2004 urtea

Otsailak 28

Larunbata

Alea: 1032

Pello Gonzalez, ‘Goeio’ - Pintorea
“Gogorrena koadroa bukatzea da, hasierako idearekin emozionatu egiten zara baina bukatzea lan serioagoa da”
Pello Gonzalez ‘Goeio’-k, helduentzako pintura klaseak ematen ditu Biterin, duela 13 bat urtetik. Katalina de Erausoko arte klubean eta Gipuzkoako arte elkartean aritu da ikasten. Errapia arte elkarteko kidea ere bada.

Pello Gonzalez, Goeio, da Biterin helduentzako pintura klaseetako irakaslea. Duela 13 bat urte hasi zen lan horretan. Pintatu, askok bezala, txikitatik egiten zuen baina gaztetan ekin zion serioago eta Katalina de Erausoko arte klubean eta Gipuzkoako arte elkartean murgildu zen. 14 urterekin hasi zuen fundizioko lana utzi eta pintatzea erabaki zuen. Ordutik irakasle lanetan, eta bata eta bestearentzat lanak egiten aritzen da.
Gaur egun, Artetik elkarteko kidea da. Kultur etxeetan klaseak eman ahal izateko sortu zuten Artetik duela 13 bat urte. Hernaniko hainbat artista biltzen dituen Errapia taldeko kidea era bada.

Zer da Biteriko ikastaroetan ikasten dena?
Biterin helduentzako pintura klaseak ematen ditut, bata hasierakoa da eta bestea, pinturan sakontzekoa. Ikastaro hauetan ikasten da marrazten, koloreekin marrazten, forma naturalak kopiatzen, teknkika ezberdinak lantzen dira eta ondoren sakondu egiten dira.

Zenbat denbora daramazu pintatzen?
Pintatu txikitan ere egiten nuen, baina gero, gertatzen den bezala, utzi egin nuen. 20 urterekin berriro ere ekin nion eta Katalina de Erausoko arte klubean eta Gipuzkoako arte elkartean hainbat ikastaro eta tailer egin nituen: oleoan pintazen ikasi, giza modeloak naturalean marrazten ikasi, eta abar. Oso jende interesgarria ezagutu nuen, Jesus Gallego, Robert Llimos, Frederic Amat, Juan Joxe Akerreta, oso jende berezia. Orain pintatzen jarraitzen dut, eta ikasten, hori ez baita inoiz ere bukatzen.

Ze idearen bueltan pintatzen duzu?
Hasieran unibertsoak, izarrak, hortzadarra, eta horrelakoak pintatzen nituen. Saiatzen nintzen koloreak erabiltzen. Ondoren pintzeladan espresioa bilatzen hasi nintzen, giza gorputza marrazten hasi nintzen eta handik beste gauza batzuk ateratzen. Letren inguruko lanak ere baditut, letren planoei kolorea eta espresioa bilatzen saiatu naiz. Bodegoiak eta horrelakoak ere egiten ditut eta fondoan zerbait marrazten saiatzen naiz puskatzeko.

Ze erakusketa egin dituzu?
Orain Getariako Arte Galerian daukat erakusketa bat antolatuta beste hainbat pintorerekin eta martxoren 15a arte egongo da. Nere ibilbidearen hasieran erakusketa pila bat egin nituen nire marrazkiekin, baina, 1990ean nere lanari buruz erreflexionatu egin behar nuela konturatu nintzen eta ordutik egin ditut erakusketak baina kolektiboak. Orain nire obra osatzen ari naiz eta nere asmoa da etorkizunean erakusketa indibidual bat egitea.

Errapia taldean ere bazabiltza, ezta?
Bai, Hernanin lana egiteko espazioa behar genuen jendea elkartu ginen Errapian eta oso interesgarria iruditzen zait. Garrantzitsua da besteekin konpartitzeko eta bakoitzaren lana egiteko espazioa edukitzea.


Gotzaia Parrokietako kontseiluekin bilduko da gaur
eta bisita pertsonalak ere hartuko ditu
Uriartek Ereñotzun emango du meza gaur, eta Kaskoan eta Floridan bihar.

Juan Maria Uriarte Donostiako Gotzaia Hernani gertutik ezagutzen ari da egun hauetan bisita Pastoralean eta gaur ere egun osoko agenda izango du, atzo bezalaxe. Goizeko 10:30etan bi parrokietako kontseiluekin bilduko da egoeraren berri jakin eta aurrera begira zer pauso eman aztertzeko. Eguerdiko 12:30etan berriz, bisita pertsonalak hartuko ditu parrokiko bulegoan, Izpizua kalean. Arratsaldean, Uriarte Ereñotzun izango da. Lehendabizi parroki bilera egingo du eta 19:00etan meza emango da San Antonio elizan.
Atzo goiz osoan Sandiusterriko erresidentzian izan zen Obispoa zuzendaritzarekin bildu eta gaixoak bisitatzen. Bertako kapilan meza ere eman zuen. Arratsaldean, Agustinatako obrak ikusi eta Inmaculada Ikastetxeari bisita egiteaz gain, parrokiko talde sekularrekin bildu zen.
Gotzaiaren bisita Pastorala bihar bukatuko da, Juan Bautista eta San Jose Langilearen parrokietan meza emanda, 11:00etan Kaxkoan, eta 12:30etan Floridan.

Partiduak Zubipen
Zubipen gaur hasiko dira futbol partiduak jokatzen, uholdeen ondorioz urtarriletik zelaia itxita egon baita. Gaur emakumezkoen taldeak jokatuko du Amaikak bat taldearenen kontra 18:30etan, eta bihar gorengoak Berioren aurka 16:30etan. Horiez gain, beste 4 partidu ere jokatuko dira Zubipen.

Ari, Kuraia, Ojos de Brujo eta Fermin Muguruza & Kontrabanda gaur
Kontzertuak dira gaur ere Sagastialden, Sagarrondotik festan. Ari, Kuraia, Ojos de Brujo eta Kontrabanda taldeek joko dute, 22:00etatik aurrera. 3.000 sarrera salgai egongo dira takilan.

Bertso bazkaria Elur Txorin
Elur Txori elkartean bertso bazkaria dago gaur, Lujanbio, Mendiluze eta Irazurekin.

Saskibaloi klaseak bihar
Hernaniko saskibaloi taldeak klaseak antolatzen ditu 4-5-6 mailatako eta 1-2 DBHko gazteentzat. Bihar dira 09:30etatik 11:00etara. Jokatzen ikasi nahi duenarentzat irekiak dira klaseak eta debalde. Bestalde saskibaloi taldeak gaur du partidua Atletikoren kontra, Donostian, 10:00etan.

Boleibola kiroldegian
Mutilen lehen taldeak igoera faseko partidua du gaur kiroldegian, 17:30etan, Bereziren kontra.

Errugbia Aieten
Hernanik Riojaren kontra jokatuko du gaur Aieten, 17:00etan. Ligako azken aurreko partidua da.

Xakea Aristizabalen
Hernani Ak igoera faseko lehen partidua du gaur Elgoibarren kontra, Aristizabal kalean, 16:00etan. Hernani Bk jeitsiera fasekoa du, Arrasateren kontra.

Ur jolasak bihar
Bihar, igandea, ur ludoteka izango da kiroldegiko igerilekuan, haurrentzat goizeko 10:30etatik 12:30etara.

Bandaren kontzertua
Karnabaletako piñata kontzertua dago bihar, igandea, eguerdiko 13:00etan, Udaletxeko arkupeetan. Hamalau obra joko ditu Bandak, Manuel Sagarna zuzendari dela.

Buelta lehenengo orrira