Mobilizazioak
deitu ditu Ezker Abertzaleak Kontxi Santxizen heriotza salatzeko
Lanuzteak daude deituta eguerdi eta arratsaldean eta omenaldia eta
manifestazioa ilunabarrean. Udal Gobernu Taldeak komunikatu bat atera
du eta Bildu Hernani plataformak mozio bat sartu du Udaletxean.
Kontxi
Santxiz hernaniarraren heriotza salatzeko mobilizazioak deitu ditu Ezker
Abertzaleak gaurko eta 11:00etan prentsaurrekoa emango dute plazan igandeko
manifestazioan gertatu zenaren berri emateko. Goizeko 10:00etan Greba
dago deitua irakaskuntzan eta 12:00etatik 12:15etara paroa eta kontzentrazioak
deitu ditu LAB sindikatuak Kontxi-Angel gogoan zaituztegu, errepresioa
gelditu!! lemarekin. Hernanin kontzentrazioak izango dira: Plazan, Lastola
poligonoan (rotondan), Ibarluze poligonoan (sarreran), Eziago poligonoan
(LUMA enpresa aurrean) eta Ibai Ondo poligonoan (sarreran). 12:00etan
bertan, dei egin du Ezker Abertzaleak hilerrira joateko Santxizen ehorzketara.
Arratsaldeko 18:00etan denda, komertzio, taberna eta abar ixteko deia
egin du, eta 18:00etan kontzentrazioa dago Zinko Enean eta 19:30etan
omenaldia eta Manifestazioa, plazan.
“Orain Balza eta Ibarretxe dira gezurretan ari direnak”
Ezker Abertzaleak ateratako prentsa komunikatuak dio ertzainak Euskal
Herritar bat hil duela “arrazoirik gabe, burututako karga polizialaren
ondorioz” eta Balza eta Ibarretxek gezurra esaten dutela. “Orain
esaten dute anbulantzia karga gertatu baino 6 minutu lehenago eskatu
genuela! Aurpegia behar da gero! Ez dago hitzik zuen portaera definitzeko”
dio prentsa oharrak. Ezker Abertzaleak dio ertzainak tratua egin zuela
manifestazio buruarekin istilurik gabe buka zedin, “eta ertzainaren
erantzuna segundu batzuk barru, manifestarien aurka kargatzea izan zen.
Hori eta ez besterik, izan zen Kontxi Santxizi bihotzekoa eragin ziona.
Eta lotsagarri eta nazkagarriena ertzainek laguntza ukatzea izan zen”.
Testiguak badaudela eta datu guztiak mahai gainean jarriko dituela esan
du Ezker Abertzaleak.
Gobernu taldeak gertaerak argitzeko eskatu du
Udal Gobernu taldeak komunikatu bat atera du. Kontxi Santxizen heriotza
sentitu eta doluminak agertu dizkio familiari. Gobernu taldeak eskatu
dio Barne Sailari azkar argitzeko gertakariak, jakiteko ertzainak jarrera
gaitzesgarri edo neglijenterik hartu duen. Bestalde dei egiten du herrian
dagoen tentsioa jaitsi dadin, “elkarbizitza berreskuratzeko eta
elkarrizketa izan dedin desadostasun politikoak azaltzeko modu bakarra”.
Bildu Hernanik mozia
Bildu Hernani plataformak mozioa sartu du Udaletxean eta presazko Udal
Batzarra egiteko eskatu du. Madrilgo atentatuen ondoren “PPk zuzendu
eta PNV, EA, IU, eta Aralarren babesarekin ezker abertzalearen aurka
burutu den kriminalizazioaren bigarren biktima da Kontxi Santxiz”
dio mozioak. Mozioak eskatzen du, besteak beste, Udalak doluminak helaraztea
senitarteko eta lagunei eta familiari sortu zaizkion gastu ekonomikoak
bere gain hartzea; ertzaintzaren karga eta salatzea eta “PNVri
eta bereziki Ibarretxe, Imaz eta Balzari” egoztea gertaeraren
ardura politikoa; “ezker abertzalearen kriminalizazio lanetan
eta bere ondorioak izkutatzen zenbait komunikabidek jarrera salatzea”;
eta Udalak bat egitea Kontxi Santxizen heriotza salatzeko egingo diren
mobilizazioekin.
