2004 urtea

Martxoak 21

Igandea

Alea: 1054

Urumea dragatzen ez dira ekaina arte hasiko, izoki kabiak ez hondatzeko
Jaurlaritza zenbait garbiketa lan egiten aritu da azken asteotan.

Urtarrileko uholdeak eta gero Sabin Intxaurraga, Jaurlaritzako Ingurugiro Sailburuak, adierazi zuen Urumea garbitzeko lanak berehala hasiko zirela, Karabelgo zubitik Ergobira artekoak behintzat. Azken asteotan zenbait garbiketa lan egiten aritu dira, baina, lanik garrantzitsuenak ez dira ekaina pasa arte hasiko. Joxean Rekondok adierazi du atzerapen honen arrazoia dela izoki kabiak ez hondatzea. Bestalde, Urumea bideratzeko estudioa ere martxan da eta azterketa horren emaitzak ere ekainerako izatea espero zuen Intxaurragak.
Urumean Karabel eta Landare artean dago hondar eta zuhaitz pilarik haundiena. Karabelen uharte kozkor bat dago eta zenbait lekuetan 2-3 metro alturako hondarra dago, zuhaitz pilaz gain.
Uholdeen ondorenak ez dira oraindik erabat konpondu. Landareko errugbi zelaian, esaterako, joan den astean aritu ziren lurra eta hondarra kentzen eta partiduak Aieten jokatzen dituzte.


Xabier Arnaizi ongi etorria gaur

Xabier Arnaiz hernaniarra atzo arratsaldean iritsi zen Hernanira 22 urte kartzelan pasata. Amnistia ezkero hernaniar batek espetxean egin duen egonaldirik luzeena da. Herritarrek harrera beroa egin zioten Arnaizi. Berak eskerrak eman zizkien kartzelaldi luzean lagundu dioten guztiei eta batez ere familiari. Azkenik, preso jarraitzen dutenak izan zituen gogoan. Xabier Arnaizi gaur arratsaldean egingo diote ongi etorria, Tilosetan 19:00etan hasitako ekitaldian. Bertan, txalapartari, dantzariak eta abar izango dira.


Kolezio filatelikoak eta Hernani eta Iruni buruzko postal erakusketa dago Biterin
Apirilaren 3a arte dago Biterin, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 21:00etara. Gai desberdinen inguruko kolezio filatelikoak daude..

Afizio haundia da seilo, mataseilo, postal eta abarrak kolekzionatzeko eta hamar kolekzionistek egindako bildumak Biterin daude ikusi nahi dituen guztiarentzat. Lehengo asteazkenean inauguratu zuten erakusketa eta egun horretarako Agustin Kardaberaz zenaren mataseilua egin zuten eta nahi zuenari karta mataseilatu zioten (astebetean Hernaniko Correosen egongo da mataseilua). Erakusketa filatelikoak gai askori buruzkoak daude: San Inazio eta San Francisco Javierri buruzkoak, arte romanikoari buruzkoak, Euskal Herriko musikari buruzkoak, Euskal Herriko Udaletxeei buruzkoak eta abar. Kolekzionistek egindako bildumak dira eta poliki-poliki osatzen joaten dira Jose Angel Lopez donostiarrak Kronikari esan dionez. Izan ere, jende asko omen da kolekzio filatelikoak egiten dituena, nahiz eta erakusketetan gutxik jarri. Lopezen hitzetan, arazoa da adin batetik gorako jendea dela afizio hau duena eta jende gazteak ez duela ikasi nahi filateliak berekin duena.
Irun eta Hernaniko postalak
Erakusketen artea badira bi postal erakusketa: bat Irungo herriari buruzkoa eta bestea Hernaniko herriari buruzkoa. Irungoa Carlos Kintana hernaniarrarena da eta Hernanikoa Javier Ganzarain hernaniarrarena. Hernaniko postaletan 1900 urtetik aurrerakoak daude eta asko eta askotan dagoneko botata dauden etxe eta bestelako eraikinak ikusten dira. Ganzarainek Kronikari esan dionez 100 bat postal ditu berak Hernaniri buruzkoak eta bere ustetan horiek dira Hernaniri buruz dauden guztiak.


