2004 urtea

Martxoak 25

Osteguna

Alea: 1058

Boxeoa, Jacinto Santín zenaren omenez

Datorren larunbatean lau konbate eta Kick Boxing konbate bat izango dira kiroldegian, gaueko 22:30etan n Badira 31 urte Hernanin boxeo konbaterik egiten ez dela, garai batean afizio haundia bazegoen ere.

Hernanira boxeoa etorriko berriz ere 31 urteren ondoren, Jacinto Santín boxeolari hernaniarra zenaren omenez. Errenteriako Paco Bueno gimnasioak antolatu du ekitaldia eta bertako lau boxeolari arituko dira Santander eta Gijoneko boxeolarien kontra. Bukaeran Kick Boxing konbatea izango da. Konbateak gaueko 22:30etan hasiko dira Hernaniko kiroldegiko beheko pistan.
Alfonso Gonzalez Zamorita ibili da konbateak antolatzen Errenteriko Paco Bueno gimnasioaren bitartez eta bere hitzetan garai batean afizio haundia zen Hernanin eta inguruko herrietan. Gaur egun, ordea, konbate gutxi antolatzen dira eta Zamoritak uste du Udalek gehiago lagundu beharko luketela boxeoa, berriro ere purian jartzeko. Hernanin oraindik ere afizioa badela uste du eta larunbateko konbatean jendea bilduko dela, gaur egun ez baita konbateak ikusteko aukera haundirik izaten hemen inguruan.

Hamabi boxeolari
Boxeolariak trebatzen dituzten bakarretakoa Errenteriako Paco Bueno gimnasioa da eta gaur egun 12 bat mutil dabiltza berarekin, Alfontso Gonzalezek Kronikari esan dionez. Beren izarra Jon Treku oiartzuar profesionala da, baina, hernanira datozen gazteek ere maila altua dutela dio. Ruben Iraizor, Yuri, Iñaki Yoga eta Dimitri ariko dira Gijon eta Santanderreko boxeolarien kontra, welter, super welter eta super arin kategoriatan. Ondorenean Kick Boxin konbateak izango dira eta Irungo Unai Arroyo eta Sylvain Troitiñok Nafarroako Patxi Gorriz eta Jesus Armendarizen kontra neurtu beharko dituzte indarrak.

Orain 31 urte azkena
Hernanin 1942an egin zen lehen boxeo konbatea, San Joan festen barruan, Zinema saloian. Handik aurrerako konbate gehienak Plazan egin izan dira eta San Joanetako egitarauaren barruan. Azkeneko konbatea 1973an egin zen eta ordu ezkero ez da besterik izan. Orduko kronikek diotenez Gudarien plaza lepo betetzen zen boxeoa ikustera. Garai hartan punta puntan zebiltzan boxeolariak etortzen ziren Hernanira eta festetako ekintzarik arrakastatsuenetakoa izaten zen. Guztira 12 konbate egin dira orain artean Hernanin: 1942, 1947, 1948, 1949, 1957, 1959, 1968, 1969, 1970, 1971, 1972 eta 1973an. Datorren larunbatekoa izango da 13garren konbatea.

.

Europako finalera iritsi zen boxealari hernaniarra
Jacinto Santin Calderon ‘Santin I’ 1927an jaio zen Hernanin, Leokadisti etxean. Gaztetatik ekarri zuen boxeorako zaletasuna eta Europako final jokatzera iritsi zen. Hernaniko herriaren izena Europako eta Estatuko hiriburu askotara eraman zuen eta boxeoa utzi zuenean herrian berak sortu zuen gimnasia eskola, eta gazteekin lan haundia egindako gizona da.

Portutik Marsellara
Jacinto Santinek Portun jokatu zuen aurreneko konbatea boxeoan, San Juan Txikitan, 16 urte zituela. 1943an izan zen. Handik gutxira, kategoria amateurrean debutatu zuen Hernaniko Zintzotasuna zinean eta 114 konbateetatik 109 irabazi zituen, 3 galdu eta bi nulo. Santin I berehala pasa zen profesionaletara eta hor gailurrera iritsi zen. Gallo eta pluma kategorietan ibili zen. Profesionaletan 70 konbatetik gora jokatu zituen eta gehienak irabazi egin zituen. Kolpe latza eta estilo ona zuen Santinek. Bartzelonan, Madrilen, Gasteizen, Bilbon eta abarretan ibili zen boxeatzen eta baita Parisen eta Marsellan ere. Marsellan Europako finala jokatu zuen Seri-Amia txapeldunaren kontra. Konbate izugarria izan zen eta hernaniarrak konbate nuloa lortu zuen. Publikoak zutik txaloka agurtu zuen Santin I, Europako txapeldun izatea merezi zuen ustearekin. Prentsak ere bera jo zuen irabazle. Espainiko txapeldunorde ere izan zen bi aldiz.
Jacinto Santinek 32 urterekin utzi zuen boxeoa, hernaniar asko hunkitu zituen konbate batekin. Boxeoa utzita, gazteentzako gimnasia eskola sortu zuen CD Hernaniren barruan, eta izugarrizko lana egin zuen ia beste 20 urteetan.




Ezker Abertzaleak ‘Herri Batzarra’ du gaur
Hazienda Batzordeak 21.475.000 euroko Aurrekontua onartu zuen, aurreneko proposamena baino 220.000 euro gehiagokoa n Plenoa, 17:00etan da.

Ezker Abertzaleak Herri Batzarra deitu du gaurko, 20:00etan Biterin. Bi gai aztertuko dituzte gaurko batzarrean: hauteskundeen balorazioa eta aurrera begirako bidea. Ezker Abertzaleak dei egin die hernaniarrei batzarrera azaltzeko.



