2004 urtea

Irailak 10

Ostirala

Alea: 1226

Ume parkeetan, Antziolako kirol pistan eta Atarrabiyo parkean txakurrak sartzea debekatu du Udalak

Plenoak onartua: Atzoko Plenoak onartu zuen neurri berria, eta animalien gaineko ordenantzaren barruan dijoa.Kartelak: Txakurrak sartzea galazita dagoela dioten kartelak jarriko ditu Udalak 23 leku horietan.Gobernu Batzarra: Gobernu Batzarra ere bildu zen atzo Udaletxean eta kontuen Auditoria lehiaketara deitzea erabaki zuen.

Plenoa eta Gobernu Batzarra izan ziren atzo Udaletxean. Plenoan 8 puntu zituzten eztabaidarako eta horietako bat Animaliak Eduki eta Babestea arautzen duen Ordenantzaren aldaketa zen. Hemendik aurrera ume parkeetan, Antziolako kirol pistan eta inguruan eta Atarrabiyo parkean ezingo dira txakurrak sartu. Plenoak onartutakoaren arabera, kartelak jarriko dituzte parke hauetan, txakurrik sartu ezin dela adierazteko. Azken aldian kejak izan dira parkeetan txakur kakak eta txakurrek eragindako zenbait txikizio zeudelako eta neurri hau hartzea erabaki du Udalak.
Horrez gain, onartu zen Udalak eskaera egitea Diputazioari Diputazioaren eskumeneko rotondetan mantenimentua Udalak eramateko, nahiz jabetza Diputazioaren esku jarraitu. Rotondak dira: Martindegikoak, Zikuñagakoa, Ibai Ondo poligonokoa, Mandazubikoa eta Galarretakoa.

BH erantzunaren zai
Pleno bukaeran Bildu Hernani plataformako kideek hitz egin zuten eta esan zuten martxoan erregistro bitartez eskatu zituela Pleno eta Gobernu Batzarretako gai ordenak eta sarrera eta irteera erregistroak eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. Uztailean berriro ere egin zituzten eskaera hau eta beste batzuk, eta hauek ere jaso ez dituztela esan zuten. Bildu Hernanik galdetu zuen ia 6 hilabeterokoa izango den Udalarekin harremana. Horrez gain, salatu zuten inmigrazioarekin lotutako lanak Berdintasun Sailera zuzendu dituela Gobernu Taldeak, sail propio bat sortu beharrean.

Gobernu Batzarra
Gobernu Batzarra ere bildu zen atzo eta Udaleko kontuen eta aurrekontuen kontrola enpresa auditoreen artean lehiaketara ateratzea erabaki zuten. Lau urterako hartuko litzateke auditoria egingo lukeen enpresa. Orain BZ Consulting enpresak pasatzen du auditoria. Horrez gain, Elizatxoko auzoan egoera txarrean dagoen horma bat kendu eta berria egitea ere onartu zen eta La Cumbren bizilagunek terrenoak emateagatik eskatutako konpentsazioak ere onartu zituen atzoko Gobernu Batzarrak.

 

‘Sagastiya’ko plan partziala, eta Aitor Zinean
etxeak egiteko eskaera Hirigintza Batzordera
“Sagastiyan” 340 etxe dituzte egitekoak eta Aitor Zinean 40 etxe.

Hirigintza Batzordea bilduko da gaur Udaletxean, eguerdiko 13:00etan, eta 13 puntu dituzte eztabaidarako. Puntuetako bat Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gai Sozialetako Sailak Sagastiyarako aurkeztutako plan partziala da. Sagastiyan babes ofizialeko 340 etxe dituzte egitekoak eta bere garaian Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako konbenioaren arabera 170 hernaniarrentzat izango lirateke. 340 etxe hauetatik 80 sozialak izango dira (errenta bajuenak dituztenentzat). Gaur plan partziala pasako da Hirigintza Batzordetik (etxeak non joango diren, bideak eta abar) eta behin pauso hori eman eta onartzean, etxeen proiektua onartu beharko da obrak egiten hasi ahal izateko.

Aitor zinean etxeak
Hirigintza Batzordeak seguruenera onartuko duen beste puntuetako bat Aitor Zinean 40 etxebizitza egiteko eskaria da. Hirigintza Batzordeak onartzen badu lehengo zine zaharra etxebizitza egiteko plana, Diputazioak onartu beharko du PERIa eta ondorenean tramitatu beharko litzateke proiektua.

