2004 urtea

Martxoak 23

Asteartea

Alea: 1056

Xabier Arnaizek eskerrak eman zizkien familia, lagun eta herritarrei kartzelan egindako 22 urtetan jasotako laguntza eta babesagatik

Larunbatean atera zen Xabier Arnaiz Ocaña I (Toledo) espetxetik. Igande arratsaldean herritarren omenaldi beroa jaso zuen eta Tilosetako plaza jendez bete zen bere aldeko ekitaldian.

Xabier Arnaiz larunbat goizean utzi zuten libre 22 urte kartzelan pasa ondoren. Ocaña, Toledoko espetxearen aurrean familiak eta lagunek egin zioten aurreneko harrera eta arratsalde partean iritsi zen Hernanira. Iluntze aldera herritarrek lehenbiziko ongi etorria eman zioten Garin parean, eta igande arratsaldean Tilosetako plaza jendez bete zen preso izandako hernaniarrari eskaini zitzaion omenaldian.
Arnaizek ekitaldi bukaeran hitz egin zuen eta eskerroneko hitzak izan zituen, batez ere familiarentzat, eta baita 22 urteko espetxealdian berari ez ezik senideei lagundu dioten beste guztientzat ere. Arnaizek espetxean gelditu direnak izan zituen gogoan.
Ekitaldiko hizlariak nabarmendu zuen Xabier Arnaizek 22 urtetan bere borrokan erakutsitako tinkotasuna. Kolektibo ezberdinetako pertsonek ere hitz egin zuten ekitaldian. Omenaldia txalaparta doinuz hasi zen eta segidan txistuak Axeri Dantzari egin zion harrera, Xabier Arnaiz bertan zela. Dantzariek Ikurrin Dantza eskaini zioten eta Juan Mari Beltranek konposatutako doinuz Xabier Arnaizek berak garai batean aterako diapositibak bota zituzten. Herriko hainbat taldek ere opariak egin zizkioten: Batasunak, Segik, Ttarlak, Muittuk, garai bateko Komite Antinuklearrek eta Morkaiko taldeak, besteak beste. Hernaniko preso ohiek ere agurtu zuten Arnaiz: Gabino Etxeberriak eta Joxan Pagola Beltzak (azkena atera diren biek) eman zioten ongi etorri beroa denen izenean.

Presoak gogoan
Joxan Pagola Beltzak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboren izenean hitz zuen herriko presoen senide eta adiskideak tabladuan zirela. Pagolak adierazi zuen presoek eta haien senide eta lagunek egoera oso latza ari direla bizitzen eta horren erantzule diren partidu politikoei dei egin zien egoera konpontzeko konpromezua har dezaten. Omenaldian Kontxi Sanchiz ere gogoan izan zuten.
Xabier Arnaizen aldeko ongi etorri ekitaldia manifestazio batekin bukatu zen.


Antzerki zikloa Biterin
‘Globacilación’ obra gaur Biterin: globalizazioari buruzko gogoeta, humore ikutuarekinn
Gaurtik ostiralera lau antzerki obra egingo dituzte Biterin: ‘Globacilación’, ‘Euskara sencilloaren manifsetoa’, ‘Victor Bechv’ eta ‘Ixa’ n Obra guztiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira.

lobacilación antzerkiak emango dio hasiera gaur Udaberriko Antzerki Zikloari, arratsaldeko 20:00etan Biteri kultur etxean. Hortzmuga antzerki taldeak eta Hirugarren Mundua eta Pakea elkarteak egindako antzezlana da. Globalizazioari buruzko gogoeta egiten du humore ikutuarekin, eta pa-rodia klabean: “globalizazioa berez ez da ona edo txarra, baina, gaur egun ematen zaion erabilerak sortu litzake arazoak”.
Bihar, asteazkena, berriz, Euskara sencilloaren manifestoa obra egingo du Galipot teatro taldeak; ostegunean Victor Bechv Vaiven Producciones taldeak; eta ostiralean Ixa antzezlana Hika antzerki taldearen eskutik.



Drogen aurrean nork bere burua zaintzeko proiektu berritzailea osatu dute Institutuko ikasleek
Proiektuaren berezitasuna da gazteak berak izan direla proiektuaren protagonista. Bihar jardunaldiak egingo dituzte Institutuan drogei buruz eztabaidatzeko.

Hernani Institutuak eta Ongintza Patronatuak drogamenpekotasunaren prebentziorako proiektu berritzailea egin dute eta atzo eman zuten horren berri. Proiektu berritzailea da Institutuko ikasle talde batek osatu duelako, eta drogamenpekotasunaren gaian gazteek bere buruarentzako Euskal Herrian egindako lehenengo proiektua da. Hain zuzen ere, Animazio Soziokulturaleko Moduloko ikasleek egin dute, Ongintzako teknikariek lagunduta.
Proiektuaren oinarrietako bat ikaslek elkarren artean banatutako inkesta izan da, drogen aurrean dituzten zalantza eta kezkak biltzeko. Formula horrek dakarkiena da, proiektuaren arduradunen ustez, gazteek zuzenean parte hartzeaz gain, bildutako informazioa ere konfiantzazkoagoa izatea.
Proiektuak bi helburu nagusi ditu: drogei eta drogen efektuei buruz informazio garbia eta zuzena ematea batetik; eta drogen aurrean gazteen protagonismoa indartzea, bestetik. Era berean, proiektuak garrantzitsu jotzen du “gazte bakoitzak bere autodeterminazio prozesuaz duen eginkizunaren inguruan sentsibilizatzea” eta drogen gaian “gazteen ikuspuntutik proposamenak eta akordioak jasotzea”.

