2004 urtea

Otsailak 1

Igandea

Alea: 1005

Marisol Yaben - Argazkilaria
“Argazkilaritzari buruz dakitena besteei transmititzea da nere pasiorik haundiena”
Argazkiak ateratzen bere kabuz hasi zen, baina dakien gehiena Gipuzkoako Soziedade Fotografikoan, GSfan, ikasi zuen. Lau urte daramazki Biteriko argazki klaseak ematen eta GSFko direktibako kidea da.

Marisol Yaben argazkiak ateratzen bere kabuz hasi zen duela 25 bat urte Londresera joan zenean. Etorri zenean Gipuzkoako Soziedade Fotografikoan sartu zen buru-belarri, eta berak esandakoaren arabera, han ikasi du dakien gehiena. Orain, bertako direktibako kidea da eta interesa duen duen mundu guztiari laguntzen diola esaten du. Lau urte daramazki Biteri kultur etxean argazkilaritza klaseak ematen eta datorren astean bukatzen da matrikula egiteko epea. Argazkilaritzan sakontzeko ikastaroa da eta horri buruz hitz egin digu, besteak beste.

Zer da Biteriko ikastaroan ikasten dena?
Bi kurso daude, hasierakoa hemendik gutxira bukatuko da. Eta orain matrikulatzeko aukera dagoen hori argazkilaritzan sakontzeko kursoa da. Hasierakoan ikasten da kamara ulertzen eta kamaratik atera dezakeguna konprenditzen. Nahiko teorikoa da baina beharrezkoa da, izan ere sakontze ikastaroarekin jarraitu ezkero han ikasten dena praktikan jartzen da eta ikusten da teoria guzti hori asimilatu egiten dela. Sakontzeko ikastaro honetan erretratoak ondo ateratzen ikasiko dugu, paisajeei argazkiak ateratzen, gauetan argazkiak ateratzen, eta abar.

Zein asmorekin matrikulatzen da jendea ikastaro horietan?

Ikastaro hasieran test bat egiten degu eta denek berdina diote: argazki onak atera nahi dituztela. Argazkiak ez borroso ateratzea eta argazkiak ez erretzea da bilatzen dutena. Baina kamarak zer eman dezakeen ezagutzen ez dutenez, ez dira konturatzen zenbat gauza egin ditzaketen.

Nola ikasi zenuen zuk argazkiak ateratzen?
32 urte nituela Londresera joan nintzen eta bertan geratu nintzen 4 urtez. Denbora librea nuenez argazkilaritzan hasi nintzen, asko gustatzen zitzaidan-eta. Argazkilaritzari buruzko aldizkariak irakurtzen nituen eta han ikusitakoa praktikan jartzen saiatzen nintzen. Handik bueltatu eta Gipuzkoako Soziedade Fotografikoan sartu nintzen eta han zegoen jendeari eskatu nion nerekin zorrotzak izateko. Han ikasi det orain dakiten gehiena.

Zer egin behar da argazki onak ateratzeko?
Lehenengo teknika menperatu behar da. Baina argazkiak ateratzera ezin zera teknizismoekin joan, azken finean argazkilaritza artea da-eta. Paisaje baten aurrean adibidez, egin daitekeena da paisajeari begira denbora luzean egon eta ondoren paisaje horrek zerbait esaten dizunean argazkia atera. Besteek egindako argazkiak kopiatzen ere asko ikasten da, argazki horretan gustatu zaizun hori kopiatzen, hain zuzen ere.

Ze iritzi dezu kamara digitalei buruz?
Egia esan, kamara analogikoak gehiago gustatzen zaizkit. Gaur egun dauden kamara digitalek ezin dute eman kamara analogikoak ematen dituzten prestazioak. Hala ere, denborarekin asko hobetuko dira digitalak. Argazkilaritzak ematen duen satisfakzioa da obra osoa hasieratik bukaerara zuk egiten dezula: argazkia atera, errebelatu, eta abar.


BDX Saxofoi Laukoteak entzule asko bildu zuen

Judith Montero saxofoilari hernaniarra eta beste hiru gaztek osatzen duten BDX Laukoteak entzule askoren arreta piztu zuen Milagrosan. Lauak ere formazio haundiko musikoak dira eta gozatu ederra eman zioten Milagrosan bildu zirenen belarriei. Judith Monterorekin batean, Esteban Vila Tormo, Jose Luis Garcia, Vincent Minguet eta Sue Wang aritu ziren. Guztiak Bordeleko kontserbatorioan elkartu dira eta han sortu dute BDX taldea.


Mahai tenisa
Hernani-Helios gaur kiroldegian

Bigarren Liga Nazionaleko taldeak C.N. Helios taldearen kontra jokatuko du gaur 10:00etan Hernaniko kiroldegian. Hernaniarrak oso leku onean daude sailkapenean.
Bestalde, joan den asteburuan, Hernanik Gipuzkoako Liga irabazi zuen.