Elizako fatxada konpondu
Elizako fatxada konpontzeko Manuel Olaizola parrokoak egindako eskaria ere gaurko Hirigintza Batzordeak aztertuko du. Puntu horiez gain, Atsegindegiko Urbanizazio proiektuko behin betiko onarpena eman beharko du Hirigintza Batzordeak. Ereñotzuko etxeei buruzko puntu bat ere bada konpensazio sistemari bu-ruzkoa. Behin hau onartuta proiektua onartzea faltako da Babes Ofizialeko etxeak egiten hasi ahal izateko.


Palan jokatzeko entrenamenduak bihar
Zita bihar goizean jarri dute goizeko 10:30etan, kiroldegiko frontoian

Palan hasteko aukera izango dute 8 urtetik gorako neskek. Izena eman eta entrenamenduekin hasteko zita biharko egin dute: goizeko 10:30tan gelditu dira, kiroldegiko frontoian. Hernaniko kluba da Gipuzkoa mailan paletan jokatzen duen neska gehiena dituena eta harrobiari eusteko asmotan dira aurtengo denboraldian ere.

Iaz 30 pelotari
Pasa den denboraldian guztira 30 bat pelotari aritu dira Hernanin palan. 8 eta 12 urte bitartean 24 izan dira palan aritu diren neskak eta adin hauetan, konpetizio ofizialik ez dagoenez, San Joanetan barne txapelketa egiten dute bertako pelotariek. Bestalde, aurten aurreneko aldiz Etxarri-Aranazen egin zen txapelketa batera joan ziren eta nahiko partidu txukunak jokatu zituzten Hernaniko pelotari gazteek. Igantzin ere izan dira duela gutxi Hernaniko pelotariak eta printzipioz egun pasa zena txapelketa bihurtu zen eta horregatik, irailaren 26an txapelketa honetako finala jokatuko dute.
Alebin eta kadeteak oraindik partidu batzuk dituzte jokatzeko. Asteburu honetan kadeteek jokatuko dute.

Gipuzkoako txapelketa
13 eta 14 urteko 6 neska aritu dira pasa den denboraldi honetan palan, Hernaniren izenean. Gipuzkoako Txapelketan jokatu duten bikote bakarrak izan dira eta txapeldun eta txapeldunorde geratu dira. Euskadiko txapelketan parte hartu dute jubenil mailan.
Bestalde, nagusietan ere badira Hernanin punta puntan dabiltzan pelotariak eta horrelako harrobiarekin gehiago ere izango dira.


Plater Tiroa
Txirta Espainiako Txapeldun gelditu da Foso
Universal modalitatean

Bost urtetik gorako neska-mutilak hartu lezakete parte . Arantxa Garin dantzariak emango ditu klaseak.Informazio gehiago bihar, 17:00etatik, 19:00etara.

Foso Universal modalitateko Espainiako txapelketak jokatu berri dira Valladoliden eta taldeka Txirta gelditu da txapeldun, emozioz betetako bukaera baten ondoren. Azken txanpara Castilla la Manchako Villarejo kluba eta Txirta iritsi ziren, Villarejo 410 plater puskatuta eta Txirta 409 platerekin. azken 3 serieetan Alberto Fernandez Villarejoko kidea eta Chipre modalitatean munduko txapelduna eta Ion Azpiazu Txirtako kidea neurtu ziren. Azpiazuak 75 plateretatik 75 jo zituen (25/25, 25/25, 25/25) hutsik gabe eta Fernandezek 73 plater (25/25, 25/25, 23/25) . Beraz Txirtak irabazi zuen azkenean txapelketa plater baten aldearekin. Azpiazuz gain, Balentin Martinez eta Antonio Malok osatu dute Txirtako taldea.
Lehen taldea
Txirtako kideek Kronikari esan diotenez Euskal Herriko lehen taldea da Txirta titulu hau lortzen, berek dituzten datuen arabera behintzat. Guztira 216 tiratzailek hartu zuten parte eta banakako irabazle Joaquín Alcoba katalana gelditu zen.

Euskadiko Txapelketa
Txirta taldearen hurrengo helburua taldekako Euskadiko txapelketa da Kronikari esan diotenez eta laster dute jokatzekoa. Mikel Arza, Luis Mari Arizaga eta Ion Azpiazuk hartuko dute parte seguruenera. Irabazleek aukera izango dute autonomia arteko Espainiako txapelketara pasatzeko eta irabazi eta txapelketara pasatzea lortu nahi du talde hernaniarrak.


