2004 urtea

Martxoak 17

Asteazkena

Alea: 1050

Tolarea Sagardo Kofradiaren IX Kapitulua igandean
Patxi Apezetxea, Josune Bereziartu eta Fermin Muguruza, aurtengo Ohorezko kofradeen artean
Horiekin batera, Tolareak Ohorezko kofrade izendatuko ditu Jose Angel Gaztañaga, Maria Jesus Fombellida, eta Diario Vascoko Kirol Antolatzaileak ere. Ekitaldia Biterin izango da, eguerdiko 12:30etan.

Tolareak, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak, igande honetan egingo du IXgarren Kapitulua. Tolarea 1996garren urtean sortu zen, Berriak elkarteko kideak eta herriko sagardoaren inguruko hainbat pertsona elkartuta eta ordutik urteroko ohitura bihurtu dute kapitulua ospatzeko ekitaldia. Tolarea Kofradiako kideen hitzetan festa honen helburua da sagardoa eta herria bultzatzeko festa antolatzea, sagarra eta sagardoak bere nortasuna eta sustraiak galdu ez ditzan.
Ospakizun haundia izaten da eta jende asko biltzen da Hernanira egun horretan, bai kofradietako kideak eta baita sagardozaleak ere. Guztira 25 bat kofradia bilduko dira igandean Hernanin, Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziakoak.

Ohorezko Kofradeak
Ekitaldian ohitura izaten da Ohorezko Kofradeak izendatzea eta Tolareak aurten izendatu dituen Ohorezko Kofradeak dira: Patxi Apezetxea, Hernaniko Txistulari Bandako zuzendaria; Jose Angel Gaztañaga, sagardogileen lehendakaria; Maria Jesus Fombellida, errestauratzailea; Diario Vasco kirol antolakuntza; Josune Bereziartu, eskalatzailea eta Fermin Muguruza, musikaria.
Tolareak pertsonai ezagunak izendatu izan ditu Ohorezko Kofrade aurreko kapituluetan, eta horien artean daude: Ane Igartiburu; Arzak eta Berasategi sukaldariak; Zamora, Errealeko jokalaria; Tolosa, pelotaria; Yolanda Alzola, Andoni Aizpuru, eta beste hainbat.

 

TOLAREAREN IX. KAPITULUA- EGITARAUA
Martxoak 21, igandea.
09:15etan: Txistulari Banda kalez kale.
10:30etan: Kofradia eta gonbidatuei harrera txalapartarekin Gudarien Plazan.
10:45etan: Hamaiketakoa Txalaparta Elkartean.
12:00etan: Ohorezko Kofradeen eta Kofradien desfilea Txistulari Bandarekin.
12:30etan: Biteri Kultur Etxearen atarian Ohorezko Aurreskua dantzatuko da, eta Areto nagusian, IX. Kapitulua eta Ohorezko Kofradeen tronuratzea ospatuko da. Ondoren Ozenki Abesbatzaren, emanaldia izango da.
14:30etan: Bazkaria Larre Gain Sagardotegian.

Lan Sailak 800 orduko sukaldaritza ikastaroa
antolatu du langabetuentzat

Ikastaro teorikoa eta praktikoa izango da eta bukatzean ikasleek sukaldaritza enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Apirilean hasi eta azarora arte da eta INEMen eman behar da izena, Lasarten.

Udaletxeko Lan Sailak 800 orduko sukaldaritza ikastaroa antolatu du Transpakarren, langabetuentzat. Ikastaro teoriko-praktikoa da eta helburua da kalitatezko jakiak modu errentagarrian egiten ikastea.
Jaki asko prestatzen ikasteko aukera emango du: barazki, arrain, haragi, ehiza, pasta, arroza, gozogintza, izozkiak, zerealak eta abar. Bertakoa ez ezik kanpoko sukaldaritzaren berri ere erakutsiko dute. Ikastaroa apirilaren 13an hasiko da eta azaroa bitartean izango da, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 15:30ak arte.
Ikastaroa egiteko INEMen eman behar da izena eta INEMeko txartela eguneratuta eduki behar da.


