2004 urtea

Otsailak 3

Asteartea

Alea: 1007

Kaldereroak, zine kluba, Iñauteriak eta kontzertuak otsaileko agendan
Aurten Aurrera elkartea omenduko du Udalak Iñauteriak hasteko ekitaldian.

Santa Ageda bezperako koplek girotuko dituzte kale eta auzoak bihar. Hortik aurrera, Kaldereroak, zine kluba, Iñauteriak eta Sagarrondotik ekimeneko kontzertuak izango dira otsaileko kultur agendako protagonista. Kaldereroak ari dira prestatzen eta larunbat gauean iritsiko dira Hungariatik.
Biterin ostegunero izango dira pelikulak, asteburukoez gain. Aste honetan, Hannak botako dute, eta hurrengoetan: Osama, Las mujeres de verdad tienen curvas, eta Los abajo firmantes. Pelikulak 22:00etan dira.
Iñauteriak otsailaren 20tik 24ra dira Hernanin, eta protagonista nagusia Aurrera elkartea izango da. Aurrera elkartea ezintasun psikikoren bat duten pertsonekin lanean aritzen den elkartea da eta Iñauterietan ere urtero hartzen dute parte. Lan hori eskertzeko Udalak omenaldia egingo dio.
Otsailaren 27-28an Sagarrondotik ekimenaren kontzertuak izango dira Hernanin: ostiralean, Fito & Fitipaldis, Su ta Gar, Reincidentes eta Orisha’s; eta larunbatean, Fermin Muguruza eta Kontrabanda, Ojos de Brujo, Kuraia eta Ari.

Otsaileko Egitaraua

Otsailak 4, asteazkena
Santa Agedako abesbatza desberdinak kalez kale.

Otsailak, 5, 12, 19 eta 26an (Ostegunero)
Zine Kluba Biterin, gaueko 22:00etan.

Otsailaren 6tik 20ra
Julio Urkixo Ibarrari buruzko erakusketa Biteri kultur etxean, arratsaldeko 18:00etatik, 20:00etara.

Otsailak 7, larunbata
Kalderero konpartsa aterako da, 21:00etan Elur Txoritik.

Otsailak 15, igandea
Iñude eta Artzaien konpartsa Urumea ikastolatik.

Otsailaren 20tik 24ra
Iñauteri jaiak.

Otsailak 24
Ipui kontalaria Biteri kultur etxean.

Otsailaren 26tik martxoaren 11ra: Argazki erakusketa Yana Curi. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Otsailak 27-28:
Sagarrondotik ekimeneko kontzertuak, ostiralean gaueko 22:30etan eta larunbatean 22:30etan hasita.

Otsailak 28, larunbata
Piñata kontzertua, Hernaniko Musika Bandaren eskutik. Udaletxeko Arkupetan, eguerdiko 13:00etan. Bertso bazkaria Elur-Txori elkartean: Lujanbio, Mendiluze eta Irazu.

‘Arnasa Hernani’ plataforma sortu berriak bilera deitu du biharko
Bilera asteazkenean da 19:30etan Biterin. Inzineradoraren kontrako kanpainan zer egin erabakiko dute.

Inzineradoraren gaia dela eta, Hernanin Arnasa Hernani plataforma sortu dute duela gutxi. Plataformak bilera deitu du biharko eta arratsaldeko 19:30etan izango da Biterin. Bileran zehaztu nahi da datorren hilabeteetan inzineradoraren kontra egin nahi den kanpainan zer egin daitekeen. Horrekin batera, zaborraren inguruko arazoari beste irtenbide bat bilatu nahi dio plataformak. “Inzineradoraren aurka eta zaborraren inguruko eredu ez hain kontsumisten aldeko kanpaina” bultzatu nahi dute.
Bilerako antolatzaileek adierazi dute inzineradoraren aurka indarrak bildu egin behar direla eta dei egiten diete hernaniar guztiei biharko bilerara agertzeko.


Santa Barbara elkartean jende mugimenduak gora egin du igandeko batzarrean azaldu zenez

SAnta Barbara elkarteak urteko batzarra egin zuen joan den igandean eta elkartearen gorako tendentziak 2003an ere segida izan duela esan zuten zuzendaritza kideek. Gai bat baino gehiago eztabaidatu ziren batzarrean eta 2003ko balorazioa egin zuten. Urteko balorazio ona egin zuten, jende mugimenduak gora eginda, elkartearen sarrera eta egoerak ere hobera egin baitu.

Ekintza sozio-kulturalak
Santa Barbarak 2003an ekintza bat baino gehiago egin ditu: umeen danborrada, txakoli probaketa, elkarteko eta elkarte arteko mus txapelketa, urteurreneko afaria eta abar.
Aurtengo urtean zuzendaritza berak segiko du eta 2005ean aldatuko dute.


Eider Aldabe eta Joseba Lizeaga txapeldun Zarautzen

Hernaniko korrikalari gazteak oso denboraldi ona egiten ari dira eta asteburu honetan Eider Aldabe eta Joseba Lizeaga txapeldun gelditu dira Zarauzko txapelketan infantil mailan. Aldabe eta Lizeagak ez ezik, beste hernaniar askok ere oso karrera politak egin zituzten eta 10 aurrenekoetan gelditu ziren: Ane Villaberde, Mikel Von Wichmann, Txomin Lizeaga eta Manex Pagola.
Ikastetxe mailan berriz, Mutiletan Langilek irabazi zuen eta nesketan Antigua-Luberrik.
Bi aste barru Gipuzkoako txapelketa jokatuko da Hernanin, oraindik non erabakitzeko badago ere eta hernaniar gazteak ari dira prestatzen.


