Bildu
Hernanik osoko zuzenketa aurkeztu die
Udal Aurrekontuei “bere izaera baztertzaileagatik”
Aurrekontu proiektua atzera bota eta “prozesu ireki eta benetan
partehartzaile bat hasi eta Aurrekontu berriak aurkezteko” eskatu
dio Udal Gobernuari. Haurtzaindegiaren arazoa ez jasotzea, hilerrirako
inbertsioa berriz sartu izana eta Antziola-Latsunbe enlazean “dirua
alperrik gastatzen dela” ikusten du besteak beste. Lehengo legegintzalditik
oraingora Alkate eta zinegotzien soldatak eta dietak 100.000 eurotik
355.000 eurora igo direla salatu du plataformak.
Udal
Gobernu Taldeak aurkeztu du 2004rako Aurrekontu proposamena eta Bildu
Hernani plataformak eta oposizioko taldeek aurkeztu dituzte zuzenketak.
Bildu Hernanik osoko zuzenketa aurkeztu die Aurrekontuei, “3661
hernaniarren ahotsa guztiz baztertuta prestatu direlako” plataformaren
iritziz. Bildu Hernanik dio Alkateak galerazi egin nahi duela plataformak
Aurrekontu hauen eztabaidan parte hartzea eta horretarako “ahalik
eta informazio eskasena” eman diela.
“Bildu Hernaniko zinegotzi taldeari ez dio helarazi Aurrekontu
proiektuaren kopia alderdi politikoei dagokien eran eta epean”
salatu dute Udalera aurkeztutako osoko zuzenketan, eta Udal erroldan
idatziz eskatu arren emendakinak aurkezteko epea bukatzeko zorian zegoenean
jaso dutela erantzuna.
Manuel Frailek eta Ixiar Minerrek azpimarratu duten beste puntu bat
da Udala aurten Aurrekontu on bat egiteko aukera galtzen ari dela. Beren
hitzetan, Udalak diru partida haundiak jasoko ditu aurten: batetik Diputaziotik,
Errenta Aitorpenean uste baino gehiago bildu zuelako, eta bestetik aurreko
urteetan egindako obrengatik subentzio kontzeptuan (Alde Zaharra berritzeko
obrak, Tilosetako proiekturako, Zamorako etxeentzako eta abar) . Diru
sarrera horiek kontuan hartuta, Bildu Hernanik uste du herritarren beharrak
ondo beteko zituen Aurrekontua egin daitekeela.
“Aurpegia
garbitzeko maniobra”
Plataformak dio Udalak auzo elkarteekin “partehartze saiakera
bat egin arren, aurpegia garbitzeko maniobra soil bat” izan dela.
“Borondate argia balego beste alorretako talde, eragile sozial
eta Bildu Hernanik ere prozesu honetan parte hartu behar zutela begi
bistakoa baita” nabarmendu du.
Soldata
eta dietak
Bildu Hernanik Aurrekontuaren edukian ere ikusi du “atzera botatzeko
nahikoa arrazoi” eta horietako bat da zinegotzi eta Alkatearen
dieta eta soldatak. “Herriak aukeratu ez dituen agintari batzuk
aurrekoak baino hiru aldiz gehiagoko soldatak eta dietak jasotzen dituzte.
100.000 euro eskas behar ziren 2002 urtean, zinegotzi eta Alkatearen
soldatak ordaintzeko. 2004 urtean 355.000 euro beharko dira soldata
eta dietak ordaintzeko” esaten du plataformak.
Egitasmoz
egitasmo
Bildu Hernanik ados ez dagoen, eta falta diren zenbait proiektu edo
egitasmo ere aipatzen ditu. Besteak beste:
-“Haurtzaindegiaren arazoa ez du jasotzen. Eraikin propio bat
behar du zerbitzu honek, eta Traspakar edo berri bat bilatu, proiektua
egin eta beharrezko diru partida sortu behar da”.
- Udalbiltzari dirulaguntzarik emango zaionik ez dela azaltzen dio eta
“Euskal Herriak duen erakunde nazional bakarrari”, diru
laguntza ukatu egiten zaiola.
n Aprobetxamendu urbanistikoan eta eraikuntzen gaineko zergen diru sarrerak
zehaztasun gehiago behar uste du.
-“Euskera arloa beste arlo guztien azpitik” gelditu dela
dio eta oraindik ere arlo horretan zeregin asko dagoela.
- Kapritxoa iruditzen zaio Bildu Hernaniri, Hernanin igerileku irekia
egitea urtean 2-3 hilabetean erabiliko daitekeelako “Hernaniko
kiroldegian igerilekuan espazio falta nabarmena dagoenean”.
- 2003ko Aurrekontuetan atera ez eta orain hilerriko inbertsioa onartzea
salatu du plataformak eta horrek Aurrekontua puztu duela dio.
- Antziola-Latsunbe bidearekin egin nahi dutena “zentzugabea”
juzkatu du Bildu Hernanik. “Enlaze hori behar beharrezkoa dela
ikusi arren, bi norabidetan trafikoarentzat bidea zabaldu eta oinezkoentzat
dagokion bezala jartzeko azken ikutuak eman beharrean denbora eta dirua
aperrik gastatzen ari dira” diote.
Arrazoi hauegatik eta “erakutsitako jarreragatik” Aurrekontu
proiektua atzera botatzeko eskatu dio Bildu Hernanik Gobernuari “eta
prozesu ireki eta benetan partehartzaile bat hasteko.
Aralar-Zutik koalizioak aurkezpen ofiziala egin du
Joxe Elizondok eta Ernesto Merinok hitz egin zuten Sandiusterrin.
ARalar-Zutik
koalizioak ostegunean egin zuen Hernanin hauteskundeetako aurkezpen
ofiziala, Sandiustarrin izandako ekitaldian. Aralar-Zutik koalizioak
oinarrizko 7 puntuko hauteskunde programa osotu du Espainiako Kongresu
eta Senaturako. Honako hauek dira idea nagusiak: Euskal ezker zabal
eta plurala, biolentzia politikorik ez eta giza eskubideak guztientzat,
autodeterminazioa, eta irabazle eta galtzailerik gabeko gizartea. Aralarrek
kontra egin nahi dio “Partidu Popularraren harrokeria zentralista
eta antidemokratikoari” eta bere helburua da euskal gizarte ezkertiarra,
gizalege, solidaritate eta iraunkortasun gehiago duena.
Joxe Elizondo Niko hernaniarra Senaturako zerrendan dijoa laugarren
postuan. Aralar-Zutikek Madrilen ordezkaritza izatea espero du.
Futbola
Hernanik Zestoaren kontra partidua gaur
Hernanik Zestoaren kontra jokatuko du gaur arratsaldeko 16:30etan
Zubiaurren. Hernaniarrak azken aurreko dijoaz sailkapenean azkenekotik
6 puntutara. Zestoarrak aldiz sailkapeneko 10garren dijoaz, beraz ez
da partidu erraza izango hernaniarrentzat.