2004 urtea

Martxoak 22

Astelehena

Alea: 1055

Odei Holgado, Gorka Sarasola, Jabier Seco eta Joxe Elosegi -Errugbi Elkartea
“Taldea geroz eta hobeto dago eta momentu onean eta gogo haundiz harrapatu gaitu igoera faseak”
Datorren igandean hasiko du igoera fasea Hernanik Galizian eta bueltako partidua apirilaren 4an da . Teorian Galiziarrek baino talde hobea du Hernanik, nahiz eta jokatzeko modua antzekoa izan bi taldeek.

Hernanik Estatuko 2garren mailarako igoera fasea jokatuko du martxoaren 28an eta apirilaren 4an, Crat Xestur Coruña galiziar taldearen kontra. Zer esperantza dituzten jakiteko Hernaniko taldera jo dugu eta Jabier Seco, Gorka Sarasola, Odei Holgado jokalariek eta Joxe Elosegi entrenatzaileak eman digute beren ikuspuntua, errugbi elkarteko gimnasioan, Landaren.
Hernaniarrek esperantza haundia dute kanporaketa irabazi eta Estatuko 2garren mailara igotzeko, baina, galiziar taldeari buruz ez dakite gehiegi eta ez dira erabat fio. Orain arteko erreferentziak, Jon Insausti hernaniarrak eman dizkie, gaur egun Valladoliden jokatzen baitu. Bere hitzetan Hernani gehiago da, nahiz eta bi taldeek jokatzeko modu berdintsua izan. Hernanik 2 partidu galdu ditu denboraldi osoan, Durangoren kontrakoak; Crat Xestur Coruñak, berriz, 5 partidu galdu ditu.

Talde giroa
Hernaniko taldearen puntu fuerteak zein diren galdetuta, aurrekaldea izan liteke bat, baina, jokalari guztiek aipa-tzen dutena talde giroa da, eta jokoan ere asko nabaritzen da giro hori. Talde bat izateaz gain, lagun koadrila bat dira eta horrek izugarri motibatzen ditu, beren hitzetan, eta elkar animatu edo zirikatzeko ere konfiantza haundiagoa dago. Sei urtean 2 maila igo ditu Hernanik eta jubenil eta kadeteek ia dena irabazi dute.

Ikuspuntu aldaketa
Iparraldetik Ben Ben entrenatzailea etortzen da egunero eta berak ikuspuntu aldaketa eta errugbia ulertzeko beste modu bat ekarri du Hernanira, jokalariek diotenez. Igoera faseari begira jokalarien arteko komunikazioa eta kontzentrazioa ari dira lantzen, partiduetan etekin hobea ateratzeko. Astean 3 entrenamentu eta partidua dituzte eta gimnasioa egunero zabalik, indartu nahi duenarentzat. 3 entrenatzaile, preparadore fisikoa eta pronto dauden 30 bat jokalari ilusioz beteta daude eta baita afizioa eta Errugbi Elkarte osoa ere.
Izan ere, ez da nolanahiko azaña 2garren mailarako saltoa, eta ondorioak ere ez dira txikiak: Sevilla, Bartzelona, Valentziara bidaiak, entrenamentu gehiago, dirua... baina, hori aurreragoko kontuak dira eta lehenengo galiziarrei irabazi beharra dago.


25 bat kofradia bildu ziren Tolarearen IX. Kapituloan
Atzo ospatu zuen Tolareak, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak, IXgarren kapituloa. Biterin egin zuten ekitaldian Sagardoaren Ohorezko Kofradeak izendatu zituzten.

