2004 urtea

Martxoak 4

Osteguna

Alea: 1037

2004rako Udal Aurrekontuak
PSE-EEk proposatu du Udalak 456.000 euro inbertitu ditzala Protekzioko etxeak egiteko lurra erosteko

Partidu Sozialistak dio legez diru hori erabili beharko lukeela Udalak lurra erosten. PSE-EEren hitzetan, Aurrekontuak bildu ditu bere proposamen batzuk.Udal eta Patronatuetan 5 zuzenketa aurkeztu ditu.

Alderdi Sozialistak bost zuzenketa egin dizkie Udaletxe eta Patronatutako aurrekontu proposamenei. Horietatik garrantzitsuena etxebizitzaren gaian egin du. PSE-EEk Udalari eskatu dio 456.338 euro inbertitu ditzala babestutako etxeak egiteko lurra erosteko. Jose Ramon Chicaren esanetan, Lur Patrimonio Publikoen legeak eskatzen du etxeak egiteko eta batez ere protekzioko etxeak egiteko lurra izatea, eta hori lortzeko lehentasunezkoa jotzen du Aurrekontuaren portzentai jakin bat lurra erosteko erabiltzea. Portzentai hori 2004ko Aurrekontu proposamenari aplikatuta, Udalak 456.338 euro jarri beharko lituzke lurra erosteko, Chicak Kronikari adierazi dionez.
Partida hori lortzeko Partidu Sozialistak proposatzen du Aurrekontuan gastu asko daudela zertarako den garbi azaltzen ez direnak, eta horietaz baliatzeko aukera aukera ikusten du. Bestela kreditua eskatuta.
PSE-EEren ikuspegitik etxerik lortu ezina da hernaniarren arazorik haundienetakoa, eta arazo hori askoz larriagoa da gazteetan, prezioak gora dijoazelako eta gazteek ezin dutelako beren bizimodurik egin. Jose Ramon Chicaren arabera, egia da Udalak ezin duela etxebizitzaren arazoa berak bakarrik konpondu, baina, ahaleginak egin eta pausoak eman bai. Pauso horietako bat dela uste du lurra erosteko dir partidak jartzea. Alderdi Sozialistak Udal Aurrekontuari beste zuzenketa bat ere egin dio: EUDEL Udal Elkarteari egin beharreko aportazioa zehaztea aurrekontuan.
Gainerakoan, Jose Ramon Chicak adierazi du Gobernuaren Aurrekontu proiektuak PSE-EEk legegintzaldi hasieratik egindako proposamen asko biltzen dituela.

Kirol ekipamendua auzoetan
Kirolari dagokionez, Alderdi Sozialistaren helburua da auzoetarako kirol programa oso bat egitea, auzo elkarteekin elkarlanean eta horretarako aurreneko pauso bezala proposatzen dute auzoetarako auzoetako kirol ekipamendua osatzea. Horixe eskatu diote Patronatuari 2004ko Aurrekonturako eta horretarako 9.000 euroko partida jartzea proposatu dute.
Jose Perezek adierazi du aurrera begira Alderdi Sozialistak proposatuko duela 15-18 urte bitarteko gazteentzat kirol eskaintza zabaltzea, eta horretarako klubekin hitz egiteko asmoa du.

Ongintza Patronaturako zuzenketak onartuta
Udal Talde Sozialistak bi zuzenketa aurkeztu dizkio Ongintza Patronatuko Aurrekontu proiekuari. Horietako bat da Patronatuak dituen zerbitzu guztien gida bat osatzea jendeak informazio hobea izan dezan bere eskura dituen zerbitzuei buruz. Jose Ramon Chicak adierazi du Patronatuak jaso duela iniziatiba hori. Bigarren zuzenketa zen Patronatuak ematen duen etxeko laguntza zerbitzua eskatutako denetara iristea. Patronatuaren aurrekontuak jasota dauka puntu hori.



