2004 urtea

Martxoak 29

Astelehena

Alea: 1062

Extremadurako bideo, poesia, produktu, artisau-lan eta dantzak datorren asteburuan Hernanin
Larunbatean bideoak eta poesia emanaldiak izango dira Biterin eta igandean festa izango da Latsunbeko kirol pistan. Jende asko biltzen da urtero Jornada Extremeñoetan eta aurten ere asko espero dute.

Extremaduraren inguruko jardunaldiak dira datorren larunbata eta igandean Hernanin. Aurtengoa 12garren edizioa izango da eta arrakasta haundia lortu dute dagoeneko Jornada Extremeño hauek. Urtez urte jende asko biltzen da, igandeko festan eta eguraldiak laguntzen duenean batipat. Izan ere jatorri Extremeñoa duen jende asko da Hernanin, 60garren hamarkadan 2.000tik gora etorri baitziren. Gaur egun 1.500 bat dira Extremaduratik etorritako hernaniarrak.

Bideo eta poesiak
Larunbat arratsaldean hasiko da aurtengo jardunaldia ere, eta Extremadurako bideoak botako dituzte eta Extremadurako poeten poesiak errezitatuko dituzte Biteri kultur etxean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Orain artean Sandiusterrin egin izan da emanaldi hau, baina, aurten Biterira aldatu dute.

Egun haundia igandean
Igandean, berriz, goizetik iluntzera arteko festa izango da Latsunbeko kirol pistan, hasi goizeko 10:00etan eta 20:30ak ingurura arte. Extremadurako jaki eta edariak emango dituzte kirol pistan jarritako karpa batean: urdaiazpiko iberikoa, solomoa, gazta, pintxo morunoak, txorizoa, ardoa eta abar. Artisau lanen artean izango dira Guadalupe inguruko kobrezko gauzak eta Hurdesetako sestoak besteak beste. Horrez gain, propaganda turistikoa ere edonoren eskura egongo da igandean, Extremadura ezagutzera joan nahi duenari inguru haren berri emateko. Egurdian eta arratsaldean Virgen de Guadalupe koru eta dantza taldearen emanaldia izango da.

 

Egitaraua
Larunbata, apirilak 3:
19:30: Extremadurari buruzko bideoak eta poesia errezitaldia.

Igandea, apirilak 4:
10:00: Extremadurako produktuen salmenta eta artisau lan eta liburu erakusketa.
13:00 eta 17:30: Virgen de Guadalupe koru eta dantza taldearen emanaldia.


Aralar: “Onartezina da udaleko plenoan ez eztabaidatzea Kontxi Sanchiz herritarraren heriotzaren inguruan”
Hernaniko Aralarrek gertatu denaren aurrean nahigabea azaldu du eta elkartasun osoa bidali dio Kontxi Sanchizen familiari.

Hernaniko Aralar alderdiak Kronikara bidalitako prentsa ohar batean salatu du “Udal gaia ez dela argudiatuta” Udalak plenoan Kontxi Sanchizen heriotzaren inguruan ez eztabaidatu izana. Aralarrek galdera zuzendu dio Joxan Rekondo alkateari: “Benetan iruditzen al zaizu herritarron artean samina hedatu duen hernaniar baten heriotza ez dela udal gaia? Hori ez bazaizu udal gaia iruditzen, zer gertatu behar da herrian osoko bilkura batean eztabaidatua izateko?”.
Aralarrek dio plenoek bertute demokratikoa behar dutela eta bertan herritarrek aukeratutako zinegotzi guztiek hartzen dutela parte, baina, “egia da, Hernanin hori ez dela gertatzen, Batasunaren legez kanporatzearen ondorioz Hernaniko mapa politikoa artifizialki aldatua izan delako, Rekondoren mesedetan. Baina, horrek izan beharko luke oraindik arrazoi garrantzitsuagoa Hernanin gertatu den zoritxar hori osoko bilkuran tratatzeko eta sentsibilitate guztiei behingoz ahotsa ziurtatzeko”.
Hernaniko Aralarrek nahigabea eta elkartasuna azaldu ditu prentsa oharrean: “Gertatu denaren aurrean gure nahigabea adierazteaz gain, elkartasun osoa bidali nahi genioke Kontxi Sanchizen familiari, benetan nahi genuke gaia argitzea eta erantzukizunak zehaztea eta alkateari esatea soilik badela garaia demokrazian pixka bat sinesten hasteko”.


Boleibola
Bi taldeak nagusi Rekalde eta Sestaoren kontra

Hernaniko nesken taldeak denboraldiko 3garren garaipena lortu zuen atzo kiroldegian Rekalderen kontra, 3-1, majo borrokatuta. Lehen jokoa Rekalderen aldekoa izan zen, baina, hernaniarrak esnatu eta 3 joko egin zituzten jarraian, ondo jokatuta. Datorren asteburuan jokatuko du Hernanik ligako azken partidua eta irabazteko esperantzaz joango dira Iruñara.
Bestalde, mutilen taldeak garrantzia haundiko garaipena lortu zuen larunbatean Sestaoko taldearen kontra, eta mailaz igotzeko aukerei eutsi egiten die. Jokoak: 21-25, 25-21, 25-13, 25-0.


