2004 urtea

Otsailak 24

Astelehena

Alea: 1027

Sardina erreta bukatuko dira gaur inauteriak
Ekitaldia Gudarien plazan egingo da arratsaldeko 18:30etan. Atzo, neska-mutil gazteen axeri dantza izan zen protagonista nagusia, eta eguerdian Potxin eta Patxin pailazoek gozatu zituzten umeak.

Ostiralean hasi eta gaur bukatuko dira Hernaniko inauteriak, etenaldi luze baten ondoren egin diren 25garrenak, hain zuzen ere. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da sardinaren entierroa Gudarien plazan, eta lutuzko prozesioa atzetik dela Kardaberaz eta Kale Nagusitik buelta egin ondoren, plazan erreko dute. Iaz, txapapote arrastoak zituela etorri zen sardina, eta ikusteko dago aurten zer ekarriko duen.

Gazteak axeri dantzan
Azken 15 urte inguruan bezala, gazteen axeri dantza izan zen atzoko ekitaldi nagusietakoa. Txistulariek lagunduta eta axeri zaharren erakutsira, sokako 16 neska-mutil gaztek eta axeriak gozatu ederra eman zieten kalean barrena zebiltzan gazte eta helduei. Urtero koadrila berria izaten da eta gaztek ilusio haundiz hartzen dute axeri dantzako protagonista izatea. Ekitaldiak iraun zuen ordu eta erdian Kaxkoan ez zen hotz haundirik, 180 maskuri behar izan baitzituzten denak gustora uzteko.
Axeri dantzaren ondoren, Potxin eta Patxin pailazoak izan ziren Biteri plazan. Arratsaldean, erraldoi, buruhaundiak eta Hortzmuga taldeak berotu zuten giroa.


Gurasoentzat ikastaroa seme-alaben partehartzea eta ardura lantzeko
Ikastaroa Hernani Institutuak antolatu du eta astelehenero izango da, maiatza arte. Izena emateko epea hilaren 26an bukatuko da: 943 551958.

Hernani Institutuak gurasoentzat ikastaro berezi bat antolatu du seme-alaben partehartzea eta ardura lantzeko bideak emateko. Martxoaren 1etik maiatzera iraungo duen ikastaro honek lau helburu nagusi ditu: 1) Lanean eta familia bizitzan seme alabak parte hartzera motibatzeko estrategiak landu, 2) gurasoen komunikaziorako gaitasuna eta jarrerak hobetu elkarkidetzan eta errespetuan oinarritutako bizimodua hobetzeko, 3) familiako erantzukizunen desarroiloan oinarritutako autoritatea eta demokrazia baloreak bultzatu, eta 4) erantzukizuna lortu nahi denean eguneroko egoera konfliktiboei konstruktiboki aurre egiten ikasi.

Astelehenero, 18:00etatik 20:00etara Biterin
Gurasoei zuzendutako ikastaroa astelehenetan izango da Biterin eta denera 8 gai konkretu landuko dituzte: familia lana, familia ardurak, seme-alaben partaidetza, komunikazioa familian, erantzukizunaren kontua, familiako gatazkak nola konpondu eta abar. Ikastaroa datorren astelehenean hasiko da eta gaia honako hau izango da: Familia lana, ikusezina ikusgai egin.

Era praktikoan
Institutuak adierazi du programa era praktikoan eta talde dinamikan egiteko antolatuta dagoela. Horretarako, 15-25 pertsonako taldeak osatuko dira. Bi orduko saioak izango dira eta lehendabizi gaiari buruzko sarrera egingo da, bigarrenenean ekintza praktikoak eta azkenik ondorioak bildu, hurrengorako etxeko lan eta guzti.
Matrikula 30 euro da pertsonako eta taldea osatzeko izena emandako txanda errespetatuko da.


