2004 urtea

Otsailak 5

Osteguna

Alea: 1009

“Ohitura akademikoak berreskuratzea da hasierako lana eta hori eginda asko mejoratzen dute ikasleek”
Bihar bukatzen da Helduen Hezkuntza Zentruan matrikulatzeko epea eta Sabina Melero eta Enrike Riaño irakasleengana jo dugu. Irailean 150 pertsona matrikulatu ziren. Informatika eta liburutegi zerbitzua ere badute.

Bihar bukatzen da Hernaniko Helduen Hezkuntza Zentroan (EPA) izena emateko epea. Antziolan dute zentroa eta behar eta interes ezberdinentzako kurtso aukera dago: irakurtzen eta idazten ikasteko, kultura maila hobetzeko, DBHko titulua lortzeko, unibertsitatera edo 2garren mailako zikloetan sartzeko kurtsoak, hizkuntzak, eta informatika. Kurtso guztiak dohainik dira eta izena emateko Antziolako zentrora joan behar da.

Ikasten hastea
EPAn matrikula egiten duten ikasleak 25 urtetik gorakoak izaten dira eta Sabina Melerok, (EPAko irakasleak) adierazitakoaren arabera, hasierako lana ohitura akademikoak berreskuratzea izaten da: “helduek galdu egiten dituzte ohitura akademikoak, ez dute irakurtzeko edota ordenadorean ibiltzeko erraztasun haundirik. Talde txikiak osatzen direnez aukera ematen du pertsonaz pertsona laguntzeko” dio.
Beldurra kentzea ere oso inportantea dela esaten du Sabina Melorok eta dio ikasleei erakutsi egiten zaiela egin dezaketela, “hala ere ez da ezer erregalatzen” dio irakasleak.

Nahasketa polita klasean Klasean sortzen den nahasketari buruz Sabina Melerok dio inseguritate fasea pasa eta gero, asko mejoratzen dela. “Adin ezberdineko jendea biltzen da klasean eta nahasketa polita ematen da” adierazi du.
EPAko Ikasle perfil bat izaten da garai batean ikasketetan gaizki ibilitako ikaslea. Sabina Melerok dio ikasle hauek orain, beraiek erabakitzen dutela berriro ikasten hastea eta horregatik, askotan sekulako motibazioa ekartzen dutela, garai bateko frustrazioari buelta eman nahi diote-eta. Beste batzuek, ordea, ez zuten garai batean ikasteko aukerarik izan eta orain ekiten diote.
EPAko ikasleen %80 emakumezkoak dira Enrike Riaño irakasleak esandakoaren arabera. Adinari begira, lehenengo eta 2garren fasean 60 urtetik gorako ikasleak izaten dira eta 3garren fasean eta unibertsitatera joateko kurtsoan ematen da adin nahasketa haundiena.

Ordenadore eta liburutegi zerbitzua
Kurtso eskaintzaz gain, EPAn liburutegi, hemeroteka, ordenadore eta internet eskaintza ere badago. Fitxa bat bete ezkero dohainik erabili daitezke. Ordutegia da: astelehenetik ostiralera, goizeko 11:30etatik 13:00etara eta arratsaldeko 18:30etatik 21:00etara.

EPAko kurtso aukera:

Formazio arautua
-Irakurri eta idazten ikasteko kurtsoa (1.fasea)
-Kultura maila hobetzeko kurtsoa (2.fasea)
-DBH titulua lortzeko kurtsoa (3.fasea)
-Atzerritarrentzako española

Formazio ez arautua
-Unibertsitaterako edo 2garren mailako zikloetarako sarrera. Azterketa otsailan izaten da.
-Moduluak (oinarrizko maila): euskera, ingelesa, frantsesa, informatika.

Gipuzkoarako inzineradora non jarri ekainean erabakiko dute
Foru Aldundiak eta Mankomunitateek erabaki dute Gipuzkoan bi inzineradora jartzea: bat Gaintxurizketan, Txingudirako eta bestea gainerako lurralderako.

Gipuzkoan bi inzineradora jartzea erabaki dute Foru Aldundiak eta herrialdeko 8 Mankomunitateek. Horietako bat, Gaintxurizketan joango da eta Txingudiko (Hondarribia, Irun eta Hendaia) hiri hondakinak erreko ditu. Gipuzkoako gainerako herrientzako beste inzineradora bat jarriko dute, eta, non joango den datorren ekainean erabakiko dute erakunde publikoek.
Luis Mari Oiarbidek emandako datuen arabera, Hondakin Planaren Jarraipenerako batzordeak agindu du erraustegia non jarri erabakitzeko azterketa berria. Apirila-maiatzean izango dira ikerketa horren aurreneko emaitzak eta ekainean onartuko dute Mankomunitateek, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak. Oiarbideren esanetan, Urnietak orain beste edozein herrik adina aukera ditu inzineradora jartzeko.