Jasota bezala (Kartak)

Ostegunean, urtarrilak 29, igerilekuko monitoreek bilera izan genuen Barrio zinegotziarekin, bere abokatuarekin eta personaleko eta Kiroldegiko arduradunekin. Esan zitzaigun, modu formalean eta zinegotziaren bidez, Udaletxeak beteko zuela Epaitegi Gorenaren sententzia. Beraz, Udalak denbora partzialeko langile indefinituak kontsideratzen gintuen.
Pozten gaitu erabakiak. Uste dugu egokiena dela. Udalarekin izandako auzia bukatutzat ematen dugu eta horrela jakinarazten diogu Hernani guztiari. Monitoreek zerbitzua ematen jarraituko dugu, orain arte bezala. Zerbitzuak publikoa izaten jarraituko du.
Eskerrik asko zuen elkartasuna azaldu diguzuen guztioi.

Ainhoa Makazaga, Idoia Zubeldia, Mirari Goizueta, Monika Porto, Mikel Fernandez. Kiroldegiko Igerilekuko langileak.

 

Ezker Abertzaleak Hauteskundeei buruzko batzarra du gaur
Ezker Abertzaleak batzarra deitu du gaurko. Batzarrean martxoaren 14ko Espainiako Hauteskunde Orokorrei buruz hitz egingo da eta Ezker Abertzaleak egindako Bergarako Proposamenaren nondik norakoak ere azalduko dira. Bilera arratsaldeko 20:00etan izango da Biterin (Milagrosan zen egitekoa, baina, aldatu egin da lekua).

Xake Elkarteak emakumeak animatu nahi ditu parte hartzera
Hernaniko xake taldeak emakume talde bat sortu nahi luke. Ekipoa osatzeko 6 pertsona behar dira eta taldea osatuko ez balitz ekipo mistoa sortuko litzakeela adierazi dute xake taldekoek.

Odola emateko eguna gaur anbulatorioan
GAur, otsailak 3, hilabeteko aurreneko asteartea da eta odola emateko eguna Hernanin. Odol ematea anbulatorioan izaten da, arratsaldeko 18:30etatik 20:30ak arte.

Futbolin txapelketa final laurdenetan
Futbolin txapelketa sartu da final laurdenetan eta parte hartu duten 19 bikoteetatik pasa diren 8ek badute kontrarioa. Orain arteko partidak kontuan hartuta, aurrena gelditu denak zortzigarrenaren kontra jokatuko du, bigarrenak zazpigarrenarekin eta abar. Lehenbizi Jexux-Bixintxo gelditu dira partidu guztiak irabazita eta Ekaitz-Kalamarren kontra jokatuko dute. Beste partidak: Asier-Dabid/Xixa-Joanes; Igor-Eras/Zesar-Itturri; eta Insumiso-Txato/Txusta-Imaz. Txapelketa Garin tabernan ari dira jokatzen eta ostegunean egun osoan futbolina debalde izango da.

Zeberio II-Etxabe Altuna I-Lizasoren kontra gaur, Galarretan
Jaialdia arratsaldeko 16:00etan hasiko da.
Etxabek Zeberio IIa lagun duela erremonteko estelarra jokatuko du gaur, Galarretako frontoian. Zeberio eta Etxabek Altuna eta Lizaso bikote gogorra izango dute aurrean, eta jaialdiko bigarren partidua izango da, 17:00ak aldean. Jaialdiko beste hiru partiduak honako hauek izango dira: Zalakain-Ion/Matxin IV-Agirrerasobe; Iñigo-Aizpuru/ Sarasua-A.Lekunberri; Iturralde-Urko/Uterga-Olazar.

Txantxangorri
Mus Txapelketako partiduak
Txantxangorri elkarteko mus txapelketa martxan da eta gaur eta bihar ere partidak jokatuko dira. Gaur jokatuko direnak. Pablo-Manu/Carlos-Jabi; Monroy-Otaegi/Pineda-Xixo; Toño-Kintxo/Goñi-Bilbao; eta Goikoetxea anaiak/Iñaki-Joxerra. Asteazkenean: Alber-Pedro/ Zaldua-Txepe; Patxi-Jose Leon/Bereziartua-Arandia; Pablo Ruiz-Juan M/Montenegro-Gorjon; Joseba-Rafa/Monroy I-II.

Elur-Txori
Kaldereroetako entsaioak gaur
Elur-Txori elkarteak Kaldereroetako entsaioak egingo ditu gaurtik ostegunera, arratsaldeko 20:00etan, elkartean bertan.
Urteurreneko bazkaria 15ean. Elur-Txorik otsailaren 15ean egingo du urteurreneko bazkaria eta izen ematea zabalik dago eta hilaren 12rako apuntatu behar da. Menua: Abaniko Iberikoa, salda, Legatza almejekin, azpizuna guarnizioarekin, Postrea, kafea, kopa eta Purua. Prezioa, 21 euro.

Astigarraga
Hirugarren munduari buruzko bideoa
Astigarragan Hirugarren munduari buruzko sentsibilizazio kanpaina egingo da hilabete honetan eta asteazkenetan bideo emanaldiak izango dira kultur etxean. Lehenbizikoa gaur da, 20:00etan. Bestalde, Gazte Asanbladak antolatuta hilaren 14an eskiatzera joateko plana dago. Izen ematea Zipotza tabernan egin behar da, otsailaren 12rako.

Buelta lehenengo orrira