2004 urtea

Otsailak 27

Ostirala

Alea: 1031

Sagarrondotik jaialdian Fito & Fitipaldis, Reincidentes,
Su ta Gar eta Orishas taldeen kontzertua gaur

Gaueko 22:30etatik aurrera hasiko da Sagastialdeko karpa erraldoian. Bihar Ari, Kuraia, Ojos de Brujo eta Fermin Muguruza & Kontrabanda izango dira. Kontzertu egunerako takilarako 3.000 sarrera gorde dituzte.

SAgastialdeko karpan dena prest dago gaur eta bihar Sagarrondotik jaialdiko kontzertuetarako. Sagarrondotik jaialdia sagardoaren kultura bultzatzeko sortu zen iaz eta aurten ere barietate haundiko jaialdia antolatu dute. Gaur gaueko 22:30etatik aurrera Fito & Fitipaldis, Reincidentes, Su ta Gar eta Orishas taldeen kontzertuak izango dira eta bihar Ari, Kuraia, Ojos de Brujo eta Fermin Muguruza & Kontrabanda izango dira. Kontzertuen ondorengo festari jarraipena emateko DJ. Bela izango da.
Sagastialden 10.000 lagunentzako karpa dago eta gaur gauean bertara hurbiltzen direnek kontzertuetaz gain, oilasko erreak, bokatak eta sagardo kupelak ere izango dituzte.

Izen haundiko taldeak
Astebukaera honetan arrakasta haundia lortu duten taldeak izanago dira Hernanin. Fito & Fitipaldis taldeak, blues eta rockaren inguruko doinuak nahasten ditu bizitzari buruzko istorio xumeak kontatzen dituzten letrekin. Reincidentes taldea, 80. hamarkadan Sevillan sortutako punk-rock taldea da eta Euskal Herrian arrakasta haundia lortu dute. Gaurko kontzertuan Su ta Gar talde ezaguna ere izango da eta heavy eta metal doinuekin jarraitzaileen buruak astinduaraziko dituzte. Gaurko kontzertua bukatzeko Kubatik datorren Orishas taldea izango da, taldeak Kubako betiko doinuak raparekin nahasten ditu.
Biharko kontzertuan ere talde oso ezagunak bilduko dira. Ari rapera karibearra, Kuraia, Ojos de Brujo talde kataluniarra eta Fermin Muguruza & Kontrabanda izango dira. Fermin Muguruzak esana du aurten utziko dituela eszenatokiak eta baliteke Hernanikoa izatea emango duen azken kontzertuetako bat. Fermin Muguruzak 20 urteko musika ibilbidea jarriko du taula gainean.
Kontzertuetarako sarrerak Hernanin salgai daude tabernetan eta kontzertu egunetarako 3.000 sarrera egongo dira takilan. Donostitik Hernanirako autobusak ere izango dira orduerdiro.

Hernaniarrak herri kiroletan
Larunbaten Usurbilen herri arteko herri kirol txapelketa izango da 17:00etan Sagarrondotik festaren barruan. Hernani, Usurbil, Astigarraga eta Urnieta arituko dira nor baino nor. Hernaniko taldea hauek osatuko dute: trontzan, Jon Larrañaga; aizkoran, Baleri Aranburu; harri jasotzen, Aitor Barrenetxea; ingudearekin, Jexux Ezeiza; sagar biltzailea, Nagore Barrenetxea; zaku lasterketan, Gorka Ezeiza, Kepa Pikabea eta Iñaki Mendizabal eta txingetan, Gorka Ezeiza eta Joseba Maizkurrena. Hauekin batera ekipoan daude: Xabier Barrenetxea, Unai Erroizenea, Harkaitz Santa Kruz eta Mikel Iturbe.
Igandean, Astigarragan izango du jarraipena Sagarrondotik jaialdiak, bertan egingo den Euskal Herriko II. Sagardo Mostrarekin. Bertan 60 sagardogileren sagardoak dastatzeaz gain, Ttarla dantza taldea, eta bertsolariak izango dira: Colina, Mendiluze, Lujanbio eta Irazu.


Zuhaitz Eguna asteburuan

Asteburu honetan 1.000 zuhaitz landare aldatuko dituzte Aparrainen, 31garren Zuhaitz egunaren barruan. Aurten, Lizarra, gerezia, bertako haritza eta norteko haritza sartuko dituzte. Bihar umeak izango dira protagonista eta igandean helduak. Oinez joateko asmoa duenak 08:00etan du zita Gudarien plazan, eta Saratsaindik barrena joango dira.


