Bost
film labur Biterin, martxoaren 3an
Basurdea, Belarra, Dortokaren uhartea, Terminal eta Topeka filmak
botako dituzte Dobera Euskara Elkartearen eskutik. 2003an arrakasta
haundia izan duten euskerazko 5 film dira.
Iazko
euskerazko 5 film laburrik onentsuenak herriz herri emango dituzte,
Topagunea Euskara Elkarteak antolatu eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta.
Dobera Euskara Elkartearen eskutik etorriko da emankizuna Hernanira
eta egingo dituzten 22 saioetatik lehenengoa izango da Hernanin: Biterin,
martxoaren 3an, arratsaldeko 19:30etan. Bost filmeen ondorenean Asier
Altuna zuzendari bergararrak hitzaldia emango du.
Gaur egunean ez dago film laburrak ikusteko toki edo zirkuitu asko,
eta hori izan da Topagunea film laburren emankizun hau antolatzera animatu
duena. Hernanin ezezik Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 21 herritan
emango dituzte film labur hauek, herrietako Euskara Elkarteen bitartez.
Basurdea:
Mikel eta Joxi arrantzaleek basurdea bilatuko dute mendian, perretxiko
bila dabiltzala. Historio odoltsu, gogor eta neketsua biziko dute.
Zuzendaria: Ane Muñoz Mitxelena hondarribiarra.
Aktoreak: Anartz Zuazua, Xinboen Alkain eta Ernesto
Barrutia.
Iraupena: 14 minutu.
Belarra:
Emakume bat baserri alboko belardira irtetzen da arropa esekitzera,
semea besoetan duela. Urrutian gizon bat ari da segan. Bapatean
saskian exerita dagoen haurra altxa eta belardian barneratzen
da...
Zuzendaria: Koldo Almandoz donostiarra.
Aktoreak: Iker Pernas, Ainara Gurrutxaga eta
Peru Almandoz.
Iraupena: 10 minutu.
Dortokaren
uhartea:
Espaziotik izaki bat etortzen da dortoka formako uharte batetara.
Izakia Ainhoa da, asma duen 9 urteko neska. Gau batez uhartean
irauteko desafioa izango du.
Zuzendaria: Maru Solores donostiarra.
Aktoreak: Ane Ormazabal, Egoitz Lasa, Gerardo
Romero, Javier Gurrutxaga eta Maiken Beitia.
Iraupena: 15 minutu.
Terminal:
Autobus gidari batek susmoa du hil egin dela sarritan ikusi ohi
zuen neska yonkia. Damu zaio lagundu ez izana. Baina, handik gutxira
neska bizirik agertzen da...
Zuzendaria: Aitzol Aramaio ondarrutarra.
Aktoreak: Miguel Ángel Solá, Blanca
Oteiza, Ramon Barea, Mariví Bilbao eta Loli Astoreka.
Iraupena: 12 minutu.
Topeka:
Herri txiki bateko gizonek zirkulu bat osatzen dute bertako plazan.
Zirkuluaren erdian bi ahari talkan ari dira...
Zuzendaria: Asier Altuna bergararra.
Aktoreak: 2 ahari eta 80 lagun.
Iraupena: 3 minutu eta 30 segundo.
|
Hezkuntza
Batzordeak haurtzaindegiaren gaia aztertuko du gaur
Gaur arratsaldean Hezkuntza, Formazio eta Lan Batzordeak bilera berezia
egingo du haurtzaindegiaren inguruko bi punturekin. Puntu bat haurtzaindegiko
tasei dagokio, eta Batzordera dijoan proposamena datorren kurtsoan %
2,6 igotzea da, KPI (IPC)aren igoera estimazioa. Azkeneko erabakia hilabete
honetako Plenoak hartuko du seguruena. Bigarren puntua, haurtzaindegiaren
leku berriarena da. Txema Mercado Batzorde buruak Kronikari adierazia
dio proposamena dela Haurtzaindegi berria Monteseko azpi batean joatea,
lekua hartarako egokituta. Transpakarren egindako azterketek esaten
dute hango zoruak mugimendu arriskuak dituela eta haur eskolak Udal
jangelan jarraitzen du.
San
Joanetarako ekitaldiak aurkezteko epea martxoaren 1etik 18ra da
Martxoaren 3an Jai Batzordearen bilera egingo da, Biterin 18:00etan.
Gero
eta gutxiago falta da San Joanetarako eta Kultura Batzordeak aurreneko
pausoak eman ditu programa osatzeko. Festetan ekitaldiak antolatzen
dituztenek edo asmoa dutenek martxoaren 1etik 18ra dute eskaria egiteko
epea.
Proposamen orriak Udaletxean izaten dira eta eskarian adierazi behar
dira ekitaldia beraz gain, hura egiteko behar diren elementuak (aulkiak,
megafonia...) eta aurrekontua. Proposamenak Udaletxeko erregistroan
utzi behar dira, goizeko 09:00etatik 13:00atara bitartean.
Lehenengo
bilera
San Joanetako Jai Batzordeak martxoaren 3an egingo du aurreneko bilera,
asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan.
Sardina
plazan erreta, agur inauteriei
Bukatu
dira 2004ko inauteriak Hernanin, atzo sardina plazan erreta. Jendeak
negar gogotik egin zuen eta lutoz jantzita herriko neska mutil askok
segi zioten sardinari eta bere azken orduei. Suak sardina erretzeko
eta jendea berotzeko balio izan zuen, behin ilunduta hotz haundia egin
baitzuen inauterietako azken egunean.
Karnabalen azkena egun tristea bada ere, atzeraxeago izan zen prozesioan
festa giroan atera zenik, txistulari eta dultzaineroen laguntzarekin
eta mozorroaren babesean.
Hogeitabostgarrenak
Aurtengo inauteriak 25garrenak dira, gerra garaian moztu eta Hernanin
berriz ospatzen hasi ziren ezkeroztik. Inauterietako festek garai batetik
behera egin dutela jakinekoa da, baina, aurten ere jende askok parte
hartu du ekitaldietan eta kalean ere giroa eta jendea izan da, bai eguneko
eta bai gaueko festan.