2004 urtea

Apirilak 7

Asteazkena

Alea: 1071

Mezak hiru parrokietan eta ekitaldi erlijiosoak gaurtik igandera Aste Santua ospatzeko
Gaur arratsaldean Elkarte penitentzia izango da Jose Langilea eta eta Juan Bataiatzailea parrokietan, 19:30etan. Aitortzak gaur eta larunbatean dira, Juan Bataiatzailean, 18:00etatik 19:00etara.

Erramu Egunarekin hasi ziren Hernanin Aste Santuko ospakizun erligiosoak eta gaurtik aurrera egunero izango dira. Denera 21 ospakizun egingo dira, meza, Elkarte penitentzia eta gurutzbidearen artean, Kristo gurutzean hil eta piztu zela ospatzeko.
Gaur, Asteazken Santua, Elkarte penitentzia edo penitentzia komunitarioa egiteko eguna da. Arratsaldeko 19:30etan izango dira ekitaldiak Floridan eta Kaxkoko parrokietan. Aitortzak egiteko egunak ere gaur eta larunbata izango dira, 18:00etatik 19:00etara. Aitortzak Juan Bataiatzailean egingo dira.

Gurutzbidea Santa Barbarara
Bihar, Ostegun Santua, hiru parrokietan egingo dira mezak arratsaldean: 17:00etan Ereñotzun, 19:00etan Floridan eta 20:00etan Juan Bataiatzailean. Ostiral goizean, berriz, urteroko Gurutzbidea egingo da Santa Barbarara, geldialdietan otoiz eginez. Gurutzbideak jende asko biltzen du, prozesio buruan gurutzea daramakitela eta Manuel Odriozolak zuzentzen du ekitaldia. Azkeneneko urteetan eguraldiak ere asko lagundu du.
Gurutzbidea eta gero, meza izango da goizean hiru parrokietan, eta arratsaldean ere Pasio Ospakizuneko hiru meza izango dira.

Bijilia eta Pazko igandea
Larunbatean Pazko Bijilia da eta hiru meza izango dira. Aste Santuko ekitaldiak igandean bukatuko dira Jesusen piztuera ospatuta.


Ander Iradi Kaikuko txirrindulariak Urretxuko karrera irabazi du
Azken 10 kilometrotan pelotoitik alde egin eta 30 segundoko aldearekin sartu zen.

Ander Iradi Kaiku taldeko txirrindulariak irabazi zuen larunbatean kadeteentzako proba, Urretxun. Denera, 46 kilometroko karrera zen eta 112 txirrindulari atera ziren. Iradik azken 10 kilometrotan jo zuen erasoa eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara. Pelotoiari 30 segundo kendu zizkion. Hernaniko txirrindulari gaztea denboraldi ona egiten ari da. Orain bi aste ere, ihesaldi luze bat egin eta 100 metro falta zirela harrapatu zuten.


CDHko Jubenilak Liga Nazionalera igoko dira, 28 partidutik 18 irabazita
Bi partidu falta dira liga bukatzeko, baina, dagoeneko klasifikatuta daude. Talde izaerak eman die igotzeko maila, Revilla entrenatzailearen hitzetan.

Futbolean gazteak izan dira denboraldi honetan berri onenak ekarri dituztenak eta Jubenilen ekipoak lortu du azkenean mailaz igotzea. Oraindik bi partidu falta dira liga bukatzeko, baina, Andres Revillaren taldea matematikoki sailkatuta dago eta azkeneko partiduetan ez dute gozatzea beste konpromisorik.
Talde lana izan da emaitza eder honen arrazoi nagusia. Hernanik ekipo gisa jokatu du eta baloiarekin duen azkartasunagatik eta aurreneko tokera jokatuta, hernaniarrek 28tik 18 partidu irabazi dituzte eta 4 berdindu. Erritmo bizia izan da Revillaren mutilen beste ezaugarrietako bat.
Asier Mingo erdilaria eta Egoitz Iturritxa defentsa zentrala dira taldeko kapitainak eta uste dute taldearentzat eta klubarentzat garrantzi haundiko pausoa dela Liga Nazionalera igotzea. Biek taldeak egin duen lana eta jarritako gogoa nabarmendu dute.

Eskaintza
Jubenilen taldeak izan du mailaz igo izana zeini eskainia ere. Bereziki, Jose Luis Jimeno jubenilen laguntzaile izandakoa eta orain dela gutxi hil denari eskaini diote. Eta baita Hernani eta CD Hernaniri ere.