Mutilen boleibol taldeak bihar hasiko du igoerako
Play-offa, Hernanin

Hernanik Gasteizko Berezi izango du kontrario, igoera faseko aurkaririk gogorrena. Eusebio Lizarazuren mutilak aurrena gelditu dira orain artekoan.

Mutilen boleibol taldeak datorren denboraldian Lehenengo mailan jokatu nahi du eta bihar hasiko du benetako borroka. EHU-Hernani, Trueba (Sestao), Berezi (Gasteiz) eta Errioxako Unibertsitateak joan-etorriko ligila jokatuko dute elkarren kontra. Sei partidu horien ondoren aurren-bigarren gelditzen direnek igoerako azken torneoa jokatuko dute eta hor Galiziarainoko beste ligatako irabazleak sartuko dira. Eta hor aurrena gelditu ezkero Hernanik Lehenengo mailan jokatuko du. Bide luzea eta gogorra izango da beraz bihar kiroldegian hasiko dutenak, orain arte nahiko erraz ibili badira ere. Eusebio Lizarazu entrenatzaileak dio orain ezin dela huts egin, dena oso partidu gutxitan jokatzen delako, baina, ekipoa gogoz eta prestatuta ikusten du fase honetarako. Azken partiduetan probak egiten eta zenbait jokalari erreserbatzen ere ibili dira jendea fresko egoteko.
Hernanik Gasteizko Berezi taldea izango bihar aurrean, orain artekoan bigarren gelditu dena. Partidua 17:30etan hasiko da.


Txomin Asteasuinzarra Gipuzkoako
arrantza txapeldun gaztetan

Txantxangorriko arrantzale gazteak ‘arratoi buztan’ modalitatean irabazi zuen.

Txomin Asteasuinzarra hernaniarra Gipuzkoako arrantza txapeldun gelditu da arratoi buztan modalitate zail eta ikusgarrian. Txantxangorriko arrantzalea izan zen txapelketan uzten zuten amorrai kupoa harrapatu zuen bakarra, zazpi denera. Asier Garayar da Txomin Asteasuinzarra gaztearen maisua eta bere hitzetan, modalitate horretan etorkizun haundiako arrantzalea da Asteasuinzarra.
Hemendik aurrera, Txomin Asteasuinzarra arrantzale gaztaren erronka izango da Leitzaranen jokatuko den Euskal Herriko txapelketan Espainiako txapelketarako sailkatzea.


Josetxo Zapiainek igandean hasiko du
Euskadiko Rallysprint txapelketa

Hernaniarra irabazteko kandidatoetakoa da.

Igandean hasiko da 2004ko Euskal Herriko Rallysprint txapelketa eta Joxetxo Zapiain hernaniarra da irabazteko faboritoetako bat. Zapiainek Renault MaxiMegane kotxe berria hartu zuen iaz eta bere helburua txapelketa honetan aurreko muturrean ibiltzea da.
Hernaniarrak Joseba Zapirain Astigarragako pilotoa izango du kontrario haundienetako bat bere Seat Ibiza KitCar-arekin, iazko Rallysprint txapelketako irabazlea hain zuzen ere. Beste piloto faborito batzuk: Joxe Labaka (Saxo KitCar), Luziano Arrabal eta Ramon Apalantza dira (biak Mitsubishi Carima Evo Vekin)
Euskal Herriko Rallysprint txapelketan 68 taldek eman dute izena. Gabiriako proban, 10:00etatik 12:00etara izango dira berifikazioak eta 15:00etatik aurrera hasiko da karrera, tramoari lau pasada emanez, bi alde batera eta bi bestera.

Elkarri elkarrizketa mahaia osatzeko firma biltzen arituko bihar, herriko zazpi puntutan
Elkarri firma biltzen ari da Gasteiz eta Iruñeako parlamentuetan elkarrizketa mahaia osatzea eskatzeko. Ekimen horren barruan, bihar herriz herri mahiak jarriko ditu Elkarrik eta Hernanin 7 puntutan egongo dira. Goizean, 11:00etatik 14:00etara, Udaletxe aurrean, Plaza Berrian, Zinkoenean, kiroldegian eta Dia zentro komertzialean. Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, Plaza Berria eta Galarreta frontoi aurrean.

