / Imaz-Gonzalez.


Waterpoloa
Hernani-Menditxo gaur kiroldegian
Hernanik bi partidu jokatuko ditu gaur, Euskal Ligaren barruan. Hernaniko kiroldegian Hernanik Menditxoren kontra du 12:00etan. Leioan berriz, 13:00etan Hernani eta Leioa neurtuko dira.


Zinea
Haur Zine Emanaldia eta ‘Gothika’ pelikula
Gaur arratsaldean zine ordua dute Biterin. 17:00etan Haur Zine Emanaldia izango da eta 19:30etan Gothika pelikula.

Buelta lehenengo orrira