Aste
Santuko oporretan eguzki bila Kanarietara eta Mediterraneora joango
dira hernaniar asko
Gaur hasi eta igandera arte izango dira oporraldi gehienak eta
Pazko Astean izango dituzte beste batzuek. Hernanira ere jende asko
etorriko da eta pentsio, hotel eta nekazal etxeetan leku gehiena erreserbatuta
dago.
Aste
Santuan oporrak izaten dituzte gehienek eta aukera aprobetxatuta asko
etxetik ateratzen dira eta beste leku batera joaten dira deskantsu
eta giro aldaketa bila. Hernaniar askok kanpora joateko aukera hau
aprobetxatu dute eta turista askok Hernani ere aukeratzen dute Aste
Santuko oporretako destino bezala.
Eguzki
bila ahalik eta prezio hoberenean
Hernaniko bidai agentzietara jotzen dute herritar askok Aste Santuko
oporrak antolatzeko asmotan eta bertako langileek Kronikari adierazitakoaren
arabera, hernaniarrek Aste Santuko oporretarako bilatzen dutena da:
ofertak eta eguzkia. Asmo horretan herritar gehienak Kanariak, Mediterraneoa,
Landak, Kantabria, Andaluzia aukeratu dituzte eta urrutirago begiratzen
jarrita, Egipto, Malta, Turkia eta Tunez. Madrileko atentatuari buruz
galdetuta bidaia agentziek aipatzen dute kliente batzuek galdetu dutela
seguritateari buruz eta jendea aurten Europara gutxiago joan dela
ere aipatu dute bidai agentziek. Kasu gutxi batzutan bidaiak ere kantzelatu
dituzte beldurragatik.
Oporraldiak bost egunetakoak izaten dira normalean: gaur hasi eta
iganderarte. Beste batzuek, Pazko Astea aprobetxatu dute oporraldiak
egiteko, astelehenetik igandera, sasoi horretan bidaiatzea orain baino
merkeago ateratzen baita.
Hernanira
kostaren bila
Hernanira ere jende asko etortzen da Aste Santutan, gehienak katalanak.
Horietaz gain, Madriletik eta Nafarroatik ere etortzen dira. Hernaniko
hotel, ostatu eta nekazal turismoetan Aste Santurako leku gehienak
erreserbatuta dituzte eta hiru eta bost egun bitarteko egonaldiak
egiten dituzte turistek. Etortzen diren gehienak bikoteak eta haurrak
dituzten familiak izaten dira.
Turistak Hernanira etortzeko arrazoiak izaten dira Donostiatik eta
kostatik gertu egotea eta prezioz kostaldea baino merkeagoa izatea.
Horretaz gain, gastronomia eta lurralde berdea izatea ere gustoko
dituzte turistek.
Chillida-Leku ere bisitatzen dute turista askok eta iaz Aste Santutan
6.000 bisita inguru izan zituen Eduardo Chillidaren museoak.
Mutilen
boleibol taldea mailaz igotzeko bidean
Apirilaren 29tik maiatzaren 2ra bitartean jokatuko du azken fasea.
Galizia, Castilla-Leon eta Asturiaseko 6 ekipo izango ditu aurkari,
Gasteizko Berezirekin batera.
Asteburu
gogorrak bere frutua eman dio EHU-Hernaniko mutilen boleibol taldeari
eta Espainiako Lehen Mailara igotzeko azken fasea jokatuko du hilabete
barru. Hernaniarrek ligila jokatu dute Euskal Ligako 4 onenekin eta
bigarren gelditu dira Gasteizko Berezi taldearen atzetik, puntu berdinekin.
Hernani eta Berezirekin batean, Asturias, Castilla-Leon eta Galiziako
beste 6 talde arituko dira Lehenengo mailarako borrokan. Fase horretan
aurrena gelditzen dena igoko da. Partiduak apirilaren 29a eta maiatzaren
2a bitartean jokatuko dira, baina, non ez dago oraindik erabakita.
Jasota
Bezala
ESAN
BAINA EZ IZAN
3.EKITALDIA-XI.AGERRALDIA
Udaletxeko Batzar aretoa. Alkatea eta zinegotziak beren lekuetan daude,
eta koroa osatzen duten lagunak alkatearen parean, bost metrotara,
daude. Leiho bat irekita dago. Aretoan Kontxiren heriotzaren aurkako
manifestazioaren oihuak entzuten dira. Kanpoan ekaitza egiten du.
-Alkatea (Ondoan duen morroiari).- Itxi leihoa!!!. Morroiak leihoa
ixten du.
-Koroa.-Hitzetik ekintzara nola egiten duten/Lekukoak izatea etorri
gara/ Presoak Euskal Herriratzearekin/ Beraiek ere konforme dira
-Alkatea.- (Korokoei zuzenduta) Ixo!!!.
-Alkatea.- Aurtengo aurrekontuak batzar honetan onartu behar ditugu.
-PPko zinegotzia.- Hitz egin dugunez, aurrekontuak onar ditzagun,
zenbait aldaketa eskatu dugu.
-Alkatea.- Udaleko Web orritik eta paperetik euskal presoek Euskal
Herriratzeko aldarrikapenak kendu ditugu. Baita parke publikoan jarri
ziren ikurrak ere aldatu ditugu.
-PPko zinegotzia.- Ondo deritzot.
-Alkatea.- Baita herriko presoen argazkiak Udaletxetik kendu ditugu
ere.
-PPko zinegotzia.-Oso ondo deritzot.
-Alkatea.- Aurtengo aurrekontuetan herriko presoen senideek laguntzarik
ez dute izango.
-PPko zinegotzia.- Neurri horrekin guztiz ados gaude. Gainera aurrekontuak
guk nahi genituen bezalakoak direla aitortzen dugu.
-PPko zinegotzia ( Bere buruari hitz eginez).- Hau pagotxa gurea,
nahiz eta Udal honetan ez agindu, nahi duguna egiten dute. Halere
susmoa dut borondatez egiten dutela eta presoen senideei laguntzeko
gogo handirik ez dutela.
-Koroa.- Bildutakoek kemena dugu eta/Hemen ez dago laster arte
Borrokan jarraituko dugu/Herri hau askatu arte
-Alkatea (Burua makurturik).- Berorrek zerbait gehiago nahi al du?
-PPko zinegotziak (Burua tente duela).- Oraingoz ez, eskerrik asko.
-Alkatea (Bere aulkitik altxatuz).- Beraz Udal aurrekontuak onartuak
geratzen dira. Batzarra amaitu da.
Alkatea eta zinegotziak Batzar aretoaren atzeko atetik ateratzen dira.
Dietak eta bestelakoak kobratzen dituzte eta etxera joaten dira. Korokoak,
berriz, ate nagusitik ateratzen dira, eta plazan Kontxiren heriotzaren
aurka protestatzen ari diren euskal herritarrekin elkartzen dira.
Kalean, ekaitzak jarraitzen du.
Josu Arrieta