Tolareak, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiak, atzo ospatu zuen IXgarren Kapituloa. Nahiz eta eguraldi euritsua izan jende asko bildu zen Hernanin, 25 bat kofradiatako kideak bildu baitziren. Txakolina, piperrak, odolkia, ardoa, antxoa, izokia, eta beste hainbat produkturen inguruko kofradiak izan ziren Hernanin bildu zirenak eta bakoitzak bere lurraldeko produktuak ezagutarazi zituen.
Horietaz gain, urteroko ohitura den bezala, Tolareak Sagardoaren Ohorezko Kofradeak izendatu zituen Biterin eguerdi partean egin zuten ekitaldi nagusian. Aurtengo gonbidatuak izan ziren: Fermin Muguruza, musikaria; Josune Bereziartu, eskalatzailea; Maria Jesus Fonbellida, errestauratzailea; Jose Angel Gaztañaga, sagardogileen lehendakaria eta Jose Luis Arrieta, Ferando Ugarte eta Enrike Erentxun, Diario Vasco kirola antolakuntzako ordezkariak. Ohorezko Kofradeek sagardoa defendatzeko eta bultzatzeko konpremezua hartu zuten ekitaldian. Biteriko ekitaldian, Kantuz Abesbatzak, Txistulari Bandak eta dantzariek emanaldiak eskaini zituzten eta segidan Larre-Gain sagardotegian egin zuten bazkaria, sagardoa probatze aldera.


Jasota Bezala (Gutunak):

Kale Nagusian bizi nahi eta ezin
Egunero bezala dutxa bat hartu eta kalera atera naiz, beharbada, bestetan baino goizago subajurako egurra ekarri behar bainuen, piboteak altxatzeko baimena hamabost egun lehenago eskatu behar dudanez eta hori kalkultzea zail samarra denez, kotxea egurrez kargatuta utzi behar izan dut. Kale Nagusian garajeak dituztenak zer egiten dute piboteekin (ez dute bada giltza izango?), lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak ote gaude kale Nagusian?
Hori gutxi izan balitz, nire ezustekoa (eguneroko bihurtu dena) itzela izan da, ezin nuen etxetik atera, bai egia diot. Egunero arazo hau daukat, fatxadan kontra pegatina moduan jartzen ez banaiz ez dut lortzen etxetik ateratzen, beraz, urradura azalean edo arropak zikinak. Furgonetarekin banatze lanean dabilenari errazagoa egiten zaio atariak ixtea, horrela, lekua uzten baitio beste kotxe eta furgonetei, beraz, berak ez du furgoneta mugitu behar. Ah, hori bai! ez dakit oso ondo herritarrak nondik atera behar duen etxetik. Furgoneta gidariekin hamaika aldiz hitz egin dut honi buruz, alferrik!, egin didaten jaramona zeroaren hurrengoa izan da, beraiek lanean ari dira eta zu dantzan.
Zaratarekin ez dut hitz egiten hasi nahi, luzaroko joango bailitzake baina horren inguruan ere zeresan ugari izango genuke erdialdean bizi garenok.
Pintadak eta txartelak ere toki berezi bat dute erdialdean....
Hau guztia dela eta, adierazi nahi nuen askotan erdialdeak izaten direla herriko zatirik kuttunenak, herritar gehiengo batek eta kanpoko askok, behintzat, hala uste dute. Argi ez dago, ordea, ea zaintzeko garaian mimo berarekin zaintzen ditugun auzo guztiak eta herritar guztiak, ene iritzi apalean kale nagusian bizitzeak badu xarma handi bat baina baita alde ilunak ere eta komeniko litzateke Udalaren aldetik alde ilun horiek ahalik eta samurren jartzea, bestela, gerta daiteke hainbat herritan gertatzen dena gertatzea, hau da, alde zaharrak hustutzea eta zahartzea axolagabekerian.
Baina inork nahi ez duenez hori has gaitezen konponbideak jartzen.

Jone Egaña

Ezker Abertzaleak ‘Herri Batzarra’ du ostegunean
Ezker Abertzaleak deituta Herri Batzarra dago datorren ostegunean, 20:00etan Biterin. Bi gai aztertuko dituzte: hauteskundeen balorazioa eta aurrera begira zein bide gelditzen den. Ezker Abertzaleak dei egin die hernaniarrei batzarrera azaltzeko.


