2004 urtea

Apirilak 6

Asteartea

Alea: 1070

Lurdes Sarasola: “Elikadurari buruz gauza batzuk jakitea nahikoa da kontziente izateko momentu bakoitzean zer jatea komeni den”
Osasunaren Astea izan zen pasa den astean Andragoton eta ostegunean Lurdes Sarasolak elikadurari buruz hitz egin zuen. Lurdes Sarasolak hainbat gomendio eman zituen dieta osasuntsua izateko.

Osasunaren astea zela eta astelehenetik ostiralera hitzaldiak izan dira Andragoton. Ostegunean Lurdes Sarasola hernaniarrak elikaduraz hitz egin zuen eta ondo jatea zer den azaldu zuen teoria ezberdinen ikuspuntutik.
Lurdes Sarasolak azaldu zuen medikuntza ofizialak diola ondo jatea dela denetatik jatea: karbo-hidratoak %60, koipeak %28-30 eta proteinak %10-12. Bestetik, azaldu zuen makrobiotikaren ikuspuntutik ondo jatea dela zereal asko, berdura pixka bat eta proteina gutxi jatea: dietaren erdia zereal integralek osatzen dute, laurdena berdurak, eta beste laurdena osatzen dute, lekale, hazi, haragi, arrain, fruta eta fruitu lehorrek.

Karbo hidratoak, koipeak eta proteinak
Horrekin batera medikuntza ofizialak egiten duen janari sailkapena azaldu zuen:
1)Karbo hidratoak hiru multzotan banatu zituen: batetik absorzio mantsokoak (zerealak, potajeak); absorzio ertainekoak (fruta, berdura, sustraiak) eta absorzioa azkarrekoak (azukrea, eztia, gozokiak). Absorzio azkarreko karbo hidratoak bapatean ematen dute energia eta absorzio matxoko karbo hidratoek ematen duen energiak denbora gehiago irauten du.
2)Koipeak bi multzotan banatu zituen: aseak edo saturatuak (haragia, esnekiak, koko olioa, palma olioa) eta asegabeak (fruitu lehorrak, oliba olioak, arrainak, aguakatea). Grasa saturatuak kolesterola ematen du.
3)Azkenik proteinei buruz hitz egin zuen. Batetik animalietatik datozen proteinak daude (haragia, arraina, arrautzak, esnekiak) eta bestetik landare proteinak daude (fruitu lehorrak, zerealak eta lekaleak). Esan zuen ez dela egia barazkijaleek proteinak falta dituztela, landareen bitartez ere jaso daitezkeelako proteinak.

Makrobiotika
Makrobiotikari buruz Ludes Sarasolak esan zuen filosofia bezala oso jakituna dela. Makrobiotikak munduan existitzen dena bi multzotan sailkatzen duela aipatu zuen: yin eta yang. Bien nahasketatik dator oreka. Janariari begiratua yin multzoan sartuko genituzke: azukrea, eztia, zumoak, alkohola, kafea, txokolatea, esnekiak eta klima epeleko fruituak. Yang multzoan daude: gatza, janari gazia, haragia, arrautzak, arrain urdina, mariskoa, gazta zaharra, esaterako. Erdibidean dauden janariak, orekatuak direnak, izango lirateke: zereal integralak, lekaleak, berdura, arrain txuria, fruitu lehorrak eta bertakoa eta garaikoa den fruta
.


Biteri bete egin zen filmeetako musika bandak entzuteko

Musika Bandak filme ezagunetako musikak jo zituen Biterin eta arrakasta haundiko kontzertua izan zen. Musika ezagunak izaki, eta argibideekin lagunduta, jendeak gozatu egin zuen kontzertuan.