Kontxi Sanchiz-en Heriotza
Kontxi Sanchizi atzo eman zioten azken agurra eta familiak ertzaintzaren kontrako salaketa jarri du
Prentsaurrean argazkiak erakutsi zituzten atzo, ertzainak Sanchiz hil aurretik kargatu zuela probatzeko. Familiak ertzaintzaren kontrako salaketa jarri du “laguntza ukatu eta hilketa bat sortzeagatik”.

Prentsaurrekoa izan zen atzo Hernanin, Kontxi Sanchizen heriotzaren gaineko datuak eta probak azaldu eta ertzaintzaren bertsioa ezeztatzeko. Manuel Fraile Bildu Hernaniko kideak igandeko liskarreko argazkiak erakutsi zituen, eta bertan ertzaintza kargatzen ikusten da. Fraileren hitzetan prentsako argazkiak dira eta 12:58 orduan atereak daudela jartzen du argazkian bertan. Ertzaintzak dio 13:21etan izan zela karga eta Fraileren hitzetan proba honek argi erakusten du gezurretan ari direla. Frailek esan zuen ertzaintzak ez ziola laguntzarik eman Sanchizi, alabak eskatu arren eta ondorenean kontuak eskatzera joandakoan ertzain buruak adierazi zuela “eskuetatik ihes” egin ziela egoerak.
Frailek Udalaren jarrera ere salatu zuen. “Alkateak giroa baretu nahi badu, prentsa bidez gauzak azaldu beharrean gutxienez familiarengana hurbildu behar zuen” esan zuen Frailek. Nabarmendu zuen Bildu Hernanik mozio bat aurkeztu duela Udaletxean urgentziaz tratatzeko, eta erantzunik ez dutela izan oraindik.

Ertzaintzaren kontrako salaketa
Ainhoa Balgeto abokatuak prentsaurrean esan zuen salaketa bat sartu duela Sanchizen alabak ertzaintzaren kontra. Salaketan kontatzen du ertzaintzaren kargatik babesteko sartu zirela portalean eta Kontxi Sanchiz gaizkitu zela. Koinata anbulantzia bila atera omen zen eta alaba ertzaintzari laguntza eskatzera, eta erantzun bakarra “bost axola” izan zela. Abokatuak esan zuen anbulantzia etortzerako ertzaintza jabetu zela gertatutakoaz eta alde egin zuela. Salaketa jarriko diote ertzaintzari laguntza ukatzeagatik eta “ertzaintzak berak sortu duen hilketa baten aurrean erantzukizuna izan dezakeela” uste dutelako. Prentsaurrean igandeko gertakarietako testiguek ere hitz egin zuten familiaren bertsioa baieztatzeko eta beraiek ikusia kontatzeko.

Ertzaintzak 13:21etan kargatu zuela dio
Ertzaintzaren informazio zerbitzuak dio inbestigatzen aritu direla eta Kontxi Sanchiz ertzaintzak kargatu aurretik gaizkitu zela. Ertzaintzak dio “beste gezur haundi baten aurrean” gaudela eta ezker abertzaleak lehenbailehen rektifikatu beharko lukeela esandakoa.

Mobilizazioak eta azken agurra
Atzo mobilizazioak zeuden deituta egun osoan zehar eta jende asko bildu zen Hernanin puntu desberdinetan egindako lanuzte eta kontzentrazioetan. Arratsaldeko omenaldian eta manifestazioak ere jendetsuak izan ziren. Bestalde, ehorzketa eta hileta elizkizunak izan ziren atzo eta jende asko bildu zen Sanchizi azken agurra ematera.

