2004 urtea

Otsailak 16

Astelehena

Alea: 1020

Joseba Lizeaga Gipuzkoako Txapeldun eta Eider Aldabe bigarren atzo Landaren, 41garren Adarraga memorialean

Korrikalari gazteek Gipuzkoako Kross txapelketa zuten atzo Landaren eta hernaniarrek paper bikaina egin zuten berriz ere. Mutiletan Joseba Lizeaga lehenengo izan zen infantil mailan, 3.110 metroak 11:23 denboran eginda. Mikel Von Wichmann 14garren izan zen, Txomin Lizeaga 18garren eta Manex Pagola 20garren. Nesketan Eider Aldabe bigarren izan zen infantiletan, 2.350 metroak 9:24 denboran eginda. Txapeldun Eider Algaba goierriarra izan zen 9:09ko denborarekin. Alebinetan Tamara Lozano eta Mario Callejak irabazi zuten eta lehen hernaniarra Ane Villaberde izan zen, 7garren tokian. Gipuzkoa guztiko 271 korrikalari gaztek hartu zuten atzo parte, Landaren Gipuzkoako Txapelketako probatan.

Pepe Adarragaren omenez
Adarraga memorialaren barruan jokatzen da Gipuzkoako Txapelketa, Pepe Adarraga zenaren omenez. Atzo semea, Antton Adarraga, izan zen sariak ematen eta berak esan zigun Pepe Adarraga eta bere kideak nola korrika ibiltzen ziren apretei Lasarteko Michelindik ekarritako goma pusketak jarrita. Pepe Adarraga izan zen Klub Deportiboa fundatu zuenetakoa eta lehen lehendakaria. Aurtengoa 41garren memoriala izan da.


Udalak Hernani, Lasarte eta Usurbil batuko dituen autobus zerbitzua sortzeko eskatu dio Diputazioari
Diputazioak erantzun du mobilidade estudio bat egingo duela Buruntzaldean, beharrak ikusi eta erantzun bat emateko. Andoni Amonarraiz Zerbitzuetako Zinegotzia gustora azaldu da Diputazioaren erantzunarekin.

Hernaniko Udalak autobus zerbitzu berria sortzeko eskatu dio Diputazioari, Hernani, Lasarte eta Usurbil elkartzeko. Joan den azaroan egin zion eskaria Andoni Amonarraiz Zerbitzuetako Zinegotziak Diputazioko Garraio Zuzendariari. Kronikara bidalitako prentsa oharrean dioenez Udaleko Zinegotziak Hernaniko autobus zerbitzuak dituen gabezien berri eman zion, eta Hernani, Lasarte, Usurbil eta Urbil zentro komertziala batuko dituen autobus linea bat sortzea egokia litzatekeela esan zion.

Mobilidade estudioa
Diputazioaren erantzuna izan da Buruntzaldean mobilidade estudio bat egingo dutela, inguruak dituen beharrak ikusteko. Amonarraizek gustora hartu du erantzuna eta esan du “herriz kanpoko garraio zerbitzua Diputazioaren konpetentzia da eta berari dagokio zerbitzu hau jartzea”. Honez gain dio mobilidade azterketak herriak elkartuko dituen autobus zerbitzua ekartzea espero duela, “herrien arteko komunikazio arazoak konpondu eta kotxea eta garraio pribatua erabili beharrik ez izateko”.


Iñude eta Artzaiak Hernanin barrena

Urumea ikastolak antolatuta iñude eta artzaien festa egin zuten atzo Hernaniko kaleetan, 11-16 urte arteko 150 bat gaztek. Txarangak lagunduta salto eta dantza ibili ziren herrian barrena, eta kale ertzetan jende dezente elkartu zen seme alabak ikusi eta argazkiak ateratzera.


