2004 urtea

Martxoak 10

Asteazkena

Alea: 1043

2004rako Udal Aurrekontuak
Pedro Gandasegi (PP): “Orokorrean, nahiko aurrekontu egokiak iruditzen zaizkit”
Inbertsioetan eta beste zenbait diru partidetan “indefinizioa” da PPk ikusten duen gabezia nagusia. Gobernuaren proposamenari 6 zuzenketa egin dizkio eta 5 adostu ditu. Aurrekontuak ostegunean dijoaz Plenora.

Partidu Popularrak orokorrean begi onez ikusten du 2004rako Aurrekontu Proiektua. Pedro Gandasegik Kronikari adierazi dio “nahiko egokiak” iruditzen zaizkiola, Plenoan zer botatuko duen argitu ez badu ere. PPk sei zuzenketa aurkeztu dizkio Gobernuaren proposamenari: bost Udaletxeko Aurrekontuari eta beste bat Ongintzakoari. Udaletxeko Aurrekontuetako puntu bat izan ezik (89.000 euroko partida diru laguntzetarako) Gandasegik esan du lortu duela popularren gainerako eskakizunak urteko programan moldatzea. Besteak beste: Ongintzak eskaintzen duen etxeko laguntza eskatu duten guztiei emateko partida jartzea, inmigraziorako diru partida, eta Eudeli dagokion kuota zehaztu eta ematea. Inmigrazioari dagokionez, PPren ustez horrenbesteko kezka sortzen duen gaia izanik, gai horretarako plan bat eta 60.000 euroko diru partida proposatu zuen.
Partidu Popularrak Plenora dijoan Aurrekontu proposamenari egin dion kritika nagusia da argitasun falta duela zenbait inbertsio eta gastu sozialetan. Gandasegiri iruditzen zaio ez dagoela garbi partida batzuk zertarako diren, eta erretiratu ez duen zuzenketa ere hortik dator. PPko ordezkariak Alkateari galdetu zion 89.000 euro subentzioetatik presoen senideen bidaia gastuetarako den edo Udalbiderako partidarik aurreikusten duen Gobernuak. Gandasegiren esanetan, Alkateren erantzuna izan zen hor ez zegoela presoen senideentzat partidarik, baina, litekeena dela Udalbiderentzat izatea.
Pedro Gandasegi PPko buruak ostiraleko Hazienda Batzordean haurtzaindegiaren egoerari buruz ere galdetu zuen. Bere esanetan, lehenbailehen konpondu beharreko arazoa da. Printzipioz egokia iruditzen zaio Montesen jartzeko idea, aurrera begira agian soluzio hobea bilatzeko aukera baztertu gabe.

Diru sarrera eta inbertsio garrantzitsuak
PPko Udal Taldearen iritziz, 2004ko Aurrekontu proiektuaren beste bi ezaugarri dira Udalaren diru sarrerak haunditu egingo direla eta horri esker inbertsio haundiak egingo direla. Gandasegik aitortu du Hernanin berria izanik, ikuspegi orokorra osatu beharra daukala. Baina, aurtengorako planteatzen diren inbertsioak zentzuzkoak eta onak iruditzen zaizkio. Horretan, Gandasegiren iritziz Joxan Rekondo Alkateak “ideak oso garbi ditu eta badaki nora dijoan, eta hori oso garrantzitsua da”.

Elkar lan giro ona Udalean
Pedro Gandasegik Udaletxeko elkarlanaz eta lan giroaz ere hitz egin du. “Aitortu beharra daukat herrian eta Udaletxean oso giro ona, atsegina eta parte hartzailea aurkitu dudala. Bakoitza bere ideiekin, baina, gauzak ‘normal’ eginez. Oso positiboa da hori”. Uste du gauzak “bide onetik” dijoazela. Zentzu horretan, Bildu Hernani legez kanpo utzi izana mesedegarri dela irizten dio eta horri esker zinegotzi asko lehen baino lasaiago daudela
.


Balantxan 25 etxebizitza egiteko baimena eman du Gobernu Batzarrak
Atzo bildu ziren eta beste zenbait puntu ere onartu zituzten . Astelehenean Bozeramaile Batzordea bildu zen eta 2 mozio onartu zituen.

Balantxan 25 etxebizitza egiteko eskaerari baiezkoa eman dio Gobernu Batzarrak. 15 etxebizitza Bordoneta SL enpresak egingo ditu eta beste 10 partikular batek. Atzo onartutako beste puntuetako bat Gureola enpresari lursaila banatzeko baimena ematea izan da. Enpresak lursailak saldu ahal izango ditu orain, bertan beste enpresa batzuek lan egiteko. Beste puntuetako bat zen Abiadura Haundiko Trenaren ibilbidean sondeoak egin zituen enpresari abala itzultzea, eta Udalak ez du onartu kondizio bat falta delako: azterketa geologikoaren kopia bat Udalari ematea.

