2004 urtea

Martxoak 1

Astelehena

Alea: 1034

Kirol Patronatuak kiroldegiko teilatu guztia eta aldagelak berritzea proposatu du
Aurten obra horien proiektuak egingo dira, proposamena onartzen bada. Kiroldegiko komunak, taberna inguruko zorua eta beste zenbait zerbitzu aurten berritzeko inbertsioak proposatu ditu Patronatuak.

Kirol Patronatuak aste honetan du onartzekoa 2004ko aurrekontua. Kiroldegiko teilatua eta aldagelak erabat berritzeko proiektuak egitea da proposamenetako bat. Zuzendaritzak 1.487.086 euroko programa aurkeztu du eta gaur bukatuko da zuzenketak egiteko epea. Konponketa asko eginagatik teilatua arazo asko ematen ari da, ituteak dituelako, eta Patronatuak erabat berritu beharra ikusten du. Aurten proiektuak egingo lirateke. Teilatua eta aldagelak berritzea lehengo 140 miloi pezeta inguru kosta liteke eta Patronatua gestio batzuk egiten ari da finantziazioa bilatzeko. Patronatuak proposatu du, 2004ko inbertsio nagusia kiroldegiko egonlekua, komunak eta tabernan inguruko zorua berritzeko izatea, eta 308.000 euro jarriko ditu horretarako.

Prezioa Buruntzalde osorako
2004an Buruntzaldeko kiroldegi guztiek prezio berak izango dituzte, eta Astigarragak ere bai, Hernanirekin hitzarmena duelako. Patronatuaren aurrekontu proposamenak jasotzen duenez, abonoak % 6 igoko dira, Jaurlaritzak piszinarako sokorrista kontratatzea eskatzen duelako. Urte osoko abonoa 106 euro kostako da, eta 160 euro familiarra.

Baliabideen optimizazioa eta errentagarritasuna
Iñaki Barriok zuzentzen duen Kirol Patronatuaren aurrekontu memoriak dio, 2004rako aurrekontuaren oinarria baliabideen optimizazioa eta errentagarritasuna dela. Horretaz gain, besteak beste aipatzen du pertsonalaren formaziorako partidak, eta baita eskola kirolerako eta ikastetxeetarako bideratutako laguntzak bateratu izana ere.
Kirol Patronatuak aste honetan du onartzekoa aurrekontu proposamena eta Plenoak emango dio azken onarpena.

2004ko Inbertsioak 367.000 euro

- Bulego eta kafetegi inguruko hondoa eta zerbitzuak berritu.
- Sagastiako atletismo pista ondoan aldagelak egiteko obra bukatu.
- Kiroldegiko teilatua eta aldagelak berritzeko proiektuak.


Sagarrondotik jaialdiak jendetza bildu du

Sagarrondotik jaialdia asteburu honetan izan da Urnieta, Usurbil, Hernani eta Astigarragan, eta jendetza haundia bildu du. Hernanin kontzertuak izan dira ostiral eta larunbatean, eta antolatzaileek esan dutenez, espero zutena baino jende gehiago izan dute Sagastialdeko karpan. Larunbat arratsaldean Usurbilen Herri Kirolak izan ziren eta atzo Astigarragan egun pasa, sagardo probaketa, bertsolariak, dantzariak eta trikitilariak tartean zirela.


Jubenilek ondo jokatuta irabazi dute, eta mailaz igotzeko postuetan jarraitzen dute
Jubenilek 3-1 irabazi zioten Sporting talderi eta ligan aurreneko postuan jarraitzen dute. Emakumezkoen ligan 4-0 irabazi. Gorengoen ligan 1-3 galdu.

Emakumezkoen liga
Hernanik 4
Amaikak Bat-ek 0

Gorengoen liga
Hernanik 1
Beriok 3
Jubenilen Euskal Liga
Hernanik 3
Sportingek 1

Jubenilek lehendabiziko postuan jarraitzen dute Euskal Ligan, atzo Sporting taldeari 3-1 irabazita. Hernaniarrak nahiko pattal hasi zuten partidua eta 0-1 galtzen ari zirela joan ziren deskantsora. Bigarren zatian berriz, Hernanik erritmoa gogortu zuen eta berehala egin zituen gola sartzeko aukerak. Lehenengo gola Asier Mingok sartu zuen, hurrengoa Jon Arrutik eta hirugarrena Jon Olanok.
Hernaniarrei 7 partidu gelditzen zaizkie liga bukatzeko eta aukera haundiak dauzkate Liga Nazionalera igotzeko, kontuan hartu ezkero, lehendabiziko 4 taldeak igotzen direla mailaz.

Emakumezkoen liga bukatu da
Emakumezkoen ligan, Hernanik 4-0 irabazi zuen ligako azkeneko partidua, Amaikak Bat taldearen kontra. Nieves Ortegak 3 gol sartu zituen eta Itxasne Alkainek 1. Markos Trejoren taldea 6garren postuan gelditu da ligan eta orain kopa hasi behar dute. Trejoren iritziz, taldea hobeto dago denboraldi hasieran baino, bai joku eta bai motibazio aldetik.