Jasota Bezala (Gutunak)

Mila muxu eta zaplazteko
pare bat

Aupa Hernani!
Soto del Realeko espetxean isolaturik gauden bi herrikide gara eta mila gauza dauzkagu esateko. Lehenik eta behin eskerrak eman gure etxeen miaketa burutzen ari ziren bitartean kalean oihuka jardun zenuten guztioi. Ez dakizue ongi zenbat animatu gintuzten zuen garrasi eta zaratek. Txakurrak ere zeharo harrituta zeuden han bildu zen jendetzarekin. Faltan genuen indarra eman zeniguten eta hori ez dugu sekula ahaztuko. Aislamentuan gauden arren abokatuak esan zigun jendetza itzela mobilizatu dela gure atxiloketaren inguruko ekitaldietan. Badakigu gure senideek ere laguntza eta babes handia jaso dutela zuetako askoren aldetik. Mila muxu denentzako! Gabon egunetik gaur arte ez dugu apenas gutaz esan denaren berririk ere, baina esan digutenaren arabera gezurrez lepo bete dira albistegi, programa eta egunkarietako orri ustelak. Propagandarako erabili dute gure atxiloketa eta igarri ahal izan dugunez putre gehiegiri bete zaio ahoa gure inguruko tertuliatan. Izanen da denbora gauzak argitzeko baina esan nahi duguna da gezur sorta ederra egin dela publiko eta dena ez dela gertatu esan duten bezela.
Zoritxarrez gure herriak bizi duen gatazkaren islada gara, enfretamentu baten alde bateko biktima, eta lagunak eta familia ere zorizko biktima. Egoera honek, ordea, amaiera du; Euskal Herriaren subiranotasuna, autodeterminazio eskubidearen onartzea eta ejekutatzea. Oztopoak ere gehiegi dira, ordea. Espainiar eta Frantziar gobernuen itxikeriaz gain beren burua abertzaletzat duten baina prozesu hau bultzatzen ez dutenen koldarkeria. Hartu beharreko erabakietan kokiltzen diren artean luze joko du gatazkak, interes partidista eta pertsonalak bake prozesu posible baten aurretik jarriak dituztelako. Herrian atrako bidez lorturiko bozkaz gobernatzen dute batzuek, izen abizenekin, eta EA, PNV, IU, Aralar eta Batzarre bezelako siglen atzean izkutatzen dute koldarkeria guzia, tartean tartean arrotzen diren arren.
Mila bider esan dugu hor geundenean eta ozen diogu hemendik ere: “¡Jugamos todos o pinchamos el balón!”. Bidea bakarra da, konpromezua.
Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkizuegu berriz ere gure alde mobilizatu zareten denoi eta baita gure senitartekoei eman diezuen laguntzagatik ere. Baina denak ez dira loreak izango. Argi eduki behar dugu denek manifestazioetan biltzeak soilik ez gaituela oso urrutira eramango eta denok inplikatu behar dugula, bakoitzak ahal duen esparruan eta ahal duen bezela. Guk ere, presoen kolektiboko kide bezala agente aktibo izan nahi dugu Euskal Herriaren egunerokotasunean eta, nola ez, gure bihotzeko Hernanin.
Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten. Maite zaituztegu zinez!
Gora Euskal Herria aske, Euskaldun eta Sozialista!

Gorka Loran eta
Gari Arruarte

(Soto del Real -Modulo 15- Aislamentua)
2004ko urtarrilaren 1a

Askatasunak Pedro Mari Kano ‘Pitu’ren kontrako epaiketa salatu du
Askatasuna erakundeak Auzitegi Nazionalean egunotan egitekoak dituzten epaiketak salatu ditu eta horien artean Pedro Mari Kano Pituren kontrakoa. Askatasunak dio epaiketa hauek “estatu espainolaren beste errepresio tresna bat” direla eta “Euskal Herriaren ukazioa eta anikilazioa” bilatzen dutela. Egoeraren aurrean erantzun zabala eman behar dela dio Askatasunak.

Aralarko Patxi Zabaleta eta Mikel Basaberen hitzaldia bihar
Aralar ezker independiente Ezker independentista izenburu duen hitzaldia emango dute bihar Patxi Zabaleta Aralarko koordinatzaileak eta Mikel Basabe Aralarko bozeramaileak, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean. Jorratuko dituzten gaietako batzuk dira: Aralarren ibilbidea, gaur egungo egoera politikoaren azterketa eta estrategia armatuaren zein autonomismoaren porrota, nola ikusten dituen Aralarrek martxoko hauteskundeak, zein pausu eman diren aliantza politikoak definitzeko orduan, Nafarroa Bai ekimena eta abar. Kronikara bidalitako prentsa oharrean dioenez, informatu eta iritziak trukatzeaz gain Aralarrek beren aldeko laguntzaile sare bat osatu nahi du biharko hitzaldian, prest dagoen jendearekin.

