2004 urtea

Martxoak 18

Osteguna

Alea: 1051

Euskara Zerbitzuak osatu du aurtengo plana eta herriko hainbat sektoretan eragitea du helburuetako bat
Egitasmo solteak baino, plana aurreko urteetan hasitako egitasmoen jarraipena dela dio Malores Etxeberriak, Euskara Teknikariak. Gero eta gehiago Buruntzaldeko Udalekin elkarlanean funtzionatzen da.

Udaletxeko Euskara Zerbitzuak antolatu du 2004an martxan jarriko duen plana. Malores Etxeberriak, Udaletxeko Euskara Zerbitzuko teknikariak, adierazitakoaren arabera, egitasmo eta plan solteak baino egitasmo jarraituak dira martxan jarriko direnak. Planak ere ez dira berri-berriak, aurretik datozen egitasmoak moldatu eta osatu egiten baitira urtero. Euskara Zerbitzuko lanak bi norabide nagusi ditu: batetik, Udaletxe barrurako planak eta bestetik, herrian euskaraz gero eta gehiago erabiltzeko egitasmoak bideratzea.

Eragitea, ez da egitea
Malores Etxeberriak azaldu duenez, eragitea da Euskara Zerbitzuko planek duten lan- filosofia: “herriko agente eta eragileak sustatzea eta normalizazio-prozesuak bideratzea da helburua, ez Euskara Zerbitzuak berak bideratzea prozesua” dio Euskara Teknikariak. Eragite horrek askotan diru laguntza forma hartzen du eta beste batzuetan elkarlanean gauzatzen da. Elkarlan hauetan, euskara egitasmoak herriko beste agente batzuekin batera jartzen dira martxan eta horren adibide da Gure artean euskaraz egitasmoa, AEKk, Doberak, herriko ikastetxeek eta Euskara Zerbitzuak batera prestatu dutena.

Buruntzaldeko plana
2002an Buruntzaldeko sei Udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) euskarazko egitasmoak elkarlanean lantzeko hitzarmena sinatu zuten eta horren harira aurten 33 programa landuko dituzte elkarrekin.

 

Euskara ikasi, hobetu eta transmititu:
-Diru laguntzak ematea euskara ikasten ari diren herritarrei.
- Haurrei euskeraz hitz egiteko materiala bidaltzen zaie jaio berrien gurasoei.
-Gure artean euskaraz: gurasoen artean euskara erabiltzeko egitasmoa, ez dakienari erakutsi eta ohitura sortu. Dobera, AEK eta ikastetxeekin batera antolatuta.
-Euskarazko ereduetan dabiltzan ikasleen erabilera indartzeko eta ahozko komunikazioa hobetzeko egitasmoa. Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin batera. Datorren ikasturtean jarriko da martxan.
-Lanbide Heziketan euskarazko moduluak aukeratzearen aldeko kanpaina. Maiatzean egingo da.

Aisialdian:
-Udaleku irekiak uztailean zehar goizetan. 3-10 urteko haurrentzat.
-Kirol udalekuak: bi aste uztailean. 11-12 urteko gazteentzat.
-Eskola kirola: Eskoletan kirol taldeak euskaraz entrenatzeko bideak jartzen dira eta astebukaeraro partiduak jokatzen dira.

Merkataritza eremuan:
-Merkatariei zerbitzua eskaintzea euskerak presentzia haundiagoa izan dezan. Duela 10 urte martxan dela.
-Jatetxeen gida. Iaz beren menua euskaraz ere idaztea eskatzen zitzaien jatetxeei eta horiekin gida osatu zen. Aurten jatetxe gehiagori egingo zaie eskaintza eta gida haundituko da.
-Arrandegien gida: arrainentzako txartelak euskaraz, errezeta liburuxka, herri-komunikabideen bidez gonbidatu herritarrak erosketak euskaraz egitera, besteak beste.

Finantza munduan:
-Iaz herritarrek Euskadiko Kutxarekin harremanak euskaraz izateko programa jarri zen martxan. Aurten Kutxarekin gauza bera egiteko asmoa dago.
-Herritarrak bultzatzea Errenta aitorpena euskaraz egitera.

Enpresa munduan:
-Buruntzalde mailan diseinatzen ari dira egitasmo bat. Ziurrenik, herri bakoitzean pare bat enpresa hartu eta esperientzia pilotuak egingo dituzte.

