2004 urtea

Otsailak 17

Asteartea

Alea: 1021

Ongintzak Gizarte zerbitzu guztietako partidak diru partidak haunditu nahi ditu
Patronatuak 5.430.475 euroko aurrekontua aurkeztu du. Andoni Amonarraiz: “Aurrekontu honekin Ongintzak ematen dituen zerbitzuak zabaldu egingo dira, eta baserrietan bizi diren pertsonei ere iritsiko zaizkie”.

Ongintza Patronatuko zuzendaritza batzordeak 2004 urteko aurrekontu proiektua onartu berri du, eta orain Plenoak eman behar dio azken onarpena. Ongintzak 5.430.475 euroko proprama aurkeztu du eta diru partidak haunditzea planteatu du gaur egunean ematen dituen zerbitzu guztietan. Andoni Amonarraiz Ongintzako Lehendakariak adierazi du aurrekontu horrekin orain artean ematen diren zerbitzuak zabaltzeaz gain, baserrietan bizi direnengana ere iritsiko direla. Zenbakietan hitz eginda, aurten 500.000 euroko inbertsioak egingo dira. Gastu korrientea iazko 1.435.532 eurotik 1.939.868 eurora pasako da. Bestalde, Ongintzakoa zen Lan eta Formazio saila orain Hezkuntzarekin batera dago.

Etxeko laguntza
Diru partida gehiago jasoko duen zerbitzu bat etxeetan egiten den laguntza zerbitzua da. Laguntza hori bere kasa moldatzeko arazoak dituztenei ematen zaie eta garbitasun lanak eta beste zenbait zerbitzu izaten dira. 2003an, Ongintzak 22.000 ordu eman zituen eta 2004an 32.000 izango dira. Amonarraizek adierazi du igoera honekin zerbitzu hori jasotzeko zai zeudenek egunean ordubeteko zerbitzua izango dutela.
Ongintzako Lehendakariak azpimarratu duen beste puntuetako bat da Eguneko Zentroan beste sei pertsonentzako lekua jarriko dela eta horrela orain arte zegoen itxaron zerrenda kenduko dela.
Oinarrizko Zerbitzu sozialetan eta Pisu tutelatuak berritzeko inbertsio garrantzitsuak proposatu ditu Ongintzak. Patronatuak 19 pisu tutelatu ditu
Bestalde, Jubilatu Etxean 70.000 euroko inbertsioak planteatzen dira etxea eta etxe ingurua konpontzeko eta Sandiusterrin 314.000 euro inbertituko dira barruko instalazioak berritzeko.

Sandiusterri haunditzeko Diputazioaren zai
Sandiusterriko Zaharren egoitzak ematen duen zerbitzua legedi berrira moldatzeko pausoak oraindik erabat emateko daude. Horietako bat da gela berean ezin dutela hiru pertsona egon eta gela portzentaje batek pertsona bakarrekoa izan behar duela. Sanduisterrik 116 pertsonentzat lekua du gaur egun eta horiek mantentzekotan edifizioan moldaketa haundi bat egin edo egoitza haunditu egin beharko litzateke. Hori 3 miloi euro inguru kosta liteke. Andoni Amonarraiz ziur dago Foru Aldundiak bereak diren zerbitzuak legera egokitzeko bideak jarriko dituela.


Hernaniko Inauteriak oroituz liburua aurkeztuko dute bihar Biterin
Hernaniko inauterien 25garren urteurrenaren bueltan egin dute liburua n Aurkezpena, bihar 20:00etan Biterin n Ostiraletik aurrera salgai egongo da.

Gerra ondorenean inauteriak berriz hasi ziren ezkero 25 urte bete dituzte aurten eta hori aitzikia hartuta liburu bat egin dute Hernaniko inauterien historia eta festaren inguruko kontuak biltzen dituena. Sei lagun aritu dira lana koordinatzen eta herriko jende askok idatzi ditu erreportaiak eta 12 elkarrizketa ere badaude. Lana Udalak lagundu du diruz. Bihar, osteguna, egingo dute liburuaren aurkezpena Biteri kultur etxean, arratsaldeko 20:00etan.

Inauterien bilakaera
Liburuaren egileek diotenez, lan hau egitean argi ikusi dute zein bilakaera izan duten inauteriek Hernanin. Hogeigarren mende hasieran festa garrantzitsuenak ziren inauteriak Hernanin, baina, gerra garaian galerazi egin zituzten, eta berriz egiten hasi ziren ezkero ez dute garrantzia berdina izana eta San Joanak bihurtu dira herriko festa nagusi.

Protagonista desberdinak
Festetan protagonista izandako jendearen eta elkarteen artikuluak daude: ikastola, konpartsa, kalderero eta abar eta inauterien alderdi historikoa elkarrizketa bidez bildu dute asko, jende helduari egindako elkarrizketak baitira gehienak. Lanaren egileak esan digutenez, jendeak esateko asko du inauteriei buruz, eta ahal zen gehiena biltzen saiatu badira ere, dena ezin izan dute sartu. Lana bizitzeko argazki asko eta koloreak erabili dituzte. Liburua ostiraletik aurrera salgai egongo da Hernaniko liburudendetan.


