2004 urtea

Martxoak 9

Asteartea

Alea: 1042

‘Divinas’ antzerkian Jesukristo, Ama Birjina eta Maria Magdalena interpretatuko dituzte bihar, tono umoretsuan
Erabakia Ezker Batuak Gobernuaren proposamenari egindako zuzenketa batetik etorri da. EBk etxebizitzak alkilatzeko programa bat jarri nahi du martxan Hernanin.

‘Divinas’ obra antzeztuk du bihar Biterin, Oihulari Klown antzerki taldeak, Emakume langilearen egunaren bueltan antolatutako ekintzen barruan. Antzezlan umoretsua da Divinas, Virginia Imaz zuzendariaren hitzetan eta Jesukristo, Ama Birjina eta Maria Magdalena pertsonaiak interpretatuko dituzte. Ama Birjina ama perfektua izango da, beti entregatua eta pronto dagoena umeak zaintzeko. Jesukristori edozein eskaerari ezetz esatea kosta egingo zaio, harreman sentimental batean konprometitzeak beldurra ematen badio ere “laster hilko dela dakielako”. Maria Magdalena, berriz, emakume estresatua izango da, bere bizitza erabat entregatua duelako.
Zuzendariaren hitzetan helburua “gure buruaz parre egitea da” eta ez erlijioari ofentsa egin edo sinistunei parre egitea.

Larunbatean ipui kontaketa
Larunbatean Gunea garagardotegian martxoak 8a ospatzeko festa antolatu zuen Berdintasun Kontseiluak. Afalaurretik Bartzelonatik etorritako Nunilak emakumearen inguruko hainbat ipuin kontatu zituen eta festara hurbildu zirenak parrez lehertu arazi zituen. Afalostean, bi disko jartzaile hernaniar, Kuzu eta Umeboshi, izan ziren musikaz giroa alaitzen.
Bestetik atzo, hainbat emakume Goiz Argi tabernan elkartu ziren martxoaren 8a afaria eta poteoa eginez ospatzeko.


Gureola enpresa inguruko urbanizazio proiektua, Gobernu Batzarrera gaur
Partzela bi zatitan banatu eta bi pabeloi joango dira. Batean Gureola enpresa, eta beste enpresa bat.

Gobernu Batzarrak 11 puntuko gai ordena izango du gaur eta horietako 3 Floridako industria leku bati buruzkoak dira. Gureola Celulosas Hernani enpresa ondoko partzela urbanizatu egingo dute eta 2.000 eta 2.500 m2-ko bi pabeloi egingo dituzte. Gaurko Gobernu Batzarrak Urbanizazio proiektua eta Konpentsazio Egitasmoaren hasiera onarpena aztertuko ditu. Horretaz gain Balantxan egiten ari diren 25 etxe bizitza proiektuari buruzko tramiteko aldaketa planteatuko da. Kardeberaz kaleko 11-5 garren etxe berritzeko eskaera ere aztertuko du Gobernuak.


Saskibaloia
Hernanik 38-36 irabazi zion Joyeria Ayestaran taldeari eta pausu haundia eman du lehen mailara igotzeko
Partidu bat irabazi eta bat galdu dute hernaniarrek igoera fasean eta 4garren dijoaz 3 punturekin. Datorren asteburuan Loyolaren kontra jokatuko dute.

Hernaniko saskibaloi taldeak pausu haundia eman zuen joan den larunbatean, datorren urtean kadeteen Gipuzkoako lehen mailan jokatzeko. Joyeria Ayestaran Donostiako taldeari 38-36 irabazi zieten hernaniarrek eta ondo kostata. Zonan defendatu zuten hernaniarrek gehientsuenean eta donostiarrei kanpotik jokatu arazi zieten. Donostiarrek zona barruan jokatzeko talde hobea zuten, baina, ez zuten asmatu ondo antolatutako zona hori erasotzen. Horrek eta erasoan lortutako errebote mordoak eman zion garaipena hernaniri neurri haundi batean. Gaizkientsuna kanpo guztiko presiotik ateratzen pasa zuten hernaniarrek eta baloi asko galdu zuten partiduko zenbait unetan, baina, azkenean puntuak etxean gelditu ziren.
Datorren asteburuan Loyolaren kontra jokatuko dute hernaniarrek eta bigarren garaipenaren bila joango dira.


Pedro Galardi Peña Otañoko lehendakari berria

Peña Otañok egin berri du urteko asanblea eta aurten zuzendaritza aldatzea egokitzen zen. Datozen bi urteetan Pedro Galardik hartuko du Jose Mari Odriozolak utzitako lehendakari kargua, eta Antonio Hernandez izango da diruzain berria.
Batzarrak aho batez onartu zuen 2003ko balantzea eta zuzendaritzak proposatutako beste zenbait puntu garrantzitsu ere onartu zituen. Horietako bat da bazkide izan nahi duenari ahalik eta erreztasun gehiena ematea. Orain artean 50 urte baino gutxiago eduki behar ziren Peña Otañon bazkide egiteko eta baldintza hori kentzea erabaki zen. Horretaz gain, orain arte batzarrak bakarrik zuen bazkide berriak hartzeko agintea. Horrek zekarrena zen bazkide egin nahi duenak asko itxaron behar izatea. Orain zuzendaritzak bazkide berriak hartzeko aukera izango du, nahiz eta azken hitza batzarrak izango duen.
Bestalde, Peña Otañoko batzarrak erabaki zuen orain duen lokalaren ondoan beste bat (50 metro ingurukoa) hartzeko aukera aztertzea, oraingo zerbitzuaren osagarri gisa erabiltzeko.


