2004 urtea

Martxoak 31

Asteartea

Alea: 1064

Jaurlaritzak merkatarientzako asesoria eta laguntza teknikoa ematen du debalde
Merkataritzarako Laguntza Teknikorako Kabineteak Hernanin eta Buruntzalde osoan ematen zerbitzua Hernanin, merkatariek laguntzei buruzko informazioa eskatzen dute, batez ere.% 943-456333.

Merkatariek laguntza teknikorako gabinete (MLTK) propio bat dute eskura eta zerbitzua erabat debalde da. Eusko Jaurlaritzak finantziatzen duen zerbitzua da eta merkataritza modernizatu eta indartzea da helburua, merkatarien zuzeneko asesoria eta bitartekoak emanda. MLTKk era askotako informazioa ematen du: komertzio bat zabaltzeko informazioa, bideragarritasun planak aztertu, diru laguntzei buruzko informazioa eta tramitazioa, lokalak edo ekipamendua osatzeko bitartekaritza egin eta abar.
Martxan dauden establezimenduek, berriz, aukera dute beren egoeraren diagnosia egiteko. Era berean, eskura dituzte formazio ikastaroak, web orriak, ingurunearekin lotutako inbertsioak edo teknologia berriak sartzeko laguntzak eta tramitazio lanak egiteko zerbitzua.
MLTKk Kronikari adierazi dionez, batez ere laguntzei buruzko informazioa da Hernaniko merkatariek eskatzen dutena.

Merkataritza Elkarteak
Merkataritzarentzako Laguntza Teknikorako Kabineteak Merkatari Elkarteekin ere lan egiten du eta Hernanin Berriakekin ari da elkarlanean. Merkataritzarako gabineteak Buruntzalde osoan egiten du lan, merkatariek elkarterik ez duten herrietan sortzeko bidea egiten ari da: Urnietan, Astigarragan eta Usurbilen, hain zuzen ere.

Merkataritza Mahaia
Orain dela hilabete batzuk Udalak Merkataritza Mahaia osatu zuen herriko merkataritza indartzeko. MLTKk laguntza teknikoa ematen du Mahai horretan eta ari dira zenbait iniziatibekin lanean. Horietako bat da hutsik dauden lokalen zentsoa egitea
: zenbat dauden, non, zer egoeratan eta abar, aurrera begira zer egin litekeen ikusteko.

MLTK-en zerbitzuak

Aholkularitza teknikoa
Lan, zerga, alor juridiko, eta merkataritzako aholkularitza. Establezimendu berria zabaldu aurretik informazioa eta aholkularitza.
Diru-laguntzak
Administrazioko laguntzen berri eman eta tramitatu.
Merkataritza elkarteak sortzeko laguntza
Merkatarien arteko elkarlana bultzatu.
Prestakuntza
Formazio programen berri eman eta ikastaroak antolatu.
Gestioa planak
Merkatarien kudeaketa planak aztertu eta denden egoeraren diagnosia egin

 


Ongintzak Etxeko laguntzak zabaltzea eta 2004rako etxebizitza sozialak zeini utzi aztertuko ditu gaur, Zuzendaritza bileran

Ongintza Patronatuak Zuzendaritza bilera berezia du gaur. Hamar puntuko gai ordena du eta horietako bi dira Etxeko laguntza zerbitzua zabaltzea eta 2004rako etxebizitza sozialak adjudikatzea. Era berean, zenbait zerbitzu ematen dituzten enpresei ere kontratua luzatzea planteatuko da, eta baita Kontratazio mahaia aldatzea ere.


330 lagun izan dira Antzerki Zikloan eta ‘Euskera sencilloaren manifestoa’k bildu du gehiena
Aurrekoan baino jende gutxiago ibili da, eta oraingoan Biteri ez da bete.