Gorengoak aukerak bai, baina, golik ez

Hernanik 0-0 egin zuen Lesakan Beti Gazteren kontra eta puntu bat ekarri zuen etxera. Jose Manuel Secoren mutilek, ordea, gol aukera dezente izan zituzten, baina, ez zuten golik sartzerik lortu. Hernaniarrek 33 puntu dituzte orain eta azkenbigarren jarraitzen dute, mailaz jaisteko postuan.

Emakumezkoen kopa
Emakumezko ekipoa fin aritu zen Ostadarren kontra kanpoan eta 1-3 irabazi zuen, Kopako partidua.


Koruak kantari kalean eta elizan

Lasarte, Andoain eta Hernaniko koruek topaketa egin zuten larunbatean San Juan Bataiatzailea parrokian, Kantuzek antolatuta. Urtero izaten den ekitaldia aurten Hernanin egokitu da eta Andoain eta Hernaniko txistulari Bandek ere hartu dute parte. Herrikoak Kantuz eta Ozenki aritu ziren kantuan eta lehenbizi kalea girotzen aritu ziren ahots ederrarekin. Kontzertuan, koru eta banda bakoitzak bina kantu egin zituen, baina, momenturik beroena bukaerakoa izan zen, denak elkarrekin kantatu zutenekoa.

Gobernu Batzarra gaur
Udalak Ohiz Kanpoko Gobernu Batzarra egingo du gaur eta zortzi puntuko gai ordena izango du mahai gainean, gehienak aurreko Hirigintza Batzordean onartutako puntuak. Hiru puntu etxea berritu edo zenbait moldaketa egiteko eskaerak eta kontsultak dira. Aktibitate ekonomikoekin lotutako puntuak ere badaude eta horietako bat da Scoinerrek egindako eskaera Ibarluzen industria jartzeko. Gaurko Gobernu Batzarrak Osiñaga-Txabolan edateko ura jartzeko proiektua ere aztertuko du. Bilera 17:00etan da.

Hernaniko udalekuetan izena ematea zabalik
Euskara Zerbitzuak zabaldu du 3-12 urte bitarteko umeentzako Udalekuetarako izen ematea. 3-10 urtekoentzako egunerdira arteko udaleku irekiak izango dira, hilabetekoak. 11-12 urtekoek berriz, kirol aktibitateak izango dituzte aukeran: mendi ibilaldia, arrauna, eskalada, herri kirolak, piraguismoa eta abar, eta 15 eguneko udalekuak dira. Herriko ikastetxeetan dabiltzan umeek ikastetxean bertan eman behar dute izena. Herritik kanpo ikasten dutenek Udaletxeko Euskara Zerbitzura jo behar dute. Informazio gehiago: 943-337029.

Odola ematea gaur
Gaur hileko lehenengo asteartea da eta odola emateko eguna da Hernanin. Anbulatorioan, 18:30etatik 20:30etara.

Antzerkia
Ikasleak antzezle
Langile ikastolako 5 eta 6garren mailako ikasleek bi antzerki obra egin dituzte Biterin: Kattalin Belar Sendagilea eta Oporretara goaz Keniara. Hernaniko ikastetxeetako ikasleak eta ikasleen gurasoak izan ziren ikusten.

Euskera
Familia euskaldunak behar dira
Euskera ikasten ari den jendea hartzeko, familia euskaldunak behar dira udan. Kondizioak dira: egonaldiak gutxienez hilabetekoak izatea eta hilabete bakoitzean lagun bakarra hartzea; ikasleak 18 urtetik gorakoak izango dira; egonaldia egiten den hilabetean gutxienez hiru lagunek bizi beharko dute etxean; ikaslearentzako logela bat libre izan beharko da. Familiak horren truke 570 euro jasoko ditu hilabete bakoitzeko. Izen ematea apirilaren 18a baino lehen egin behar dute familiek, Hernaniko Udaletxeko Euskera zerbitzuan edo 943 474447 telefonoan. Eskaera Ulibarri eta Urrats euskaltegiek egin dute eta HABEk diruz laguntzen du.

Buelta lehenengo orrira