Miguel Angel Garin beteranoentzako munduko txapelketan, Alemanian
Bere helburua pentlatoian lehen 6retan sartzea da.

Espainiako txapelketan domina sorta atera ondoren beteranoentzako munduko txapelketa jokatuko du Miguel Angel Garinek Alemaniako Sindelfingen herrian, Studgar ondoan. Bihar hasiko dira probak, baina, Garinek etzi hasiko du txapelketa, pentatlonarekin. 50 urtetik 55 urte arterakoetan mundu guztiko 27 parte hartzaile izango dira eta Garinek 8garren markarik onena du. Bere helburua 6 aurrenekoetan sartzea izango da.
Beste 2 probatan ere konpetituko du Garinek larunbatean: altuera jauzian eta 60 metro hesietan. Hemen zailagoa izango du goiko muturrean ibiltzea, maila oso altuko jendea izango baita.

Bajuxeago
Garinek Kronikari esan dionez, ez dago Espainiako txapelketan izan zuen sasoi puntuan, hankeko arazo batzuk baititu. Azken 15 egunetan ez du nahi bezela entrenatzerik izan, baina, motibatua dago txapelketa on bat egiteko. Berak dioenez esperientzia hartzeak ere asko balio du eta Donostian udaran jokatuko diren Udarako Muntuko Txapelketarako asko balio diezaioke Alemanian ikasiak.
Bestalde, Joxe Mari Garin ez da izango Alemanian, sailkatuta egonagatik ez baitago sasoirik onenean.

 

 

 

Bertsolaritza
Oiartzunek irabazi zuen Arritxulon, ‘GR-4’ txapelketako lehen saioan

Hernani, Oiartzun, Orio eta Lasarteren arteko bertso txapelketako lehen saioa izan zen Oiartzunen, Arritxulo aterpetxean. Oiartzun eta Hernani neurtu ziren eta etxekoek irabazi zuten. Estitxu Eizagirre, Jon Iraola eta Agin Rezolak ezin izan zuten Jon Martin, Juanito Mitxelena eta Ander Lizarralderekin. Hernanik hurrengo saioa apirilaren 3an du Orioren kontra.


Xabier Legarreta bigarren Leitzako finalaurrekoan
Larunbatean jokatu zen Nafarroako Txapelketako lehenengo finalaurrekoa Leitzan eta Xabier Legarreta aranoarra, eta Hernaniko bertso eskolako kidea bigarren gelditu zen, saio txukuna eginda. Estitxu Arozena izan zen lehenengo eta finalera zuzenean sartzeko txartela lortu zuen. Legarretak ere aukera haundiak ditu finalean izateko. Bestalde, igandean ere izan zen finalaurreko bat eta Xabier Silveirak lortu zuen finalera pasatzeko txartela.


Mendiriz Mendi
Ibilaldi neurtua Añorgan
gaztetxoentzat
Datorren igandean, martxoak 14, ibilaldi neurtua dago Añorgan gaztetxoentzat, Gipuzkoako Eskola Arteko jokoen barruan. Hernanin goizeko 08:15etan da zita Atsegindegin eta ibilaldia 09:00etan hasiko da Añorgako frontoi ingurutik. Izena emateko Mendiriz Mendin, osteguna edo ostiralean, arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara.


Tibet

Udala Tibeteko herriaren alde
Tibeteko Etxea fundazioak eskatuta udalak onartu du bihar, asteazkena, Tibeteko bandera jartzea Udaletxean, Txinako gobernuak Tibeteko herriari egiten dion jazarpena salatzeko. Gaur 45 urte, miloi bat eta berrehun mila tibetar hil zituzten fundazioak jakitera eman duenez eta ehun mila tibetar baino gehiago exiliora derrigortu zituzten. Ordutik, oinarrizko eskubideak zapaltzen ditu Txinako gobernuak, fundazioak zabaldutako agiriak dioenez: erlijioa, eta adierazpen askatasuna, besteak beste. Udal asko dira gaur Tibeteko herriaren alde bandera jarriko dutenak.

Txantxangorri Elkartea
Urteko batzarra igandean

Datorren igandean egingo du Txantxangorri elkarteak urteko batzarra. Lehen deialdia 09:30etan da eta bigarrena 10:00etan. Juan Delibes de Castro ohorezko elkartekide izendatzeko proposamena dago eta Klubeko zuzendaritza berria aukeratu behar da. Oraingoz ez da inor aurkeztu eta litekeena da oraingo zuzendaritzak segitzea.

Txantxangorri Elkartea
Museko partidak bihar
eta et
zi
Buruz buruko 3garren eliminatoriako partidak jokatuko dira bihar eta etzi Txantxangorrin. Bihar: Javier Oscoz/Miguel Montenegro eta Joxe Etxarri/Luis Garaiar. Ostegunean: Monroy II/Bixente Goikoetxea eta Fernando Galan/Daniel Carrera.

Buelta lehenengo orrira