2004 urtea

Otsailak 11

Asteazkena

Alea: 1015

Julio Urkixo Ibarra ikerlariari buruzko erakusketa dago Biteri kultur etxean, otsailaren 20 arte
Ikusgai daude hizkuntzalaritza, literatura, historia eta euskal kulturari buruzko lanak, argazkiak, dokumentuak, garaiko beste hizkuntzalariak eta abar. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.

Julio Urkixo Ibarra (1871-1950) euskal kultura eta hizkuntzak izan duen ikerle ezagunenetako bati buruzko erakusketa dago Biteri kultur etxean. Urkixo Deustuan jaio zen eta Donostian hil eta Donibane Lohitzunen egin zituen bere lanetako asko. Politikan ere oso sartua ibili zen Urkixo eta Karlos VII erregegaiaren hurbileko lankideen artean ibili zen, familiaz Karlista sutsua izaki. Euskaltzaindia sortu zutenetako bat izan zen, 1918an, eta Real Academia de la Lengua Españolako kide eta Eusko Ikaskuntzako zuzendari. Gerra Zibilaren etenaren ondoren, 1943an Real Sociedad Vascongada de Amigos del País erakundeko lehenda-kari izendatu zuten, eta 1949an Gipuzkoako seme kuttun.

Bibliografo lana
Urkixok bibliografo lan haundia egin zuen. Diotenez Euskal Herriko bazterretik bazterrera ibili zen liburu zaharren bila eta Europako hiri nagusietan ere aritu zen langintza horretan. Revista Internacional de los Estudios Vascos sortu zuen eta sakabanatuta eta oinarri sendorik gabe zeuden euskal ikerketei oinarria jarri zien. Euskal klasikoen testuekin argitarapen asko kaleratu zituen: Etxepare, Axular, Tartas, JM Zabala, Oihenart eta abar luze bat.

Idatzi asko
Idatzi ere asko egin zuen Urkixok: El refranero vasco, Refranes de Garibay, Volapuk (esperantoaren antzeko hizkuntza artifizialean idatzia), eta abar.
Hil aurretik bere lana Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zion Urkixori eta gaur egun Koldo Mitxelena Kulturunean gordea dago osorik.
Biteri kultur etxeko erakusketan Urkixok egindako lanaren ikuspegi osoa azaltzen da, alor desberdinetan egindako lanaren azalpen didaktiko bat. Otsailaren 20ra arte astelehenetik ostiralera egongo da irekita, 18:00etatik 20:00etara.



Uholdeek 210.000 euro inguruko kalteak utzi dituzte Zubipen eta Landaren
Zatirik haundiena Kontsortzioaren gain joango da. Klubak eta Kirol Patronatua konponbide onena zein izan litekeen aztertzen ari dira.

Urtarrilaren 24ko uholdeek 210.000 euroko (lehengo 35.000.000 pezeta) faktura utzi dute Zubipe eta Landareko kirol instalazioetan, 12 talderen denboraldia hankaz gora jartzeaz aparte. Zubipen egin diren garbiketa lanak (Landaren egiteko daude) Udaletxeak egin ditu, baina, kalteen zatirik gehiena Seguro Kontsortzioaren gain joango da.
Patronatuko datuen arabera, Zubipeko zelaia konpontzea 132.000 euro kostako da, garbiketa lanak aparte. Landare bere onera ekartzea, berriz, 37.000 euro.
Kluba eta Kirol Patronatua konponbide onena zein den aztertzen ari dira, baina, denboraldi erdi-erdian egoteak konplikatu egiten du kontua.
“15 egunetan jokatzen hasi”
Rikardo Ramos CD Hernaniko lehendakariaren ustez, futbol zelaia ondo ez, baina, jokatzeko moduan dago. Bere iritziz, konponbiderik onena da zelai inguruko zenbait gauza konpondu eta hamabost egunetan jokatzen hastea. Eta denboraldia bukatzean, orduan bai, aldatu beharrekoa aldatu, belar berria jarri eta konponketa osoa egin. CD Hernanik dio Zubipen jokatu ezin den asteburu bakoitza eromena dela: taldeentzako zelaiak bilatu, jendea batera eta bestera ibili beharra, afizioarentzako traba...
Kirol Patronatuak ulertzen du CD Hernaniren jarrera, baina, besteak beste gauza bat ikusten du argitu beharrekoa: orain Zubipeko zelaia jokatzeko moduan dagoela erabaki ezkero, Kontsortzioak jarri beharreko 132.000 euroak gero emango dituen. Atzo iluntzean bertan Patronatuko eta CDHko ordezkariak biltzekoak ziren egoera nola konpondu aztertzeko.

Landaren, txostenaren zai
Patronatuak egindako txostenaren arabera, Landarerako soluzio posible bat da aurrekoan egin zen garbiketa sistema bera: makina sartu, lokatza kendu, hondarra bota eta gero belar hazia bota. Hori 37.000 euro kostako da. Horrek, ordea, oso luze jo lezake eta Landareko arduradunak bigarren zelaia jokatzeko moduan jartzeko aukera aztertzen ari dira. Patronatua txosten horren zai dago zer egin erabakitzeko.



