2004 urtea

Martxoak 24

Asteazkena

Alea: 1057

Doberak 3.000 euroko Saria emango du Hernaniri buruzko proiektu eta iniziatibak laguntzeko

Dobera Sarirako proposamenak apirilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira, Euskara Elkartera (Larramendi 11, behea) n Irabazleak 6 hilabeteko epea izango du lana egiteko

Bigarren Dobera saria antolatu du Euskara Elkarteak, eta 3.000 euroko diru laguntza emango du Hernanirekin zerikusia duen lanak bultzatzeko. Oraingoan, proiektuak ez du derrigor ikerlana izan beharrik, aurreko edizioan hala izan bazen ere: ikerlan bat bezala, izan liteke erakusketa bat edo bestelako edozein lan. Sei hilabeteko epea dago lana egiteko eta euskeraz izango dira.
Dobera Sarira pertsona bakarrak edo taldeak aurkeztu litzake proiektuak. Taldeka aurkeztu ezkero taldekide batek azaldu beharko du arduradun gisa.

Dobera Saria
Lehenengo edizioan
ikerlanak saritu ziren, baina, orain Hernanirekin zerikusia duen edozein lanek jaso lezake 3.000 euroko diru laguntza.
Sariak bi alde ditu: bata, lana egiteko diru laguntza ematea; bestea, lana
ezagutaraztea.

Interesa eta gaitasuna
Dobera Saria zein lani eman epaimahai batek erabakiko du eta 2 irizpide nagusi erabiliko ditu horretarako: proiektuaren interesa eta bideragarritasuna, eta eskatzailearen gaitasuna. Epaimahaia osatuko dute Doberako kideek eta aurkeztutako gaietan aditua den jendeak. Epaimahaiak hala eskatu ezkero, proiektua egin dutenek beren proposamena epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko dute.
Lanak apirilaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira Dobera Euskara Elkartean, Larremandi 11ean.

‘Aldaba Joka’ren arrakasta
Doberak 2002an atera zuen Lehenengo Dobera Saria eta Urko Apaolazaren ikerlana izan zen saritua: Hernaniko historia, errepublika garaitik trantsiziora (1931-1981). Apaolazak egindako lana argitaratu egin zuen Doberak 2003an eta Aldaba Joka liburua izan da emaitza. Lanak arrakasta haundia izan du eta dagoeneko 300 ale saldu dira Hernanin. 27 elkarrizketa egin zituen Apaolazak ikerlanerako eta orain elkarrizketa horiek digitalizatzeko asmoa du Euskera Elkarteak, beste ikertzaileren batek erabili nahi izan ezkero eskura izateko.



2004rako Aurrekontuak Plenora
Hazienda Batzordeak 21.475.000 euroko Aurrekontua onartu zuen, aurreneko proposamena baino 220.000 euro gehiagokoa n Plenoa, 17:00etan da.

Udalak Pleno Berezia egingo du gaur, martxoaren 11ean egitekoa zena, eta 2004ko Aurrekontua izango da gai ordeneko puntuetako bat. Sorpresarik ezean, Aurrekontu proiektua aurrera aterako da gaur EA-EAJ eta EBren botoekin. Ikusteko dago oposizioak zer botatuko duen baina, beren proposamen eta zuzenketa gehienak bilduta daude Plenora joango den proiektuan. Bildu Hernanik Aurrekontuak atzera bota eta eztabaida prozesua hasteko eskatu zuen, 3.600 herritar bazterrean utzita osatu zirela argudiatuta.
Hazienda Batzordeak 21.470.000 euroko Aurrekontu proiektua onartua du, hasierako proposamena baino 220.000 euro gehiagokoa. Proposamenak Gobernuko hiru kidek alde botatu zuten eta PSE-EE eta PP abstenitu egin ziren. Atsegindegin lurpeko aparkalekuak eta leku estalia, hilerria haunditzea, Protekzioko etxeak egiteko lurra erostea, Latsunben igerileku irekiak egiteko proiektua, Tilosetako plaza eta Gudarien plaza berritzeko proiektua eta auzo elkarteekin hitzartutako proiektuak dira 2004ko Aurrekontuaren puntuetako batzuk