Hernanik, Oiartzunek, Oriok eta Lasartek ‘GR-4’ herri arteko bertso txapelketa jokatuko dute

Herriek elkarren kontra jokatuko dute lehen bueltan, eta puntu gehien dituzten 2 herriek jokatuko dute finala. Hasiera larunbatean da Oiartzun eta Hernaniren artean.

Hernani, Oiartzun, Orio eta Lasarteko bertso eskoletako bertsolariek ‘GR 4’ bertso txapelketa antolatu dute. Talde guztiek jokatuko dute elkarren kontra, joan eta etorriko saioetan. Saio bakoitzean talde bakoitzeko 3 bertsolarik kantatuko dute, eta herriko bertso antolatuko du saioa eta jarriko ditu gaiak. Saio bakoitzean 4 epaile izango dira: herri bakoitzetik bi.

34 bertsolari
Txapelketa honetan 34 bertsolarik hartuko dute parte: Lasartetik 5ek, Oriotik 5ek, Oiartzundik 6ek eta Hernani-tik 18k. Hernaniko taldearekin ariko direnak dira: Iker Osa, Joxe Luis Urdangarin, Iñaki Zelaia, Aitor Mendiluze, Aritz Zerain, Jon Iraola, Maialen Lujanbio, Eñaut Agirre, Estitxu Eizagirre, Aitor Usandizaga, Ibon Miner, Joxe Angel Aranburu, Unai Agirre, Agin Rezola, Jexux Mari Irazu, Iker Alustiza, Xabier Legarreta eta Gorka Tolosa. Hernaniko bertsolari bakoitzak saio bakarrean kantatuko du beraz, eta finalera pasako balira erabakitzeko dago nortzuk kantatuko duten.
Txapelketa honen helburu nagusia bertsolariak kantatu eta herrietako entzuleei gozatzeko bidea jartzea da eta saio gehienak tabernetan, elkarteetan aterpetxeetan eta abar izango dira. Lehenengo saioa datorren larunbatean da Oiartzungo Arritxulo aterpetxean. Bertso bazkaria izango da eta Hernanitik Estitxu Eizagirre, Jon Iraola eta Agin Rezolak kantautko dute.

.


Hernani eta Martutene arteko bariantearen lehen harria gaur jarriko dute.

Urumeako bariantearen bigarren zatiaren aurreneko harria gaur eguerdian jarriko dute. Ekitaldian Joxe Juan Gonzalez de Txabarri Diputatu Nagusia eta Jabier Zuriarrain Azpiegitura Diputatua izango dira besteak beste. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan izango da.

Aralar-Zutikek hitzaldia emango du gaur
Aralar-Zutik koalizioak hitzaldia antolatu du gaur datozen hauteskundeei buruz, arratsaldeko 19:30etan Sandiusterrin. Joxe Elizondo Niko eta Ernesto Merino Zutik eta Aralarko kideek hitz egingo dute. Koalizioaren nondik norakoak, helburuak eta martxoaren 14an aurkezteko arrazoiak azalduko dituzte eta hainbat gaien inguruko ikuspuntua era iritzia eman. Aralar-Zutik koalizioak hitzaldira azaltzeko gonbitea luzatu die hernaniarrei


‘Las invasiones barbaras’ pelikula Biterin gau
Las invasiones barbaras’ pelikula botako dute gaur Biterin, zine klubaren barruan. Rémy gaixorik jartzen da eta bere semea etorriko zaio eta dituen kontaktu guztiak erabiliko ditu aitari gaitza errazago pasatzen laguntzeko. Atzerriko pelikularik onenaren Oscarra lortu berri du Denys Arcand zuzendari duen pelikula honek. Gaur 22:00etan Biterin.

‘Hizkuntza eskubideak! Denon konpromisoa’ kanpaina martxan jartzeko bilera gaur
Kontseiluaren kanpaina martxan jartzeko herriko talde eta elkarteen bilera irekia egingo da gaur arratsaldeko 19:30eta Larramendiko lokaletan. Kanpainaren zutabe nagusiak dira elkarte eta enpresen konpromiso hartze dinamika berrindartzea, Akordio Sozio-Politikoa eta norbanakoen konpromiso prozesua.

