2004 urtea

Otsailak 26

Asteazkena

Alea: 1029

Soinu Azterketaren Bigarren fasea
Udalak Zikuñagako Papelerako soinuak jaisteko
neurriak hartuko ditu

Azterketak dio Papelerak iaz baino soinu haundiagoa ateratzen duela eta legeak jarritako neurritik gora dabilela. Soinu horrek Osiñaga eta Zikuñagakoez gain, Atzietako bizilagunak ere kejatu arazi ditu.

Udalak soinu azterketaren bigarren fasearen emaitzak aurkeztu berri ditu eta bi ondorio nagusi ikusten dira: 1) Zikuñagako Papelerak iaz baino ere soinu haundiagoa ateratzen du eta kejak Atzietako bizilagunenganaino iritsi dira. 2) Floridan AMR enpresak, Epelen Atofinak eta beste zenbait enpresak iaz baino soinu txikiagoa ateratzen dute, horretarako hartutako neurriei esker.
Udala kezkatuta dago papelerak sortzen duen soinu kontaminazioa konpontzeko bidean ez egoteaz gain, oke-rrera dijoalako eta neurriak hartzea erabaki du. Iñaki Arratibelek zuzentzen duen Ingurugiro Batzordeak udal teknikariari plan bat egiteko agindu dio neurriz kanpoko soinu horiek jaisteko. Itxura denez, Papelerak produkzioa haunditu izana eta motorrak kanpoan egotea izan liteke soinu horiek sortzeko arrazoietako bat. Soinu horrek Osiñaga, Zikuñaga eta Atzietako jendearen kejak ugaritu ditu.
Udalak agindutako azterketak jasotzen duenez, Jaurlaritzak ez dio enpresari inongo inpaktu azterketarik eskatu izan azken urteotan, eta orain enpresak azterketa oso bat eskatua du egoera ikusi eta konponbiderako proposamenak bilatzeko. Azterketa horren emaitzak urtarrilerako espero dituzte.

Trafiko soinua
Hernanin kontaminazio akustikoa sortzen duen beste elementu garrantzitsua trafikoa da. Lehenengo fasean Zinkoenean eta Urumea Ikastola ondoko kruzean neurtu zen soinua. Orain beste bi trafiko gune neurtu dira: Oialume eta Mandazubi arteko bariantea, eta Latsunbeko sarrera. Bai batean eta bai bestean, soinuaren neurria legeak diona baino haundiagoa da. Latsunbeko bidea inguru erresidentziala da eta egunez 60 dezibelio arteko soinua da neurri egokia eta estudioak 68 db-ko batez bestekoa atera du. Baina ordu puntatan ia 90 db-raino iritsi da. Legeak 60 dbtik aurrera inguru kontaminatua kontsideratzen du, eta 74tik aurrera oso kontaminatua.
Trafikoak sortutako soinuei dagokionez, Iñaki Arratibelek Kronikari adierazi dio Udalak trafikoaren gaia puntuz puntu aztertuko duela, eta leku eta arazo bakoitzarentzako soluzio propio bat proposatuko duela.


Sagastialden 10.000 pertsonentzako karpa montatzen ari dira Sagarrondotik jaialdirako
Karpa, janari postua, txosnak, komunak eta bizilagunak babesteko bailatua montatuko dituzte, besteak beste. Kontzertu egunetan 450 pertsona arituko dira lanean.

Sagarrondotik jaialdiak ostiral eta larunbat honetan Hernanin eskainiko ditu kontzertuak eta Sagastialde auzoan prestatzen ari dira halako jaialdi haundiak beharrezkoak dituen azpiegiturak.
Sagastialden 10.000 pertsonentzako karpa montatzen ari dira eta horrekin batera, txosnak eta komunak montatuko dituzte. Janari postua ere prestatzen ari dira eta bertan bokadilo eta oilaskoak egongo dira salgai, besteak beste. Sagardoa ere ez da faltako eta kupeletatik edan ahal izango da gainera. Kontzertuaren eremu guztia bailatua egongo da, bizilagunen terrenoak babestearren eta Sagastialdeko karretera irekita egongo da goizeko 08:00etatik gaueko 20:00etara. Kontzertu egunetan 450 pertsona egongo dira lanean eta antolatzaileek adierazi dute lana egin nahi duen jendea ongietorria izango dela.
Sarrerei dagokionean momentuz 3.000 bat sarrera saldu dituzte eta ostirala bitartean Hernanin bakarrik erosi daitezke sarrerak. Hortik aurrera takillan erosi ahal izango dira eguneko 18 eurotan. Takilan 3.000 sarrera salduko dituzte arduradunek Kronikari esan diotenez. Takilak 20:00etan irekiko dira eta karpa 21:30etan. Autoentzako Parkinak seinalizatuak egongo dira.


Ezker Abertzaleak ekitaldi politikoa egingo du gaur Biterin
Ekitaldia arratsaldeko 20:00etan izango da.

Ezker Abertzaleak ekitaldi politikoa egingo du gaur osteguna Biterin Espainiari ez, autodeterminazioa lemarekin. Ekitaldian errepresioa eta erasoak jasan dituzten pertsonek eta kolektiboek hartuko dute parte. Hernaniko Ezker Abertzaleak adierazi du “Espainiari ez eta Euskal Herriari bai esateko” garaia dela. Ekitaldian hauteskunde kanpainako nondik norakoak ere aurkeztuko dira.



