2004 urtea

Martxoak 12

Ostirala

Alea: 1045

Plenoa suspenditu eta kontzentrazioa deitu zuen atzo Udalak Madrilgo atentatua salatzeko
Udaleko aktibitate ofizial guztiak suspenditu zituen Udalak eta elkartasuna azaldu zien atentatuko familiar eta biktimei. Udalak ez du zehaztu 2004ko Aurrekontuak erabakitzeko plenoa noiz egingo den.

Atzoko plenoa eta aktibitate ofizial guztia bertan behera uztea erabaki zuen Udalak Madrilgo atentatua salatzeko eta Bozeramaileen Batzordeak 5 puntuko akordioa lotu zuen, “Madrilen egindako sarraskia dela-eta”. Puntuetako bat atzorako kontzentrazioa deitzea izan zen Atsegindegin, atentatua gaitzesteko. Udal ordezkariak eta 200 herritar inguru elkartu ziren kontzentrazioan. Bozeramaileen batzordeak onartutako 5 puntuak dira:
1) Plenoa eta Udaleko aktibitate ofizial guztiak suspenditzea eta bandera haga erdian jartzea.
2) Hernaniar guztiei dei egitea hurbilen dituzten mobilizazioetan parte hartzera.
3) Biktimen familiarrei solidaritatea agertzea, eta “ekintza basatia erabat gaitzestea”. Horretaz gain Bozeramaile Batzordeak eskatzen du “oraindik ere indarkeria motaren bat onartu eta justifikatzen dutenei atzera begirako jarduera egin dezatela” eta “behin betiko bat egin dezatela euskaldunen gehiengoarekin, basakeria hau gaitzetsiz”.
4) Hilketa masiboa burutu dutenen “erantzukizuna arinduko duen” koartadarik ez dagoela adieraztea eta horrelako ekintzak kondenatzeari uko egiten diotenentzat adieraztea “hau dela azken aukera lerroa gurutzatu eta sufritzen dutenen alboan, terrorismo oro aringarririk gabe baztertzen dutenen alboan jartzeko”.
5) Ebazpen hau iritsaraztea Madrilgo Alkateari eta Autonomia Erkidegoko Lehendakariari, “momentu zail hauetan Hernaniko herriaren solidaritatea izan dezaten”.
Hernaniko Aralar-Zutikek ere atentatua gaitzetsi eta biktima eta ingurukoei solidaritatea agertu diete Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean.

Plenoa atzera
Udaletxean atzo zen egitekoa 2004ko aurrekontua eztabaidatzeko plenoa, eta atzeratu egin da. Oraindik ez dute zehaztu plenoa noiz egingo den baina datorren astean izan liteke.

Lanuztea sindikatuek deituta
ELA, LAB, ESK, EILAS EHNE eta ELB sindikatuek batetik eta CCOO eta UGT sindikatuek bestetik ordu laurdeneko lanuztea deitu dute gaur eguerdiko 12:00etarako. Dei egiten dute lantokien aurrean kontzentrazioak egitera atentatua gaitzesteko.


Bi hitzaldi datorren astean Martxoak 8ko egitaraua jarraituz

Datorren astean izango du segida martxoaren 8aren inguruan Berdintasun Kontseiluak eta Gazte Txokoak antolatu duten programak. Martxoaren 16an, asteartea, Mujeres y hombres en la publicidad hitzaldia izango da. Bertan Nati Abrilek, kazetari eta EHUko irakasleak, hainbat iragarki aztertuko ditu, emakume eta gizonezkoek iragarkietan betetzen duten rola aztertze aldera. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan izango da Biterin. Hilaren 23an Ana Cachafeirok El origen de la sumision inconsciente hitzaldia emango du, arratsaldeko 19:00etan Biterin.
Bestetik, asteazkenean Oihulari Klown antzerki taldeak Divinas antzezlana eskaini zuen Biterin eta umore klabean Amabirjinak bere bizitzari buruzko terapia egin zuen, Maria Magdalena, San Jose eta Jesus lagun zituela.


Eguzkik salatu du Ergobi eta Hernani artean 250 arbola bota dituela Diputazioak
Urumeako autobidearen obra dela-eta bota dira arbola hauek Eguzkik dioenez eta lehengo astean 700 arbola gehiag
o bota zituzten Martutene-Barkaiztegi aldean.

Eguzki talde ekologistak salatu du Urumeako autobidea egiteko arbolak botatzen ari dela Diputazioa eta Ergobi eta Hernani artean 250 inguru bota dituela aste honetan bertan. Urumea errioaren ertzeko arbolak bota ditu Diputazioak, errioaren eskubi aldean, lehengo ferrokarrilaren zubi ondoan, ekologista taldeak salatu duenez. Bestalde, salatu dute aurreko astean ere beste 700 arbola bota omen zituela Diputazioak, Martutene eta Barkaiztegi artean.

10 urteko haundiena
Eguzkiren hitzetan, Donostialdean azken 10 urtetan egin den arbola botatze haundiena da hau: “errioko urari itzal egin eta gainezka egiten zuenean urak baretzeko” balio zuten arbolak izan dira “sarraski” honetan boteak Eguzkik salatu duenez. “Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Diputatu Nagusia elektoralki autobideko lehenengo harria jartzen ari zen arbola hauek botatzen ari ziren bitartean” dio Eguzkik “eta tamalez gure azken denuntzia ez da iritsi izango bere belarrietara”.

