2004 urtea

Otsailak 6

Ostirala

Alea: 1010

Santa Ageda koplak kalez kale

Asteazkenean, Santa Ageda bezpera, herrian barrena ibili ziren abesbatzak, Santa Agedaren omenezko koplak kantatu eta makilak astintzen. Arratsaldeko lehen orduetan ikastetxeetako abesbatzen txanda izan zen eta ilunabar partean irten ziren Kantuz Abesbatza, Ohitura Zaharrak abesbatza eta Ereñotzuko abesbatza. Azken urteetan ez bezala eguraldia primerakoa izan zen eta abesbatzetan jende askok hartu zuen parte. Izan ziren kopla zaharrak eta berriak ere eta modu desberdineko eskea ere bai: batzuk dirua eskatu zuten eta beste batzuk eztarria bustitzeko lain.

Aspaldiko ohitura
Euskal Herriko bazter askotan ospatzen den festa da Santa Agedakoa eta bularrak kendu zizkioten Ageda martiriari jarritako koplak kantatzen dira. Makilekin lurra jotzeko ohitura berriz, lurra esnatzeko egiten den usadioa dela diote batzuk, neguko geldialditik esnatzeko modua. Hernanin ere ez dago ohitura galdu bildurrik, abesbatzetan jende askok hartu baitu parte azken urtetan.


‘Arnasa Hernani’ taldeak erraustegiaren aurkako
sentsibilizazio kanpaina eta firma bilketa hasiko ditu

Sentsiblizazio kanpaina kalean bertan eta auzo elkarte, ikastetxe eta abarretan egingo dute hitzaldiak eman eta informazio orriak banatuta. Firma bilketa datorren ostegunean egingo dute.

Arnasa Hernani taldea inzineradoraren aurka sortu den taldea da eta Hernanin egiteko hainbat ekintza antolatu berri dituzte. Batetik inzineradoraren kontrako sentsiblizazio kanpaina bat hasiko dute Hernanin, bai kalean eta baita ikastetxe, auzo elkarte eta abarretan ere. Komertzioetan jartzekoak dituzte Errausgailua ez dioten oihalak, jendeak leihoetan jarri ditzan eta informazio orriak ere banatuko dituzte. Horrez gain, firma bilketa egiteko asmoa dute Hernanin, inzineradoraren kontra dauden herritarrek bat egin dezaten. Firma bilketa datorren ostegunean izango da. Bestalde, hurrengo bilera otsailaren 18an egingo du taldeak, 19:30etan Biterin, eta dei egin diete herritarrei azaltzeko.


Trialsin txapelketa Fagollagan igandean
Gipuzkoako txapelketako froba jokatuko da.Txapelketaz gain, jendeak zirkuituan ibiltzeko aukera du eta antolakuntzak bizikleta eta kaskoa jarriko ditu.

Igande goizean trialsin txapelketako hirugarren proba jokatuko da Hernanin. Urtero bezala, froga Fagollagan da goizeko 10:30etan hasita. Gipuzkoako trialsin txapelketak bost ekitaldi izaten ditu eta Fagollagakoa hirugarrena izango da. Iker Elizeta txapelduna eta beste puntako trialsinlarien abileziak ikusteko aukera izango dute hernaniarrek.
Besteren abileziak ikusi eta gozatzeaz gain, norberak ibiltzeko aukera izango du harkaitz eta traba arteko zirkuituan. Norberak eraman dezake bizikleta eta ez dutenentzat antolakuntzak berak jarriko ditu bai kasko eta bai bizikleta.


Osakidetzan euskeraren egoera salatzeko karabana bihar

EUSKAL Herrian Euskarazek Osakidetzan euskararen egoera saltzeko kotxe karabana antolatu du biharko. Euskal Herrian Euskarazek dio ez direla euskaldunon eskubideak betetzen Osakidetzan eta zerbitzu erabat euskalduna eskatzen du.
Karabana Atsegindegitik aterako da eguerdiko 12:00etan eta Hernanin barrena ibiliko da. Euskal Herrian Euskarazek dei egin die deialdiarekin bat egiten duten herritarrei.

