2004 urtea

Martxoak 28

Igandea

Alea: 1061

“Orain kartzelako funtzionarioak militanteago bihurtu dira euskal presoaren kontra, errepresioan
parte hartzen dute”

Xabier Arnaiz joan den larunbatean atera zen Ocaña I kartzelatik, preso 22 urte pasa ondoren. 1982an atxilotu zuten Donostian, 26 urte betetzeko zituela. Gatazkaren irtenbidea elkarrizketatik eta manerak aldatzetik etorriko dela uste du Arnaizek.

Xabier Arnaiz hernaniarra pasa den larunbatean, martxoaren 20an, askatu zuten, 22 urte kartzelan eginda. Kartzela bat baino gehiago ezagutu ditu: Carabanchel, Alcala, Herrera, Almeria, Langraitz, Malaga eta Ocaña I. Amnistia ezkeroztik preso denbora luzeena egin duen hernaniarra da Xabier Arnaiz. 1982ko ekainean atxilotu zuten Donostiako Bera-Bera auzoan, talde armatuko kide izatea leporatuta, 26 urte betetzeko zituela. Herrira itzultzean herriko hainbat gauza aldatuta aurkitu ditu. Giro politikoari dagokionean “zaharrak berri” direla dio Arnaizek.

Zer eragin izan du zugan 22 urte kartzelan pasatzeak?
Zahartzeaz aparte pixka bat asentatzea eta lasaiagoa izatea. Hasieran kartzelan sartu berritan dena berria da, baina ingurua kontrolatzen hasten zarenean konturatzen zara ez duzula obsesionatu behar. Han zaude eta ez dago bueltarik, ezin zera pentsatzen hasi, hau izango banu edota bestea egingo banu, banu guzti horiek ezinezkoak dira-eta. Orduan geratzen zaizuna itxoitea da, kartzelako egoerari aurre egin eta aurrera egitea.

22 urte hauetan kartzelako bizimoduak ere aldaketak izango zituen, ezta?
Orain funtzionarioa lehen baino militanteagoa da euskal presoaren kontra. Lehen funtzionarioa, funtzionarioa zen, orain kontzienteagoa da eta atea ixten badizu, min egiten dizula jakinda isten dizu. Funtzionariek badakite zerk egiten dizun mina, eta adibidez liburua kentzeak mina egiten dizula badaki saiatuko da hori egiten.
Bestetik, lehen euskal presoak elkarrekin egoten ginen eta horrek segurantza haundia ematen du. Modulu batean 60 bat pertsona edo egoten ginen eta nahi zenuenarekin ibiltzen zinen. Orain talde txikietan jartzen dituzte eta ezin da aukeratu norekin ibili eta gainera ondo aztertzen dute zeinekin jartzen zaituzten. Patioan ere gero eta denbora gutxiago egiten da, nik azkeneko 15 urteetan oso denbora gutxi egin det patioan eta patioak ere jendez gero eta urriagoak dira.

Zein da hemen utzi zenuenarekin kartzelan izan duzun harremana?
Ahal nuen gehiena. Egunkarien bitartez, irratiaren bitartez, telebistaren bidez gero. Familiak eta lagunek paketeak bidaltzen zizkidaten, egunkari eta aldizkariekin eta Gara edo Berriako harpide egiteko aukera ere badago. Irratia ere entzuten genuen: garai batean F.Ma entzutea debekatua zegoen eta Radio Nacional de España entzuten genuen. Telebista ere sartu zen kartzelara eta duela 15 bat urtetik edo Ocañan telebista ikusteko aukera izan genuen. Telebistak asko laguntzen du ateratzerakoan inpaktu bisuala hain haundia ez izaterako orduan: janzkerak, kotxeen abiadurak, gaur egun gehiegi dauden kotxeak, besteak beste.

Barrutik nola ikusten da hemengo egoera politikoa?
Nahasia ikusten da. Aldaketak egon dira, egunkarien bidez jarraitu dut. Ez nahi adina informazioarekin agian baina giro nahasia ikusi dut.

Zeintzuk izan dira kartzelan egin dituzun aktibitateak?
Ikasketekin ez dut ezer egin. Asko irakurtzen nuen eta eskulanak ere egiten nituen. Kartzelaren arabera gauzak asko aldatzen dira, bakoitzean ahal zena egiten nuen. Fularrak egin izan ditut, txapak eta azken boladan maketak egiten nituen.

Eta protestak?
Gose grebak, planteak eta itxialdiak egin ditut, bat baino gehiago. Ocañan gainera itxialdia egiten bazenuen benetako itxialdia zen, janaria beti zeldetan ematen baitziguten. 24 orduak barruan pasatzen genituen eta dutxara eta bisitetara joaten ginen nahi izan ezkero. Gose grebarik luzeena 34 egunekoa egin nuen, gero 20koak, 15 egunekoak eta astebetekoak ere egin nituen. Horrelakoak egiten ez badituzu hilik zaude.