Hiru eskaera
Eguzkik hiru eskaera eginak dizkio Txabarriri:
1) Inpaktu azterketa bat egitea Urumea bailararako, autobideak, 2garren zinturoiak, Abiadura Haundiko Trenak eta abarrek izaten ari diren eta izango duten eragina ikusteko.
2) Publiko egin ingurugiroan egin behar diren korrekzioak, arbolei eta Urumeari obrek ahalik eta gutxien eragiteko.
3) Ekologista taldeak galdetzen dio Txabarriri ea noiz jarriko duen bidegorriko lehenengo harria, Hernani eta Donostia, Ergobi eta Martutenen barrena elkartuko dituena.

7.000 arbola
Gai honen bueltan, Diputazioak esana du Urumeako autobidearen inguruan 7.000 arbola aldatuko dituela eta 691.000 euro gastatuko dituela horretan. Hauetatik 5.000 haritzak izango lirateke eta gainontzekoak astigarrak, gereziak, urritzak eta zumeak, Diputazioak emandako datuen arabera.

Transporte alternatiboa
Eguzkiren ustez Txabarriri kotxe eta kamioiak bakarrik ajola zaizkio eta transporte alternatiboa “ekologikoa eta osasungarriak” ez dio batere ajola. Dirua eta eskabadorak kutsatzen duen trafikoarentzat badituela Txabarrik, dio ekologista taldeak. Baina, gutxi daudela, daudenean, bidegorriak edo kutsatzen ez duen transportea bultzatzeko. Ingurumen Diputatu Oiarbideri Eguzkik galdetzen dio noiz hartuko duen ingurugiroa errespetatzen duen erabakiren bat eta bere eskakizunak kontuan hartzeko eskatzen dio.
Eguzkik bat egin du larunbatean Behobian egingo den manifestazioarekin. Garraio Hazkundeari muga da manifestazioaren leloa eta 11:00etan irtengo da Behobiako zubitik. AHT Gelditu eta CADEk antolatu dute manifestazioa.

Pelota
Hernani-Azkoitia gaur
Elkarte arteko Berria txapelketako partidua du gaur Hernanik eta Azkoitiko Anaitasuna talde gogorraren kontra neurtuko da. Hernanitik jokatuko dutenak: kadetetan, Ojuel eta Grajalek; jubeniletan, Aizpitarte eta Gorrotxategik; eta afizionatuetan, Zabala eta Mendizabalek. Pelota elkartetik esan digutenez oso kanporaketa berdindua izango da gaurkoa, punta puntako bi talde baitira Hernani eta Azkoitiakoa. Gaueko 22:00etatik aurrera kiroldegiko pelotalekuan. Bestalde bihar, beste partidu bat izango da Hernanin eta Leitzako Aurrera taldeak eta Goizuetako Umore Onak jokatuko dute, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.

Kontzentrazioa gaur Etxeratek deituta
‘Errepresaliatuak etxera’ leloarekin enkartelada deitu du gaur Etxerat Elkarteak, 20:00etan Gudarien plazan. Etxeratek dei egin die hernaniar guztiei aldarrikapen honekin bat egitera.

Antziolako hauteskunde eskola tokiz aldatu da
Antziolako lehengo eskola zaharrean egon izan da hauteskunde eskola orain arte (14. sekzioa). Udalak jakinarazi duenez, igandeko hauteskundeetan Langile ikastolako Laubidietako eraikinean eman behar dute botoa orain arte Antziolan botatu izan dutenek.

Dobera Euskara Elkarteak urteko batzarra du gaur
Dobera Euskara Elkarteak urteko batzarra du gaur Larramendi kaleko lokalean, arratsaldeko 19:00etan. Iazko balantzea eta 2004ko egitasmoak azalduko dira batzarrean.

Pelota -Hernaniko pala txapelketa
Txapelketarako izen ematea zabalik martxoaren 21 arte
Hernaniko 9garren Pala txapelketa antolatu du Udal kirol patronatuak eta izen ematea martxoaren 21a baino lehen egin behar da kiroldegian bertan. Hernanin bizi direnek edo kiroldegiko bazkide direnek hartu lezakete parte txapelketan eta bikotekako txapelketa da.

Errugbia- Igoera Fasea
Hernanik Crat Xestur Coruñaren kontra jokatuko du igoera fasea
HERNANIKO Errugbi taldeko aurreneko ekipoa igoera faserako klasifikatu da nahiz eta atzeratutako partidu bat jokatzea falta (partidu hori bihar jokatuko dute). Astelehenean egin zen zozketa federazioan eta Crat Xestur Coruñaren kontra jokatzea egokitu zitzaion. Aurreneko partidua Coruñan jokatuko da martxoaren 28an eta bigarrena etxean apirilaren 4ean. Kanporaketa hau irabazi ezkero Ohorezko B mailara igoko da eta galdu ezkero beste aukera bat du Hernanik.

Asteburu honetan ez da zinerik izango Biteri kultur etxean
IGANDEAN hauteskundeak direla eta ez da zinerik izango, Biterin gaur, bihar eta etzi.

Buelta lehenengo orrira