Otegi eta Barrena Hernanin.
Ezker Abertzaleak kontzentrazioa egin zuen astelehenean Hernanin eta Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena buruzagiak bertan izan ziren. Barrenak gogor kritikatu zuen Ezker Abertzaleko ekitaldietan jasaten duten tratua, eta nabarmendu zuen hauteskundeetan Bergarako proposamena dela Euskal Herriaren aldeko inbertsiorik onena. Barrenak adierazi zuen larunbatean Donostiako Belodromoan egitekoa zuten ekitaldia galerazi egin dietela, baina, manifestazioa egingo dutela Antiguotik Bulebarrera.

Andoni Gortazar Karobiko lehendakari
Karobi Elkarteak igandean egin zuen urteko batzarra eta Andoni Gortazar izango da zuzendaritza berriko lehendakaria. Gortazarrek 12 laguneko taldea izango du laguntzeko datozen bi urteetan. Batzarra normaltasunez joan zen.

Gobernu Batzarraa
Lehen erabilerako lizentziak
Gobernu Batzarra bildu zen asteartean eta lehen erabilerako lizentziak ematea onartu du Estubegi baserri ondoko eraikinari, portu auzoko garaje bati, Epelako etxebizitza bati eta Remy-Harinerako pabiloi bati. Bestalde Gobernu Batzarrak baimena eman du Remy Harinera industrialdean jatetxe bat jartzeko. Bestalde onartu egin du Oraune Promociones SL-k udalari egindako 400 m2ko lokalen zesioa. Babes ofizialeko etxe batzuen promoziokoak dira lokal hauek eta oraindik erabakitzeko dago Udalak zertarako erabiliko dituen. Bestalde enpresak arautzeko lanean ari da Udalak eta zenbait lizentzia eskaerak igorri ditu Eusko Jaurlaritzara. Jaurlaritzako teknikariek eskaerak aztertu eta neurri zuzentzaileak jartzen dizkiete enpresei lizentziak eman aurretik.

Udal Aldizkaria
Elurteko argazkiak hurrengo alerako
Udal aldizkariak azken elurteko argazkiak atera nahi ditu datorren alean, herritarrek ateratako argazkiak hain zuzen ere. Nahi duenak Udaletxean edo Biterin utzi litzake argazkiak martxoaren 12a baino lehen, izena eta telefono zenbakiarekin. Udal aldizkariak onenak aukeratu eta aterako ditu.

Hernaniko igerilariek 12 domina lortu dituzte Gipuzkoako Txapelketan
Hernaniko igerilariek neguko denboraldi bikaina egin dute eta horren erakusgarri da Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan egindako lana. Andoainen jokatu zen Gipuzkoako txapelketa kadete eta infantiletan, eta Hernani nesketan hirugarren gelditu ziren sailkapen orokorrean eta mutilak 5garren. Bukaeran, Hernani 4garren geratu zen.
Bakarkako probetan ere fin ibili ziren Gipuzkoako txapelketan eta 12 domina ekarri zituzten: 2 urre, 4 zilar eta 6 brontze. Erreleboetan ere oso ondo aritu ziren, batez ere nesketan, parte hartu zuten errelebo guztietan zilarra lortu bait zuten Irungo Bidasoa taldearen atzetik.
Euskadiko kadete eta infantil txapelketan 12 igerilari gaztek parte hartu zuten: Ane Altuna, Leire Garcia, Amaia Valero,Miren Altuna, Leire Garcia, Eunate Belegain, Nadia Diez, Mañel Aizpurua, Xabier Andres, Julen Aldabe, Ioritz Aldabe eta Ion Ormazabal. Txapelketa honetan ere lortutako emaitzak ezin hobeak izan dira. Mañel Aizpuruak eta Anne Altunak 6. postua lortu bait zuten.

Buelta lehenengo orrira