Beste batzuk:
-Apellidoak abizendu: erderaz idazten diren abizenak euskeraz idazteko aukera. Urtarrila eta otsailean zehar egin zen.
-Idatziak liburuxka: erabiltzen diren idatzi ereduak jasotzen dituen liburuxka banatzea. Otsailean eta martxoan banatu da.
-Euskarazko produktuen katalogoa: gabonei begira euskarazko produktuak erostera animatzeko erosleak. Azaroan banatuko da.


Txantxangorri elkarteak Batzar Berezia egingo du apirilean, Zuzendaritza berria osatzeko
Igandean egin zuen Txantxangorrik urteko Batzarra eta ez zen zuzendaritzarako kandidatorik aurkeztu. Juan Delibes ohorezko bazkide izendatu zuten.

Txantxangorrik igandean egin zuen urteko asanblea. Puntuetako bat zuzendaritza berritzea zen, baina, ez zen kandidatorik aurkeztu eta apirilaren 4an Batzar Berezia egingo du gai horrekin. Ordura bitartean, oraingo zuzendaritza taldeak jarraituko du lanean Gestora gisa. Manu Loinaz orain arteko lehendakariak adierazi du Batzarra ondo joan zela eta iragarri bezala Juan Delibes de Castro Ohorezko Bazkide izendatu zuten.
Txantxagorrik 503 bazkide ditu eta batez ere ehiza, tiro eta arrantza kontuak gestionatzen ditu. Horretaz gain, Sagardo Txapelketa, eta herriko beste zenbait ekitaldietan hartzen du parte, Axeri Dantza esaterako.

Hirigintza Batzordeak 9 eskaera eta kontsulta aztertuko ditu gaurko bileran
GAur Hirigintza Batzordeak bilera egingo du eta 9 puntu izango ditu mahai gainean. Batetik, hiru enpresen eskaerak aktibitate berriak martxan jartzeko (tailer mekaniko bat, inprimategi bat eta papera egiteko enpresa). Bestetik, Antziolan baserri berria egiteko eskaera eta Osiñagan beste bat berritzekoa ere aztertuko ditu gaur Hirigintza Batzordeak. Ereñotzun egitekoak dituzten babes ofizialeko etxeei buruzko kontsulta bat ere aztertuko du Hirigintzak, eta baita Pagoagan txoriak hazteko lekua jartzeko eskaera ere. Batzordea eguerdiko 13:00etan da.

Seilu eta sobre erakusketa zabalik
Seilu eta sobre erakusketa jarrita dago Biterin apirilaren 3ra bitartean, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara. Erakusketan gai erlijiosoa duten karta eta seiloak egongo dira gehiena eta Hernani eta Iruni buruzko postalak ere egongo dira, 1900 urtetik 1930 urtera bitartekoak. Bestalde, erakusketarako Agustin Kardaberazen mataseilo bat atera dute eta nahi duenari jarriko diote karta azalean.

San Joanetarako
proposamenak egiteko
azken eguna da gaur
Datozen San Joanetako proposamenak egiteko azken eguna gaur da. Proposamenak Biteri Kultur Etxean utzi behar dira. Hurrengo Jai Batzordea martxoaren 24an egingo da, arratsaldeko 19:00etan Udaletxean. Bilera honetan San Joanetako egitaraua erabakiko da eta baita aurtengo pertsonaia herrikoiak zeintzuk izango diren ere.

Sua Karabeleko enpresa batean
Astearte gauean sua izan zen Karabeleko enpresa baten kanpokaldean. Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, enpresa horrek kubierta zaharrak pilatzen ditu enpresa kanpokaldean gero kamioian eramateko eta han piztu zen sua. Suhiltzaileak berehala etorri ziren eta sua enpresa barrura sartzerako itzali zuten.
Ikerketa martxan da sua nola piztu zen jakiteko eta Udaltzaingoak ez du baztertu norbaitek nahita piztu izana ere.

Erremontea
Ezkurra eta Lizaso aurrez aurre gaur Galarretan
Gaur Galarretan jaialdia dago eta partidu nagusian Ezkurra eta Urrutia, Altuna II eta Lizasoren kontra neurtuko dira. Beste partiduak dira: Iturralde-Ion/Matxin IV-Agirrezabala; Zeberio II-Badiola/Altuna II-A. Lekunberri; eta Iribarren-Aizpurua II/Matxin III-Gaztelu. Jaialdia 16:00etan hasiko da.

Buelta lehenengo orrira