Ekaina
eta uztaileko lehortea izan da ur
erreserba eta nekazaritzan gehien eragin duena
Ekaina hasieran Añarbe %90ean zegoen eta abuztu hasieran
%79an. Euria abuztuan zehar egin du gehiena, guztira 161 mm euri jaso
dira. Ekaina eta batez ere uztaileko lehortea gogorra izan da nekazarientzat.
Udarako
hilabeteetako euririk eza arazo izaten da ur erreserba eta nekazaritza
eta abeltzantza munduan aritzen direnentzat. Aurtengoan ez da iaz
adinako lehorterik eta ur erreserbak lehenagotik ondo beteta zeudenez,
ez da kezkatzeko motiborik izan. Nekazari eta abeltzainak izan dira
ordea, udarako lehortea gehiena sofritu dutenak. Ekaina eta batez
ere uztaileko euri eskasiak behar bezalako belarrik ez du ekarri,
besteak beste.
Añarbe
% 71ean
Añarbeko enbalseak duen kapazitatearen %71 inguruan dago momentu
honetan. Iaz garai honetan %64,87an zegoen ur erreserba. Aurtengoan
ez du iaz adinako lehorterik egin eta euria, uztaila eta abuztuan
behintzat, iaz baino gehiago egin du. Aurten uztailean 55,1 mm (edo
litro/m2) ur jaso dira hilabete osoan eta abuztuan, 161,8 mm.
Iaz pasa zen bezala udara iritsi aurreko hilabeteetan euri asko egin
du eta ondorioz urtegia urez beteta harrapatu du udarak. Azkeneko
12 hilabeteetan 1.946 mm euri jaso dira Añarben. Iaz ere 12
hilabete horietan jaso zen ur kopurua oso antzekoa izan zen: 2.023
mm. Horrela aurten, ekaina hasierarako Añarbe bere kapazitatearen
%90,02an zegoen (iaz sasoi berean % 90,24ean zegoen).
Uztaila eta abuztuan zehar Añarbeko urtegian zegoen ur kopuruak
behera egin du. Horrela uztaila hasieran Añarbe %88,05ean zegoen
eta abuztu hasieran %79,05ean.
Ekaina
eta uztaila lehorrak
Ur erreserbetakoa baino larriagoa izan da nekazari eta abeltzainek
lehortearen ondorioz bizi duten egoera. Euskal Herriko Nekazarien
Elkarteko (EHNE) Eneko Dorronsorok adierazitakoaren arabera, aurten
ekaina eta batez ere uztailean egindako lehortea asko somatu dute
nekazari eta abeltzainek. Abuztu hasiera ere nahiko gogorra izan dela
aipatu dio EHNEko ordezkariak Kronikari eta abuztu erdialdetik aurrera
egin dituen euri zaparradek egoera zerbait hobetu dutela ere adierazi
du.
Lehorteak ekarritako galerei begiratuta, jasotako belarraren kalitatea
eta kopurua aipatu digu Dorronsorok: “udaberri euritsua izan
da eta berandu hasi ginen belarra jasotzen eta udaran egin duen lehortearekin
kalitate eskasa eta kopuruz justu ibili gera” dio.
Diputazioa eta baserritarrak mendiko ur sarea hobetzeko asmotan zebiltzan
eta horri buruz EHNEko ordezkariak dio, berak dakiela ez dela ezer
aurreratu.
Bi
doneztebear,
faborito garbirik gabeko txapelaren bila
Berez Ezkurra da faborito, baina, bronkitisa pasa berri du eta
Lizaso joko puntu onean iritsi da finalera. Gaur 17:00etan Galarretan
(ETB1ean emango dute).
Koteto
Ezkurra eta Iñaki Lizaso, erremonteko bi izarrak, neurtuko
dituzte indarrak gaur buruz buruko final haundian, arratsaldeko 17:00etan,
Galarreta pelotalekuan. Final estua eta gogorra espero da, Ezkurra
faboritoak bronkitisa pasa berria baitu eta Lizaso joko puntu oso
onean baitago.
Buruz buru hiru final jokatu dituzte orain artean Ezkurra eta Lizasok
elkarren kontra: bi Ezkurrak irabazi ditu (1998 eta 2001ean) eta bat
Lizasok (2000n).
Zazpi
eta bat
Ezkurrak zazpi txapela lortu ditu buruz buru eta bi final besterik
ez ditu galdu: Lizaso beraren kontra 2000 urtean eta Eizagirreren
kontra iaz. Buruz buru jokatutako 19 partidu ofizialetatik 17 irabazi
eta 2 besterik ez ditu galdu Doneztebeko aurrelariak. Erremonterako
dohai guztiak ditu: sake eta erresto ona, defentsa ona aurrean, atakerako
dohaia, erreboteatzeko abilezia eta hankarik azkarrenak. Eizagirreren
faltan (lesionatuta ez baitu parte hartu) Lizaso du hala ere kontrario
txarrena: sakea inork gutxik bezala dirijitzen baitu eta harritzeko
moduko defentsa baitauka. Lizasok txapela bat du buruz buru, baina,
iaz ere irabazi zion Ezkurrari Matxinen omenezko amistoso batean.
Sakearen
garrantzia
Sakean egongo da partiduko kakoetako bat adituen arabera. Lizasok
ondo sakatzen asmatzen badu egin diezaioke min Ezkurrari, baina, gainontzean
badirudi jai duela. Material aukeraketan esandakoaren arabera bi pelotariak
forma onean daude gaurko finalerako eta jokatzeko irrikiz.
Jaialdian
lau partidu
Gaurko erremonte jaialdiko 2garren partidua izango da Casino Kursaal
txapelketako finala, arratsaldeko 17:00ak aldean. Beste partiduak:
Zalakain-Aizpurua II/Uterga-Olazar, Zeberio II-Badiola/Altuna I-Iriarte
eta Juaristi-Agirresarobe/Aizpurua-Angel Lekunberri. Jaialdia arratsaldeko
16:00etan hasiko da. q