Hitzaldiak Urumea ikastolan, 2-12 urte
arteko umeen gurasoentzat

Urumea ikastolan hitzaldiak izango dituzte bihar eta datorren bi asteazkenetan. Guraso seme-alaben arteko harremanekin eta familia-hezkuntzarekin lotutako psikologia ebolutiboa da hitzaldietako gaia eta 2-12 urte arteko umeak dituzten gurasoei zuzendua da. Hitzaldiak Jose Amiama psikopedagogoak emango ditu, 14:45etatik 16:15etara.


Jardunaldi irekiak ikastetxeetan

Inmaculada ikastetxeak ateak irekiko ditu gaur ikastetxea ezagutu nahi duen jendearentzat. Arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara egongo da ikastetxera joateko aukera. Bestalde Langile ikastolak datorren astelehenetik ostegunera izango ditu ateak irekita Meabe ikastetxean, goizetan 10:30etatik 11:30etara eta arratsaldean 15:30etatik 18:00etara. Urumea eta Elizatxo ikastetxeetan nahi denean joan liteke ikastetxea ikustera.


Kiroldegiko frontoia alkilatzeko
ordu-zozketa otsailaren 26an

Kiroldegiko frontoian ordua hartzeko zozketa otsailaren 26an da eta eskaerak egiteko epea zabalik dago. Kiroldegiko bulegoan bertan apuntatu behar da, goizeko 08:00etatik 14:00ak arte egoten da zabalik. Izena ematerakoan, talde osoaren izenak eta kontu korronte baten zenbakia eman behar dira. Zozketatzen diren orduak arratsaldeko 19:00etatik 21:45etara bitartekoak dira eta frontoia urte osorako hartzen da. Eguerditan, berriz, ez da zozketa egin behar izateko adina jende ibiltzen.


AEKn ikastaroak “euskera eguneroko bizitzara hurbiltzeko”

Hernaniko AEKk ikastaroak antolatu ditu “ikasleak euskera eguneroko bizitzara hurbildu eta modu naturalean bizitzea bultzatzeko”. Orain artean zeramika, dietetika eta argazkigintza ikastaroak izan dituzte eta AEKko arduradunen hitzetan emaitza oso ona izan da. Maila desberdinetako jendearentzat izan dira ikastaroak eta Hernaniko jendeak eman ditu, gai bakoitzean dabilen jendeak. Bestalde AEKk jakinarazi du matrikulazioa zabalik dagoela, Larramendi 11n. Telefonoa 943 557801.


Pedro Cano ‘Pitu’ren epaiketara joateko autobusa jarriko dute egunero
Datorren astelehenetik asteazkenera Pedro Cano Pitu epaituko dute Madrilen. Hernaniarrari babesa emateko autobusak jarriko dituzte, Madrilera egunero joan eta etortzeko. Izena Garin tabernan eman behar da, eta datorren larunbata da azken eguna.



Bola
Ibon Miner lehen hernaniarra
Ereñotzun. Regularidadeko tiraldia izan zen joan den igandean Ereñotzun eta Josu Lasa lasartearrak irabazi zuen 49 brilarekin eta Josu Lazkano ategorrietakoa gelditu zen bigarren, hau ere 49 brilarekin. Hirugarren Ibon Miner hernaniarra izan zen 47 brilarekin eta bosgarren Joxe Mari Usabiaga, hau ere 47rekin. Pedro Oiarbide eta Migel Burugain 7 eta 8garren gelditu ziren 46na brilarekin. Sailkapen orokorrean Antonio Miner da lehen hernaniarra, 5garren 132 brilarekin; 9garren Migel Burugain dago, 131rekin eta 13garren Migel Arrospide, 130 brilarekin. Hurrengo tirada, igandean Urnietan.

Txantxangorri
Mus Txapelketako partidak gaur
Txantxangorri elkartean mus txapelketako partidak daude gaur: Goñi-Bilbao Oa-Peperen kontra eta Carrera-Basilio Pako Pantxoren kontra.


DYA

Larrialdi ikastaroa astelehenetik
DYA-k antolatuta larrialdi ikastaroa hasiko da datorren astelehenean Inmaculada ikastetxean. Ikastaroa 3 astekoa da, otsailaren 16tik martxoaren 5era eta astelehenetik ostiralera izango dira klaseak, 19:30etatik 21:30etara. Bukaeran frogak gainditzen dituenari DYA Gipuzkoak eskaintzen duen Sorosle titulua emango zaio. Ikastaroan izena emateko ez da aurrez ezagupenik izatea eskatzen eta egunerokotasuneko arrisku egoerei nola erantzun erakutsiko da. Izena emateko deitu DYAra: 943 464622. Ikastaroaren prezioa 60 euro dira.

Kinto Bazkaria
53ko kinto bazkaria otsailaren 22an

Datorren igandea zortzi, otsailak 22, 53ko kintakoak elkartuko dira, 1932an jaiotakoak. 12:30etan hildako kintoen aldeko meza izango da Parrokian eta familiar guztiak daude gonbidatuta. Meza bukatzean bazkaria egingo dute Txantxangorri Elkartean. Guztira 40 bat lagun bildu ohi dira.

Buelta lehenengo orrira