Ertzaintzak testiguen laguntza eskatu du ostiraleko istripuaren arrazoiak argitzeko

Ertzaintzak testiguak eskatu ditu lehengo ostiralean I.R.R 10 urteko hernaniarraren heriotza ekarri zuen istripuaren arrazoiak argitzeko. Ezbeharra arratsaldeko 19:24etan gertatu zen, GI-2132 errepidean (Hernani eta Galarreta artean). Peugeot 405 turismo batek harrapatu zuen umea eta Ertzaintzak zergatiak jakin nahi ditu eta horretarako eskatu du testiguen laguntza. Daturen bat duenak Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitatera deitu lezake. Telefonoa 943 53 91 25.


 

Inmaculada zentroak Inauterietako ekintzak suspenditu egin ditu dolu seinaletan
Inmaculada Ikastetxeak jakin arazi du, guraso elkarteak eta irakasle taldeak hala erabakita, ez dutela parte hartuko Inauterietako ekintzetan. Iban ikastetxeko haurraren heriotz dolua dela eta erabaki dute ostiraleko haur festan eta igandeko konpartsan ez parte hartzea.

Manifestazioa gaur
Pedro Mari Kano Pituren kontrako epaiketa salatzeko manifestazioa dago gaur, arratsaldeko 20:00etan plazan.

Hitzaldia gaur autoestima eta adoleszentziari buruz
Hernani Institutuak antolatuta hitzaldia dago gaur Biterin, arratsaldeko 18:30etan. Autoestima eta adoleszentzia du izenburua hitzaldiak eta Begoña Etxeandia psikologoak emango du. Institutuko gurasoei eta interesa duen beste edonori luzatu diete gonbitea antolatzaileek.

Andragoton bideo emanaldiak trukeari eta 'La bola de cristal' programari buruz
Andragoto ateneoan bideo emanaldia dago gaur trukeari buruz, arratsaldeko 20:00etan. Bideoa emateaz gain, saiatuko dira dirua erabili beharrean truke bidez funtzionatuko duten sare bat sortzen Hernanin eta horretarako prest dagoen jendeak aukera izango du sare hori sortzeko lehen urratsak emateko gaurko emanaldian.
‘La bola de cristal’
Andragoto ateneoan La bola de cristal telebistan garai batean bota zuten programari buruzko bideo emanaldiak ere ari dira botatzen ostegunetan. Bihar hirugarren bideo emanaldia izango da, arratsaldeko 19:30etan. Azkeneko bideo emanaldia bihar zortzi izango da, otsailaren 26ean, ordu berdinean.

Euskera zerbitzuak zenbait kultur elkarteren balantze eta egitasmoak aztertuko ditu gaur
Euskera Batzordeak Udalaren laguntza jasotzen duten zenbait kultur elkarteren balantze eta proposamenak aztertuko ditu gaur: Dobera Euskara Elkartea, Hernaniko Kronika, BEAH eta Euskal Herrian Euskerazena, hain zuzen ere.
Horrekin batera, gaurko bileran Paper zaleak, Behatokia eta Kontseiluaren laguntza eskaerak ere aztertuko ditu Euskera Batzordeak, arratsaldeko 17:00tatik aurrera.

Hauteskundeak
Mahaikideak izendatu ditu Plenoak
Espainiako Hauteskunde Orokorrak martxoaren 14an dira eta Plenoak astelehenean izendatu zituen Hernaniko 25 mahaietan egongo diren kideak. Zozketaz egiten da izendapena eta 9 lagun izendatzen dira mahai bakoitzerako: lehendakari bat 2 bokal eta postu bakoitzerako 2na ordezko. Plenoko zozketaren emaitza Donostialdeko Hauteskunde Juntara bidali du orain Udalak eta Juntak notifikazioak ematean banatuko dizkie Udalak dagozkienei. Alegazioak Donostian egin behar dira Atotxako edifizioan. Hernanin 25 hautesmahai daude, 7 eskoletan banatuta: Biteri, Elizatxo ikastola, Larramendi 11, Zikuñagako eskola zaharra, Txirrita eskola, Langile ikastola eta Elizatxo Gabriel Zelaia. Guztira 225 hernaniar izendatu dituzte 25 hautesontzi horietan egoteko eta ordezko izateko.

Inzineradora
Inzineradoraren kontrako taldeak bilera gaur
Inzineradoraren kontrako taldea erraustegi proiektuari aurre egiteko prestatzen ari da eta bilerak egiten dituzte. Gaur da bilera 19:30etan Biterin eta dei egiten diete erraustegiaren kontra dauden guztiei.

Waterpoloa
Unibertsitateko finala bihar Hernanin
Gipuzkoa eta Bizkaiak jokatuko dute Unibertsitate mailako waterpolo txapelketako finala Hernanin. Gipuzkoako gehienak hernaniarrak dira. Partidua bihar 13:45etan da. Kiroldegiak gogora arazi du garai horretan piszina itxita egongo dela..


Inauteri festa zaharren egoitzan
Inauteri festak badatoz eta Santa Mª Magdalena Zaharren Egoitzan prestatu dute aurtegorako egitaraua. Txapelketak, meriendak pelikulak eta abar dituzte ostiraletik igandera eta mozorro festa ere izango dute, larunbatean 17:00etan. Horrez gain aurreko festetako diapositiba emanaldia dute igandean, arratsaldeko 17:30etan. Gabonetako eta San Sebastian eguneko diapositibak izango dituze.

 

Buelta lehenengo orrira