Bozeramaile Batzordea
Astelehenean Bozeramaile Batzordea bildu zen. Bi mozio zeuden martxoaren 8aren bueltan, PSE-EEk eta Gobernu taldeak aurkeztuta. PSE-EEk atzera bota zuen berea eta bestea aho batez onartu zen. Emakumearen eskubideen alde egiten du mozioak eta trabak gainditzeko konpromisoa hartzen du Udalak.
Manu Azkarate preso tolosarraren egoeraren inguruko 2 mozio ere bazeuden, bata Bildu Hernani plataformak aurkeztua eta bestea Gobernu Taldearena. Bildu Hernanirena atzera bota zuten IUren abstentzioarekin eta Gobernu Taldearena onartu zen PSE-EE eta PPko kontrako botoekin. Mozioak guztion sufrimendua onartu behar dela dio eta sakabanaketa politikarekin bukatu behar dela. Euskal presoek zigorra bere inguru sozialean betetzea eskatzen du eta gaitz kronikoak dituzten presoak askatzea. Mozioak, Manu Azkarate askatzea eskatzen du eta elkartasuna adierazten dio familiari.
Bildu Hernanik aurkeztu eta atzera botatako mozioak ere Manu Azkarate libre uzteko eskatzen du eta familiari eta presoari elkartasuna azaltzen dio. Besteak beste dio, estatu Espainiarrak bere mespretxurik haundiena utzi duela agerian: gaixo sendaezin bat gezurrezko argudioekin kartzelan sartuta eta bere bizitzaren axolarik gabe. Hainbat alderdi eta komunikabideren jarrera ere salatzen du Bildu Hernanira mozioak.


Jasota Bezala (Gutunak)

Diario Vascoko kronika lokalaren bidez jakin dut Txantxangorrin martxoaren 14an egingo den batzarrerako ez dagoela lehendakari izateko kandidatorik, eta egoera dagoen bezala egonda ez da inor harritu.
Harrituko nintzateke oraingo direktibak ateratzea berriz. 1996an, uztera zijoan zuzendaritzako kide nintzela, Junta gestora bat sortu genuen, bi helburekin: 1) Estatutuak aldatzea eta 2) Hauteskunde berriak deitzea.
Puntu horretara iritsi ezkero, bazkideek erabakitzen dute. Garrantzitsua iruditzen zait bazkideek "beste balantzea" ezagutzea, hilaren 14ko asanblean irakurriko ez den hori eta hauxe da titularretan:
Ehiza: Direktibak bereak balira administratzen ditu ehiza postuak eta zozketetan argitasun gehiago eskatzen duten bazkideei santzioak jarri dizkiote. Bazkideek errekurritu egin dituzte santzioak eta zuzendaritza beren kontra dijoala ulertu dute.
Tiroa: Lehendakariak zuzendaritzaren hartutako erabakia onartzen du zenbait bazkide konpetizio sozialetatik kanpora uzteko, kapritxo hutsez. Lehendakaria bera arduratzen da erabakia bete arazten. Era berean, lehendakaria bera arduratzen da ehizeko postuetan transparentzia gehiago eskatzen zuten bazkideei Santa Barbaran tiratzen ez uzteaz (XXIgarren mendean, Hernanin).
Elkarnala: Txantxangorriko lehendakariak ez du biderik ematen bertako beste elkarte batek -Txirtak- Santa Barbaran Gipuzkoako Tiro txapelketarik garrantzitsuena (F.U.) antolatzeko, ezta Kirol Patronatuaren bitartekaritzaz ere. Txantxangorriko direktiboak ez dira eseri konbenio edo akordio bat lortzeko ehiza eta tiro administrazioarekin herrian sortu den tentsioa baretzeko. Santa Barbarako tiro lekua berea balitz bezala administratzen jarraitzen dute.
Meritoak: Loinaz jaunak Txantxangorrirentzat bi inhabilitazioko bi santzio lortu ditu, Gipuzkoako Tiro Federazioak emanak eta Diputazioak berak parte hartuta. Euskadiko Tiro Federazioak subentzioak momentuz etetzea ere lortu du. Ehiza Federazioan egoera larriak sortzeko bidean da, eta baita Kirol Patronatutan ere.
Egoera hori errez konpondu behar litzateke berak atzera botatzen duen korrespondentzia zabalduta, entzunez, hitz eginez, baina....... ez dago modurik. Gaixotasuna da horrela segika ibiltzea. Hori salatzen dut nik eta lehenbailehen bukatu dadila nahi nuke. Nere kontra, nik sortu nuen klubaren kontra, nere lagunen kontra, semearen kontra... Hau asko aguantatzea da.
Txantxangorri soziedadea bere helburu pertsonal arraroetarako darabilkien lemazainari eusten badio, Kronikan eta Diario Vascon joan den urteko azaroaren 11 eta 8ko gutunak sinatzen dituena mina besterik ez egiteko, eta lehendakari hoberik ez badu, ze pena.
Eta bukatu egingo dut, nere aitak eta Txantxangorri sortu zutenek burua altxako balute...