Elkarriren firma bilketa
ELKARRIK bihar eguerdian sinadurak bilduko ditu Plaza Berrian. Elkarrik 100.000 sinadura jaso nahi ditu Nafarroako eta EAEko Parlamentuetan elkarrizketa mahaia bat osatzea eskatzeko. Momentuz 50.000 sinadura jaso dituzte eta Elkarriren asmoa da otsailean eta martxoan ahalegin berezia egitea falta diren sinadurak jasotzeko. Elkarrik dei berezia egin nahi die oraindik sinatu ez dutenei bihar Plaza Berrira joateko.

Sokorrismo ikastaroa
DYAk sokorrismo eta larrialdietan nola erantzun behar den ikasteko kurtsoa antolatu du. Ikastaro amaieran frogak egingo dira eta gainditu dutenei DYAko sokorrista titulua emango diete. Ikastaroa otsailaren 16an hasiko da eta hiru aste iraungo ditu. Klaseak astelehenetik ostiralera izango dira arratsaldeko 19:00etatik 21:00ak arte, Inmaculadan. Izena emateko 943-464622 zenbakira deitu behar da.

Pelota
Berria txapelketa gaur
Gaur Añorga eta Iruñeako Oberena taldeak arituko dira aurrez aurre, Berria txapelketaren barruan. Eskuz binaka, kadeteak, jubenilak eta nagusiak arituko dira. Gaueko 22:00etan kiroldegian.

Biteriko zinea
Gaur Los impostores botako dute 22:30etan, eta bihar 19:30etan eta 22:30etan. Haurrentzako El Cid pelikula botako dute bihar eta etzi arratsaldeko 17:00etan.

‘Guatemala txirrindan’
diapositibak Andragoton

Guatemalari buruzko diapositiba proiekzioa dago gaur Andragoto ateneoan, 20:00etan. Horrez gain, ostegunero izaten dira bideo proiekzioak Andragoton, 20:00etan eta orain La Bola de Cristal botatzen ari dira.

Igerilekuan ordutegi aldaketa datorren igandean
Igandean igerilekuko ordutegia aldatu egingo da waterpoloko partidua dela-eta. Ur ludoteka goizeko 10:00etatik 11:30ak arte izango da eta igerilekua 11:30ak arte egongo da zabalik publikoarentzat.

Ehiza txapelketa bihar Adarran
Hernani, Urnieta, Astigarraga, Andoain, Añorga eta Lasarteko ehiztariek jokatuko dute txapela.
Norbere herriko txapelketan aurreneko postuetan gelditu zirenek inguruko txapelketa jokatuko dute larunbatean Urnietan, Adarra mendian. Hernanikoez gain, Urnieta, Andoain, Añorga, Lasarte, eta Astigarragako ia 30 ehiztarik hartuko dute parte. Txapelketa goizeko 12:00etatik 17:00ak arte izango da.
Bota beharreko ehiza eperra eta faisanak izango dira. Eper bakoitzak 101 puntu balio ditu eta faisanak 100. Txapelketa hauetan oilagorra ere sartzen da, baina, joan den hilaren 31ean itxi zen beda.

Hernanitik 5 ehiztari
Hernaniko ehiza txapelketa Iñaki Loiartek irabazi zuen. Txapeldunarekin batean Adarra mendian izango dira bihar, Juan antonio Beraza, Asier Arrizabalaga, Iñaki Mendizabal eta Jose Luis Diez beteranoa.

Atletismoa
Joxe Mari eta Migel Angel Garin Espainiako pista estaliko txapelketan
Joxe Mari Garin eta Migel Angel Garinek zita garrantzitsua dute astebukaera honetan. Larunbatean eta igandean Espainiako pista estaliko beteranoen txapelketa jokatu da Zaragozan eta bi hernaniarrak bertan izango dira.
Joxe Mari Garinek 1.500 metrotako frogan korrika egiteko asmoa dauka, baina belauna ez dauka oso ondo eta baliteke azkeneko momentuan atzera egitea.
Migel Angel Garinek pentatloian, luzeran, 60 metro hesietan eta jauzi hirukoitzean hartuko du parte.

Buelta lehenengo orrira