Gazte Txokoan sexualitate eta drogei buruzko informazioa gaurtik aurrera

Gazte Txokoan martxan da otsaileko ekintza programa. Hilabete honetako berrikuntza da gazteentzako sexualitateari eta drogei buruzko informazio zerbitzua jarri dutela. Zerbitzua ostiralero, arratsaldeko 17:30etatik 19:30ak arte dago zabalik eta bertan, gai horien inguruko kezkak eta zalantzak argitzen saiatuko dira.
Horrekin batera, otsailean Gazte Txokoan badute zer egina. otsailaren 8an, igandean, Akuariumera joango dira; otsailaren 10ean, pelikula bat ikusiko dute; otsailaren 12an, karetak egingo dituzte; otsailaren 17an pelikula bat ikusiko dute; otsailaren 19an, karetak margotuko dituzte; otsailaren 21ean bazkaria egingo dute eta bazkarian bertan mozorro lehiaketa egingo dute; otsailaren 25ean, futbolin txapelketa izango da eta otsailaren 29an, zinemara joango dira.

Hirigintza Batzordea gaur
Hirigintza Batzordea izango da gaur Udaletxean. Bertan hainbat eskari aztertuko dira: Añarregiko terreno bat txukuntzeko eskaria, Jauregin txabola bat eraikitzeko eskaria, Gudarien Plazako edifizio batean aszensorea jartzeko eskaria, Kale Nagusiko balkoi batzuk berritzeko eskaria, entreplanta bat eraikitzeko eskaria, Antziolan baserri bat eraikitzeko eskaria, Martindegiko eraikin bat erabiltzeko eskaria eta Sagastiyan bi bizitzako eraikin bat erabiltzeko eskaria. Gaur arratsaldeko 17:00etan Udaletxean.

‘Good Bye, Lenin!’ gaur
Biteriko zine klubaren barruan, gaur Good Bye, Lenin! pelikula botako dute. Wolfgang Becker da komedia honetako zuzendaria. Pelikulan kontatzen da Alemanian bizi den emakume komunista baten istorioa. Berlingo horma bota eta 8 hilabete beranduago komatik esnatzen da emakumea eta bere semeak dena moldatzen du amak disgustua hartu ez dezan gertatutako aldaketa politikoak direla-eta. Gaur Biterin arratsaldeko 22:00etan.

Langileko kaldereroak
Kaldereroak ospatuko dituzte bihar Langile ikastolako 2 eta 10 urte bitarteko ikasleek. Konpartsan 490 ikasle aterako dira, arratsaldeko 15:00etan Meabeko eraikuntzatik. Handik Urbieta kalean barrena Plaza Berrian egingo dute parada eta bertan musikaz lagunduta ekitaldi nagusia egingo dute: zalaparta pixka bat egin, abestu, dantzatu, eta abar. Bukaeran txokolatada egingo dute, bizkotxo eta guzti.

Javi Ruiz gaur Kixkalen
Kixkal tabernan Javi Ruizen emanaldia izango da gaur, gaueko 22:00etatik aurrera. Gitarra jo, kantatu, txisteak kontatu eta abar egiten du Ruizek. Orain bi aste ere aritu zen Kixkalen eta orduan jende asko bildu zen eta oso gustora utzi zituen hurbildutakoak.

Uholdeen Ondorena
Uholdeen inguruan Eguzkik dio Añarbeko enbalsearen %30a libre uztea izan daitekela irtenbideetako bat
Uholdeak direla eta Urumea ibaiaren politikaren inguruko kritika egin du Eguzki talde ekologistak.
Urtarrila bukaeran gertatutako uholdeak direla eta, Eguzki talde ekologistak komunikatu bat kaleratu du. Komunikatuan kritikatu egiten du Urumea ibaiaren inguruko politika eta hainbat alternatiba proposatzen ditu uholdeen ondorioak hain larriak izan ez daitezen.

Inoiz baino gehiagotan
Eguzkik dio azken 4-5 urtean uholdeak inoiz baino gehiagotan gertatu direla eta horretarako arrazoiak badaudela azaldu du talde ekologistak: batetik diote Zurriolako dikea dela eta Urumea ibaiak 100 bat metro egin duela gora; bestetik, Urumea ibaia eremu batzuetan kanalizatzeak beste leku batzuetan ibaia lehenago ateratzea ekarri duela; horrekin batera, ibaia ez garbitzeak eta kontaminazioak ez duela batere laguntzen adierazi du Eguzkik; Añarbeko presari buruz diote ez dutela ulertzen Urumea ibaiaren hasiera aldean egonda nola gertatu daitekeen gertatutakoa, baldin eta ura askatu ez badute; azkenik, Urumea ibaiaren erriberaren kolonizazioa dela-eta, Urumea ibaia uholdeetan hazteko terreno gabe geratzen ari dela aipatu dute.

Egoera hobetzeko soluzioak
Eguzkik irtenbide bezala proposatzen du batetik, Añarbe eurite garaian %70a baino gehiago ez betetzea; ibaiaren ubidea tarteka garbitzea; ibaiaren erriberetan eraikitzeari uztea; Donostian, Santa Catalina parean ibaiaren ezkerretara dauden harriak erretiratzea.

 

Buelta lehenengo orrira