Udaberriko Antzerki Zikloak ez die antolatzaileei Udazkenekoak bezain gusto gozoa utzi. Asteartetik ostiralera 4 obra izan ziren eta denera 330 ikusle izan dira. Berez, Kultura Sailak 3 obra programatu ditu: Galipot taldearen Euskara sencilloaren manifestoa, Vaiven Produccionesen Victor Bechv, eta Hikaren Ixa. Hiru horietaz gain, Hortzmugaren Globacilación obra izan zen asteartean Hirugarren Mundua eta Pakea GKEaren (Gobernuz Kanpoko Erakundea) ekimenez.
Publiko aldetik begiratuta, Euskara sencilloaren manifestoa izan zen arrakastatsuena eta 130 pertsona bildu zituen. Gainerako obrek 100 lagunetik behera bildu zituzten, eta Mikel Laskurainek interpretatutako Ixak ere ez zuen antolatzaileek espero zuten erantzunik izan.
Antzerki Zikloaren irizpide nagusiak bira dira: obren kalitatea eta berritasuna. Kultura sailak aitortu du, berritasun horrek ere bere arriskua duela, oraindik jendearengana gehiegi iritsi gabeko obrak izan litezkeelako. Hala ere, Kulturak Kronikari adierazi dio gaia sakonago aztertu beharrekoa dela eta litekeena dela zenbait gauza berplanteatu behar izatea. Hurrengo Antzerki Zikloa Udazkenean izango da.

Futbola
Hernani-Urola gaur Zubipen, 19:00etan

HernANI eta Urolak gaur jokatuko dute atzeratutako ligako partidua Zubipen, 19:00etan. Hernanirentzat beste final bat gehiago izango da, baina, Urola ere ez dago lasai ibiltzeko postuan. Joan den asteburuko emaitzak eta gero, Secoren mutilek azkenbigarren jarraitzen dute, baina, irabazi ezkero postu bat aurreratuko dute, eta bere aurrean daudenen paretsuan jarri.
Hernanik 1-1 berdindu zuen Kopako bigarren partidua
Hernani ondo hasi da Emakumezkoen kopan eta igandean 1-1 berdindu zuen Tolosa liderraren kontra. Datorren asteburuan Ostadarren kontra jokatuko du Hernanik, irabazi beharreko partidua.


Osasun Astea
Luis Ceballos terapeutak bakardadeaz hitz egingo du

Luis Ceballos terapeutak bakardadeaz hitz egingo du gaur, Andragoton Osasun Astearen barruan. Bakardadea. Gauza bera al dira gizakia eta pertsona? Horixe da 19:30etan hasiko den hitzaldiaren izenburua. Bihar, ostegunena, elikaduraz eta janari transgenikoaz hitz egingo dute Lurdes Sarasola eta Jabier Belloso Otarra Elkarteko kideek.


Mendiriz mendi

Auñamendira joateko izen ematea

Mendiriz Mendik antolatuta asteburu pasa izango da Auñamendi ingurura apirilaren 3 eta 4an, eta bihar da izena emateko azken eguna. Prezioa 40 euro da eta bazkide ez direnentzat 50.


Boxeoak jende asko bildu zuen.

Larunbatean boxeo eta kick boxing konbateak izan ziren Hernanin, 31 urte eta gero. Jacinto Santinen omenezko ekitaldiak publiko aldetik oso erantzun ona izan zuen eta jendeak gozatu egin zuen espektakuloarekin. Antolatzaileak ere gustora gelditu ziren harrerarekin eta zabalik utzi dute konbate gehiago antolatzeko aukera.


Antxon eta Jose Ignazio bikoteak giro ederra jarri zuen Jubilatu Etxean
Joan den ostiralean emanaldia egin zuten eta Goiz Eguzkiko ekitaldi Aretoa jendez bete zen.
Antxon eta Jose Ignazio Duo Komiko Musikalak musika eta txiste emanaldia egin zuen Goiz Eguzki Jubilatu Etxean, ostiralean.
Bikoteak txiste kontari eta kantu kantari osatu zuten beren ekitaldia, eta publikoak parre algara ederra bota zituen.

‘Familia eta ikasleen arteko erasoak’ hitzaldia bihar Urumea ikastolan
Urumea ikastolak hitzaldia antolatu du biharko Familia eta ikasleen arteko erasoak gaiaren bueltan. Elkano kaleko edifizioko liburutegian izango da hitzaldia, bihar osteguna, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Buelta lehenengo orrira