2004 urtea

Apirilak 9

Ostirala

Alea: 1073

“Blokea mantendu eta jende gaztea sartu da harrobitik; hori da arrakastaren sekretua”
Ohorezko B mailan jokatzeko babesle bila hasiko da Kluba, denboraldi honetan baino 36 mila euro gehiago beharko baitituzte. Oraingo blokea mantendu eta errefuerzoren bat ekarri nahi dute datorren denboraldirako.

Hernaniko errugbiko lehen taldeak Ohorezko B mailara igotzeko zailena lortu du, postua zelaian irabaztea. Orain bulegoetako lana eta denboraldia kategoria berrirako prestatzeko lana hasten dira eta guzti horren berri eman digute Rafa Larretxeak, Joxe Elosegik eta Jon Iraolak, igandeko zelebraziotako biharamun pixka batekin, baina, ilusioz gainezka.

Bost urteko blokea
Aurtengo arrakasta nondik etorri den galdetuta nahiko garbi dauka klubak: “Hernani 1999an igo zen lehen mailara eta orduan 21-22 urteko bataz bestekoa zuen taldeak. Orduko taldea mantendu egin da, gutxi gora behera, eta harrobian talde onak izan ditugu eta jende gaztea sartu da lehen taldera. Aurten 24-26 urteko bataz bestekoa du taldeak eta orain bost urte egurra ematen ziguten taldeei gaina hartu diegu”. Harrobiari garrantzia haundia eman izan dio beti Hernanik, Klubeko arduradunek Kronikari esan diotenez: “Hernanin jendea beti izan da eta azpitik katea beti izan da. Klub sendo bat izateko eskola ezin da galdu”. Hala ere jende gehiago ere hartuko lukete gazteen kategoriatan, zenbait ekipo ateratzeko justu xamar ibili izan baitira.

Errefurzoak
Ohorezko B mailan ondo ibiltzeko, aurtengo taldea mantentzea da lehen pausua, eta badirudi jarraitzeko prest daudela jokalariak. Horrez gain errefuerzo batzuk ekarri nahi ditu Hernanik, baina, taldearen filosofia aldatzeko asmorik ez du: alegia, jokalariak ez dituela ordainduko, bidaiak eta gastuak salbu, noski. Bestalde, aurten ez dira asko jubeniletatik goiko taldera igo litezkeenak eta bila hasi beharra daukate. Horrez gain, Ohorezko B mailan egoteak eskatzen du bigarren talde bat, jubenil talde bat, eta kadete talde bat izatea eta infantil eta alebinen taldea ere badagoenez, 120 bat jokalari behar ditu Hernanik ondo ibiltzeko, arduradunen hitzetan; eta hori izango da beste lana, jende gaztea animatu araztea. Hala ere Hernani errugbi tradizio haundiko herria da eta gutxi edo gehiago, jendea beti izan da taldeetan.

Babesle bila
Datorren denboraldian Bartzelonako bi talde, Asturiasko beste bat, Galiziako bestea, Santander, Durango, Ordizia edo Madrilgo talderen bat eta Hernani izango dira ligako beren grupoan eta Hernanik bidaia luzeak egin beharko ditu partiduak jokatzeko. Horrez gain, errefuerzoren batzuk ekarri ezkero, bidaiak eta gastuak ordaindu beharko zaizkie. Kronikari esandakoaren arabera aurtengo denboraldian baino 36 mila euro gehiago (6 miloi pezeta) beharko ditu taldeak, eta diru hori bildu ahal izateko babesle bila hastekotan dira. Ez dakite babesle bat edo bat baino gehiago beharko dituzten.

Ohorezko Mailan
Hernani bezalako herri baterako meritu galanta da Ohorezko B mailan taldea izatea eta aurtengo lorpena haundia da. Hala ere gorago ere ibili izan da Hernani: 1978tik 1985era Ohorezko mailan jokatu baitzuen. Lau urtetan txapeldunorde gelditu zen, CAU, Arquitectura eta Santboianaren atzetik.
Lehen taldeaz gain gazteek ere sari haundiak lortu dituzte eta 1996tik gaur arte urtero atera dute txapelaren bat. Aurten, jubenilak Euskadiko Txapeldun dira eta Estatuko txapelketako final zortzirenak jokatzen ari dira eta Kadete, infantil eta alebinak paper ona ari dira egiten ligan.

Joxe Angel Aranburu bertsolaria Osiñaldeko finalean
Hilaren 17an kantatuko du, larunbatean, Gabirian. GR-4an Hernani Orioren aurretik.

Astebete barru Osiñalde Sariko final sonatua jokatuko da eta Joxe Angel Aranburu hernaniarra han izango da. Osinalde Saria bertsolari gazteentzako sariketa da. 18 bertsolarik kantatzen dute hiru saiotan banatuta eta saioko aurreneko biak sartzen dira finalera. Aranbaru ez ezik, Hernaniko bertso eskolako Agin Rezolak eta Izarne Zelaiak ere kantatu dute aurten txapelketa horretan, baina, ez dira finalera iritsi.