Jasota Bezala (Gutunak):

Rektifikazioa eta barkamenak Juan Urruzola jaunari
Joan den astean karta bat iritsi zen Kronikara Jasota Bezala sailean ateratzeko eta ustez Juan Urruzola Lujanbiok sinatua eta bere Nortasun Agiriaren zenbakiarekin. Kronika martxoaren 14an argitaratu zuen karta hori. Frogatu da ordea, Joan Urruzolak ez duela karta hori idatzi eta beste norbaitek eman dituela bere izen abizenak, sinadura eta NAN zenbakia. Hernaniko Kronikak barkamenak eskatzen ditu eta neurriak hartuko ditu hemendik aurrera horrelakorik gerta ez dadin. Kartak izen-abizena, NANaren zenbakia eta kontaktuko telefono zenbaki bat beharko dute, harremanetan jarri ahal izateko. (Izen abizenak bakarrik publikatuko dira.

Hernaniko Kronika

 

Ametsaren itzulera
Bazen behin amets bat herrira noiz itzuliko zain zegoena; bazen behin herri bat amets hura noiz herriratuko zain zegoena. Horrela zeuden ametsa eta herria, bata bestearen zain, duela 22 urte amesgaizto batek banandu zituenetik. Eta banandu egin zituen herriak amets egiteari utz ziezazion eta ametsak amets egingo zion herririk izan ez zezan. Baina herriak amets hura berreskuratu nahi zuen herri izaten jarraitu nahi zuelako, eta zeuden bi itxarote haien artetik alde egiteko unea heldu zitzaion ametsgaiztoari. Ametsa herrira itzuli zen. Herria amets bihurtu zen. (Ongi etorri, Xabi!).
Patxi Xabier Ibarzabal Esnaola

Kofradia festa gaur
Tolareak IXgarren Kapituloa egingo du gaur eta 25 kofradia inguru ibiliko dira herriko kaleetan barrena. Txistulari Bandak hasiko du ekitaldia 09:15etan eta hain zuen ere Patxi Apezetxea Txistulari Bandako zuzendaria izango Tolareak Ohorezko Kofrade izendatuko duenetako bat. Beste bostak honako hauek dira: Jose Angel Gaztañaga, sagardogileen lehendakaria, Maria Jesus Fombellida sukaldaria, Diario Vasco Kirol Antolakuntza, Josune Bereziartu, eskalatzailea eta Fermin Muguruza musikaria.
Kofradia eta gonbidatuei 10:30etan egingo zaie harrera Gudari plazan, txalaparta eta soinuarekin. 12:00etan desfilea eta 12:30etan izendatuko dituzte Ohorezko Kofradeak Betirin egingo den ekitaldi nagusian. Bertan, Ozenki abesbatzak kantu emanaldia egingo du. Tolareak sagardotegian bazkari ederra eginda bukatuko du IXgarren Kapitulua.


Futbola
Hondarribi-Hernani

Jon Loranen taldea Hondarribian saiatuko da Zubipen aldegindako puntuak irabazten. Hondarribiak 36 puntu ditu eta 11garren dijoa, sailkapeneko leku lasaian. Hernanik, berriz, zulotik ateratzeko puntu premi gorria du. Partidua 11:30etan.


Emakumearen inguruko bi hitzaldi bihar eta etzi Biterin

Berdintasun Kontseiluak antolatuta bi hitzaldi izango dira gaur eta bihar. Bihar, Nati Abril, kazetari eta EHUko irakasleak, Mujeres y Hombres en la publicidad hitzaldia emango du eta bertan iragarkiak erakutsiko ditu emakume eta gizonezkoen rolak aztertzeko. Arratsaldeko 19:00etan Biterin. Asteartean, Ana Cachafeirok El origen de la sumision incosciente hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko 19:00etan Biterin.

Waterpoloa
Hernani A k partidua gaur
Hernani Ak igoera faseko partidua jokatuko du gaur kiroldegian, 13:00etan.

Buelta lehenengo orrira