2004 urtea

Otsailak 4

Asteazkena

Alea: 1008

AMHER elkarteak igande honetan egingo du jaialdi multikulturala
Andeetako talde bat, Udal Musika Eskolako musikariak eta Ttarlako dantzariak arituko dira, eta ume jolasak ere izango dira. Jaialdia arratsaldeko 16:30etan izango da Plaza Berrian.

AMHER elkarte multikulturalak kanpoan eta bertan jaiotako pertsonak bildu nahi dituen jaialdia antolatu du iganderako. Ekitaldiak arratsaldeko 16:30etan hasiko dira Plaza Berrian eta talde andino batek girotuko du arratsaldea, Musika Eskolako musikariekin batean. Ume jolasak, umeentzako txokolatea eta abar ere izango dira. AMHERrek bultzatuta, ikastetxeetan ere landu dute inmigrazioaren gaia, eta ikasleen lanak Plaza Berrian egongo dira jarrita.
AMHER elkarteak Kronikari adierazi dionez, festa multikulturala inmigranteen ideia izan da eta oso ilusionatuta daude. Elkarteak azpimarratu du garrantzitsua izango dela igande arratsaldeko jaialdian jendea biltzea, bai bertakoak eta bai etorkinak. Era berean, ulertzen dute paperik ez duen jendeak deskonfiantza eta beldurra izan litzakeela.

AMHER-en lanaren berri
AMHER elkarteak igande eguerdian eta jaialdian informazioa banatuko du herrian, elkartea egiten ari den lana eta dituen helburuen berri emateko. Elkarteak 20 lagun inguru biltzen ditu, erdiak kanpotik etorriak eta beste erdiak Hernanin bertan jaioak. Joan den udaberrian eman ziren elkarlan hori sortu eta bultzatzeko mugimenduak, eta orain dela gutxi legeztatu dute AMHER elkarte gisa.

Elkartasuna eta integrazioa
AMHER elkartearen helburua elkargune bat sortzea da, inmigranteak eta bertakoak elkarrekin lan egin eta elkarrekin bizitzea lantzeko. “Elkartasuna eta integrazioa bultzatu nahi dugu, beti ere aniztasuna errespetatuta”, dio elkarte berriak.
Elkarte multikulturala urteko egitasmoa prestatzen ari da, batez ere Atzerritar legeak sortzen dituen traba eta injustizien inguruan. Lege berriaren arabera, enpadronamenduko datuak poliziaren esku egongo dira, agindu judizial baten beharrik gabe. AMHERek nahi du Udalak poliziari daturik ez ematea, bestela paperik ez duen jendea ez delako enpadronatuko. Gaur egun 600 bat inmigrante daude Udaletxean enpadronatuta, horietako batzuk paperik gabeak. Elkarte multikulturala ari da biltzen Udal arduradunekin eta egindako beste eskarien artean daude: biltzeko leku bat izatea, udaletik arazoetan lagunduko duen pertsonaren bat jartzea, euskara ikasteko laguntzak ematea, e.a. AMHER taldeak garrantzia berezia eman dio lokal propioa izateari, “orain bi astean behin biltzen baikara Biterin eta horrela harremana estutzea ez baita erraza”. Lokalean nahi dutenean biltzeko eta gauzak antolatzeko aukera izango luketela diote elkartekideek, aurrerapauso haundia litzatekeela.
AMHER elkartea, lana, osasuna, etxebizitza, hezkuntza eta kultur arloetako gaietan ere kezkatuta dago, eta konponbide bila ari da.

Amher egiten ari den lana
“AMHER taldeko kideak aurtengo lan programa prestatzen ari gara, batez ere Extranjeria legeak dakarzkien traba eta injustiziari buruzkoak. Kezkatzen gaituzten beste gaiak: etxebizitza, lana, osasuna, hezkuntza eta kultura.”

Santa Ageda kanta eta koplek girotuko dute
gaur Hernani

Gaur, otsailak 4 Santa Ageda bezpera da, eta Hernanin ere Santa Ageda kanta eta koplak izango dira protagonista, Euskal Herriko herri eta bazter askotan bezalaxe. Goizean eta arratsaldeko lehen ordutan, ikastetxeetako umeak arituko dira Zorion etxe hontako denoi kantari, batzuk ikastetxeetako patioan bertan eta besteak kalean barrena.

Ereñotzun eta Kaxkoan
Iluntze aldera, Kaxkoan eta Ereñotzun entzungo dira Santa Ageda kanta eta makila hotsak. Ereñotzun arratsaldeko bostak alderako hasiko dira, Askatxuindik Lastaolaraino. Kaxkoan, berriz, Ohitura Zaharrak abesbatza 18:30ak aldera ekingo dio, Udaletxeko arkupeetatik. Urtero bezala, lehenbizi Sandiusterriko zaharren egoitzan kantatuko dute eta gero herri barruko jira egin. Ohitura Zaharrak abesbatza ez ezik, Kantuz koroa ere urtero bezala arituko da kaleak girotzen.