Pelota
Hernanik Mallabiren kontra jokatuko du Berria txapelketako partidua, ostiral arratsaldean
Mallabiak sorpresa eman du eta Hernaniren kontra jokatuko du ostiralean, Pelota Kluben arteko txapelketako semifinal bila. Partidua arratsaldeko 17:00etan izango da. Mallabiak Baztan bota zuen, hirutik partidu bakarra irabazita. Baztandarrek aurreneko biak irabazi zituzten eta nahikoa zuten azkeneko partiduan 9 tanto egitea, baina, 4ean gelditu ziren.

Trinketean Gipuzkoako txapeldunorde
Trinketean Hernaniko pelotariek lan ederra egin dute, nahiz eta azkenean borobiltzeko zoririk izan ez. Jagoba Yubero Gipuzkoako txapeldunorde gelditu da finala 40-36 galduta. Yuberok 3 hilabete bakarrik daramazki trinketean jokatzen eta horrek meritu gehiago ematen dio bere lanari. Gaskon eta Aizpurua ere txapeldunorde gelditu dira binaka, 40-19ko tanteoarekin. Bi finalak Bilabonako Beharzanak irabazi ditu.
Paleta Goman berriz, Goiatz Manzisidor eta Amaia Martinez finaletik bi tantora gelditu ziren, Intxaurrondoren kontra. Hernanin 30-28 irabazi zuten eta Intxaurrondon 30-26 galdu.


Jubilatu Etxeak badu berriz ere atezaintza eta taberna zerbitzua
Goiz Eguzki Jubilatu Etxea kontserjeritza eta taberna zerbitzurik gabe dago joan den bi asteetan, zerbitzua ematen ari zirenek utzi egin zutelako. Ongintza Patronatuak astelehenean onartu zituen jabe berriak eta ahal dela asteburu honetan bertan zabalduko dute taberna.

Atletismoa
Mike von Wichmann hernaniarra onena Gipuzkoako txapelketarako probatan
Joan den igandean Plaiaundin izan ziren pista denboraldiaren azkeneko frogak, hilabete honetan Gipuzkoako txapelketak hasiko baitira. Mikel von Wichmannek 500 metrotako lasterketa irabazi egin zuen 1:20 denborarekin eta Gipuzkoako 500 m-tako rankingeko lehendabizikoa izatea lortu du.

Waterpoloa
Hernaniarrak igoera postuetatik kanpo, oraingoz
Hernaniarrak laugarren dijoaz igoera faseko klasifikazioan, Askartza, Maristas eta Menditxoren atzetik. Hala ere, batzuk besteak baino partidu gehiago jokatu dituzte. Hernanik 5 partidu jokatu ditu eta 10 puntu ditu. Askartzak 7 jokatu eta 19 puntu ditu, baina, talde hori ez da hernaniarren kontrario, Lehenengo mailan beste talde bat duelako eta ezin duelako igo. Maristas bai, ordea, eta zazpi partidu jokatu eta 15 puntu ditu, Hernanik baino 5 gehiago. Partiduko hiru puntu egoten dira jokoan eta enpatatu ezkero puntu bat lortzen da. Azkenik, Menditxok 8 partidu jokatu eta 12 puntu ditu.

Musa - Txantxangorri
Banakako final laurdenak gaur
Txantxangorriko mus txapelketak azken fasean dira. Gaur eta bihar banakako final laurdenak jokatuko dira. Gaur, asteazkena, Fernando Galan/Bixente Goikoetxea; Joxe Etxarri/Carlos Lopez. Bihar, osteguna, Miguel Montenegro/JM Goikoetxea; Pablo Ruiz/ Bixente Goñi.

Martxoak 8
Atzorako iragarritako hitzaldia hilaren 22ra atzeratu da
Berdintasun Sailak hitzaldia antolatua zuen atzo iluntzerako Emakumezkoak eta Gizonezkoak publizitatean gaiaren inguruan. Atzorako deituta zeuden mobilizazio deiak zirela-eta, hitzaldia atzeratu egin da eta datorren astelehenean egingo da, Biterin, 19:00etan.

Buelta lehenengo orrira