Jasota Bezala:

Inguruak birziklatu
Depresioa pasata ahate eta uroiloak behartutako exiliotik badatoz bueltan; beren babeslekutik boteak, jolaserako eta gaztetxe moduan erabiltzen den, Karabelgo zubiko isletetatik. Hauek ere alaitzen zuten auzoa eta oinezkoak, baina indarrean desalojatuak izan ziren, eskabadora eta kaskodun gizonen eskutik.
Hernanin laku bat daukagu, asko berreskuratu den errio bat pasatzen da, eta etengabe okerrera dijoan errio ertza. Akan erreka Karabelen bukatzen da, eta erabat utzia dago; 1988an bukatu zen kolektorea, baina regatatik zijoazkion urak jasotzen ez zen hasi 6 urte geroagora arte gutxienez. Gaur egun fugak ditu regatara edo badaude ixuriak kolektorera itsatsi gabeak eta zuzenean regatara dijoazenak, gehien bat asteburuetan, kolore zuri eta usain txarreko ixuriak. Kontua da eskailuak desagertzen eta arratoiak agertzen ari direla; kontua da, urtetan zehar bi Udaletxeak jakinaren gainean jarri direla, 112 telefonoa 113 bat aldiz, Diputazioa, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Kontseilaritza, Ondarretan dagoena, pertsonalki bi aldiz; inork ez du kasurik egiten. Uste dut Urnietako Udala dela konponbidea jarri behar diona; bera da regata lurperatu duena Iparlatetik trenbide azpitik pasa bitartean; baina, nork gogorazi behar dio Urnietako Udalari zein den bere erantzukizuna?
Bide motorizatuari buruz azpimarratu nahi nuke arriskutsua den puntu bat, Urbieta (Plaza Berritik ateratzen den oinezkoentzako zatia) eta Izpizua (barne karretera bat dena stop batekin) kaleek egiten duten izkina. Izkina honek gogorarazten dit Erdi kalek Portale kalearekin nere herrian egiten zuen izkina, nere lagun Xantirekin korrika nenbilela, eskina pasa eta kotxe batek hil zuen. Badira 50 bat urte hori gertatu zela baina konponbide bera du: baila edo barrera bat, nahiz eta hobe litzatekeen lorez estalitako txoko bat hainbeste granitoren artean; eta baita abiadura jaisteko reduktore bat ere stoparen parean, batez ere moto zaratatsuak geldiarazteko.
Hernani, ura mugimenduan duten espazio publikorik gabe; piszina klimatizatua, hondartza eta aire libreko piszina 15 minututara duela, laku bat eta txukundu daitezkeen kilometroka erreka bazter..., dauden gauza asko hobetu daitezke, beharrezkoa al da hainbeste diru eta leku gastatzea aire libreko piszina bat jartzeko?

Julen Lizaso
* Erredakzioan euskeratua

Gimnasia erritmikoan izen ematea gaur bukatzen da
Gimnasia erritmikoan hasi nahi dutenek gaur dute izena emateko azkeneko eguna. Izena emateko sobre batean sartu behar dira izena emateko fitxa eta ordainketa orria, biak beteta. Sobre hori Hernani Gimnasia Erritmiko Elkartera, kiroldegira, eraman behar da.

 

Korrika 14ko postua gaur eta bihar
Korrika aurten izango da eta Hernaniko AEKk materiala saltzeko postua jarriko du gaur eta bihar iluntzeko 19:00etatik 21:00ak arte, Kaxko partean. Korrika martxoaren 10ean aterako da Orreagatik eta martxoaren 12tik 13rako gauean pasako da Hernanitik.

 


Etxeberri Lagun Artea
San Joanetako

danborradako
merendola bihar

danborradan ateratako haurrek materiala itzultzeko eguna dute bihar eta merendola ere egingo dute, elkartean. Zita arratsaldeko 17:30etan jarri dute Etxeberriko Lagun Artea elkartean.

 


Kriskitiñak kurtso hasierako bilera
egingo du gaur

Kriskitiña Dantza Taldeak dantza suelto klaseak hasiko ditu. Klaseak 5 urtetik gorako haurrentzat izango dira eta Arantxa Garin dantzaria izango dute irakasle. Klaseen inguruko informazioa jasotzeko Biteri kultur etxetik pasa gaur arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.

 

 

Urrezko medailoi bat galdu da
Urrezko medailoi bat galdu da Kardaberaz kalean. Elizatik Deportibo taberna bidean galdu da, igandean 11:45etatik 12:00etara. Medailoiak bi eraztunen eraztun zeuzkan barruan. Bilatzen duenak deitu 943 55 54 46 telefonora.

Buelta lehenengo orrira