Hernani Ak irabazi eta Hernani Bk galdu

Xake partidak izan dira joan den asteburuan eta lehen eta bigarren taldeak emaitza oso desberdinak lortu dituzte. Hernani Ak 3,5 eta 0,5 irabazi dio Gros E-ri. Fernando Esnaolak, Mikel Apezetxeak eta Jesus Navascuesek irabazi egin dute eta Harkaitz Bereziartuak tablak egin ditu. Honenbestez, Hernanik sailkapeneko goikaldean segitzen du eta mailaz igotzeko aukera haundiak ditu.
Bestalde, Hernani Bk 0,5 eta 3,5 galdu zuen Fortuna Bren kontra. Tablak Txema Orellanak egin zituen eta Joseba Goikoetxeak, Magi Ijurkok eta Iosu Arrietak galdu egin zuten. Hernani B-ri igotzeko aukerak asko zaildu zaizkio Fortunaren kontrako partida galduta.


25 urteko lanaren saria

Elizatxo elkartean 25 urtetan garbiketa lanak egiten aritu den Matilde omendu zuten pasa den ostiralean. Matilde jubilatu egin da eta Elizatxo elkarteak 25 urte hauetan egindako lana eskertu nahi izan dio. Hori dela eta, elkarteak urte hasierako batzarrean erabaki zuen Matilderi eta bere senarrari Tenerifera joateko bidaia oparitzea eta omenaldi afaria egitea. Afarian bertan eman zizkioten bidaiarako txartelak eta baita lore sorta eder bat ere.

 

Askagintzak gazteentzako formazio ikastaroa antolatu du sexualitatea eta drogei buruz
AsKagintza taldeak formazio ikastaroa antolatu du droga eta sexualitateari buruz eta izen ematea zabalik dago. Ikastaroaren helburua da prebentzioan, gizarte lanean eta gizarte hezkuntzan sakontzea eta gazteei begira dago antolatua. 30 orduko ikastaroa da, eta astelehena bitartean dago izen emateko epea, Askagintzan, bertan edo 943 336080 telefonora deituta. Astelehen arratsaldean bilera egingo da 17:00etan Askagintzan, interesatuta daudenekin, zer ordu eta zein egunetan eman erabakitzeko.

Karobi elkarteak igandean egingo du batzar nagusia
kAROBI elkarteak igande honetan, hilaren 29an, egingo du batzar nagusia. Batzarreko gai ordena da: aurreko asanbleako akta onartzea, 2003ko balantze ekonomikoa irakurri eta onartzea, Zuzendaritza Batzordea aldatzea, bazkideen altak eta bajak eta eskariak eta galderak. Batzarra 9:30etan da Karobi elkartean.

Hitzaldia bihar Urumea ikastolan
Urumea ikastola hitzaldi ziklo bat egiten ari da 2-12 urte arteko seme-alaben garapenaren inguruan. Hitzaldien helburua da seme alaben garapenaren ezaugarriak ezagutzea, euren autoestima sendotzeko. Gaur garapen afektiboari buruz hitz egingo du Jose Amiama psikopedagogoak.

Txantxangorri Elkartea
Mus txapelketa
Aste honetan ere Txantxangorri elkarteko mus txapelketako partidak jokatzen ari dira. Gaur, M. Loinazek Pablo Ruizen kontra jokatuko du buruz buru eta B. Goikoetxeak Joxe Etxarriren kontra. Bi bitara Pako-Patxo/Carlos-Javiren kontra eta Goñi-Bilbao/Joseba-Rafaren kontra ariko dira.

Astigarraga
‘Hitz Desehortzia’ pelikula Hitz Desehortzia pelikula botako dute gaur Astigarragako kultur etxean, arratsaldeko 20:00etan. Asteartero ari dira pelikulak botatzen “ixiltasunaren aurka” kanpainaren barruan. Gaurko pelikulak Guatemalako gobernuak eragiten zituen 200.000 indigenen heriotza kontatzen du eta bizirik ateratako maya baten historia.

Buelta lehenengo orrira