- Jasota bezala

Kiroldegiko arazoak: Putxerazoaren ondorioak
BILDU HERNANIk Kiroldegian piztu den gatazka dela eta bere hausnarketa zabaldu nahi du herritarren aurrean:
1. Lehendabizi azaldu nahi diegu gure elkartasuna eta gure laguntza osoa igerilekuko begiralei. Eredugarria da eramaten ari zareten borroka: epaitegietan irabazi duzue, herritarren sentsibilizatzea lortu duzue eta agerian utzi duzue udal agintari hauen harrokeria eta jauntxokeria.
2. Langile hauei bere eskubide guztiak onartu behar zaizkie eta irtenbide zuzen bakarra du gatazka honek: kontratu indefinituak egitea langile hauei, epaileek agindu duten bezala.
3. BILDU HERNANI poztu egiten da Hernaniko Ezker Batuak hartu duen jarrerarekin. Dena den gogoratu nahi dugu gatazka hau sortu dela egungo udal gobernu taldeak langile hauek kaleratu nahi izan dituenean eta gobernu horretan EA-PNV eta Ezker Batua daudela. Beraz Ezker Batuak hobe luke bere erantzunkizunak aztertzea eta ez beste batzuen gain uztea.
4. BILDU HERNANIk goraipatu nahi du ezker abertzaleak azken legegintzan egindako lana. Egia da lau urte horietan ezin izan zaiela jasotako arazo guztiei konponbide definitiboa eman. Baina adibidez kasu honetan beti bilatu da langile hauen egoera hobetzea eta beraiekin batera irtenbide adostu batera iristea. Herritarrek BILDU HERNANIri gehiengoa eman zioten lanean jarraitzeko baina Madrileko faxistek inposatutako neurriak gehi hemengo alderdi politiko batzuen konplizitateak herritarren nahia bahitu eta bortxatu dute.
5. BILDU HERNANIk azpimarratu nahi ditu putxerazoaren ondorioak: langileen aurkako neurriak bultzatzen ari dira: lehen Ongintza Patronatuan -zorionez bertan behera geratu zirenak- eta orain Kiroldegian; Urnietako erraustegiaren alde bozkatu dute udal ustel honen ordezkariek; Abiadura Handiko Trena proiektuari erraztasun guztiak ematen zaizkio; hirigintzan erabaki susmagarriak hartzen ari dira... Eta guzti honetan bai EA, bai PNV eta bai Ezker Batua erantzuleak dira.

Hibai Aristimuño Zubillaga
BILDU HERNANIko Zinegotzia

Bandaren kontzertua arkupetan gaur
Hernaniko Musika Bandak kontzertua emango du gaur eguerdiko 13:15etan, Udaletxeko arkupetan. Kontzertuan lau pieza joko dituzte bandako musikariek.


Pelota
Amezketa eta Azpeitia elkarren kontra, Berria Txapelketan

Gaur goizeko 11:00etan hasita, Berria txapelketako partiduak jokatuko dira Hernanin. Amezketako Zazpiturri eta Azkoitiko Ilunpe taldeak arituko dira elkarren kontra.


Santa Barbara elkartean urteko batzarra gaur
santa Barbara elkarteak urteko batzarra egingo du gaur. Bertan egingo dira joan den urteko balantzea eta 2004ko aurreikuspena. Bi konbokatoria daude: lehendabizikoa 10:00etan eta bigarrena 10:30etan.


Juan Maria Uriarte gotzaia gaur Hernanin
Juan Maria Uriarte gotzaiak meza emango du gaur, 12:30etan Hernaniko San Juan Bataiatzailearen parrokian. Bisita pastoralaren barruan, bailarako lehendabiziko meza da gaurkoa.


Udal Informatika Aretoa astelehenetik asteazkenera
egutegia aldatu du Udal Informatika Aretoak. Bihartik aurrera astelehen, astearte eta asteazkenetan egongo da irekita: (15:30etatik 21:30etara). Ostegun, ostiral eta larunbatetan itxita egongo da. Egun horietan Liburutegia eta KZ Guneko zerbitzuak erabili daitezke.

Goiz Eguzki Jubilatu Elkarteak eskerroneko plaka eman dio Orona Kooperatibari
Goiz Eguzki Jubilatu Etxeak eskerroneko plaka eman dio Orona Kooperatibari. Oronak urtero ematen dio Jubilatu Etxeari helburu sozialetarako laguntza. Hori eskertzeko Manuel Fernandez Jubilatuen lehendakariak eta Andoni Unanue zuzendaritza kideak Jokin Esnal Oronako zuzendariari eskura eman zioten argazkian ikusten den plaka.

Musika beltza
Musika Beltza gaur Goiz Argin

Goiz Argi tabernan Musika Beltza izango da gaur arratsaldean. Aritz Sound System-en eskutik aukera izango da musika gozatzeko, besteak beste, reggae, rap, dub, funk, soul, afro, brasil, ragga... estiloekin. Gaur, 16:00etatik 20:00etara, Goiz Argin.

Txantxangorri
Mus Txapelketa bihartik aurrera
Txantxangorri elkarteak bihar emango dio hasiera urteroko Mus Txapelketari. Aste honetan astelehenetik ostegunera jokatuko dira partidak. Bihar lau partida jokatuko dira: Ormazabal-Julio/Pako-Pantxo; Txato I-Txato II/Javier-Pello; Luis-Josetxo/Oa-Pepe; eta Joxe-Mikel/Balantxa-Balantxa. Partidak afal garaian jokatuko dira, eta zerbaitegatik atzeratu behar izan ezkero, aste honetan bertan jokatu beharko dira.


Inzineradora
‘Arnasa Hernani’ plataformaren bilera gaur
Inzineradoraren kontra sortu berri den Arnasa Hernani plataformak bilera egingo du datorren asteazkenean. Bilera horretan Inzineradoraren kontrako kanpaina prestatuko da, eta zaborrari zein aterabide eman dakiokeen ere hitz egingo da. Bilera, datorren asteazkenean, otsailak 4, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean.

Errugbia
Hernani-Durango gaur
Aieten, 11:30etatik aurrera.

Buelta lehenengo orrira