Jon Azpiazu


 

 

 

Martxoak 8
‘Divinas’ antzezlana gaur Biterin

‘Divinas’ obra antzeztuko du gaur Ohilari Klown taldeak Biteri kultur etxean, 20:00etan. Jesukristo, Ama Birjina eta Maria Magdalena interpretatuko dituzte antzerkian, era umoretsuan. Sarrerak salgai egongo dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Biterin bertan 3 eurotan.


Iturritxo auzo elkarteak
bilera du gaur

Iturritxo auzo elkarteak, Latsunbe Berri eta Marieluts auzoetako elkarteak, bilera egingo du gaur. Bileraren asmoa da auzoko jendea, bazkideak direnak eta ez direnak, animatzea auzo elkartean parte hartzera eta inplikatzera. Arratsaldeko 19:30etan izango da, auzo elkarteko lokalean.


Dobera Euskara
Elkarteko batzarra
datorren ostiralean

DAtorren ostiralean, hilak 12, urteko batzarra egingo du Dobera Euskara Elkarteak, Larramendi 11ko lokalean. 2003ko egitasmoen balantzea egin eta 2004rako dagoen egitasmoaren berri emango da. Bazkideei dei egin die Doberak bilerara azaltzeko.


Begoña Lasagabaster eta Angeles Iztueta gaur Astigarragan
Eusko Alkartasunako Begoña Lasagabaster eta Angeles Iztueta Astigarragako udaletxean izango dira, arratsaldeko 19:00etan, Hernaniko EAk jakitera eman duenez. Hezkuntza politikari buruz hitz egingo dute Espainiako hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagai buruak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.

Txistu eta tronpeta kontzertua izan zen igandean
Igandean kontzertua eman zuen Txistulari Bandak Milagrosa ermitan, Musika Bandako bi tronpeta jolek lagunduta. Patxi Apezetxeak txistulariak zuzendu zuen kontzertua eta obra bakoitzaren hasieran azalpenak eman zituen, bai lanari eta bai egileari buruz.


Waterpoloa
Hernanik galdu

Hernaniko mutilen taldeak lehen partidua galdu zuen asteburuan, Menditxo taldearen kontra. Hernanik espero baino errazago galdu zuen 5-2 nahiz eta gaizki ez jokatu. Hernaniarrak oso haserre daude arbitroak egindako lanarekin Hernaniko taldeari kalte haundia egin ziola uste baitute. Hernanik baditu oraindik igotzeko aukerak eta motibatuta daude taldekideak. Bestalde, mutilen bigarren taldearen partidua atzeratu egin da.

Eusko Jaurlaritza
Javier Madrazo gaur Hernanin

Etxebizitza eta Gai Sozialetako kontseilaria etorriko da gaur Hernanira, herriko Kaxkoa ikustera. Hernaniko Kaxkoko zenbait lan Eusko Jaurlaritzak lagundu ditu diruz, hondatutako eremuak berritzeko programen bidez. Hernanirako bixita lehenago egitekoa zuen IUko koordinatzaile nagusiak, baina, elurragatik atzeratu behar izan zuen. Gaur 12:30etan etorriko da.

Erakusketa Biterin
Amazoniari buruzko erakusketa
bihar arte
Yana Curi, Paradisu Zauritua, argazki erakusketa dago Biteri kultur etxean eta bihar da azken eguna. Medicus Mundi elkarteak jarritako erakusketa da eta petroleo enpresek Ekuadorreko Amazonian egindako sarraskia azaltzen du. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara ikusi daiteke.

Olio Biltzea
Olio erabilia
biltzeko eguna gaur

Gaur da olio erabilia biltzeko eguna Urbieta kalean. Arratsaldeko 16:00etatik 19:30etara egongo da olioa emateko aukera.

Jubilatu Etxea
Kuota kobratzen hasi dira
Jubilatu Etxeak jakin arazi du urteko kuota kobratzen hasi direla, bazkideei, otsailaren 23a ezkero. Aurtengo kuota 5 eurokoa da.

Elizatxo Ikastetxea
Gotzon Garate idazlearen hitzaldia gaur

Gotzon Garate idazleak hitzaldia emango du gaur Elizatxo ikastolan, goizeko 11:30etan. Goizuetako Ezkongaiak liburuari buruz hitz egingo du, besteak beste, eta ikasleen galderei erantzungo die. Ikastetxeko liburutegian izango da hitzaldia.

Usurbil
‘Kutxidazu Bidea,
Ixabel’ antzerkia

Kutxidazu Bidea, Ixabel antzezlana egingo dute datorren ostiralean Usurbilen, Oiardo kiroldegian. Gaueko 22:30etan izango da antzerkia. Sarrerak Hernanin salgai daude Garin tabernan.

Buelta lehenengo orrira