Martxoaren 11ko atentatuak zer eragin izan zuen kartzelan?
Lehenengo momentutik isolatu egin gintuzten. Esan ziguten Madrileko agindu bat zela eta gure mesederako zela. Hiru egun eduki gintuzten ordu betez patiora ateratzen.

Zer giro politiko topatu duzu etxera itzultzean?
Ez det denbora asko izan egia esan, bakarrik entzun det Euskadi Irratian Hernaniko Udaletxean Kontxi Sanchizen mozioa Jose Antonio Rekondok ez duela utzi aurrera ateratzen. Zaharrak berri, hori esatearekin nahikoa da.

Egoera honen konponbideak nondik etorri behar duela ikusten duzu?
Hitz egitetik eta gauza askotan manerak aldatzetik.

Nola topatu duzu Hernani?
Hernani etxez asko hazi zela esan zidaten, baina, itzultzean espero nuena baino hobeto ikusi dut. Gehiago agobiatuko ninduela espero nuen baina buelta bat eman eta txoko politak ikusi ditut. Kotxe asko ere ikusi ditut eta konturatu naiz edozein aitzaki erabiltzen dutela karretera berriak egiteko. Belarrak nun hazi behar du?

Ze bizimodu klase egin nahi zenuke orain?
Garai batekoaren antzekoa, agian patxarosoagoa. Mendi bueltak egin, leheneko bideak oraindik hor jarraitzen badute behintzat.


Errugbia -Lehenengo Maila Autonomikoa
Hernanik igoera faseko lehen partidua jokatuko du gaur Galizian, Xestur taldearen kontra
Errugbi taldeak aspaldiko urteetako erronka haundiena du jokoan: Ohorezko B mailara igotzeko txartela. Gaur 12:00etan hasiko da partidua A Coruñan.

Hernanik Ohorezko B mailarako igoera fasea jokatuko du A Coruñako Xestur taldearen kontra, gaur eta gaur zortzi, denboraldia bigarren postuan bukatu eta gero. Joan eta etorriko partiduak ez dira xamurrak izango, baina, hernaniarrek esperantza haundia dute kanporaketa irabazi eta mailaz igotzeko. Gaur lesio gutxi eta joko maila onarekin egingo dio frente Hernanik galiziarrei eta etxerako partidurako emaitza on bat ekartzea garrantzitsua da oso. Partidua gaur da, egurdiko 12:00etan A Coruñan.

Jubenilak Bartzelonan
Jubenilen taldea Euskal Herriko txapeldun geratu berri da eta Espainiko txapelketako final zortzirenak jokatuko ditu gaur Bartzelonan, San Cugat taldearen kontra. Partidua gaur goizeko 11:00etan hasiko da, Bartzelonan.


Futbola -Gorengo Maila
Hernanik urrezko hiru puntu lortu ditu Jose Manuel Seco entrenatzaile berriaren lehen partiduan
Real Unionek bi aldiz berdindu zuen partidua 1-1 eta 2-2 eta bigarren zatiko Zabalaren golak erabaki zuen partidua. Asteazkenean ligako partidua du Hernanin.

Urrezko hiru puntu lortu zituen atzo Hernanik Real Union taldearen kontra. Bi alditan aurreratu zen markagailuan Hernani lehen zatian, Olasagasti eta Vilaren golei esker, baina, bietan partidua berdindu zuen Real Unionek kontraerasoan. Lehen zatia 2-2 bukatu zen. Bigarrenean Zabalak buruz sartu zuen partiduko azken gola eta hiru puntuak etxean gelditu ziren. Jose Manuel Seco entrenatzaile berriak bide onean hasi du Hernanirako etorrera, eta hurrengo erronka asteazkenean izango du Zubipen bertan, Urolaren kontra, atzeratutako partiduan.

Gimnasia Erritmikoa
Eskolarteko txapelketa gaur kiroldegian. Gimnasia erritmikoan eskolarteko txapelketako bigarren fasea jokatuko da gaur Hernaniko kiroldegian eta herriko gimnasta gazteak ere bertan ariko dira. Gaur goizeko 09:30etatik aurrera.

Erremontea
Zeberio II eta Lizaso hiruren kontra Galarretan
Jaialdi ederra dago gaur Galarretan pelotalekuan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Partidu estelarrean Zeberio II eta Lizaso Bitoria, Altuna I eta Auzmendiren kontra neurtuko dira. Beste partiduak: Uterga-Ion/Iturralde-Agirrezabala, Sarasua-Aizpuru/Bereziartua-J. Etxeberria eta Iribarren-Badiola/Juaristi-Urko.

Ur Ludoteka
Ur jolasak gaur kiroldegian
Ur jolasak daude gaur kiroldegian, goizeko 10:30etatik 12:30etara.

Boleibola
Hernani-Rekalde kiroldegian Hernaniko nesken taldeak kiroldegian jokatuko du gaur Rekalderen kontra, 11:00etan.

 

Buelta lehenengo orrira