Jasota Bezala (Gutunak)

Hernanitik Lesakara

Datorren apirilaren 4an, badira hamaika arrazoi Hernanitik Lesakara joateko. Euskal Herrian Euskarazek antolatuko duen Hizkuntza Eskubideen Eguna izango baita. Bai noski! Euskaldunok ere gure hizkuntzan aritu ahal izateko eskubide ugari ditugu esparru guztietan: lanean, eskolan, epaitegietan, lagunartean, udaletxeetan, osasun etxeetan...
Urtetako zokoratzeari esker, askori, seguruenik, ahaztu ere egingo zitzaizuen euskaldunoi eskubide batzuk ere zor zaizkigula. Zoritxarrez, besteenak gureak baina askoz azkarrago gogoratzen ikasi dugulako. Horixe da, hain justu, hilaren 4an kalera atera nahi dugun ikasbidea: dagozkigun eskubideak bete daitezen eskatu eta gure kabuz, egunerokoan, egin ditzakegun urrats txiki horien aldeko indarrak biltzea: lanean euskaraz aritzea, euskaraz ikastea eta euskalduntzea ziurtatzea, administrazioarekiko harremanak euskaraz egitea, euskalduntzeko aukera ematea, idatziak euskaraz eskatzea... euskaraz bizitzen hastea, alegia.
Nahiz eta etengabe, oztopoak gainditzen aritu behar izan, ez dugu hain erraz amore eman behar eta gure aldetik egin ditzakegun eskakizunek, berebiziko garrantzia dutela aipatu gabe ezin utzi. Erasoak eraso, euskaldunok ere gauza ugari dugu ikasteko: ez da atzera begira jarri eta lortu dugunari begira lo hartzeko garaia. Egiteko eta lortzeko dugunaren zain egotea alferrikakoa da, zure esku ere badago euskarari bide ematea. Ekin diezaiogun batera!!

Eli Ansa

Kontzentrazioa gaur Ezker Abertzaleak deituta
‘Euskal Herria aitortu errespetatu’ lemapean kontzentrazioa dago gaur Ezker Abertzaleak deituta. Ezker Abertzaleak hamabostean behin egiten ditu kontzentrazioak herrietan gaur egungo egoera politikoa salatzeko. Gaur, arratsaldeko 20:00etan plazan.

Xakea
Hernanik Gorengo mailan jokatuko du seguruenik
Hernani Ak 1,5-2,5 irabazi zion asteburuan Arrasate Cri eta seguruenera Gorengo mailan jokatzeko txartela emango dio garaipen honek. Hernaniarrek denboraldi ona egin dute eta bi urtetan bi maila igotzea lortuko dute aurtengoa baieztatu ezkero.

Saskibaloia
Hernanik 26 - Aranetak 64
Egur galanta jaso zuen larunbatean Hernanik, Araneta taldearen kontra. Hernaniarrak igoera fasea jokatzen ari dira kadete mailako lehen urtean eta normala da talde zaharragoen kontra batzuetan erraz galtzea. Hernaniarrek badituzte aukerak datorren urtean goiko mailan jokatzeko eta borroka horretan segitzeko adorez daude asteburuan galdu arren

Entrenatzaile ikastaroa
Buruntzaldeko udalek saskibaloiko entrenatzaile ikastaroa antolatu dute Gipuzkoako Federazioarekin batera. Ikastaroa euskeraz da eta oinarrizko titulua ateratzeko balioko du. Apirilaren 19tik 30ra da ikastaroa, astelehenetik ostiralera, 18:30etatik 19:30etara, Lasarteko kiroldegian. Izen ematea apirilaren 2a baino lehen egin behar da Buruntzaldeko edozein kiroldegitan. Prezia 120 euro. Dirua sartzeko: KUTXA 2101 0200 41 0006808109 kontu korrontean.

Hernaniko Segik dei egin du
Gazte Topaketetara joateko

Itsasondon dira Topaketak apirilaren 9tik 12ra n Programa azaltzeko batzarra egingo da Biterin apirilaren 5ean.
Gu gara herria, egin dezagun bidea! izenburuarekin prentsa oharra bidali du Hernaniko Segik eta dei egiten die Hernaniko gazteei Itsasondon egingo diren Topaketetara azaltzeko. Prentsa oharrak dio badirela dagoneko 25 urte “gazteok antolatzen eta borrokatzen hasi ginenetik. Makina bat borroka piztu eta beste hainbat fruitu jaso ditugu. Denbora luze honetan gazte belaunaldiak berrituz joan gara etengabe, oztopoak oztopo”. Gazte erakundeak dio denetatik topatu eta jasan dutela urte guzti hauetan “baina, eraso guztien gainetik hemen gaude, jarraitzen dugu, haika ginen eta indarrak batzen segiko dugu herria eraikitze bidean!”.

Itsasondon topaketak
Apirilaren 9tik 12ra dira Itsasondon Gazte Topaketak eta egun horretako programa Hernanin bertan ere azalduko dute, apirilaren 5ean, Biterin, arratsaldeko 20:00etan.
“Gazte antolakuntza, herriaren etorkizuna delako, egin dezagun bidea!” dio Segik eta Hernaniko gazteei dei egin die parte hartzera.

Ipui kontalaria gaur Biterin
Lur Korta ipui kontalaria ariko da gaur Biteri kultur etxean. Arratsaldeko 17:30etan 3-4 urte arteko umeentzat ariko da eta 18:00etan 5-7 urte artekoentzat.

Buelta lehenengo orrira