Alai
Zubimendi-Doberako komiki tailerreko arduraduna
“Komiki bat egiteko batez ere irudimena behar da, istorio bati
bere grazia eta trama atera behar zaio”
Alai Zubimendi, Dobera Euskara Elkarteak antolatzen duen komiki
tailerreko arduraduna da. Datorren asteartetik aurrera, hamabost egunean
behin, Kronikan tailerreko komikiak argitaratuko dira.
Alai
Zubimendi marrazkilari eta komikilaria da Doberak urrian martxan jarri
zuen komiki tailerreko arduraduna. Arte Ederretan lizentziatua da Zubimendi
eta argitaletxeetarako marrazkiak egitea du ofizioa: Zubia eta Elhuyar
argitaletxeentzat eta beste hainbat argitalpenetarako egin ditu ilustrazioak.
Datorren asteartetik aurrera Kronikan argitaratuko diren komikiak lantzen
hasi dira tailerrean eta horren haritik komiki sormenari eta tailerrari
buruz galde egin diogu komikilari hernaniarrari.
Ze
asmorekin sortu zen komiki tailerra?
Toki bat edukitzea, jende ezberdinak bere komikiak lantzeko, bakoitza
bere estiloan. Bestetik, laguntza bat edukitzea beste partaideen artetik,
batek zerbait ondo kontrolatzen ez badu besteen laguntza edukitzea.
Baita ere, espazio bat edukitzea komikiei buruz hitz egiteko eta irakurtzeko.
Komikien munduan bakoitzak gustokoa duenarekin lan egiteko espazio bat
da azken finean.
Zer da tailerrean landu duzuena?
Hasiera batean komikigintzaren prozesu guztia azaltzen saiatu naiz.
Hasi ginen gidoiei buruz hitz egiten, testu eta irudietan banatu behar
dela azalduz. Pertsonaiak diseinatzeko moduak ere landu genituen eta
teknika ezberdinak ere bai: arkatza, tinta, kolorea eta ezezagunagoak
diren beste teknika batzuk.
Zertan ari zarete orain?
Hasieran nik proposatzen nituen ariketak egiten genituen, jendeari beraiei
gustatzen zitzaizkien gauzak egiten hastea kostatzen zitzaion eta. Baina,
nere helburua zen bakoitzak bere ideak edukitzea eta lantzea. Orain
jendea martxan jarri da eta bakoitza bere komikiak lantzen ari da.
Zeintzuk dira komikiak egiteko landu behar diren oinarrizko
gaitasunak?
Batez ere irudimena, nik uste. Konplikatuena izaten da istorio edo gertaera
batek bere trama eta bere grazia izatea. Marrazkia bigarren planoko
zerbait da, komiki askotan ikusi daiteke marrazkiak ez direla oso landuak
eta istorioa dela indarra ematen diona. Beste komiki batzuetan ordea,
indar gehiena jartzen dute marrazketan. Marrazki oso narratiboak izaten
dira. Marrazten jakite horrek laguntzen dizu bururatu zaizun ideia hori
esplikatzen.
Komiki zalea izanda ba al dago kalitatezko komikirik irakurtzeko
aukerarik?
Bai badago. Internetek gainera asko erraztu ditu gauzak eta dagoen aukera
oso haundia da. Denda espezializatuak ere badaude eta han denetatik
aurki daiteke: japonesa, amerikarra, europearra eta bertakoa ere bai.
Eta euskerazko eskaintza?
Fanzine alternatiboetan eta ikusi daiteke zeozer. Komiki itzulpenak
gutxi egiten dira, Asterix eta oso ezagunak diren batzuk kenduta, ez
dago aukera haundirik. Bestetik marrazkilari euskaldunek askotan argitaletxe
katalanetan argitaratzen dituzte komikiak eta erderaz egiten dute. Egunkarietan
euskarazko tirak ere ateratzen dira.
Hauteskundeak
15.455 hernaniar daude gaur botoa ematera deituta, Espainiako Korteetako
ordezkariak aukeratzeko
25 hauteskunde mahai egongo dira, goizeko 09:00etatik iluntzeko
20:00ak arte. Antziolan botatu izan dutenek Laubidietan eman behar dute
botoa.
1978an
Espainiako Konstituzioa onartu ezkeroz 8garren hauteskunde orokorrak
egingo dira gaur, Madrileko atentatuen itzalean. Hernanin 15.455 pertsonek
dute botoa emateko eskubidea. Hego Euskal Herrian 2.300.000 lagun daude
gaurko zitara deituta eta Estatu osoan, berriz, 34.570.000.
Hernanin 25 hauteskunde mahai jarri dira eta goizeko 09:00etatik iluntzeko
20:00ak arte egongo dira zabalik. Aldaketa nagusia Antziolako eskola
zaharrean botoa ematen zutenek dute. Oraingoan Antziolan ez, baizik
eta Langile Ikastolako Laubidietako eraikinean botatuko dute.
Gaurko hauteskundeetan 350 Diputatu eta 208 Senatore aukeratuko dira,
eta Kongresu berriak izendatuko du Jose Maria Aznarren ordezkoa datozen
4 urteetarako Espainiako Presidente kargurako.
Futbola
Hernani-Touring gaur Zubipen, zulotik atera ezinean dabiltzan biren
arteko borroka
Hernanik
azken hurrengo izaten ez segitzeko aukera du gaur etxean. Zuriberdeek
Touring-en kontram du eta zulotik ihesi dabiltzan biren arteko borroka
izango da. Errenteriarrak 16garren dijoaz hernaniarrak baino hiru puntu
gehiagorekin. Hernanik aurreko asteburuan irabazi egin zuen Zestoaren
kontra, baino, gaur ere irabazten ez badu gauzak lehenaz gainera asko
konplikatzeko arriskua dauka. Partidua 17:00etan da.