Andoni
Tolosa, ‘Morau’ - Musikaria
“Disko hau egitea oso prozesu konszientea
izan da, bestela duen borobiltasuna ez luke izango”
Andoni Tolosak ‘Txukalda’ laugarren diskoa kaleratu
du taldearekin batera. Bi urte pasa dituzte diskoko abestiak lantzen
eta grabaketak egiten. Country-rocka, oinarrizko rocka eta pop doinuko
abestiak entzun daitezke.
Andoni
Tolosa, Morauk, plazaratu du azkeneko disko berria. ‘Txukalda’
izeneko disko hau da taldearekin hasieratik landu duen aurreneko diskoa
eta abeslari hernaniarrak adierazitakoaren arabera diskoa egitea lan
haundiko prozesua eta emankorra izan da. Moraurekin batean diskoan parte
hartu dute: Beñardo Goietxek (gitarra eta ahotsak), Jexux Agirresarobek
(bajoa) eta Igor Mendiak (bateria), beste hainbat kolaboratzaile ahaztu
gabe.
‘Txukalda’ disko honetako abestietan entzun daitezke, kronika
sozial ironikoak, amodio eta desamodiozko kantuak eta kronika urbano
melankoniatsuak. Hori dena pop, oinarrizko rocka eta country-rock doinuz
lagunduta. Udaberrirako egingo dute diskoaren aurkezpen kontzertua Hernanin.
Zure diskoetan orain arte Morau izenarekin aurkezten zenuen
zure burua. Orain ‘Morau ta Agotak’ zarete, zer dela eta?
Aurreko diskoa aurkezteko sortu genuen taldea baina zuzenean jo eta
jotzeak, nituen abesti berriak ere taldearekin lantzera eraman ninduen.
Taldearekin disko hau lantzearena oso prozesua naturala izan da. Disko
hau talde lanaren ondorioz sortu da eta horregatik aurkeztu dugu diskoa
Morau eta Agotak izenarekin.
Zergatik aukeratu duzue Agotak izena taldea izendatzeko?
Agoteak, garai batean Baztanera iritsi zen etnia baten izena da. Euskal
Herrian agoteekin gertatu zena bazterketa sozial eta arrazakeriaren
adibiderik garbienetakoa izan zen. Uste dut Agoten jarrerak garbi erakusten
duela bizitzaren aurrean, musikaren aurrean eta euskaldun bezala munduaren
aurrean dugun jarrera. Gero eta agotago sentitzen gara. Musika tentelaren
diktadurapean gu agotak sentitzen gara, musika diferentea egin eta errebindikatzen
dugulako. Euskaldun hitza aipatzeak ere askotan agota bihurtzen gaitu.
Aurreko diskoetan baina denbora gehiago eman duzu disko hau
osatzen, ezta?
Denborarekin zure buruari gehiago exigitzen diozu. Lehenengo diskoa
bai ateratzen duzu zure egoa asetzeko baina laugarren diskoak zerbait
gehiago erakutsi behar du. Batez ere zure buruari. Diskoa poliki-poliki
eta presarik gabe egin dugu eta ahalik eta hoberen. Horrek eskatzen
du buelta asko ematea eta horregatik uste dut hau dela grabatu dudan
diskorik konszienteena. Oso prozesu gogorra eta emankorra izan da, bestela
diskoak ez zuen duen borobiltasuna izango.
Zer da disko hau aurrekoetatik bereizten duena?
Talde lana dela eta kantuetan homojeneitate gehiago dagoela. Izan ere,
aurreko diskoak dispersoagoak ziren. Alor grafikoan ere aldaketa nabarmena
dago eta Mattinek egin duen lana izugarria izan da.
Goiatz
Manzisidor eta Amaia Martinezek finalean
sartzeko pauso haundia eman dute atzo irabazita
Ia partidu guztian atzetik joan ziren hernaniarrak baina 28garren
tantoan aurrea hartu eta irabazi egin zuten. Bueltako partidua datorren
asteburuan, Intxaurrondon.
Partidu
gogorra eta berdindua jokatu zuten atzo Hernani eta Intxaurrondoko bikoteek,
Euskal Herriko txapelketako finalaurrekoan. Mirari Etxegia eta Ainhoa
Montes joan ziren ia partidu guztian aurretik, baina, hernaniarrek hobeto
eutsi zioten bukaerako presioari eta pelota gutxiago galduta meritu
haundiko garaipena lortu zuten. Montes atzelariak partidu izugarria
jokatu zuen, bai airez eta bai botez eta Hernaniko bikoteari kosta egin
zitzaion dominatu eta tantoa atzean sartzen.
Bueltako partidua Intxaurrondoko frontoian jokatuko dute datorren asteburuan.
Hernanikoa baino frontoi txikiagoa da Intxaurrondokoa, eta airez eta
erreboteatzen hobeto moldatzen denak eramango du partidua. Hernanik
bi tantoko aldea du oraingoz.
Lehia
estua
Euskal Herriko iazko txapeldunak dira hernaniarrak eta aurten ere txapela
lortzea da euren helburua. Joko puntu oso onean ez daudela diote, ordea,
txapelketan partidu gutxi jokatu baitute eta erritmo falta nabaritzen
dutelako. Lau bikote oso berdinduak daude finalaurrekoetan: Anoetako
2, Intxaurrondo eta Hernani, eta edonork irabazi lezake. Hernaniarrek
finalean izateko lehen pausua emana dute.
Jasota
Bezala -Gutunak
Egunero
da Martxoak 8
Hala izango balitz :
· Gizonezkoek emakumezkoekin banatuko lituzkete etxeko-lanak,
azken inkestek diote, aldiz, gizonezkoek emakumezkoek baina bi
ordu gutxiago sartzen dituztela etxeko lanetan eta duela urte
batzuk baino denbora gutxiago dedikatzen diotela.
· Emakume guztiek bozkatuko genuke baina, zoritxarrez,
Euskal Herrian badauzkagu emigranteak diren emakumeak bozkatu
ezin dutenak.
· Diskrimazioa saihesteko planik ez litzateke izango baina
Ciudad Juaren-en (Mexiko) 375 emakume erahil dituzte eta 500 desagertuta
daude. Agintariek feminizidio honekin ez dute ezer egin.
· Emakumeek enplegu duina izango lukete, ez da horrela,
ordea, gure lanak prekarioak dira edo kontratu gabeak. Pobreziak
emakume aurpegia du.
· Askatasun gehiago izango genuke estereotipoak apurtzeko,
nahi bai!, gero eta anorexia kasu gehiago dugu, ordea.
· XX. mendearen hasieran lortutako berdintasun juridikoa
gauzatuko litzateke baina duela hiru aste bi emakume hil zituzten
Hendaian biolentzia matxistaz.
· Emakumeek hezkuntzarako eskubidea izango lukete baina
munduan 65 milioi haur (neska ) ez doaz eskolara.
· Emakume gehiago arituko litzateke politikan baina ikusten
dugu zein nekez betetzen dituzten kuotak eta zein hurrenkeran
jartzen dituzten emakumeak.
· ...
· ...
· ...
Horregatik, egunero al da Martxoak 8? bai zera! Zerako zera. Nahi
bai!
Jone
Egaña
|