Inbertsio haundiak
Joxan Rekondo Alkateak azpimarratu du EA-EAJ eta EBk osatutako Gobernuak egin dituen lehenbiziko Aurrekontu hauek inbertsio haundikoak direla. 2003ko Aurrekontuekin konparatuta, % 50 igotzen dira inbertsiotarako partidak. Era berean, Alkateak nabarmendu duenez, “sarrerak ondo gestionatu eta gastu korrienteari eusteak gauza asko egiteko aukera emango digu zorretan sartu beharrik gabe”.
Rekondok adierazi du alderdi politikoekin negoziazio prozesu baten ondoren Hazienda Batzordeak zenbait proposamen onartu dituela. Besteak beste, ikasleak Hernanin matrikulatzeko kanpaina, kooperaziorako partidak haunditzea, ebakuazio planak Haurtzaindegian, Musika Eskolan eta Udal Euskaltegian. Ezker Batuak eskatutako aldaketak izan ziren horiek, baina, bai EB eta bai PSE-EEk babes ofizialeko etxeak egiteko lurra erostea eskatu zuten eta hor egon da aldaketarik haundiena.
PSE-EE eta PPren eskariz, Aurrekontu proposamenak jaso du Euskal Elkarte Autonomoko Udalen Elkarteari laguntza ematea ere.
Alkatetza berak ere zenbait aldaketa proposatu zizkion hasierako proposamenari. Nagusiena da partida bat Ereñotzun protekzioko 12 etxe egiteko herri lurra saltzeko.

Plenoko beste gaiak
Gaurkoa Pleno mardula izango da, Aurrekontuez gain beste 10 puntu badituelako gai ordenak. Besteak beste, Ereñotzun protekzioko etxeak egiteko terrenoa Iñatzu Kooperatibari ematea, Ordenantza Fiskalak aldatzea, Kutxan kontseilari eta korporazioko ordezkariak izendatzea, Baltz Ederra enpresaren errekurtso bat Puigeko etxeei buruz eta zenbait kreditu aldaketa.

Bildu Hernaniren mozioa
Bildu Hernanik adierazi du Kontxi Sanchizen heriotza salatzeko mozioa aztertzeko eskatuko duela gaur Plenoan. Plataformak dio Udalari Pleno Berezia egiteko eskatu ziola martxoaren 15ean, baina, Gobernuak ezezkoa erantzun zuela. Bildu Hernanik uste du “Gure herrian martxoaren 14an gertatu zena oso larria izan zela eta Udalaren aldetik bidea ireki behar dela herritarren testigantzak jasotzeko eta eztabaida publiko bat egiteko.” Bildu Hernanik dei egin die herritarrei Plenora joateko, “modu lasaian agertzeko Kontxi Sanchizen heriotzak sortu digun mina eta dolua”. BH salatu du Plenoa 17:00etan jarri izana eta uste du herritarrek nekezago parte hartzeagatik dela.



Joxetxo Zapiain bigarren, Euskadiko Rallysprint Txapelketan

Joxetxo Zapiain eta Jose Luis Sarasola bigarren dijoaz Euskadiko Rallysprint txapelketan. Zapiainek esan zuen aurten aurreko muturrean ibiltzea zuela helburu bere Maxi Megane berriarekin, eta oraingoz halaxe dabil. Asteburuan, Karrantzan izan zen proba eta Zapiain-Sarasola bigarren sartu ziren, Luciano Arrabal errioxarraren atzetik. Hirugarren Joxe Labaka sailkatu zen.