GR-4 Bertso ruta
Hernani, Oiartzun, Orio eta Lasarteko bertsolariak taldeka jokatzen ari diren GR-4 txapelketa ere aurrera dijoa. Hernanik hiruko sei talde atera ditu eta lortu berri du txapelketako aurreneko garaipena, Orioren kontra. Hernaniko taldean Iñaki Zelaia, Xabier Legarreta Arano eta Joxe Angel Aranburu aritu ziren kantari, eta saio ederra eginda nagusitu ziren Orion. Oraingoz, bat irabazi eta bat galdu dituzte irauliotarrek.
Hurrengo saioa Hernanin bertan izango da apirilaren 17an, Zingi Zanga tabernan, 23:00etan. Hernanitik Urdangarin, Zerain eta Minerrek kantatuko dute Oiartzunen kontra. Saio aurretik afaria dago 21:00etan eta joateko asmoa duenak 657 707409 telefonora deitu. Prezioa: 15 euro.


Atletismoa
Maddi Iradik zilarrezko domina 60 metro hesietan

Maddi Iradi C.D. Hernaniko atletismo saileko korrikalaria Gipuzkoako bigarren gelditu da 60 m hesietan, Elgoibarren jokatutako probetan. Alebin mailako probak ziren eta hernaniar gehiago ere izan ziren: Ana Herrero pisuan 12garren gelditu zen eta Ane Villaverde altueran 9garren.
Anoetako miniestadioan, berriz, Kluben Gipuzkoako txapelketa jokatu berri da, infantiletan, eta C.D. Hernani han izan zen neska eta mutilen talde banarekin. Parte hartzeko sistemak kalte egin bazien ere lan ona egin zuten. Proba luzeenetan hernaniarrak txapeldun gelditu ziren: Mikel Von Wichmannek 500 m 1:20:62ko denboran korritu zituen; 1000 m-ko proban Joxeba Lizeagak 3:06:38 egin zuen eta Eider Aldabek, 3:14:19. Azken hiru korrikalari hauek Gipuzkoako ranking-ean buru dira, bakoitza bere mailan.
Altueran, Joxeba Lizeagak 1,49 mko listoia salta eta 2garren egin zuen; 80 m hesietan Txomin Lizeagak eta Maitane Iruretagoienak 3garren eta 4garren postua lortu zuten; 150 m-tan Manex Pagolak 4garren egin zuen. Pisuan, Servando Rivas eta Laura Madina 5garren eta 6garren geratu ziren, eta Esther Pérez 8garren geratu zen 80 mko karreran. Luzeran, Estibaliz Lionek ere 8garren egin zuen. Orain Gipuzkoako txapelketa indibidualak datoz eta hernaniarrek esperantza haundiak dituzte.

Aberri Eguna herriz herri
Loren Arkotxa lehendakari duen Udalbiltzak deituta Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia izango da igandean Hernanin. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da Gudarien plazan.

EHNA tramitatzea
Bai Euskal Herriari taldeak EHNA tramitatzeko eguna deitu du Aberri Egunean. 11:00etatik 13:00etara egongo dira plazan. Aurkeztu behar dira: 3 argazki, 10 euro eta Padroi agiria (padroi agiririk eraman ez arren jasoko dituzte argazkiak eta dirua).

Mendiriz Mendik ibilia antolatu du Artzamendira
Mendiriz Mendik helduentzako irteera antolatu du apirilaren 18an. Plana da Itsasutik irten, Artzamendi igo (926 metro) eta Bidarraira jaistea. Izen ematea apirilaren 15a baino lehen egin behar da Mendiriz Mendin. Prezioa: bazkideek 8 euro eta bazkide ez direnek 11 euro.
Bestalde, gaztetxoentzako hurrengo irteera ere antolatu du Mendiriz Mendi elkarteak, Beasaingo Usurbe mendira (707 metro). Apirilaren 25ean izango da eta izen ematea hilaren 22a baino lehen egin behar da. Prezioa: gaztetxoek 2 euro eta helduek 4 euro.

Gurutzbidea gaur
Gaur, Ostiral Santu eguna, goizeko 08:30etan Gurutzbidea egingo da Santa Barbarara eta ondorenean meza izango da hiru parrokietan. Arratsaldean Pasio Ospakizunak izango dira Ereñotzu, Florida eta Kaxkoko elizan.

Xakea
Izen ematea luzatu
Herriko Xake txapelketan izena emateko epea apirilaren 28 arte luzatu dute. Bodega, Kitto, Goiz Argi, Aker edo Haidan apuntatu behar da.

Erremontea
Galarreta frontoian partiduak larunbatetik astelehenera
Bihar Ezkurra-J.Etxeberriak Altuna I-Lizasoren kontra jokatuko dute. Jaialdia 16:30etan hasiko da.
Erremontea ikusiz gozatu nahi duenak Galarretan jaialdiak izango ditu bihartik astelehenera. Larunbatean, Ezkurra-J.Etxeberriak Altuna I-Lizasoren kontra jokatuko dute estelarra, baina, beste hiru partidu ere jokatuko dira: Matxin IV-Gaztelu/Uterga-Agirrezabala; Agirresarobe-Aizpuru/Sarasua-A. Lekunberri; eta, Juaristi-Olazar/Matxin III-Badiola.

Etxabe Euskalen
Bestalde, Jokin Etxabek Euskalen jokatuko du estelarra larunbat arratsaldean. Hernaniarrak Altuna IIekin jokatuko du Zeberio II-Urrutiaren kontra.

 

Bihar, larunbata, ez da Kronikarik izango

 

Buelta lehenengo orrira