Hitzaldia bihar Urumea ikastolan
‘Gazteak gaur egun’ izenburuarekin hitzaldia dago bihar, asteartea, Urumea ikastolan. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan da Elkano kaleko edifizioko liburutegian.

Orreaga eta Behatokiaren aldeko
mus txapelketako partidak Hernanin
Orreaga Nafar elkarteen bilguneak antolatuta 5garren mus txapelketa jokatuko da Euskal Herrian eta Hernanin ere badira partidak. Martxoaren 13an jokatuko dira eliminatoriak, Xalaparta elkartean, 15:30etan hasita (zozketa bertan egingo da). Irabazleek eskualdeko beste herrietako irabazleen kontra jokatuko dute eta eskualdeko txapelduna Barañainen, maiatzaren 30ean jokatuko den finalera pasako da. Izen ematea martxoaren 1a baino lehen egin behar da Zikuñaga, Riojano, Aralar, Deportibo, Onyi, Aitan Etxe, Etxe Berri eta Elkano tabernetan. Bikoteko 20 euro.

Sariak bidaietan
Bikote irabazleak Kubara 2 bidaia irabaziko ditu; bigarrenak, Kanarietara 2 bidaia, eta landaetxeetan asteburuak pasatzeko sariak ere izango dira.

Dirua Orreaga eta Behatokiari
Bildutako dirua “euskal kulturaren inguruko erakundeei” ematen zaie Orreaga elkarteak jakinarazi duenez eta Nafarroa Oinez, Gara eta abarri eman izan diote orain arte. Aurten Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Orreaga Elkartea berarentzat izango da bildutako dirua. Orreagak jakin arazi du diru laguntza gehienak kendu dizkiotela eta “ito zorian” dagoela aurten. Horregatik bere burua indartzeko ere erabiliko du bosgarren mus txapelketa honetan ateratako dirua.

Xakea
Hernanik 2-2 berdindu Beraunen kontra
Hernanik berdinketa ekarri zuen larunbatean Beraundik. Fernando eta Ixidro Esnaolak tablak egin zituzten, Breogan Estevezek irabazi egin zuen eta Gerardo Plazak galdu. Jardunaldi bakarra gelditzen da lehen fasea bukatzeko eta Hernaniko lehen taldea bigarren dijoa eta mailaz igotzeko aukera haundiekin.

Futbola
Hernanik 0-2 irabazi Añorgari
Emakumezkoen ligako taldeak jokatu zuen atzo Añorgan eta hiru puntuak etxera ekartzea lortu zuen Hernanik. Teorian partidu zaila zuten zuri berdeek, Añorga sailkapenean 3garren baitijoa, baina, Hernanik neurria hartu zion eta nahiko erraz gainditu zuen etxeko taldea.

Waterpoloa
Hernanik 8-8 berdindu zuen atzo Leioan
Hernanik irabazteko moduko partidua berdindu egin zuen atzo Leioan, eta partidua galtzeko zorian ere izan ziren. Hernaniarrak ondo hasi ziren baina partiduak aurrera egin ahala bera egin zuten eta bukaeran 3 gol azpitik ere joan ziren. Azkenean partiduari buelta eman eta partidua berdintzea lortu zuten Hernaniko neskek.

Pelota
Esnal-Jaio Buruntza Txapelketatik kanpora
Iñaki Esnal eta Jaiok Etxaniz II eta Galartza IVaren kontra jokatu zuten joan den ostiralean Buruntza Txapelketako final laurdenetako partidua eta hernaniarrak eta Jaiok galdu egin zuten 22-12. Honenbestez Buruntza Txapelketatik kanpora gelditu dira.

Aizpitarte finaletik pausu batera
Euskal Herriko txapelketako finalaurrekoetan da Beñat Azpitarte eta asteburuan lehen partidua irabazi dio Eder Ibarra Sopelako pelotariari, 22-17. Datorren asteburuan izango da Bueltako partidua.

 

Buelta lehenengo orrira