Iturritxo auzo elkarteak batzarra du gaur
Gaur, asteazkena batzarra egingo du Iturritxok auzo elkartearen etorkizuna bideratu eta karguak berritzeko. Marieluts eta Latsunbeko auzo elkarteko zuzendaritzak auzotar guztiei dei egiten die batzarrera “auzoko arazoak konpontzeko denon iritzia beharrezkoa baita”. “Gure auzoa mantendu eta hobetu egin behar dugu. Denok ditugun ideiak ziur onak direla” dio auzo elkarteak.
Bi konbokatoria dira, lehenengoa 19:30etan eta bigarrena, 20:00etan.

‘Drogen aurrean zaindu norberak bere burua’ proiektua martxan gaur Institutuan
Gizarte, kultura eta Animazioko Goi Mailako Zikloko ikasleek gaur jarriko dute martxan drogamenpekotasunari buruzko programa Hernani Institutuan. Goizeko 09:15etatik 11:00etara eztabaidak egingo dituzten klasean eta ondoren ondorioak bateratuko dituzte. 13:00etan, berriz, Oihulari Klown tadearen Rekoloklown obra ikusiko dute.
Proiektu berritzailea da, izan ere erabat gazteek osatutako aurreneko proiektua da eta Hernani Institutuaren eta Ongintza Patronatuaren laguntza izan dute. Iniziatiba horren lema da drogen aurrean norberak bere burua zaindu behar duela.
Prebentzio programa berri hau Hernaniko Institutuko ikasle guztiekin ari dira egiten, esperientzi piloto gisa. Orain arte egindako lana izan da: proiektua diseinatzea; inkestak egitea, gazteei drogen inguruan ikusten dituzten beharrak jakiteko, besteak beste eta behar horiei erantzunez informazio txosten bat osatzea. Gaurko eztabaidak proiektuaren beste urrats bat dira.


Antzerki zikloa
' Euskara sencilloaren manifestoa’ gaur

Galipot taldeak Euskara sencilloarn manifestoa obra antzeztuko du gaur arratsaldeko 20:00etan Biterin. Antzerki Ziklorako antzezlan guztietarako sarrerak salgai daude Biterin, 3,5 eurotan.

Arrauna
AHernani 2garren gelditu da Orion bateletan

Asteburuan Orion jokatu da bateletako proba eta nagusiak 2garren gelditu dira Fortunarengandik 18 segundotara. Bestalde, infantil eta kadeteak 4garren gelditu dira Zumaiako Aita Mari bateletik 17 segunduetara. Aurtengo bateletako 5garren jardunaldia izan da asteburukoa eta Hernaniko neskak maila oso ona ari dira ematen orain artekoan.


Hernani Institutua
Gurasoentzat hitzaldia gaur Biterin

Hernani Institutuak antolatuta gurasoentzako hitzaldia dago gaur. Kontxi Medrano psikopedagogoak etika eta baloreak adolezentzian hitzaldia emango du. 18:30etan Biterin.


Beleibola
Esther Lopez hernaniarrak Europako Txapeldunen liga irabazi du Tenerife Marichalekin

Esther Lopez hernaniarra sariak pilatzen ari da boleibolean eta joan den igandean Europako Txapeldunen liga irabazi zuen Tenerife Marichal taldearekin, Italiako Perugia taldearen kontra. Finala Tenerifen jokatu zen eta 5.000 afizionaturen aurrean irabazi zuen etxeko taldeak Europako saririk preziatuena. Ez kosta gabe, ordea, desenpate eta guztiko partidua izan baitzen. Azkenean 3-2 Tenerifeko taldearen alde.
Tenerife Marichal taldeko izarretako bat Esther Lopez da eta Europako liberorik onenetakoa juzkatu dute hernaniarra.


Ezker Abertzaleak batzarra du bihar

Hernaniko Ezker Abertzaleak batzarra deitu du bihar 20:00etarako, Biterin. Bi gai aztertuko dituzte: hauteskundeen balorazioa eta aurrera begirako bidea.

Hitzaldia Urumean
Urumea Ikastolak hitzaldia emango du bihar, osteguna. Gaia da seme-alabak nola bultzatu ikasketetan. Hitzaldia Elkano kaleko egoitzan izango da, liburutegian, 19:00etan.

 

Buelta lehenengo orrira