Gorengoen ligan bururik altxa ezinda
Gorengoen ligan Hernanik 1-3 galdu zuen atzo Berioren kontra, eta sailkapeneko azkeneko postuetan sartu da, lehenago baino ere gehiago. Jon Loranen mutilek ez dute bururik altxatzen, eta atzo, partidu txukuna egin bazuten ere, ez zuten aprobetxatu izandako aukerarik. Hurrengo partidua, Zestoaren kontra, kanpoan.

Ezker Abertzalea
Kontzentrazioa gaur Gudarien plazan

hernaniko ezker abertzaleak deituta, kontzentrazioa egingo da gaur, Gudarien plazan. Kontzentrazioak Euskal Herri guztian daude deituta, eta lema hau izango dute: Espainiar eta frantziar inposaketarik ez. Euskal Herria aitortu, errespetatu. Antolatzaileek dei egin diete herritar guztiei kontzentraziora azaltzeko, gaur, 20:00etan Gudarien plazan.


Osiñagako bidea itxita egongo da bihar
Portutik Osiñaga aldera dijoan bidea itxita egongo da bihar, Txurianeko zubi parean. Pare horretan Udalak Urumea errioa garbitzeko du eta horregatik itxiko dute bidea. Bidea goizeko 08:00ak aldera itxiko dute eta auzotarrek Lastaolako poligonoan barrena ibili beharko dute.


Javier Madrazo, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Kontseilaria, gaur Hernanin
Javier Madrazo, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Kontseilariak Hernani bisitatuko du gaur. Madrazok, Joxan Rekondo alkateak lagunduta, Hernaniko kaxkoa eta beste auzo batzuk ikusiko ditu. Leku horiek sartuta daude Eusko Jaurlaritzaren Gune Hondatuak Berritzeko programan.


Odola emateko eguna bihar anbulatorioan

bihar, martxoak 2, hileko lehenengo asteartea da eta hilero bezala, odol-emaileen elkarteak dei egin du odola ematera joateko. Hernaniko anbulatorioan, 18:30etatik 20:30etara.

Boleibola
Bi partiduak atzeratu egin dira
Asteburu honetan jokatu beharreko bi partiduak atzeratu egin dira eguraldiagatik. Torrelavegako eta Gasteizko taldeek ezin izan dute Hernanira etorri, elurrak errepideak itxita eduki dituelako. Horrenbestean, mutilen ligan, 3 aste barru jokatuko du Hernanik igoera faseko partidua Gasteizko taldearen kontra.

Waterpoloa
Nesken ligan 28-0 irabazi
Asteburu honetan nesken ligan bakarrik jokatu du Hernanik, elurra dela-eta, gainerako partiduak suspenditu egin baitira. Hernanik Easo taldea hartu zuen atzo kiroldegian, eta egur ederra hartuta aldegin behar izan zuten bueltan Donostiara. Partiduaren emaitza: 28-0.

Futbol eskola
Futbol eskola bihar hasiko da
CD Hernanik antolatzen duen futbol eskola bihar jarriko da berriz ere martxan, eta guraso eta haurrei dei egin diete bertara azaltzeko. Bihar, asteartea, arratsaldeko 17:15etan Zubipen.

Errugbia
Partidu guztiak atzeratu dira
Asteburu honetan jokatzekoak ziren lau partiduak atzeratu egin dira eguraldi txarra dela-eta. Lehenengo maila autonomikoan 2 aste barru jokatuko dute Logroñoren kontrako partidua, eta liga bukatzeko gelditzen dena datorren astean jokatuko dute Gernikaren kontra.

Musa - Txantxangorri
Final laurdenetako partidak bihar
Txantxangorri elkarteko mus txapelketa final laurdenetan da eta bihar lau partida jokatuko dira. Patxi-Joxe Leon / Ormazabal-Julio; Alber-Pedro / Javier-Pello; eta errepeskako bi partida: Juan Otaegi / Carlos Lopez; eta Manu Loinaz / Bixente Goikoetxea. Biharko partidez gain, astezkenean ere beste 3 partida jokatuko dira.

Zuhaitz Eguna
Ezin izan zuten zuhaitzik sartu atzo ere
Zuhaitz Eguna zen egitekoa asteburu honetan, baina, eguraldiak ez du batere lagundu, eta suspenditu egin behar izan dira larunbatean eta igandean egin beharreko lanak. Dena den, bi egunetan jendea azaldu da goizean goiz eta mendi buelta politak egin dituzte. Larunbatean umeekin Santa Barbaran izan ziren elurretan, eta atzo, ibilia egin eta Ugaldetxora joan ziren bazkaltzera, aurreikusita zeukaten bezala.

Buelta lehenengo orrira