Publizitatean emakume eta gizonezkoen rolak aztergai gaur Biterin
Nati Abril, kazetari eta EHUk irakasleak, hitzaldia emango du gaur Berdintasun Kontseiluak antolatuta. Martxoak 8aren inguruko egitarauan sartzen da hitzadi hau eta bertan emakume eta gizonezkoek publizitatean betetzen duten rola aztertuko dute, iragarkietako adibideak erabiliz. Hitzaldia gaur arratsaldeko 19:00etan izango da Biterin. Bihar Ana Cachafeirok El origen de la sumision inconsciente hitzaldia emango du Biterin 19:00etan.


Arrazakeriari buruzko saioa Molotoff Irratian
Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroan parte hartzen duten irratietatik 22 irratitan arrazakeria eta xenofobiari buruzko saioa entzun ahal izango da gaur. Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna dela eta gaiari buruzko irratsaioa prestatu dute eta Euskal Herriko hainbat irratitan entzun ahal izango da, Arrosak irratsaioak elkar trukatzeko jarritako baliabideak direla-eta. Molotoff Irratian arratsaldeko 17:00etan entzun ahal izango da, 99.2 FMan.


‘Globacilación’ antzerkia bihar Biterin
Hortzmuga antzerki taldeak Globacilación obra, globalizazioari buruzko parodia, antzeztuko du bihar arratsaldeko 20:00etan Biterin. Aste honetan, antzerki zikloa dela-eta, beste hiru obra ikusteko aukera izango da bihartik ostiralera.


Waterpoloa
Hernani A igotzeko bidean da

Hernani Ak atzo jokatu zuen Leioaren kontra eta eta 6 eta 2 irabazi zuen. Hernaniko taldeak 7 partidu segidan irabazi ditu etxean eta igotzeko posibilidade asko ditu. Hala ere, Sestaoren kontra jokatu behar dituen bi partiduen emaitzek orain arteko norabidea alda dezakete.


Saskibaloia
Hernanik ezin Azpeitiarren kontra

Hernaniko Saskibaloi taldeak partidua jokatu zuen larunbatean, Hernaniko kiroldegian, Azpeitiako Neumaticos Antton taldearen kontra eta 43-109 galdu zuten. Hernaniko entrenatzaileak adierazitakoaren arabera, azpeitiarrek erakutsi zuten zergatik diren txapelketako onenak.


Erremontea
Telesforo Arregiren
omenezko dolua

Ostiralean hil zen Telesforo Arregi, remontista profesionala izandakoa eta Galarretako kantxan aritutakoa. Bere omenez pelotariek
krespoi beltzak eraman zituzten atzo, Galarretan eta Euskal Jain.

Txantxangorri Elkartea
Mus txapelketako finala

Bihar jokatuko da mus txapelketak finala eta bertan jokatuko dute: Alber-Pedro/Monroi I-Monroi II. Hirugarren eta laugarren postuak ere bihar jokatuko dira: Goñi-Bilbao/Patxi-Jose Leon.

Xakea
Hernani B hirugarren mailan arituko da datorren
denboraldian. Astebukaeran Hernaniko bi taldeek partiduak izan dituzte baina emaitzak ez dira bientzako berdinak izan. Hernani Ak irabazi egin zion Arrasate Bri: Fernando Esnaola eta Jerardo Plazak irabazi eta Isidro Esnaola eta Harkaitz Bereziartuak galduta. Hernani Bk galdu egin zuen 0 eta 4 Gros H ekipoaren kontra eta ondorioz datorren denboraldian hirugarren mailan arituko da.

Mendiriz Mendi
Lescun-Laberoaut-Auñamendi-Lescun irteera

Izena emateko epea irekita dago apirilaren 1a arte.

Buelta lehenengo orrira