Iturritxo auzo elkarteak asanblea du bihar
latsunbeberri eta Marielutseko Iturritxo auzo elkarteak batzarra egingo du bihar eguerdian, 12:00etan elkarteko lokalean. Urteko balantzeaz gain, auzoko beste zenbait puntu ere hitz egingo dira: enlazearen kontua, Latsunbeko bidean semaforoa jartzearena eta abar. Auzo elkarteak auzotar guztiak gonbidatu ditu batzarrera. Bukaeran hamaiketakoa izango da.

Kontzentrazioa gaur Etxeratek deituta
Etxerat elkarteak hileroko kontzentrazioa deitu du gaurko Guztion artean euskal presoak Euskal Herrira lemarekin. Kontzentrazioa 20:00etan da plazan Etxeratek presoen egoera salatu du eta bereziki Manu Azkaraterena.

Gotzaia Hernanin
Talde sekularrekin bilera gaur
Juan Maria Uriarte Gotzaia egun osoz izango da gaur, Hernanin bisita pastoralaren barruan. Iluntzean parrokietako talde sekularrekin bilduko da, beren lana eta kezkak ezagutzeko. Goizean, 10:30etan, Sandiusterriko erresidentzian izango da eta 12:00etan meza emango du bertan. Arratsaldean, 17:00etan parrokietako lan-gelak eta Agustinatako obrak ikusiko ditu, eta ondorenean Inmaculada ikastetxera egingo du bisita.

Errugbia
Hernani - Riojar bihar
Hernanik Riojaren kontra jokatuko du larunbatean Liga Nazionaleko partidua. Etxeko partidua da, eta Aieten izango da, Landare ez dagoelako kondiziotan. Arratsaldeko 17:00etan.

Zinea Biterin
‘Funerarias’ gaur
Biterin, gaur, 22:30etan.

Bertsolaritza
Legarreta Nafarroako txapelketan
Nafarroako Bertsolari txapelketako hiru finalaurrekoak igande honetan hasiko dira, eta lehenengo saioan Xabier Legarreta Aranoko bertsolariak kantatuko du. Legarretarekin batean, Estitxu Arozena, Manolo Arozena, Oskar Estanga, Aritz Saragueta eta Julio Soto arituko dira kantari. Saioa Leitzan da, zinean, 16:30etan. Saioko aurrenekoa finalean sartuko da zuzenean.


Pelota - Berria txapelketa
Altsasu-Bidegoian, bigarren fase hasieran
Berria Txapelketako bigarren fasea hasiko da gaur Hernanin eta Altsasu eta Bidegoiango pelotariek neurtuko dituzte indarrak. Kadetetan Iturrioz-Lopez de Zubiriak jokatuko dute Altsasurekin eta Telletxea-Galarragak Bidegoianekin; jubeniletan Lopez de Zubiria-Mendiluze ariko dira Altsasutik eta Renovales-Galarraga Bidegoiandik; eta afizionatuetan Mazkiaran-Lagos ariko dira Altsasurekin eta Belloso-Jauregi Bidegoianekin. Kanporaketa parekatua espero da kadetetan nafarrak baitira faborito, jubeniletan gipuzkoarrak eta nagusietan berdintsu baitabiltza. Gaur 22:00etan kiroldegian.

Eskola kirola
Bi partidu bihar
Larunbatean Eskola Kiroleko ume gehienak zuhaitz aldatzen arituko dira Aparrainen eta bi partidu bakarrik jokatuko dira. Futbolean, Langile/Lezo, eta boleibolean, Eskolapioak/Langile-Tolosa.

Galdutakoak
Bi ehiza zakur galdu dira zentroan. Otsailaren 24an, joan den asteartea, bi ehiza zakur galdu ziren herri barruan, bi Setter ingles. Bat zuri-beltza da eta belarrian 002846D identifikazioa daramaki. Bestea, zuria da, belarri gorriekin, eta 0916431 identifikazioa daramaki. Ikusi edo aurkitu ezkero: 607 657 488 edo 627 403 122.

Peña Otaño Elkartea
Asanblea igandean
Peña Otaño elkarteak igandean egingo du urteko batzarra, eta bertan emango da iazko kontuen eta aurtengo proposamenen berri. Deialdiak 10:00etan eta 10:30etan dira.

Buelta lehenengo orrira