Hernani Institutua
Gurasoentzako ikastaroan izen ematea

Hernani Institutuak gurasoentzat ikastaro berezia antolatu du seme-alaben partehartzea eta ardura lantzeko bideak emateko, eta gaur da izena emateko azkeneko eguna. Interesatuak 943 551958 telefonora deitu. Ikastaroak lau helburu ditu: 1) Lanean eta familia bizitzan seme alabak parte hartzera motibatzeko estrategiak landu, 2) gurasoen komunikaziorako gaitasuna eta jarrerak hobetu elkarkidetzan eta errespetuan oinarritutako bizimodua hobetzeko, 3) familiako erantzukizunen desarroiloan oinarritutako autoritatea eta demokrazia baloreak bultzatu, eta 4) erantzukizuna lortu nahi denean eguneroko egoera konfliktiboei konstruktiboki aurre egiten ikasi. Ikastaroa astelehen arratsaldeetan da eta martxoaren 1ean hasiko da.

Juan Maria Uriarte Donostiako Gotzaiak gaur hasiko du bisita pastorala Hernanin
Juan Maria Uriarte Gotzaiak bisita pastorala egingo du Hernanira, herria eta bertako kristau elkartea gertutik ezagutzeko. Uriartek bihar arratsaldean hasiko du bisita eta aurreneko lana herriko gaixorik zaharrenak bisitatzea izango du. Ondoren, Famili Santuaren Misiolariekin bilduko da eta gero, herrian barrena ibiliko da Hernani ezagutzen. Gotzaia ostegunetik igandera izango da Hernanin eta bilera eta bisitez gain, meza ere emango du hiru parrokietan larunbat eta igandean. Gotzaiak bisita pertsonalak ere hartuko ditu larunbat eguerdian. Interesatuek 943-556884 telefonora deitu.

Eziagon bi enpresa berri jartzeko eskaria gaur, Hirigintzako Batzorde berezian
Hirigintza batzordeak bilera berezia egingo du gaur eta 11 puntuko gai ordena izango du mahai gainean. Horietako bi SEUR S.A eta TUPOPAK S.A enpresak Eziago poligonoan beren aktibitateak martxan jartzeko eskaria dira. SEUR S.A.ren lana aluminio fundizioa da eta TUBOPAK kartoizko tuboak egiten ditu.

Tabernak Akerregi eta Harineran
Gaurko Hirigintza Batzordeak Akerregi eta Remy-Harineran bi taberna-jatetxe jartzeko kontsulta aztertuko du eta horrekin batera beste taberna-jatetxe-diskoteka bat jartzekoa. Arratibelen hitzetan, tabernak jartzeko aukera badago, baina, oraingo legeak ez du beste diskotekarik jartzen uzten.
Bestalde, Oraunek 400 metro inguru utziko dizkio lokaletan Udalari Montesen.
Gaurko Hirigintza Batzordeko gainerako puntuak tramite kontuak dira.

Inauteriak
Zozketako emaitzak
Unai Konpartsak errifak atera zituen inauterietan eta hauek dira zenbaki sarituak: Erlojurako, 0092; urdai azpikorako, 0857; eta DVDrako, 0548. Tokatu zaienek deitu 943 332271 telefonora. Gaurtik hasita hamabost egun daude sariak jasotzeko.

Zine kluba Biterin
‘Los abajo firmantes’, gaur 22:00etan
Ostegunetako zine klubaren barruan, Los abajo firmantes pelikula botako dute gaur. Federico Garcia Lorcaren La comedia sin titulo lana herriz herri antzezten dabilen teatro konpainia baten istorioa da.

Kiroldegiko Frontoia
Frontoian ordua hartzeko zozketa gaur
Kiroldegiko frontoia alokatzeko zozketa egingo da gaur 19:30etan kiroldegiko bulegoetan. Izena ematea herenegun bukatu zen eta orain zozketa egitea falta da. Zozketatzen diren orduak arratsaldeko 19:00etatik 21:45etara bitartekoak dira eta frontoia urte osorako hartzen da.

3/4 plataforma
Kontzentrazioa gaur
Hirulaurden plataformak kontzentrazioa deitu du gaur 19:00etan Plaza Berrian, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten preso hernaniarrak libre uztea eskatzeko.

Amher Elkarte multikulturala
Bilera bihar
AMHER elkarte multikulturalak hamabosteroko bilera egingo du bihar, arratsaldeko 19:30etan Biterin. Bilerak irekiak dira.

Kixkal Taberna
Javi Ruizen emanaldia gaur Kixkal tabernan Javi Ruizen emanaldia izango da gaur, gaueko 22:00etatik aurrera. Gitarra jo, kantatu, txisteak kontatu eta abar egiten du Ruizek.

Astigarraga
Bachata eta Salsa dantza tailerra
Astigarragako kultur etxean Bachata eta salsa dantza tailerra egingo dute larunbat gauean, 23:00etatik 01:00etara. Tailerra 16-30 urte bitartekoei dago zuzendua eta izena kultur etxean eman behar da. Prezioa, 3,5 euro inguru.

Buelta lehenengo orrira