Waterpoloa - Igoera fasea
Hernani Ak promozioa jokatu beharko du igotzekotan, Menditxoren kontra 4-6 galdu zuelako etxean
Asteburuko porrotarekin, Euskadiko lehenengo mailara zuzenean igotzeko aukera guztiak galdu ditu Hernanik.

Mutilen lehen taldeak Lehenengo mailara igotzeko zuen biderik seguruena galdu du, eta orain besteari ekin beharko dio. Asteburuan 4-6 galdu zuen Gasteizko Menditxo taldearen kontra. Etxekoak hasiera-hasieratik irabaztera atera ziren eta aurreneko bi zatietan erakutsitako jokoarekin bazirudien irabazteko aukera asko zituztela. Menditxoko atezainak sekulako lana egin zuen, ordea. Orain hernaniarrak 4garren dijoaz eta aurretik ditu Askartza, Maristas eta Menditxo. Hernanik promozioa irabazi beharko du igotzekotan.

EHNA tramitatzeko eguna igandea
Aberri Eguna dela-eta, EHNA tramitatzeko eguna deitu du Bai Euskal Herriari taldeak, datorren igandean. Goizeko 11:00etatik 13:00etara egongo dira datuak eta agiriak hartzen plazan. Beharrezkoak dira 10 euro, 3 argazki eta Padroi agiria (antolatzaileek jakin arazi dute gaur dela Padroi agiria eskatzeko azken eguna).

AHTren kontrako mendi irteera
abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladak 4 eguneko mendi martxa antolatu du bihartik igandera. Ostegunean, 12:00etan abiatuko da ibilaldia Ezkio-Itsasotik. Errekorridoa izango da: Ezkio-Itsaso, Itsasondo, Albiztur, Asteasu eta Aduna.

Familia euskaldunak euskera ikasleentzako
Familia euskaldunak behar dira hilabete baterako euskara ikasleak hartzeko. Ikasleak 18 urtetik gorakoak izango dira eta egonaldia eskaintzen duten familiek 3 lagunekoak izan behar dute gutxienez. Familiak 570 euroko laguntza jasoko du hilabeteko egonaldiko. Interesatuak hona deitu: 943 474447 edo 943 337029. Epea apirilaren 18ra arte da.

Kiroldegia ostegunetik astelehenera goizetik egongo da irekita
Aste Santuko festak direla eta kiroldegia goizeko 09:00etatik 12:30ak arte egongo da irekita ostegunetik asteartera arte (asteartean goiz eta arratsalde irekiko da).

Liburutegia itxita egongo da asteartera arte
Udal liburutegia itxita egongo da ostegunetik asteartera arte, Aste Santuko festak direla eta.

Jon Zabaletaren marrazki erakusketa Andragoton
Apirila bukaera arte dago erakusketa.
JON Zabaleta marrazkilari hernaniarraren erakusketa dago jarrita Andrato Ateneoan eta hilabete bukaera arte egongo da ikusteko aukera. Erakusketaren izenburua Manuel da, marrazkilari hernaniarraren bizitzan klabea izan den pertsonaren izena: “Manuel, erakusketako klabea da. Klabeak falta diren piezak izaten dira, bizitzari zentzua ematen diotenak” dio Jon Zabaletak.
Erakusketan azkeneko 5 urteetan egin dituen marrazkietako batzuk ikusi litezke. Erabiltzen duen teknika zuzenean paperean rotrinarekin marraztea da eta ondoren kolorea jartzen du tinta, ordenadore eta kollagearen bitartez, batik bat.

Betidanik marrazten
Jon Zabaletak betidanik marraztu izan du, “bizitzako ezaren aurrean marraztea izan da irtenbidea” dio marrazkilari hernaniarrak. Urte asko daramazki marrazten, EPOn ikasi zuen eta klasean asko marrazten zuela dio Jon Zabaletak. Euskal kutsua zuten ekintza ugaritarako ere kartelak eta muralak egin izan zituen garai batean eta ondoren Koldo Azpiazuk Debako Arte Eskolara gonbidatu zuen 1971garren urtean. Han hasi zen ilustrazioak, komikiak, umore grafikoa eta grabatuak lantzen profesional mailan.
Franco hil zenean euskal argitalpen ugari hasi zen kaleratzen eta hauetarako ere marrazki ugari egin ditu Jon Zabaletak: Zeruko Argia, Anaitasuna, Hitz, Berriak aldizkaria, Garai, Egin, Euskaldunon Egunkaria, Ipurbeltz, beste hainbaten artean.

100 liburu ilustratu
Aldizkarietaz gain liburuak ere ilustratu ditu Jon Zabaletak. Guztira 100 bat liburu ilustratu ditu, gehienak haurrentzako ipuinak.

Buelta lehenengo orrira