Eztabaida zabaltzeko aukera
Proiektua bihar jarriko da martxan Institutuan egingo den eztabaida-jardunaldiekin. Esperientzi piloto horren emaitzak ikusita, litekeena da aurrera begira herrira zabaltzea. Bestalde, Eusko Jaurlaritza ere gertutik ari da iniziatiba hori jarraitzen.

Ana Cachafeiroren
hitzaldia gaur: ‘El
origen de la sumisión inconsciente’

Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekitaldien barruan, Ana Cachafeiro hitzaldia emango du gaur Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Cachafeirok azalduko du gizartea ez dela beti patriarkala izan eta garai batean gizarte berdintasun haundiagoa izan zela. Aldaketa hori azalduko du.


Museko finalak gaur Txantxangorrin
Txantxagorri elkarteko mus txapelketa iritsi da bukaerara eta gaur jokatuko da bi bitako finala eta 3-4 postua. Finalean Alber eta Pedro Monroy I eta Monroy IIren kontra neurtuko dira. 3-4 postua Goñi eta Bilbaok eta Patxi eta José Leónek jokatuko dute. Bihar, bestalde, finalaurrekoak jokatuko dira buruz buru: Bixente Goikoetxea Joxe Etxarriren kontra eta Bixente Goñi JM Goikoetxearen kontra.


Futbola
Hernanik jaitsiera postuetan segitzen du igandean
galduta, liga bukatzeko 9 jardunaldiren faltan

Konplikatzen ari zaio denboraldia Hernaniri eta jaitsiera postuetan dago bururik altxa ezinda. Asteburuan Hondarribiren kontra galdu du 3-1 eta 19garren dago 28 partidutan 28 puntu aterata. Zulotik ateratzeko aukera badu Hernanik 9 jardunaldiren faltan. Horretarako lehenbailehen irabaztea komeni zaio, zuloa haunditzen ari delako. Hala ere, Hernani partidu bat gutxiagorekin dago. Berez, sailkapenean askozaz gorago egoteko maila badu, baina, aurten erregularitatea falta zaio, eta partidu onak bezala txarrak jokatu ditu.
Datorren asteburuan Real Union taldearen kontra neurtuko ditu indarrak Hernanik Zubipen eta irabazteak morala eta behar beharrezko 3 puntu emango lizkieke zuriberdeei.


Mendiriz Mendi
Aniera apirilaren 3-4an

Mendiriz Mendik irteera antolatu du apirilaren 3 eta 4an Auñamendira (Anie) eta honako buelta hau egingo dute: Lescun-Laberouat-Auñamendi (2.507 m)-Lescun. Irteera apirilaren 3an da 14:00etan Atsegindegitik. Derrigorra da mendiko asegurua izatea eta elurretarako kranpoi eta pioleta hartzea. Izen emateko apirilaren 1a baino lehen Mendiriz Mendin. Prezioa 40 euro bazkideek eta 50 euro gainerakoek. Bestalde, datorren igandean ere irteera dago Nafarroako Etxauri ingurura eta izen ematea ostegunean bukatzen da.


Errugbia
Atletiko-Hernaniko jubenilak Euskal Herriko txapeldun gelditu dira Getxori 13-0 irabazita

Atletiko Hernaniko jubenilek dotore borobildu dute ligan egindako lana eta Euskal Herriko txapeldun gelditu dira Getxori 13-0 irabazita. Partidua borrokatua izan zen lehen zatian eta 3-0ko aldea bakarrik atera zieten gipuzkoarrek bizkaitarrei. Bigarren zatian, ordea, aurrean hobeto aritu ziren hernaniarrak. 2 marka egin eta zigor kolpe bat lortu zuten eta 13-0 irabazi zuten.

Espainiako txapelketa
Txapeldun geldituta Espainiako txapelketara sailkatu da Atletikoko eta Hernaniko jokalari gazteek osatzen duten taldea. Datorren asteburuan jokatuko dute lehen partidua Katalunian bigarren gelditu den taldearen kontra, Sant Cugaten kontra.

Orain bi urte bezala
Hernaniko jubenilek maila oso altua eman dute azken denboraldietan. Iaz ez ziren Euskal Herriko finalera pasa, baina, orain bi urte Euskadiko eta Espainiako txapeldun gelditu ziren eta maila izugarria eman zuten. Aurten nahiko jenderik ez zen taldea Hernanin osatzeko eta Atletiko talde Donostiarrarekin bat egin dute. Maila altua ematen ari dira aurten ere gazteak eta ezinbesteko harrobia bihurtu da lehen taldearentzat.


Beleibola
Aurreneko bi taldeek galdu dute, Andoainen eta Gasteizen

Nesken taldeak Andoainen jokatu zuen ostiralean, Leitzaranen kontra eta 3-0 galdu zuten. Andoaindarrak ziren faborito garbiak eta ez zuten hutsik egin. Hernaniarrei luze ari zaie egiten denboraldi bukaera eta normala da, gehienak jubenil eta kadeteak izanda nagusien mailan ari baitira jokatzen. Bi jardunaldi falta dituzte hernaniarrek denboraldia bukatzeko eta bietan irabazteko aukerak badituzte, Rekalde eta Iruñaren kontra.

Mutilek ere ezin
Mutilek 3-0 galdu zuten larunbatean Gasteizen, Bereziren kontra, partidu berdindua izan arren eta zailtzen ari zaie igoera fasea. Orain 3 partidu falta dituzte eta hirurak irabazi beharko dituzte edo bi irabazi eta karanbola baten zain egon. Jokoak: 25-22, 25-20, 25-22.

Buelta lehenengo orrira