2004 urtea

Martxoak 30

Astelehena

Alea: 1063

Errugbia
Hernanik pauso haundia eman du Ohorezko B mailara igotzeko, Galizian 11-27 irabazita

Hernani azaina galanta lortzeko zorian da, igandean Coruñako Xestur taldeari 11-27 irabazita. Partidua ez zen ona izan eta bigarren zatian erabaki zuen Hernanik, lehenengo zati bukaeran 5-3 galtzen ari baitzen. Hernaniarrak urduri xamar jokatu zuten eta defentsan oinarritu zuten beren jokoa. Bueltako partidua datorren igandean jokatuko da Landaren, 12:00etan eta eta errugbi taldeak dei egin die herritarrei azaltzeko, azken urteetako partidurik garrantzitsuenera.

Jubenilek ere irabazi
Jubenilak Espainiako txapelketako final zortzirenak ari dira jokatzen eta Bartzelonako Sant Cugat taldeari 11-19 irabazi diote asteburuan, Cataluñan, joaneko partiduan.


Pelota
Hernani Berria txapelketatik kanpora gelditu da Zazpi Iturrirri 2-1 irabazi arren

Igandean jokatu zuten Hernanik eta Zazpi Iturrik Berria txapelketako finalaurrekoa eta Hernani finaletik kanpora gelditu zen, hiru partidutatik bi irabazi arren. Txapelketa honetan hiru partiduetan lortzen den tanteoa hartzen da kontutan eta Amezketak tanto gehiago atera zituen Hernanik baino eta finalean izango da. Kadeteetan Hernanik irabazi zuen 22-16; jubeniletan, Amezketak 22-5; eta nagusietan, Hernanik 22-21. Aurreneko eta azkeneko partiduak politak eta berdinduak izan ziren, baina, jubeniletan Amezketak gehiago zela erakutsi zuen eta erraz gailendu zitzaion Hernaniko bikoteari.


Gobernu Batzordeak dio BHren mozioa ez duela aintzat hartu onartezina jotzen duelako Sanchizen heriotza EA, EAJ, IU, PSOE eta Aralarri leporatzean
Gobernuak argibideak eman ditu mozioarekin Plenoan gertatu zenaz . Korporazio berriak legealdi hasieran erabaki zuen mozioak Bozeramale Batzordean aztertzea.

Bildu Hernanik Kontxi Sanchizen heriotza salatzeko mozioa eztabaidatzeko eskatu zuen joan den asteazkeneko Pleno Berezian. Gobernu Batzordeak gai horri buruzko bere iritzia eta zenbait argibide eman ditu. Batetik, Gobernuak dio “inork ez du esan gai politikoa delako, arazoari buruz udalak ez duenik ezer esan behar. Izan ere, Gobernu Batzarrak ez du gai hau alde batera utzi. Duela bi aste gure nahigabea agertu genuen eta gertatutakoa argitzearen aldeko azalpena egin genuen, baita ere”.
Bestetik, Udal Gobernuak adierazi du Korporazio berriak legealdi berriaren hasieratik erabaki zuela aurkezten diren mozioak Bozeramaileen Batzordean eztabaidatzea. Eta, beste zenbaitetan ere, Bildu Hernaniren mozioak aipatu Batzordean eztabaidatu izan dira, Manu Azkarate presoaren egoerari buruzkoa esaterako.
Azkenik, Gobernu Batzordearen esanetan, “nahiz eta herriko komunikabideetan agertu ez den, azken osoko bilkuran izandako eztabaidan argi geratu zen, bestalde, Bildu Hernaniren mozioa zergatik ez genuen aintzat hartu eta botazioan jarri”. Gobernuak argudiatu duenez, “onartezina da guretzat Kontxi Sanchizen heriotza EA, PNV, IU, PSOE, PP eta Aralar alderdiei leporatzea, mozioan egiten den bezalaxe, alderdi horietako zuzendari, kide edo botanteak kriminalak bailiran tratatuz. Hauxe da ordea errealitatea: Udala joko politikoa bideratzeko lekua da, baina irain eta difamazioak ez dira eztabaidagarriak bertan”.


Argia astekariaren 3 ale eta ‘Luma’ denborapasa etxean debalde jasotzeko aukera
943-371545 telefonora deitu behar da horretarako . Informazio orria etxean jasoko dute hernaniarrek.

Argia astekaria itxuraz eta mamiz berritu zuten iaz eta hernaniarrek hiru asteetako aldizkariak eta Luma denborapasa-aldizkari bat etxean debalde jasotzeko aukera dute, hala eskatu ezkero.
Xabier Letonak zuzentzen duen aldizkariak Argia eta Luma aldizkariak ezagutarazteko kanpaina egiten ari da Hernanin eta argibide guztiak iritsiko dira etxe guztietara.
Argiak “diseinu gaurkotuagoa du, itxura gazteagoa, informazioaren antolaketa berritzailea... Iritzi saila ere zabaldu egin da eta aisialdia eta kultura nabarmendu egin dira. Dena helburu bakarrarekin; informazioa, analisia eta entretenimendua astero kalitatez eskaintzea euskal irakurleei”.
Bestalde, Luma denborapasako aldizkari bakarra da euskeraz eta orain gazteentzako Lumatxo sail berezia du.
Eskaintza honekin Interesatuta daudenek, 943-371545 telefonora deitu.

‘Hizkuntza Eskubideak! Denon Konpromisoa!’ kanpaina aurkeztuko dute gaur Biterin
HernANIKO euskalgintzak antolatuta eta Kontseiluaren ekimenez, Hizkuntza Eskubideak! Denon Konpromisoa! kanpaina jarriko dute martxan eta gaur egingo dute aurkezpena, arratsaldeko 20:00etan Biterin. Kanpainak hiru zutabe ditu: Akordio Soziopolitikoa, gizarte eragileen konpromisoak eta norbanakoen konpromisoak. Aurkezpenean Kontseiluko kide bat izango da kanpainaren nondik norakoak azaltzen. Bestetik, Hernaniko euskalgintzako kideek herri mailan egingo diren ekimenen berri emango dute.


Osasunaren Astea Andragoton
Andragotok Osasunaren Astea antolatu du eta hitzaldiak izango dira gaurtik ostiralera. Gaur Arnasa ondo hartzeak sendatu egiten du izeneko hitzaldia emango du Marijok Andragoton, 19:30etan (esterillak norberak eraman). Asteazkenean, Luis Ceballos terapeutak bakardadeaz hitz egingo du Bakardadea. Gauza bera al dira gizakia eta pertsona? Ostegunean elikaduraz eta janari transgenikoaz hitz egingo dute Lurdes Sarasola eta Jabier Belloso Otarra Elkarteko kideek. Azkenik, ostiralean, Maite Gomez Zapiainek hitz egingo du eta gorputz posturei buruz beste heziketa baten beharra aldarrikatuko du.


Antzerkia Biterin
Langile Ikastolako 5 eta 6garren mailako ikasleek antzerkia egingo dute gaur eta bihar Biterin. Kattalin belar sendagilea eta Oporretara goaz Keniara obrak antzeztuko dituzte eta bi saio izango dira: 15:00etan ikastoletako haurrentzako eta 19:00etan gurasoentzako.

 

Buelta lehenengo orrira