Ohorezko
sei Kofrade izendatuko dituzte igandean
Tolareak igandean ospatuko du IX. Kapituloa. Ohorezko kofrade izango
dira: Jose Angel Gaztañaga, Patxi Apezetxea, Maria Jesus Fonbellida,
Organizacion Deportiva Diario Vasco, Josune Bereziartu eta Fermin Muguruza
Tolareak,
Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak, igande honetan, hilaren 21ean,
ospatuko du IX.Kapituloa. Tolarea 1996garren urtean sortu zen, Berriak
elkarteko kideak eta herriko sagardoaren inguruko hainbat pertsona elkartuta
eta ordutik urteroko ohitura bihurtu dute kapituloa ospatzeko ekitaldia.
Tolarea Kofradiako kideen hitzetan festa honen helburua da sagardoa
eta herria bultzatzeko festa antolatzea, sagarra eta sagardoak bere
nortasuna eta sutraiak galdu ez ditzan.
Ospakizun haundia izaten da eta jende asko hurbiltzen da Hernanira egun
horretan, bai kofradia ezberdinetako kideak baita sagardozaleak ere.
Guztira 25 bat kofradiatako kideak bilduko dira igandean
Hernanin, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziakoak.
Ohorezko kofradeak
Ekitaldian ohitura izaten da Ohorezko Kofradeak izendatzea eta aurten
izendatu dituen Ohorezko Kofradeak dira: Patxi Apezetxea, Hernaniko
Txistulari Bandako zuzendaria; Jose Angel Gaztañaga, sagardogileen
lehendakaria; Maria Jesus Fonbellida, errestauratzailea; Diario Vasco
kirol antolakuntza; Josune Bereziartu, eskalatzailea eta Fermin Muguruza,
musikaria.
Tolareak pertsonai ezagunak izendatu izan ditu Ohorezko Kofrade, orain
arte egin dituen kapituloetan, horien artean daude: Ane Igartiburu;
Arzak eta Berasategi sukaldariak, Zamora, Errealeko jokalaria; Tolosa,
pelotaria; Yolanda Alzola, Andoni Aizpuru, eta beste hainbat.
Hernanik
ez zuen Zubipen jokatu izana aprobetxatu zulotik ateratzeko
Zuriberdeek azken bigarren jarraitzen dute, baina, zuzeneko kontrarioetatik
urrutixeago. Ostegunean Hernanik Eibarren kontra jokatuko du, laguntasuneko
partidua.
Hernanik
partidu oso ga-rrantzitsua zuen igandean azken bigarrengo postu konplikatutik
alde egiten hasteko, baina, Loranen mutilek ezin izan zuten Zubipen
punturik atera. Hernanik 1-2 galdu zuen Touring-en kontra, beheko zuloan
dagoen beste baten kontra. Hori nahikoa ez dela, azkeneko postuetan
dauden gehienek irabazi egin zuten asteburuan, eta beraz, Hernaniri
gauzak oraindik eta gehixeago konplikatu zaizkio.
Azken postua ia seguru dago Amaikak Bat taldearentzat, 19 puntu bakarrik
baititu. Hernanik 28 ditu eta aurretik Ordizia eta Beti Gazte ditu 31
punturekin eta Touring 6 puntura jarri zaio orain.
Hernaniarrek kontra eskura jokatu behar izan zuten, Touring-ek 18garren
minutuan 0-1ekoa sartu baitzuen. Handik 7 miniatura, Vilak gol zoragarri
batekin berdindu zuen partidua, zentro bat errematatuta. Hernanik izan
zituen aukerak markagailuan aurreratzeko. Baina, berriz ere errenteriarrek
hartu zuten aurrea zuriberdeei pitatutako penalti bati esker. Azkenean,
1-2 bukatu zen partidua.
30
puntu jokoan
Nolanahi ere, oraindik liga asko falta da eta Hernanik terreno asko
du borrokarako. 10 partidu eta 30 puntu daude jokoan maiatza bitartean,
eta oraindik beheko postuetan dauden beste talde batzuren kontra ere
jokatu behar dute hernaniarrek, Beti Gazte, Ordizia, Anaitasuna, Amaikak
bat, besteak beste.
Datorren asteburuan Loranen mutilak Hondarribira joango dira eta hurrena
Real Unionen kontra jokatuko dute etxean. Hiru aste barru Beti Gazterekin
neurtu beharko ditu indarrak.
Urteroko
partidua
Hernani eta Eibarrek urtero jokatzen dute laguntasuneko partidua Zubipen.
Aurtengoa, datorren ostegunean jokatuko dute, arratsaldeko 18:00etan.
Ondorean, bi klubetako ordezkariak sagardotegira joango dira.