Antzerki Zikloa
‘Victor Bechv’ obra gaur

Victor Bechv obra ikusteko aukera izango da gaur Udaberriko Antzerki Zikloaren barruan. Antzerki obra hau Vaiven Producciones konpainiarena da eta gaur egingo duten emanaldia erderaz egingo dute. Emanaldia arratsaldeko 20:00etan izango da Biterin. Sarrerak salgai daude 3,5 eurotan Biterin bertan.
Bihar ‘Ixa’ obra izango da, euskeraz, Hika Teatroa konpainiaren eskutik. Biterin, 20:00etan.

IV. Xake Txapelketa Herrikoia
apirilean hasiko da

Apirilan hasiko da IV. Xake Txapelketa Herrikoia eta igande honetan, martxoaren 28an, bukatzen da izena emateko epea. Izena emateak 3 euro balio du eta horrekin batera telefono zenbakia eta korreo elektroniko helbidea utzi behar dira. Izena emateko Aker, Bodega, Goiz Argi, Haida edo Kitto tabernan egin daiteke. Txapelketaren helburua da xakea herrian zabaltzea eta beste herritarren aurka jokatzeko aukera izatea.

Bi fase
Txapelketak bi fase izango ditu. Aurrenekoa apirilean hasiko da eta lau jokalari gelditu arte luzatuko da. Jokalari bakoitzak hiru bizitza izango ditu eta hiru bizitzak galdu arte jarraituko du jokatzen. Hala ere, txapelketaren helburua ajedreza zabaltzea denez, txapelketan zehar bizitzak irabazteko aukera ere izango dute jokalariek. Hiru partida segidan irabazten dituenari bizitza bat emango zaio baita laugarren, zortzigarren eta hamabigarren kanporaketan lau partidak jokatu dituzten guztiei ere. Bigarren fasean, sailkatutako lau jokalarien arteko liga jokatuko da. Jokalari bakoitzak bina partidu jokatuko ditu beste hiru jokalarien aurka.

Partidak astero
Astero partida bat jokatu beharko dute jokalariek, beraiek aukeratutako egunean, baina astelehenean gaueko 21:00etarako emaitzak Goiz Argin (edo beste taberna batean). Horrela ez bada bi jokalariei partidua galdutzat emango zaie eta bizitza bat kenduko zaie. Partidak nahi den lekuan jokatu daitezke eta hainbat tabernetan badaude erlojuak eta fitxak: Aker, Bodega, Haida, Goiz Argi edo Kitton. Partidak ordulariarekin jokatuko dira eta ordubetekoak izango dira jokalari bakoitzarentzat. Jokalariek nahi izan ezkero beste iraupen bat ere adostu daiteke.

Errapia taldeak arte erakusketa jarri du Ziburun
Errapia taldeko hainbat lagunek arte erakusketa antolatu dute Ziburun. Erakusketa hilaren 31a arte ikusi daiteke Ziburuko Ilargi Elkartean, asteazkenetik igandera arratsaldeko 15:00etatik 19:00ak arte. Erakusketan Errapiako hainbat kideen arte lanak ikusi daitezke: Iker Valle; Pello Gonzalez, Goello; Aitor Ruiz de Egino; Ion Zabaleta; Patxi Monreal; Jaxone Usandizaga, Gorka Setien eta Iñaki Saralegi. Horiekin batera beste hainbat artista ere gonbidatu dituzte Errapia taldeko kideek: Javi Soto; Adrian Ferreño; Jose Luis Elexpe, Pelex; Jesus Lopez Zulueta eta Manu Garcia.

Aurreko erakusketen haritik sortutako aukera
Erakusketa hau aurreko urteetan Errapiak antolatu dituen erakusketen ondorioa da. Izan ere, Errapiak antolatu zituen Goizueta bidean, Hernani bidean eta Bera bidean erakusketetan Iparraldeko artistekin jarri ziren harremanetan. Iparraldeko artista hauek Bainako Les Corsaires kolektiboarekin eta Ziburuko Ilargi artista kolektiboarekin zuten harremana eta horren haritik etorri da erakusketa hau.


Mendiriz Mendi
Helduentzako bi irteera

Gaur bukatuko da izena ematea Mendiriz Mendik antolatutako irteera baterako. Irteera Etxauri, Nafarroa, inguruko mendietara izango da: Ziriza-Sarbil (1139 m)-Mortxe (1123 m)-Salbide. Irteera igande honetan, martxoaren 28an izango da. Bestetik, Lescun-Laberoaut-Auñamendi (2507 m)-Lescun irteerara joateko izen emateko epea apirilaren 1ean bukatzen da.

Atletismoa
Aldabe eta Lizeaga erdi parean Espainiako Kross Txapelketan

Espainiako Kross txapelketa jokatu da joan den igandean Caceresen eta bi hernaniarrek hartu dute parte Euskadiko selekzioarekin infantil eta kadete mailan. Eider Aldabek 73garren bukatu zuen 149 nesketatik eta Joxeba Lizeagak 89garren egin zuen 143 mutiletatik. Biek ere postu hobeak egiteko esperantza bazuten, baina, lehen aldia zen proba hauetan parte hartzen zutela eta gustora etorri dira eta esperientziak balioko dielakoan.

Jubilatu Etxea
‘Antxon eta Jose Ignazio Duo Komiko musikala’ Jubilatuetan

Bihar, ostirala, Antxon eta Jose Ignazio Duo komiko musikalaren emanaldiaz gozatze aukera izango da Goiz Eguzki Jubilatu Etxean. Emanaldia arratsaldeko 19:30etan da.

 

Buelta lehenengo orrira