Jasota bezala (Gutunak)

BILDU HERNANIko Hibai Aristimuño jaunak Kiroldegiko monitoreen auziaren inguruan egin dituen adierazpenek zur eta lur utzi naute. Nik ez dakit Aristimuño jaunak istripu baten ondorioz memoria galdu ote duen edo lotsagabe bat den. Izan ere, iskanbilak aurreko udal gobernu taldeak eragin zituen monitore talde hauek eginiko eskaerak ez onartzeagatik:
Alde batetik, Hibai Aristimuñok berak, monitoreekin izandako bilera batean, Epaitegira jotzeko esan zien, ez zuelako onartuko aldi baterako langilerik esanez. Bestalde, bere alderdikide zen Manuel Frailek ere uko egin zien begiraleen eskaerei Kirol Patronatuko batzar batean (garai hartako lehendakariak ez zuen joaterik izan ) eta bilera-agiri batek ederki frogatzen du.
Beraz, Hibai Aristimuñok eta haren laguna den Manuel Frailek uko egin zieten begiraleen eskaerei eta, bestelako aukerarik eskaini gabe, Auzitegira joatea proposatu zieten. Hau da, hain zuzen ere, begiraleek egin zutena. Orain, beraz, beraiek sortutako arazo honen aurrean isilik egon beharko luketela deritzot.
Gure jarrera, berriz, oso bestelakoa izan da. Guk uste dugu astean ordu gutxi batzuk lanean ematen dituzten begiraleek ez dutela zertan plantillakoak izan behar, ez oposaketak gainditu dituztenak bezalakoak. Hala ere, ordu gehiago eta segurtasun gehiago edukitzeko aukera eskaini genien.
Beste hainbat arlotan bezala, honetan ere egungo udal gobernu taldeak aurrekoak sortutako arazoei aurre egin behar izan die eta denboraren eta lanaren poderioz, irtenbide bat emango diegu. Honek epaileen sententzia betearaziko du.

Iñaki Barrio
Kirol Patronatuaren
presidentea.

‘Arnasa-Hernani’ inzineradoraren kontrako plataformak bilera deitu du
Orain dela gutxi, Arnasa-Hernani plataforma sortu da Hernanin eta gaurko bilera irekia deitu du. Bileraren helburua da, batetik, datorren hilabeteetan inzineradoraren kontra egin nahi den kanpainan zer egin erabakitzeko; eta bestetik, zaborraren inguruko arazoari beste konponbide bat emateko irtenbideak bilatzea. “Inzineradoraren aurka eta zaborraren inguruko eredu ez hain kontsumisten aldeko kanpaina” bultzatu nahi dute. Bilera, arratsaldeko 19:30etan da Biterin. Plataformak ahalegin honetan indarrak biltzeko deia egin du.
Non jarri aztertzen
Urnietan hondakin solidoen erraustegia jartzeko proiektua airean dago momentu honetan. San Markosen estudioak eskualdeko inzineradora jartzeko ikusten zuen egoki Urnieta. Gero Gipuzkoa osorako izateko aukera ere planteatu zuen Diputazioak eta orduan beste azterketa bat egitea erabaki zen, zenbat eta non erabakitzeko.

Udal Informatika Aretoa itxita egongo da ostegun, ostiral eta larunbatetan
egutegia aldatu du Udal Informatika Aretoak. Hemendik aurrera astelehen, astearte eta asteazkenetan egongo da irekita: (15:30etatik 21:30etara). Ostegun, ostiral eta larunbatetan itxita egongo da. Egun horietan Liburutegia eta KZ Guneko zerbitzuak erabiltzeko aukera izango du jendeak.

Zine Kluba
‘Good Bye Lenin’, bihar
Biteriko zine klubaren barruan, bihar 22:00etan izango da.

Sergio Parigua medikuak Osasuna eta elikadurari buruzko hitzaldia emango du gaur, Emakumearen Zentroan
Hitzaldia arratsaldeko 16:30etan izango da, Elkano 17ko lokalean.
Emakumearen Zentroak osasuna eta elikadurari buruzko hitzaldia antolatu du gaurko. Hitzaldia Sergio Parigua medikuak emango du.
Sergio Parigua mediku ortomolekularra da eta hitzaldia Emakumearen Zentroaren lokalean izango da, Elkano kalean, 17garren zenbakian.

Pelota - Gipuzkoako txapelketa herrikoia
Legarreta-Ezeizak ezin finalerdietan sartu
Partidu berdindua izan zen, baina, 22-15 galdu zuten azpeitiarren kontra.
Joan den larunbatean Gipuzkoako txapelketa herrikoieko final zortzirenak jokatu ziren Usurbilen eta Legarreta eta Ezeizak ezin izan zuten Zubizarreta-Korta Azpeitiko bikotearen kontra. Partidua Kronika pelota txapelketako txapeldunen alde hasi zen 6-1, baina, partidu erdi aldera azpeitiarrek berdindu egin zuten partidua eta beren alde atera zen azkenean. Partidua Legarreta eta Ezeizak dominatu zuten gehienean, baina, pelota gehiago galdu zuten azpeitiarrek baino eta ezin izan dute finalerdietan sartu.
Xabier Legarreta eta Gorka Ezeizak pena pixka bat bazuten irabazi zezaketen partidua galduta, baina, txapelketa berarekin oso gustora daude, giro ona eta antolakuntza oso ona izan dituelako. Saiatuko omen da aranoko bikotea datorren urterako ere sailkatzen, baina, horretarako Kronikako aurtengo txapelketa ere irabazi beharko dute.

Buelta lehenengo orrira